argia.eus
INPRIMATU
BINGEN MENDIZABAL
"ZINEGILEAK BILUZTEKO PASAPORTEA DUGU MUSIKARIOK"
  • Zineman puntako soinu banda egilea dugu Bingen Mendizabal (Gasteiz, 1962). Lehengusuen artean Gasteizko kontserbatorioan solfeoarekin jarraitu zuen bakarra. Gero, Hertzainak taldearekin biolina jotzen zuela, Juanma Bajo Ulloa ezagutu eta "El reino de Victor" film laburrerako musika egin zion. Harrez geroz, horretan espezializatu eta, jadanik, 20 soinu bandatik gora sortuak ditu, hala nola, Bajo Ulloaren film guztiena edo Montxo Armendarizen "Bihotz ondoko sekretuak", Enrique Urbizuren "Cuernos de mujer", Mariano Barrosoren "Los lobos de Washington", Francisco Lombardiren "Pantaleon y las visitadoras" eta Fernandez Armero "El arte de morir"ena. Nahiz eta zuhur samarra ageri zaigun, esku artean dituen egitasmoek denen ahotan jarriko dute aurki. Bitartean, bere estudioan nota limurkor eta hunkigarriak ezkontzen segituko du eta, atsedenaldian, lagun koadrila kantoiko tabernan izango du esperoan.
2021eko uztailaren 15a
Lagunekin txikiteoan aurkitu dugu Bingen, etxeko estudio txikia utzi eta lokal berria nola insonorizatu behar ote den eztabaidan sartuta. Nire burua aurkeztu ondoren, kazetari itxurarik ez dudala bota didate. Bingeni galdera transzendentalak egiteko esanez agurtu naute bere lagunek.
Etxeko giroan piztu omen zitzaizun musikarako grina. Biolina ordea, ez zen zure lehen tresna izan.
Umetatik musika oso presente egon da nire etxean. Nire bi arrebek pianoa jotzen zuten. Horrela, kontserbatorioan solfeoa ikasten hasi eta gero, kitarra izan zen niren lehen musika tresna, ondoren txistua; pianoarekin ere ahalegindu nintzen. Azkenean biolina aukeratu nuen.
Konposizioaren kontua Juanma (Bajo Ulloa) ezagutzearen ondorioz etorri zen, "El reino de Victor" film laburra izan zen gure lehen elkarlana. Horrela, erdi txantxetan hasi eta hara non nire ogibidea bilakatu den.

Zein bilakaera antzeman duzu zure estiloan?
Beti dago eboluzio bat; hasieran dakizuna baino ez duzu egiten; baina estilo gehiago ezagutu ahala, berrikuntzak sartzen dituzu, baita zerbait ezberdina nahi duten zuzendariekin jardutean ere. Dena den, estilo bat atxiki dudala iruditzen zait. Hori da nire ustez egin behar dena.

Bai, "Bingen Mendizabal" estiloa aise igartzen da soinu banda batean.
Seguruena ni naiz hori gutxien ikusten dudana, baina bai. Oso intuitiboa naiz, teknikari ez diot hainbeste erreparatzen, musika, guztiaren gainetik, intuizioa delako. Hori dela eta, ez dut errepikakorregia izateko beldurrik.

Zer da musika zuretzat?
Ufff... munduarekin komunikatzeko nire modua da musika. Hitza baino primitiboagoa da, gainera. Hitzek, askotan, elkartu baino bereizi egiten gaituzte. Musika berriz, beste hizkuntza bat da, ez hobea, ez txarragoa, ezberdina baizik. Zaila da azaltzen, ez da zerbait fisikoa egitea bezalakoa. Beste musikariekin jotzean sortzen den zirrara bakarra da.

