"GIZARTEAK EZ DU ONARTUKO SU-ETEN AURREKORA ITZULTZEA"

  • Lakuatik Bilboko Sabin Etxerainoko jauzia egin du aurten, otsailean, gobernu erantzukizunetatik alderdia gidatzekoetara. Egungo politikaren zurrunbiloaz gain, euskara, hezkuntza eta emakumearekin lotutako zenbait puntu jorratu ditugu elkarrizketan zehar.

2007ko otsailaren 21ean
Udalbiltzaren inguruan dagoen nahaspilarekin herritarrak agian nahastu samar daude. Beharbada oraindik ez dago argi zer izateko jaio den. Zer da? Zer izan beharko luke?
Hautetsi abertzalez osatutako zuzenbide pribatuko elkarte bat da Udalbiltza, teorian eta potentziaz aberrigintzan oso tresna garrantzitsua izan daitekeena. Beste egoera juridiko-politiko berri bat egiteko behetik aritzea oso garrantzitsua da. Batez ere herri legez ditugun ezaugarri nagusienen alorrean Euskal Herriko lurralde guztietan elkarlanean aritzeko tresna garrantzitsua da. Euskara adibidetzat hartuta, EAJn badugu Euskal Herri osora hedatu daitekeen hizkuntza politikarako eredu bat, marko juridiko-politiko berria lortzen dugunerako egokigarria izan daitekeena, baina bitartean gauza asko egin daiteke egungo markoa aprobetxatuz, adibidez euskararen egoera oso larria den Iparraldean.
Zer izan daitekeen Udalbiltza ETAren biolentzia eta kale borrokarik ez bagenu? Gaur egun horixe bera litzateke eta 10-15 urtera beste zerbaiten hazia ere izan liteke. Bitartean, lan tresna izan behar du eta guk bere aldeko apustua egin dugu.

Izoztua dago ala abian?
Elkarlanerako zailtasunekin eta lanerako abian jarduteko moduko erakundea dela esango nuke. Hor gauden biren artean lanean aritzeko borondatea dago eta bestearekin, giza eskubideen defentsan batera joaterik ez daukagun bitartean, elkarlana oso zaila da. Baina Udalbiltzak, gehiengoen bidez lanean jarraitu dezake.

Alderdi abertzaleek elkarlanari ekin zioten 98ko udan eta, ondorioz, prozesu bat zabaldu zen orduan. Dena hankaz gora joan eta 98ko aurreko irtenbiderik gabeko garaietara iristeko arriskua norainokoa da?
Arriskuak ez dira inoiz baztertu behar. Dena den, gizarteak badu zeresanik eta gizarteak ez du inoiz onartuko lehengo egoerara itzultzea. Felipe Gonzalezek berak esaten du harrigarria dela Estatuak egiten digun erasoa, kontuan hartuta dagoen biolentzia ere, hau inoiz baino txikiagoa delako. ETAkoak egunen batean ohartu beharko lirateke ez ditugula nahi eta ez ditugula behar, eta euskal gizartea gai dela erabakitzeko dauden proiektu desberdinetatik zer nahi duen. Euskal Herriak badu hitza eta erabakia, euskal gizarteak erabaki dezala.
Lurraldetasun aldetik zatikatuta bagaude ere, hor ere orain 30 urte baino hobeto gaude. Ezker abertzaletik Eusko Legebiltzarra gure zatiketaren ispilua dela esaten dute, baina beste ikuspegitik ikusita, berdin esan daiteke amaitu gabeko eraikuntza nazionalaren ispilu dela, eta orain eraikuntza horretarako tresna gehiago ditugula.

Indarrean da Euskara Biziberritzeko Plana, Kontseiluaren Plan Estrategikoa ere hor da. Nola uztartu beharko lirateke bi hauek eta egon daitezkeen gehiago ere?
Euskararen Aholku Batzordeak egin zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta gizarteko ordezkaritza osoaren partehartzearekin. Gainerako sektoreetan egin daitezken plangintzentzat gidari da, beraz, Biziberritzeko plana. Kontseiluaren sorrera asmoa administrazioaren lana osatzea izan zen, gizartean gauza asko egin behar delako eta hori ona delako. Sektoreka ere egiten ari dira plan estrategikoak, hezkuntzan eta euskalduntze-alfabetatzean, esate batera. Hortik aurrera, nik ez dakit zertan gauzatzen den Kontseiluaren plan estrategikoaren osagarritasuna, egiten ari diren kanpaina hor dago eta hori onuragarria da. EBPNn argi esan zen noizean behin kanpaina handiak egitea garrantzitsua izan arren, euskararen erabileraren presentzia eguneroko lanean txertatzea zela garrantzitsuena. Hortik aurrera ez dakit Kontseilua zertan ari den. Alderdi bezala, Bai Euskarari kanpainan konpromiso batzuk hartu genituen eta horiek betetzen ari gara.

