argia.eus
INPRIMATU
ARRAKALA IRRATIA
EGUNERO ANTZARA FERRATZEN
  • Lekeitioko irrati librea lokal batetik aireratzen da orain, kultur etxeko obrek iraun bitartean. Gazteek egina eta haiei zuzendua egonda ere, jende helduagoak parte hartzea nahi dute.
2017ko azaroaren 28a
Kultur etxeko berriztapenak direla eta, ondoko lokal bat atondu eta handik uhineratzen da orain Arrakala. Obrak bi urte barru amaitzean estudio txukun bat edukiko dute kultur etxean. Duela 16 urte hasi zuen Arrakalak bere eginbidea, Lekeitioko bi belaunaldi uztartuz. Egun, 22 saio ezberdin daude programazioan, gazte kutsukoak denak baina eduki ezberdinekoak, hala nola, sexualitateari buruzko emankizuna, aktualitatea, euskal kantak, presoei eskainitakoa, zorion agurren tartea, fanzineak, eta abar. 24 orduz musika emititzen badu ere, berezko programazioa arratsaldeko 5etatik gaueko 9ak arte egiten da. Asteburuetan ere goizez aritzen dira.
Ikasbide ere gertatzen da gazteek mikro aurrean jarduten ez ezik, informazioa lantzen ere ikas dezaten. Alabaina, Arrakalaren apustua entzuleria zabaltzea da, Lekeitiar guztientzako irratia izan dadin. Hain zuzen, irrati librea izanik ere, ez dago adin mugarik, horregatik nahi dute nagusiak hurbiltzea euren saioak egin ditzaten.
Diru-iturriei dagokienez, Antzara egunean eta ihauteri gauean jarritako txozna eta kuoten bidez milioi bat pezeta (40.000 bat libera) lortu zuten, antena berri bat eta emisio tresnak erosteko. Udalak aldiz, ez die laguntzarik luzatu, lokala eskaintzea nahikoa delakoan.
Euskararen erabilera bultzatzearren egin beharreko jauzia duela bi urte egin zuten, euskara hutsean emititzea erabaki zutenean, lekeitiarrez batez ere. 8.000 inguru biztanle dituen Lekeition gutxi dira euskaraz ez dakitenak. Dena den, saioren bat egiteko prest legokeen norbaitek euskaraz ez jakitea ez litzateke arazo izango, euskaldun baten laguntza edukiko luke-eta.
Udari begira, gazteriak goizak libre izatean, programazioa zabaltzeko asmoa dute, saioak goizez nahiz arratsaldez egiteko. Eztabaida moduko saioa aktualitatea oinarri hartuta izango da lehen berrikuntza