Zein musika tresna dituzu gogokoen?
Nire irudiko musikan espresibitatea lortzearen koska ez dago musika tresnaren baitan, jotzen duenaren baitan baizik. Egur zati bat bi sokekin jarri eta egundoko doinuak ateratzen ahal dizkio musikari batek. Erregistro mugatua duen alboka entzutea ere zoragarria da. Zinemarako agian, harizko tresnak nahiago ditut, hau da, biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua... erregistro handia izateaz gain, zuhurrak direlako. Kitarra akustikoa maite dut, akordeoia ere, denei ateratzen ahal diezu zukua. Jendeak uste du musika hatzetan dagoela, baina hori baino askoz sakonago doa.

Soinu bandak grabatzeko zeren kariaz joaten zarete Praga eta Bratislavara?
Oso musikari onak dira, orkestra handiak dituzte eta Mendebaldeko Europan baino askoz merkeago ateratzen da. Azkar grabatzen dute gainera. Hemen aldiz, burokrazia arazoak direla eta, guztiz zaila da orkestra batekin grabatzea.

Zein da musikaren betekizuna film baten baitan, girotu, erritmoa ezarri...?
Film bakoitzean musikak zeregin ezberdina izaten du. Zerbait azpimarratu, areagotu eta zergatik ez, emozioa gutxitzeko ere. Hain zuzen, zuzendari batzuek musikak emozioa jaitsi dezala nahi dute; beste batzuek kontrakoa, neska bat oso triste badago, musika jarriz gero, askoz tristeago emango duelako. Nik gehien atsegin dudana, musikak istorioa girotu dezala izaten da, mundu paralelo bat sortzea, alegia.

Erraz hunkitzeko erabiltzen den musika hori gehiegizkoa iruditzen zait niri.
Bai, niri ere bai, errazegia da, baina aldi berean oso eraginkorra. Nik "Alas de Mariposa"n tonu hori erabili nuen eta egia esan, oso ongi funtzionatzen du. Txarrena zuk nabaritzea izaten da, ikustezina izatea litzateke onena. Hainbeste igartzen denean ondo eginda ez dagoen seinale, faltsua izatera ere iritsi daiteke-eta. Baina hori gure ikuspuntua da, beste batzuei ez die inolako trabarik egiten, alderantziz. Dena den, efektismotik alde egiten saiatzen naiz.

Zuzendari batzuek berriz, Eric Rohmer edota Dogma-ko daniarrek kasu, ez dute beren filmetan musikarik ipintzen; egotekotan, istorioaren baitan entzungo da, hau da, pertsonaiek irratia pizten dutenean eta abar.
Hori ere gustukoa dut, musikarik gabeko filmak, giro soinua oinarri dutenak "Seven" filman esaterako, soinu banda, musikaz ez ezik, soinuez ere osatua dago. Ondo legoke musikaz gain, soinuaren ardura guk ere hartzea. Hori ordea, oso zaila litzateke, ekoizpen prozesua motelduko lukeelako.

Film baten musika sortzeko zein izaten da prozesua ?
Zuzendariak emandako azalpen orokorrarekin hasten zara lanean. Alde batetik, lagungarria da gidoia begi aurrean edukitzea, pertsonaien elkarrizketekin "hegan" hastea errazagoa baita; bestetik, "lurra hartzeko" beharrezkoa da filmaren lehen muntaketaren irudiak ikustea. Biak konbinatu ahal izatea da aproposena. Hala ere, azken muntaketa amaitu arte oso gainean egon behar duzu, musika zuzendariarekin batera txertatzen joateko.

