"UTOPIA ONDO DAGO BAINA PAUSO IRAUNKORRAK EMANEZ"

  • Gizon xume honi ez zitzaion duela mende erdi bat burutik pasa politikan arituko zenik. Gaztetatik hasi zen irakaskuntzan. Kirola eta natura maite zituen eta biziro bizi ditu biak: golfean jokatuz, traineriletan arituz edo txibiak harrapatzen. Kirolak eta naturak harrapatu zuen bezala harrapatu omen zuen politikak, modu naturalean. Pozarren aritu da, eta inoiz negar malkoak isuri ditu. Politikari agurra kirolari finen modura ari da prestatzen. Bizitzaren gurpilean hartu taupada azkarrei kasu egin behar die bihotzak abisua eman baitio. Sortetxean bost haurride izan ziren eta Maritxu Uria emaztearekin lau seme-alaba hezi ditu. Orain, Xanti eta Malen bilobak eta bere osasuna ditu zaintzeko. Udaletxea eta Lanbide Heziketa eskola izan ditu bigarren etxeak. "Trainerilen 50. urteurrena" da aurten Zarautzen. 15 urte zituela "Club Deportivo"n aritu zen arraunean. Egun, 65 betetzear, laguntzen jarraitzen du.

2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zarauztar petoa zara. 1935eko ekainaren 3an jaio baitzinen. Mende honen erdian 15 urte betetzear zinen. Nola gogoratzen duzu 50eko Zarautz hura? Egingo al diguzu argazki moduko bat?
Zarautz landa eta baserri artean zegoen orduan, industria guneak ere baziren; altzari fabrikak batez ere, beranduago mekanika hasi zen. Zarautz hirigunetik kanpo dena libre zegoen. Gu Iñurritzako bidean bizi ginen. Kalea eta Iñurritza artean muga bat egiten zen eta muga lekune zen Ixpilla, gure etxea. Ikastola dagoen tokia da; San Pelaio ere deitua. Herritik urrun bizi ginela ematen zuen. Agerreso etxerainoko bitartekoak kaletarrak deituak ziren eta handik aurrera sanpelaiotarrak edo iñurritzarrak. Gazteok La Sallera etortzen ginen ikastera eta kalean ere ibiltzen ginen. Eskolan erdaraz eta etxean eta koadrilan euskaraz egiten genuen denok. Beno, guk mutilok euskaraz eta neskek erdaraz garai hartan.

Artean, mutiko zinela, golfean aritzen omen zinen.
Golfa udan bakarrik irekitzen zen. Artean, 6 urte nituela tenisean hasi nintzen. Madrilgo aristokrazia etortzen zen udan, tenislari onak etorri ohi ziren; neguan itxita egoten zen. Pilotak bilduz hasi nintzen, etxerako diru pixka bat irabaztera joaten ginen eta hartatik afizioa sortu zitzaidan. Beranduago, golfean, kadi bezala hasi nintzen. Gauean, lanak bukatuta aritzen nintzen. Pentsa, ez ziguten lagatzen. Iñurritzan bertan aritzen ginen, hondarretan eta dunetan, gure kasa. kadi bezala pare bat txapelketa irabazi nuen. Mutil koskorretan oso kirolzale nintzen, kirol denetan ibiltzen nintzen. Udan, tenisean eta golfean. Neguan -La Salle eskolan- korrika, futbolean, boxeoan...

La Sallen bukatuta Donostiara joan zinen.
Donostiara 13 urte nituela hasi nintzen joaten; maisutza industriala egitera. Donostiako eskolan hasi nintzenean golfa utzi nuen. Lanbide Heziketa eskolan -orain postetxea dagoen lekuan- mekanika ikasten hasi nintzen. 14 urtetik 19 urtera bitartean praktikak -lanera- egitera tornulari fabrika batera joaten nintzen. Udan, arratsaldeko 14:00etatik 24:00ak arte. Neguan pixka bat gutxixeago. Eta, pentsa, ni izan nintzen anai-arreba artean 19 urtera arte eskolan ibilitako bakarra. Anai-arrebak 14 urterekin lanean hasi ziren. Adarra jotzen zidaten; haien kontura bizi nintzela. Maisutza bukatu eta peritajea egin nahi izan nuen. Etxean konforme zeuden, baina Valladolidera joan behar zen. Nik bukatu eta bi urtera jarri zuten Donostian peritaje eskola. Ni lanean hasi nintzen, ordea.

