argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
ZUHAITZ ASESINOAK
  • Indian dagoen Bengalako pikondoa beste zuhaitzen kontura bizi ohi da lehenengo urteetan. Ondoren sustraiak lurrera botaz, ostatu emandako landare horiek itotzen ditu.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Bakeaz hasi eta Bengalako pikondo ikusgarriaz idatziz bukatu nuen aurrekoan, honez gero ohituta izango al zarete eta... aurrera. Ficus generoak biltzen duen pikondo jendea ugaria da munduan, 750 espezie baino gehiago ezagutzen dira eta tropikoetan eta toki beroetan bizi dira, batez ere.
Bengalako pikondoa, Ficus benghalensis, zuhaitz asesinoa da. Beharko! 21.000 m2-ko itzala ematen duen kukulua osatzeko... Zuhaitz honen haziak hegaztien zirinetan eta animalien kaketan nahasian gelditu eta beste zuhaitz eta palmondoen adar tarte eta zuloetan ernetzen dira eta haren gainean, epifito, bizitzen dira lehen urteetan. Gero lurreraino iritsiko diren sustraiak garatuko ditu eta, handik elikatzen hasten denean, jai du umetan ostatu eman zion zuhaitzak, urte gutxi barru itoko du.
Gero zabaldu eta zabaldu, inguruan dituenak gupidarik gabe zanpatu, itzalpetu edo elikagairik gabe utziz akabatuz haziko da. Indian beldurra ere biziko zuten garai batean zuhaitz hau egiteko gai zena ezagututa; tratante edo merkatarien zuhaitza deitzen diote eta zuhaitz sakratua, gurtua da hango erlijioetan.
Azken finean, landareak eta gizakiok ez gara hain desberdinak