Hori aipatu duzula, zuzendariekin finkatzen den harremana nahikoa berezia izaten da. Zenbaterainoko askatasuna duzu musika konposatzeko?
Zuzendari jakin batekin lanean bazaude zerbaitengatik da, berak aukeratu egin zaituelako. Parekotasunak aurkitu behar dira. Zuzendari batek aldiz, intseguritatea baldin badu, berehala hasten zaizu markatzen. Zuzendariak beti daki zer nahi ez duen, baina ez beti zer nahi duen. Beraz, zure ardura da proposamenak egitea. Nolanahi ere, akordio bat lortu behar da beti, lurralde neutro batera joan elkarri ezer inposatu ez diezaiogun.
Pertsona sentiberak izaten dira zinegileak, hauskorrak bezain indartsuak. Harremana tentuz zaindu behar duzu hortaz, azken batean, bere barne munduan sartzeko pasaportea duzu, zure aurrean biluzten ari direlako. Film bateko pertsonaiak zuzendariaren izaera ezberdinen isla dira.

Zein istorio motak erakartzen zaituzte gehien musikatzeko?
Ba, kutsu errealista dutenak dira nire kutunenak, nahiz eta musika konposatzeko aproposenak ez diren. Kontraesana dirudi, baina hala da. Gertua eta zurekin zerikusia duen zerbait konta dezala, harrapatu egin behar nau istorioak. Esaterako, Juanmaren film laburrak eta lehen bi filmak, intimistak ziren.

Horren haritik, Bajo Ulloak oso zuzendari ona bezain zorrotza izatearen ospea du. Nolakoa da berarekin lan egitea ?
Nahiz eta batzuetan gure tirabirak izan ditugun, asko ikasi dut berarengandik. Zuzendari konplikatua da, pentsarazten dizun horietakoa, eta hori ona da. Une oro ari da zerbaiten bila eta amaiera arte zintzilik bezala uzten du dena. Azken orduan hartzen ditu erabakiak eta, noski, muntaketa aldatzen badu, plaust! musika ere egokitu behar. Bere filmaketen azken txanpa oso gogorra izaten da. Mundu guztia xurgatzen badu ere, emaitza ikustea baino ez dago ahalegina merezi duela jakiteko.

Azken aldian soinu bandak itzalean bezala egotetik kontsumo produktuak izatera pasa dira.
Bere testuingurutik ateratzen baduzu soinu bandak ez du zentzurik. Orain, merkatu bat dago eta mesedegarria izaten ari da zure burua eta zure lana ezagutarazteko. Ez diot kontu horri buelta gehiegirik ematen. Ni neu soinu banda zale porrokatua naiz; kanta ezagunez osatuak dauden soinu bandak ere gustukoak ditut. Eta filma kokatua dagoen garaiko doinuak sartzen badituzte, ezin hobeto murgiltzen zara istorioan, Scorsesek egiten duen bezalaxe. Demagun, 80ko hamarkadako Euskal Herrian girotutako filma egiten duzula; bada, Kortaturen musika sartuz gero, zapla! sasoi hura gogoraraztean buru belarri sartzen zara istorioan, sinesgarri egiten lagunduz.

Zeintzuk dira miresten dituzun soinu banda egileak ?
Ez dakit zergatik baina konpositore britainiarrak dira nire gogokoenak. George Fenton ingelesa, Stephen Frears-ekin lan egin ohi du, "Heroe por accidente", "Analisis final"... Baita Patrick Doyle eskoziarra ere, besteak beste "Mucho ruido y pocas nueces", "Sentido y sensibilidad" filmen soinu banda egin dituena.

Betty Caplanen "Doña Barbara" filma egiteko Estatu Batuetara joan zinen duela bi urte. Zer moduzko bizipena izan zenuen hura ?
Los Angelesen filmatu ondoren, Seattlen grabatu genuen musika. Ikusi ahal izan nuen han, maiz, ekoizleak zuzendariaren gainetik agintzen duela, nahiz eta kasu hartan zuzendariaren senarra zen. Bestalde, nahi duzun guztia eskuragarri dago Los Angelesen, musika tresnarik arraroenak jotzeko 50 laguneko zerrenda egingo dizute. Grabatzeko ere estudioak azken teknologiekin hornituak daude. Filmak baina, ez zaizkit hainbeste gustatzen. Hemen ez bezala, estereotipoz josita egoten dira istorio gehienak, on-onak eta gaizto-gaiztoak baino ez daude, erdibidean ezer ez balego bezala. Baina tira, ostera deituko balidate, bueltatuko nintzateke, bai.

