argia.eus
INPRIMATU
EITB-Ko IRUDI BERRIA
LUMAIA ALDATUTA, ZERUA MUGA
  • Zimurrez betea zegoen txantxangorriari "lifting"a egin diote garai berrietara egokitzeko. Hala ere, EITBren 18. urteurrena dela eta, irudi aldaketa atarikoa baino ez da. Sormenari leihoa irekiz, Internet web orria eta Amerikarako katea izango dira lehen nobedadeak.
2021eko uztailaren 15a
Txoriak lehengo xarma galdu duela diotenak ez dira falta. Itxura berria hain isilpean gorde ondoren, asko beldur ziren betiko txantxangorria desagertu egingo ote zen, baina ez. Zer gertatuko zatekeen txoria kendu izan balute eta txapel bat jarri? Orduan piztuko zen zalaparta! Kontuak kontu, ezin uka diseinu xinplea dela, deigarria izan gabe bere presentzia duena; dinamikoa da, gainera, urdinez jantzia eta mokoa goraka duela, "heldu nahi dugun tokira dago begira" esan zuen aurkezpenean Andoni Ortuzar zuzendari nagusiak. Logotipo berria Zarauzko Euskal.com-TV enpresak sortua da. Iker Treviño, Niko Vazquez eta Belen Ibarrola sortzaileen egitasmoa izan zen lehiaketa publikoaren irabazlea, Espainiako beste zenbait lan gailenduz. Oraingo logoa lortu arte ordea, berrehun zirriborrotik gora egin zituztela esan behar.
Logo berria EITBko instalakuntzak berrituko dituen Plan Estrategikoa onartzearen ondotik sartu dute. Datozen urteotan, 7.000 milioi pezeta (280 milioi libera) inbertituko dira, horri esker, EITBk, besteak beste, kate berriak abiarazi ahal izango ditu satelite, kable eta Internet bidez.
Karatula eta saioen artean txertatua dagoen logo berriaz gain, irrati eta telebista kate ezberdinak batuko dituen oinarrizko tipografia ere landu da, bakoitzaren identitatea atxikiz beti ere. Halaxe, EITBko "i" hizkia gorriz dator orain, "ez soilik irratia ezberdintzearren, baita epe erdira Internetek ere eskainiko dituen aukerez jabetzearren ere" azaldu zuen Ortuzarrek. ETB1en adibidez, kolore sendoak aukeratu dira, hau da, gorria eta beltza, irudi ausarta eta kementsua ikusle gazte eta hiritarrengana iritsiko delakoan, "hori da gure ikusleria potentziala, 25 urtetik beherako gazte gehienak elebidunak baitira". ETB2k berriz, orain arteko goiburuari eutsiko dio, hots, telebista orokorra adin mota guztiei zuzendua. Honenbestez, logoa ere finagoa da, urdin eta berdea erabiliz.
Bestalde, Plan Estrategikoan ageri den beste zenbait ekimen ere gauzatzear da, hala nola, EITBko web-gunea Interneten, Superbat eta Promo kanalak kable bidez, eta kate berezi bat Amerikarako bakarrik ETB Sat-en osagarri gisa, han bizi diren euskaldunentzat egokitua, nagusiki albistegiez osatua