Maisutza industrialaren titulua lortu zenuen. Baina gehiago ikasi zenuen gero.
Bai. Maisutza eskolan, matematika, algebra, trigronometria edo logarismoak ikasten genituen, baina hor gelditzen zinen. Nire kasa ikasi nuen, eta matematika irakaslea bihurtu nintzen. Irakasle bezala 27 urte egin nituen jarraian, urte oparoak. Zarauzko Lanbide Eskolaren garapen guztia ezagutu dut. Eskola txikia zen hasieran, gero zabaldu zen eta egun eskola modernoa da. Irakaskuntzan hasi ginenean 2 irakasle seglar ginen eta orain 80 irakasle dira.
Ni oso identifikatua sentitzen naiz eskola horrekin. Jubilatu naiz, baina hara joaten naiz noiznahi, udaletxera ere bai. Gazteekin harreman onak ditut. Eskolari esker trebatu nintzen eta nire nortasuna aberasteko oso garrantzitsua izan zen. Irakasle izateko bokazioa izan dut, eta berriz ere, hautatuko nuke irakaskuntza.

Gurasoak jeltzaleak izan zenituen...
Aita eta ama biak zeharo jeltzaleak ziren. Aita, Hilario, ebanista zen ofizioz; Ixpilla etxekoa. Nire aitonari Ixpilla deitzen zioten. Aita gerra zibilean frontean ibili zen. Gernikako bonbardaketak bertan harrapatu zuen bi anaia zaharrekin. Kartzelan egon zen. Gero, anaiak-eta Ingalaterrara joan ziren itsasuntziz. Denak bizirik atera ziren. Ama, Josepa, berriz, (Urnietakoa; baserritarra) Parisera joan zen ihesi. Ni amonarekin gelditu nintzen hemen, urtebete nuela. Arreba berriz, Donostian, beste senide batzuekin. Anaia gazteena artean jaio gabea.

1954an eskolako mugimenduan hasi zinen.
Herriko parrokian bi mugimendu ziren: "Juventud santoniana" eta mugimendu luistarra, Elizako "Acción Católica" zelakoaren barruan. Gazteak han mugitzen ginen, han azaltzen genituen gure kezkak: kirolak egiten genituen eta frankismoaren kontrako lehen bilera klandestinoak han burutu genituen gazteok. Beranduago, lehen ikastola frantsikotarren Antoniano Txiki deitu lokalean jarri genuen. Haiek lagundu ziguten ikastola muntatzen.

Ikastola baino lehen ordea, gurasoen elkarteak garrantzia handia izan zuen Zarautzen. Orain baino lehenago ezkontzen zen jendea orduan. Zu 26 urterekin ezkondu zinen Maritxu Uriarekin.
Ohitura holakoa zen. Maritxuk 23 urte zituen, eta inguruan ere adin horretan ezkontzen ziren. Gurasoen elkartearen mugimendua baino lehen gazte mugimendua izan zen luistarretan eta parrokia inguruan oro har. Ni gazteen elkarteko zuzendaria izan nintzen eta ezkondu ondoren zuzendaritzakoak bila etorri zitzaizkidan. Gero lehendakaria ere izan nintzen. Udaletxeak dena kontrolatzen zuen eta guk elkartea kontraboterea-edo bihurtu genuen. Herritarren babesa bilduz joan ginen eta politika pixka bat egiten ere bai.

Zer gogoratzen duzu garai haietaz?
Herritarrok debekatua genuen udaletxean sartzea. Udaletxeak hirigintzari buruzko plan orokor bat aurrera atera nahi zuela gogoratzen dut, eta guk haren aurkako hitzaldiak antolatu genituen. Kanpoko arkitektoak ekarri eta plana hankaz gora botatzea lortu genuen. Pixkanaka, udaletxeari oposizioa egiten hasi ginen kanpotik eta errespetu pixka bat lortu genuen herrian.

Eta zuk zerorrek beldurra pasa ere bai. 60ko hamarkadan gertatu ziren lehen atxiloketak.
Hasierako garaian, langile mugimenduaren inguruan grebak zirela-eta bitartekari lanetan aritzea egokitu zitzaidan. Elkartea lan arazoetatik politikara pasatzen hasi zen, eta herriaren konfiantza edo errespetua lortu zuen. Gero, 68an, atxiloketak gertatu ziren. Ni, lehendakaria izanik, aurrena alkatearengana joaten nintzen eta gero Guardia Zibilarengana. Garai hartan kuartelera joatea ez zen edozein gauza. Guardia Zibilak fitxatua ninduen gazteen antolatzailea nintzelakoan. Nik ezetz, ez nintzela haien gauzetan ibiltzen esaten nien, baina ez zidaten sinesten. Kontuz gero!

