Laino ilun potoloak euria iragarriz buruen gainean ditugula irten gara Urbasarantz. Lizarraga herriskatik gora, basoan bidea irekiz doan bihurgunez beteriko errepideak Lizarragako mendatera eraman gaitu. Orduan, gaineko haitz zorrotz bertikalak gainditu ahal izateko tunel batean barneratzen da bidea, eta beste aldeko argitasunera irten garenean erabat aldatu da inguruko paisajea. Heldu gara, beraz, Urbasara. Bost kilometro eta erdi aurrerago, errepidearen eskuineko ertzean, kartel bat: "Venta de Zumbelz". Iritsi gara (870 m.). Presa handirik gabe -zeru grisak euria dakarrela dirudi- lehenengo hamaiketakoa egin eta bentari begiratua eman diogu: hiruzpalau eraikuntzako multzoa da, etxe nagusia, kapera (San Benito eta Elurretako Ama Birjina) eta aberetegia. Paretak zaharkituta, teilatua ere bai, leihoak adreiluz itxita eta kristalak hautsita. Hiru urte dira bere tximinitik kerik ateratzen ez dela, beheko sua betiko itzali baitzen azkeneko maizterrek utzi zutenetik. Errepidera begira dagoen paretan honakoa irakurri dugu: "Venta de Zumbelz. Yerri" plaka batean, eta aldamenean, pintura narratsez, pare bat "prohibido el paso, propiedad privada".
Benta itxi zutenetik, bertako etxekoandre Katalina Munarriz, alargunduz geroztik, Lezaunen bizi da. 76 urte ditu. Bera eta bere senar Fidel Azanza zena maizterrak ziren, eta, dioenez, ez daki zergatik debekatu duten bertarako sarrera. Kontatu digu benta martxan zegoenean egunero-egunero egoten zela irekita, bai udan, baita neguan ere. "Eguraldi ona ala txarra egin, gu beti han ginen" dio berak. Lehen neguak benetan gogorrak omen ziren, "hogei gradu zero azpitik egon ginen behin".
Duela hogeita hamar bat urte, askoz ere jende gehiago ibiltzen omen zen inguruotan, Lizarrara edo Erriberara bidean, eta denek Zunbeltzen egiten zuten geldialdia. Batzuk asteburua bertan pasatzera ere joaten ziren. "Abuztuan ez genuen ez irratia ezta telebista ere pizten, ez baikeneukan entzuteko denborarik ere". Bidaiari eta garraiolari andanari babarrunak eta Katalinak berak egindako txorizoa eskaintzen zizkieten. Oraindik ere egiten du pixka bat etxerako eta berarekin berriketan ari ginela eskaini digu, ogi barraz eta ardo botilaz lagunduta. Bere txorizoak arrakasta bide zeukan; izan ere, "abuztu batean bi txerri hil genituen astebeteko tartean". Jendea lo egitera ere geratzen zen Zunbeltzen.
Bentaren ondoko ermitara Sakanatik jende mordoa etortzen omen zen mezatara, baita negu gorrian ere. "Meza entzun, pintxo bat jan eta buelta" dio, "mendizaleak ere ibiltzen ziren; azken urteotan, berriz, ez dago ezer, triste baino tristeago dago" esan digu Zunbeltzeko azken etxekoandreak.
Botak jantzi, prestatu beharrekoak prestatu eta bentaren ezkerraldetik ateratzen den mendi-bide zabalean gora abiatu gara, sarrera galarazten duen alanbrezko hesia pasa eta gero. Berehala zuhaiztian barneratu da eta bidegurutze bi alde banatara utziz, eskuinetara lehena eta ezkerretara bigarrena, maldan gora, Portandia deitu lepora heldu gara bide garbiari segituz, Lezaun herriaren muga den harrizko hesia pasata. Lehenengo geldiunea. Mapari begiratu eta ezkerrera egin dugu gurpil-arrasto batzuei jarraika, zuhaizpetik atera arte, Zanape tontor zapaleraino (1.113 m.). Atzera, etorritako bidetik, Portandiara itzuli eta pistan gora joan gara; berehalaxe basoa atzean utzi eta Urrizagako bordetara heldu gara. Bertan "Monte de las Limitaciones" delakoa mugatzen duen harrizko pareta amaigabearekin egin dugu topo berriz ere. Bigarren geldiunea. Paretaren ezkerretik, berehala hartu dugu Dulantzen tontor zabala, Urbasako garaiena, eta paisaje zabalaz gozatzen utzi digute lainoek, indarrak berritzen genituen artean. (1.239 m.).
Buelta Urrizagako bordetara. Eguraldiak laguntzeko gogoa duela ematen duenez, Otsoportilloraino joatea otu zaigu. Burdinazko atea pasa eta pistaren arrastoari segika, ardiak topatzea espero genuen, baina horien ordez, lasaitasun ederrean kurrinka ari zen txerri-koadrila aurkitu dugu. Zabaldi handietan barna -ez sartu bertan laino egunetan!- bide luze eta monotonoak ipuru ugariz zipriztindutako zelaietan barneratu gaitu, zuhaizpean sartu da tarte batzuetan -pagoak eta pinuak- eta harri zapal margotu batez seinalatutako bidebanatzera eraman. Ezkerrekoa hartuz Otsoportilloko etxoletaraino heldu gara azkenean (1.070 m.). Hirugarren geldiunea. Bertako iturrian ura hartu, geure buruak kokatu eta ekarritako bidetik buelta egin dugu, bidegurutzeraino baina. Lehen utzitako bidea hartu dugu oraingoan -"San Adrian" seinalatzen du-, pintura gorriz margotutako harriz adierazia, eta zelai amaigabeetan barna, pago artera sartu eta ezkerrerantz egin bezain laster, bi harkaitzen artetik, berau utzi eta bide erdi-galdu batetik behera, harkaitz-paretak betiere ezkerrera genituela, bailararantz ekin diogu.
Bentaberri parean, artzaina artaldea Land Rover-aren bozina joz biltzen aurkitu dugu, eta aidanean erromatarren garaikoa den galtzada topatu. Zati batzuetan ikusten ez bada ere, beste batzuetan bospasei metroko zabalera dauka. Honako bidea eginez heldu da honaino: Ataundik Bernoara, handik Bakaikura, gero San Adrianera eta hortik Zunbeltzera. Bentatik Lizarrarantz segituko du. Ibilbide honetan Zunbeltzeko geralekua garrantzi handikoa izango zela pentsatu ahal da. Dena den, Lizarrustiko portutik errepidea egin zenean nagusitasuna galdu zuen, baina ordura arte, inguruko bide inportanteena izango zen. Galtzada zaharraren zatitxo bat besterik ez dugu zapaldu, Bentaberritik Zunbeltzerainoko tartea besterik ez. Eta eguneko lehenengo zaparradak ia-ia harrapatu gaituenean heldu gara autoaren babesera