Gasteizen bizitzen jarraitzen duzu. Madrila joan izan bazina, lan gehiago egingo zenuen ziur aski.
Han biziko banintz, agian gehiago deituko zidaten, baina, zorionez ez dut lan arazorik eduki oraindik (aulkiko egurra ukitzen du badaezpada). Nire giroa gainera, hemen dago, betiko lagunez inguratua. Autoan eramaten naute gainera, ez baitut autorik, ja ja. Txikitatik ezagutzen zaituen jendea egiazaleagoa da zurekin. Lagun batek edozer esaten ahal dizu; harrosko bazabiltza, lasai egon, berak lainotik jaitsiaraziko zaitu-eta. Ezagunxeagoa egitean mesfidatiago bihurtzen zara; hori ordea, mundu guztiari gertatzen zaio. Zine munduan itxurakeria asko dago, jendeak ikusia izatea oso gustukoa du. Batzuek zortzi milioi ikusle behar dituzte, eta beste batzuek berriz, hiruk ikustearekin nahikoa dute. Aktore batek esaterako, ezagun bihurtzeko, izaera berezia ukan behar du eta gauza askoren aurrean amore eman. Baina arlo guztietan bezala denetik dago, jatorrak, ez hain jatorrak eta faltsuak direnak. Beti dago interesa, baina zein harremanetan ez dago interesik? Ez gaitezen engaina, lagunen artean ere interesa dago eta neska bat gustukoa baduzu, zer esanik ez, nahiz eta interes "primario"enak izan

Hamarrekoa
ENRIQUE URBIZU
"Lagun mina, ongi ulertzen dut zer nahi duen. Ezagutzen dudan zinegile zintzoenetakoa"

JUANMA BAJO ULLOA
"Kemen izugarria du, filmaketan pilak jartzen dizkio lantalde osoari"

HERTZAINAK
"Euskal Herriko talderik onena. Irudimena erabiltzen jakitea izan zen gure sekretua"

PASCAL GAIGNE
"Lagun ona eta musikari ausarta, esperimentatzea gustukoa duelako. Arriskatu gabe sormenik ez dagoela ulertzen duen horietakoa"

RY COODER
"Arimara iristen da bere musikarekin. Berak egiten duena egin nahiko nuke, munduko jende ezberdinarekin jo ulermen hori lortuz"

MONTXO ARMENDARIZ
"Adoretsua eta, guztiaren gainetik, sentibera. Askatasuna ematen dizu"

ALBERTO IGLESIAS
"Konposagile arras originala, Estatukoen artean pertsonalena eta errazen bereiz daitekeena"

FRANCISCO LOMBARDI
"Gizatasuna du, nahiz eta hotza dirudien. Jakintsua, oso ondo ulertzen du gizakion muina, alderdi onak eta ez hain onak"

MARIANO BARROSO
"Giza lege handikoa eta eskuzabala. Bere filmetan bera nolakoa den argi eta garbi ikusten duzu"

Tantoa
Badira pertsonak beren gaitasun profesionala haien lanen bidez agerian uzten dutenak. Bingen dugu, zalantzarik gabe, horietako bat. Eta profesional talde horren barruan, badira batzuk -ez anitz-, beren giza kalitateagatik ere nabarmentzen direnak. Bingen, eskubide osoz, gutxi dauden gizaki horietakoa da. Horregatik, berarekin lanean ari zarela, ez zara bakarrik ohartzen bere musikak filma aberasten duela, baizik eta bere apaltasuna eta lasaitasun alaiari esker, zailtasunak eta arazoak pizgarri bihurtzen dituela lanarekin disfrutatzen jarraitzeko