Ikastolako lehendakaria ere izan zinen. Frankismoaren azkenaldia eta udaletxe demokratikoetarako lehen urratsak azal iezazkiguzu, ordea.
1975ean gure kontzertu ekonomikoa berreskuratzeko asmoa agertu zen udaletxeetan. Gipuzkoako gobernadoreak sasikontzertu bat sartu nahi zigun. Kontzertu ekonomikoa berreskuratzeko dekretu deskafeinatu bat aurkeztu zuen eta guk beste bat atera genuen. 1976ko uztailaren egunaren zioz -foruen mendeurrena ospatzen zen- itxurazko ekintza egin nahi izan zuten Diputaziotik. Bergarako alkateen taldea ekintza harekiko erantzun moduan sortu zen. Gure alkatea erregimenaren aldekoa zen. Zarauztarrok taldeko partaide izan nahi genuen. Protesta batzuk egin nituen nik neronek. Baina, beno, jakinaren gainean jartzen gintuzten.

Alkate izatera iritsi zinen.
1977an ikurriña udaletxean altxatu genuenean, alkate zenak dimititu zuen. Ni geratu nintzen funtzioetako alkate. Alderdi politikoek eta auzo elkarteek, planteatu zuten gestora bat, eta honek nik alkate moduan jarraitzea erabaki zuen. San Sebastian egun bezperan altxatu genuen ikurriña. Udaletxean ez genuen ikurriñarik, eta musika eskolatik ekarri genuen. Imanol Urbietak eta Jose Antonio Azpeitiak ekarri zuten. Aginduak espainola jarri behar zela zioen, baina guk ez genuen jarri.

1979an EAJren izenean alkate hautatua izan zinen. Ardura handiko kargua eta giro izugarria orduan ere?
1977an egin zuen EAJk demokrazia aurreko batzar nagusia. Tarte hartan egin nintzen EAJkoa. EE eta HB ere etorri zitzaizkidan haien izenean alkatetzarako aurkezteko. Nik familiaren ildoari jarraitu nion. Giroa izugarria zen. Presoen aldeko amnistia garaia zen, Guardia Zibilekin enfrentamenduak ziren noiznahi. Zarautzen kontzentratzen ziren eskualdeko manifestazioak, gune konfliktiboa zen oso. Arantzazun atentatua izan zen eta arratsaldean eserialdia egin zen herriko plazan presoen alde. Egun hartan gertatu zenarekin liburu bat idatz zitekeen, sinestezina izan zen. Hura txikizioa guardia zibilek egin zutena!

EAJko alkate, Gipuzkoako ahalduna gero, EAren izenean ahaldun nagusia, baita legebiltzarkidea ere. Kultura diputatua zinela, Xabier Lete eraman zenuen Foru Aldundira. Nola lortu zenuen?
Xabierren kantuak ezagutzen nituenbaina bera pertsonalki ez. Jose Antonio Ardanzak kultura diputatua izendatu ninduen eta konturatu nintzen, arte mundua ez nuela ezagutzen, behar nuela arlo hori ezagutzen zuen zuzendari bat. Andu Lertxundiri galdetu nion: "Zergatik ez diozu Xabier Leteri galdetzen", esan zidan. Nik ezker-ezkerrekoa zela uste nuen. Anduk, berriz: "Bai gizona. Hura baten batekin egotekotan zurekin dago! Hark asko maite zaitu". Xabierrek ez zidan berehala baietza eman, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuen. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Batek telebistara eraman nahi zuela, besteak ea nola lortu nuen... galdetzen zidaten. Nik ez diot ezer berezirik eskaini. Ondo konpontzen ginen biok, baina politika ez zen beretzako egina. Elkar maite genuen. Hain da gizon atsegina. Une zailetan beti lagunkoia. Makal antzean dabil orain...

Une txarrak ere pasatakoa zara: alderdiaren zatiketa, Leizarango afera. Kirolari finen antzera poliki erretiratzen hasia zara orain.
EAko bozeramalea naiz Batzar Nagusietan, baina bihotza dela, hezurrak direla, lehengo sasoi hura falta dut eta ardura sasoia dutenei uztea hobe. San Sebastian egunaren biharamunean bihotzekoak eman zidan, beraz poliki ibili behar dut.

Lizarrako akordioaren ondorengoak nola bizi dituzu?
Azarotik ez dut parte hartu Batzar Nagusietan, ez dut hurbiletik politika jarraitu. Irakurri dudana besterik ez dakit. Egoera harrigarria eta penagarria da. Halako ilusioa hartuta! Konbentzituta nengoen ETA ez zela bueltatuko armetara, herriari egin zion ilusioagatik eta gehiengoaren nahia hori zelako.