Orain arte hezkuntza izan da berreuskalduntzearen zutabe nagusia, bada ahotsik esaten duena aurrerantzean euskalduntze-alfabetatzeari garrantzi handiagoa eman behar zaiola, berreuskalduntzearen zutoin nagusitzat hartuz. Nola ikusten duzu gaia?
Orain arte ere euskalduntze-alfabetatzeari eman zaio garrantzia baina denbora ez da alferrik pasatzen. Hezkuntza oso tresna garrantzitsua da, adin batetik aurrera hizkuntza bat ikastea edo horretarako eman behar den denbora ematea ez delako oso erraza. Emaitzak ere hor daude: Euskal Herri osoa hartuta %26 gara euskaldun elebidunak eta 24 urtetik beherakoak hartuta, erdia da euskalduna. Hezkuntzaren bidez egin da hori, baina horrek bere ondorioak ere izan ditu, adibidez kalitatearen arazoa, haur guztiek ez dutelako euskara erabiltzeko aukerarik ez familian ezta beren ingurunean ere. Baina alfabetatzeak beste funtzio berri bat ere hartu behar du. Oraindik 35 urtetik gorako euskaldun zahar gehienak ez daude alfabetatuak eta horrek ikaragarrizko potentzialitatea dakar. Horrez gain, euskaldun berriei euskaldun oso izateko erregistro maila bat falta zaie, hau da, euskalkiei lotutakoa, eta horrek ekarri du euskalduntze-alfabetatzearen munduan eremu hori ere jorratzea.

Iparraldean euskarak bizi duen egoera larria aipatu duzu lehen, Nafarroan ere eraso gordina jasaten ari da. Zein antidoto erabili behar da?
Antidotoetako bat zera da, euskara ez dela alderdi politikoen arteko eztabaidagaia. Euskara Euskal Herriko ondare historiko garrantzitsuenetarikoa da, baina horrez gain elkarbizitzarako dugun tresnarik nagusienetarikoa. Administrazioek bermatu behar dituzte eskubideak baina atxikimendua herritarrek ematen dute. Hau Nafarroan oso garbi ikusten da: Sanzek Legebiltzarrean duen gehiengoak edo alderdi abertzaleen presentziak, ez du zerikusirik nafarrek euskararen alde egiten duten apustu argiarekin. Nafar gurasoak apustu estrategikoa egiten ari dira beren seme-alabekin, eta Nafarroako Gobernuak euskaraz ikasteko aukera eskaini beharko lieke nafar guztiei. Euskararen Legea da Nafarroa eremutan zatitzen duen lege bakarra, eta hori injustizia bat da. Nafar administrazioak atzera egiten duen bitartean, gizarteak aurrera egiten du.

Hezkuntzarako hizkuntz ereduen bilakaera ikusita, esan liteke A ereduak urteekin desagertzera egingo duela EAEn?
Itxura eta bilakaera halakoa da, bai. Helburua da derrigorrezko eskola urteak amaitzean, ikasleak euskaraz behar adinako gaitasuna izatea, eta horretarako argi dago D dela eredurik egokiena. A eredua desagertuko den? Ereduak aukerarako jarri ziren, administrazioak jarri eta gurasoek aukeratu. Gurasoek aukeratzen badute eta emaitzarik ematen ez badu -Hezkuntza Sailak onartu duen bezala-, gizarteak A ereduari egin behar zaizkion zuzenketak egitea eskatu beharko luke benetan tresna eraginkorra izan dadin.

Emakumezkoari lotuta, asteotan notizia izan diren hiru gai mahaigaineratuko ditut zure iritzia jakin asmoz. Langabezia dela eta, Hegoaldeko emakumezkoen langabezi tasa Europako Batasuneko batez bestekoaren bikoitza da. Administrazioek eta agente ekonomikoek egiten al dute nahiko honen aurka joteko?
Beti egin behar da gehiago, baina ezin da ahaztu Francoren diktadura ez dela alferrik pasatu. Europan baino beranduago eduki dugu unibertsitatea, eta hemengo emakumeen prestakuntza Europako emakumeen prestakuntza baino ahulagoa da. Hori berdindu ahala, langabezi tasek berdintzera joko dute. Arrazoi historikoak aipatuta, esan behar da kolektibo ahulenen alde egin behar dela, eta emakumezkoa prestakuntza mailan ahulago badago, haren alde egin behar da, behar bada diskriminazio positiboa bultzatuz.

