argia.eus
INPRIMATU
IBILALDIA 2000
ZUBIAK ERAIKIKO DITU IBILALDIAK
  • Bukatzeko, Balmasedako eliza eta eraikuntza politenen berri ematen dizuegu, Erdi Aroan merkatalgune garrantzitsua izandako herriaz goza dezazuen.
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
Maiatzeko azkeneko igandea iritsi da eta, beraz, Bizkaiko ikastolen jaiaren hitzordua da. Aurtengoan Balmasedan izango da urtez urte jende gehiago biltzen duen eguna. Jaia antolatzeaz Zubi Zaharra Enkarterriko Ikastola arduratu da. Geroz eta ikasle gehiago ditu Zubi Zaharrak. Hori dela eta, instalazioak kopuru handiago horri egokitzeko erabiliko dute Ibilaldian bildutako dirua. Festaren XXI. edizioak euskarazko kalitatezko irakaskuntza aldarrikatuko du.


ZUBIAK ERAIKIZ.

Balmasedan egingo den Ibilaldiaren logoa Kepa Intxaurbe, ikastolako gurasoak diseinatu du. Logoa osatzeko, "Mendez mende zubiak eraikitzen" da Zubi Zaharra Ikastolak aukeratu duen leloa, eta Zubi Zaharrako ikasle baten amari, Bakarne Gonzalezi bururatu zitzaion. Leloak adierazten duenez, Enkarterrin euskara normaliza dadin zubiak eraikitzea da Ibilaldi honen helburua.


IBILBIDEA.

Sei kilometroko ibilbideak Kadagua ibaia zeharkatzen du, Balmasedako Zubi Zahar ospetsutik. Bi kilometrok herria hartzen dute eta beste lau kilometroak berdegunetatik igaroko dira. Balmasedako kale eta inguruak ezagutzeko aukera paregabea.


ASPERTZEKO ASTIRIK EZ.

Zazpi gunetan zehar, adin guztietako jendearentzako ekitaldiak egongo dira igandean. Haurrentzako jolasak, trikitilari eta dultzaineroak, bertsolariak, antzerki emanaldiak, zanpantzarrak, eskulan tailerrak, musika kontzertuak, herri kirolak... Ez da animaziorik faltako igandean Balmasedan. Iaz bezala, gune batean kontzertuak izango dira bakarrik. Bertan Sekula Santan, Idi Bihotz eta Urtz, esate baterako, izango dira oholtza gainean.


MINTZOA.

"Zubi Zaharraren mintzoa" guztion ahotan izango da igandean. Abestiaren hitzak Juanjo Gaskon bertsolariak idatziak dira; musika, aldiz, The Trasten Traste Balmasedako taldeak sortu du. Urtzeko Xabi Camarerok eta Idi Bihotzeko Mikel Bizar-ek jarri diote ahotsa kolaboratzaile talde oparoa izan duen abestiari. Hala nola, Urgabe taldeko Agus Barandiaran trikitixa joz eta Noraezean-eko Fran Velasco eta Preach-eko Carlos Calvo perkusioan.


HAURRAK NAGUSI.

Umeentzako ekitaldiak egin dituzte, urte osoan zehar, horien artean euskara bultzatzeko: magia emankizunak, desfileak, jokoak, ludoteka... Helduentzako kros bat izan zen ere Ibilaldiaren antolatzaileen eskutik. Balmasedan ezezik, eskualde mailan ere antolatu dituzte ekimenak. Horren adibide da Su Ta Gar, Ost eta Sekula Santan-ek eman zuten kontzertua.


ELKARLANA.

Balmasedan euskararen alde lan egiten duen mugimendua txikia da kopuru aldetik. Enkarterrin euskararen presentzia oso eskasa da, hiritar gehienak gazteleraz mintzatzen dira, hala ere, bertako ikastola, euskaltegi eta elkarteek euskara eskualdean zabaltzearren lan handia egiten dute. Horrexegatik, halako jai bat prestatzeko jende horren guztiaren laguntza behar izan da; egunerako ezezik, urteko ekitaldietarako ere bai.


GARRAIOA.

Autobus eta tren zerbitzu bereziak izango dira egun osoan. Bilbotik datozeneiMuskizeraino trena hartzea eta han Bizkai Bus enpresako autobusak hartzea gomendatzen diete antolatzaileek. Autoentzako aparkalekua Zallan izango da, eta bertatik autobusak aterako dira Balmasedara.


DIRUA ZERTARAKO?

Zubi Zaharra ikastolaren eraikina zaharkiturik dago eta jaian biltzen den dirua ikasgelak, jantokia eta bestelako instalazioak atontzeko erabiliko da. Aurrera begira, DBH eskaintzeko asmoa dute