Egoera zaila da ulertzen?
Behin ere ez dut ulertu ETAk zer nahi duen eta orain gutxiago. Zer pentsatzen du ETAk? Dena hankaz gora bota eta hutsetik hasita hobe dela? PPko lehendakaria nahi al du? Itxuraz bai. Azkenengo agirietan egin duen azalpena harrigarria da. Abertzaleen etsai batek prestatua dela dirudi. Abertzaleen etsai handiena hori prestatzen jarri eta ez luke hobeto egingo. Ulertzeko harrigarriegia da. EAJk eta EAk egin duten ahalegina oso handia izan da, eta orain hauei errua bota! Gauza bat da independentzia nahi izatea -ni independendista naiz, eta ez dut lotsarik edonon esateko- baina, independentzia lortzeko alferrikakoa da pareta baten kontra jotzen aritzea. Iparraldearekin batera hausteskundeak egin behar direla dio ETAk. Hori ezinezkoa da. Berak badaki. Esan dezala nola egin daiteke hori. Iparraldean, baita Nafarroan ere, egoera ezberdinak bizi ditugula badakigu denok, beraz, ez ditzala ezinezko diren gauzak planteatu. Utopia pixka bat eduki behar du gizakiak baina bide horretan pausoak eginkorrak eman behar dira, eta ez aurreneko pausoa emanda paretaren kontra jo. EHk ETArekiko autonomiarik ez duela dirudi. ETAk agintzen du antza. Bestalde, PP eta PSOE egiten ari diren presio mediatikoa izugarria da. Horiek abertzaleen elkartasunari diote beldurrik handiena, eta guk abertzaleok elkartasun hori ezin lortu. Tristea da gero!

Hamarrekoa
Hamarrekoa
IÑAKI EIZMENDI "BASARRI"
"Bertsolaritzari duintasuna eman zion bertsolari handia. Zarautzen jaio gabe Zarautz asko maite zuena"

SABIN UNZURRUNZAGA
"Garai zailenetan eduki dudan lagunik garrantzitsuenetako bat: helburuetan zuzen eta tinko, patxada transmititzen dakiena"

BASILIO BERGARA
"Abertzale zintzoa, euskaltzalea eta langile porrokatua. Adiskide mina"

KARLOS GARAIKOETXEA
"Nire maisua politikan. Leiala eta gogorra aldi berean. Hitzeko gizona. Hitzaren defendatzaile prestua"

JOSE ANTONIO ARDANZA
"Ildo bat hartu eta zuzen eramaten dakien pertsona fina"

JONAN FERNANDEZ
"Leizarango autobideko garaian zeregin garrantzitsua bete zuen eta orain bake bidean beste hainbeste "

JOSE LUIS ELKORO
"Ezagutu nuen garaian, langile fina. Alkate eta abertzale jatorra"

ANDONI EGAÑA
"Artista bat.Idazle. Gaur egungo bertsolari onena. Adiskide jatorra"

ANJEL LERTXUNDI
"Aurrena, adiskide mina. Idazle bezala, gaur dugun onenetako bat"

TXEMA OLAZABAL
"Golfista handia. Jendeak ez du nahiko baloratzen duen maila. Pertsona barnekoia, baina jatorra benetan"

Tantoa
Tantoa
Jatorra oso adjektibo itzulgaitza da beste hizkuntzetara. Jatorra denaz fida zaitezke, leiala baita. Hitzekoa. Lasai jo dezakezu jator batengana laguntza eske, ez baitzaitu bazter utziko.
Gaztelaniak ere beretzat hartu zuen esparru semantiko zabaleko adjektibo hori. Baina, bidaia horretan, halako zentzu peioratibo bat erantsi zitzaion. Inorengatik 'es un jatorra' esaten hasi zirenean, halako 'basati on erdi kostunbrista erdi kashero' bat deskribatu nahi zen. Eta, halatan, euskaldunon artean ere berezko esanahia lerratu zitzaion jatorra adjektiboari esparru semantiko peioratiboagoetara.
Ni nago Imanol Muruaren izaerak eta beti erakutsi duen gizatasunak itzuli diola bere noblezia jator adjektibo jatorrari. Imanol Muruaz ere fida zaitezke, leiala baita. Hitzekoa. Lasai jo dezakezu Imanol Muruarengana laguntza eske, ez baitzaitu bazter utziko.
Jatorra baita, adjektiboaren zentzurik nobleenean


Azkenak
Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Eguneraketa berriak daude