Tony Blairrek eta bere emazteak haurra izan berri dute eta emazteak Blairrek eszedentzia hartzea nahi du haurraz arduratzeko. Blairrek ez ditu bere zereginak utzi.
Beren arazoa da hori. Blairrek eszedentziarik hartu ez badu ere, beste estatuburu batzuek egin ez dituzten keinuak egin ditu. Keinu interesgarria izan da eztabaida pizteko, areago Ingalaterra moduko gizarte batean.

Joan den astean Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoaren arabera, eraso sexual batean atzamarrak baginatik sartzearekin bortxaketa ez da gauzatutzat jotzen.
Ikaragarria da eta oso umiliagarria da hori esatea. Ez dago berbarik eraso sexualak kalifikatzeko, eta holakoak entzun behar izana erasoa jasandako emakumea berriz erasotzea da. Horretan, gizonek eta emakumeek bat egin behar dugu halakoak gizartetik ezabatzeko. Horrelako epai batek gizartea bera iraintzen du eta emakumezkoen kolektiboez gain, gizonezkoek ere protestan atera beharko lukete.

Eusko Jaurlaritzaren egonkortasuna dela eta, Ibarretxe lehendakariak irailera arteko hausnarketa epea zabaldu zuen. Gerora, ordea, EAJko ahots askok eta Lehendakaritzatik bertatik, legealdia amaitzeko asmoa dagoela aipatu dute. Zertan da kontua?
Gure gogoa legealdia amaitzea da, gobernuak esan bezala, hauteskundeek ez luketelako ezer aldatuko. Gizarteak arazoak konpontzea eskatzen digu politikooi eta ez arazoak daudenean hauteskundeak deitzea. Lehendakariak erabakitzen duenarekin, gu azkenera arte. Badago aukerarik jarraitzeko, ez dugu duela hiru hilabete genuena baino egoera txarragorik hauteskundeak deitzeko.

Araba Buru Batzarreko lehendakaria eta zuzendaritzaren hautaketak ekarri du ika-mikarik. Hautaketa sistema iluna dela aipatu dute batzuek, eta horregatik gertatu dela herri batzuetan gauza bat erabakitzea eta haien ordezkariek beste bat egitea.
EBBk ez du ezer esaterik gertatuaz. Barne araudi zabala dugu eta honek behar duen babesa izan dezan epaimahaiak ere bai. Beraz, ezer egon bada han ebatsiko da, ebastekorik eskatzen bada. Edozein afiliatutik hasi eta burukiderik inportanteeneraino, denok dakigu kontu eskatzeko bideak zeintzuk diren, eta gainera oso argiak dira. Ez dut uste inork araubiderik eta honek berarekin daraman prozedurarik zalantzan jartzen duenik. Prozedura horretan zerbait ez dela egoki izan? Aztertu eta ebatsi behar duenak hala egingo du.

Hor dago PSE-EEk alderdi guztien arteko elkarrizketak bideratzeko egin duen proposamena. Zertxobait lehenago egunkari batean egindako elkarrizketan irakurri nion Txiki Benegasi: "Bere egungo politikarekin jarraitzen badu, ez dago ezer egiterik EAJrekin".
Hitz egiteko alderdi guztiekin jarduteko prestutasuna agertzea gauza inportantea da. Lorpen politikoak izateko bide biolentoen ukapena egiten duten alderdiei ere dei egiten die, eta hori, beharbada, gainerako alderdiek onartzeko modukoa izan daiteke. Marko politikoaren akatamendua eta onarpena ere eskatzen du. Akatatu bai, baina onartu ez, hori aspaldi esana dugu. Badirudi PSE-EEk PPrekiko zilborrestea apurtu duela eta bere bideari ekin diola. EHk esan du foro horrek ez lukeela Euskal Herri osorako balioko, baina alderdi guztiak bilduz gero behintzat, Nafarroan ere berdinak daude, eta erkideko batean erabakitakoak akaso Hegoalde osorako balio dezake. Zenbat eta jauzi handiagoak hobe, baina gure historia guztian azaldu gara egin daitezken jauziak egitearen alde

EMAKUME BAT EBB-N
EAJko zuzendaritza gorenean dagoen emakume bakarra da. Hezkuntza, unibertsitatea, euskara, emakumea, idazkaritza eta antolakuntza ditu bere ardurapean EBBn. Ondarrutarra. HABEko zuzendaria ere izan zen eta 1996az geroztik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea izan da. Bere berbari eusten dionetakoa ei da.


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Eguneraketa berriak daude