Txoriaren oraingo eskaintza huskeria da datorkigun kate uholdearen aurrean. Horretaz oharturik, EITBk ez du euskarri berrien aurrean lo geratu nahi, hots, lurreko telebista digitala, satelite, kable eta Internet bidezkoa. Publiko gaztea eta hiritarra oso aintzat hartuko da kate berri hauek taxutzerakoan. Alde batetik, azken urteotan euskal hiztunen kopuruak gora egin ondoren eta erabilera bultzatu nahiz, euskarari lehentasuna emango zaio, emisioen %50etik gora euskaraz izango delarik. Bestalde, erdarazko kateen eskaintza gero eta oparoagoa eta espezializatuagoa izanik, hori orekatu beharra dago. Horiek izan dira Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko EITBren Jarraipen Batzordearen aitzinean aurkeztu duen Planaren ardatzak. Gogorarazi dezagun Administrazio Kontseilua 19 kidez osatua dagoela: EAJko 4, EH, PSE eta PPko 3na, EA eta EBko 1na eta gizarte erakundeetako 4.
Hona hemen ekintza proposamenen xehetasunak: ETB-1 eta ETB-2 kateez gain, audientzia irizpideetatik harantzago legokeen kanal orokor berria sortzea aurreikusten da, artea, hezkuntza, literatura, ekonomia eta beste hainbat arlo bere baitan tartekatuko lukeena. Gaikako kanalen artean berriz, lau egitasmo aipatzen dira, hala nola: albisteen kanala, gazte kanala, hezkuntza kanala eta kirolen kanala. Baita bi kanal ere Ameriketako euskal diasporari begira: gaur egun abian den ETBSat eta bestea "Canal Vasco".
Orobat, Nafarroa eta Iparraldeko ordezkaritzak handitzeko nahikaria aipatzen da. Euskarri digitaleko irrati kate berriak sortuko dira. Kultura musikaleko kanal berria litzateke lehena.
Era berean, eszenatoki digital berriari so, trebakuntza izango da EITBren erronka nagusietakoa. Euskadiko Ikus-entzunezko parkea ere garatuko da, euskal industria pribatuko eragile guztiei zuzendua, sektorerako laguntza publikoak azpiegitura bakarrean bilduko lituzkeena. Horren haritik, ikus-entzunezko euskal industriari laguntza eskainiko zaio digitalizazioaren aro berriari aurre egin diezaion. Azkenik, behar berrietara egokitzeko Iurretako emisiogunea eta Miramongo produkziogunea handitu egingo dira