argia.eus
INPRIMATU
ZABALGARBI, BOROA, CASTEJON ETA ITOIZ
2017ko azaroaren 28a
Bizkaian eta Nafarroan ere herritarren mobilizazioak gertatzen ari dira beste lau proiektu handiren aurka: Bizkaian, Zabalgarbiko errausketa-planta eta Boroako (Zornotza) zentral termikoa, eta Nafarroan, Itoizko urtegia eta Castejongo zentral termikoa. Herri-talde batzuek eta talde ekologistek proiektu horiek ekarriko duten ondorio eta eragin ekologiko larria argudiatzen dute oposizioa egiteko. Gainera, proiektu hauek abiarazi baino lehen informazioa ez dutela osorik ematen esaten dute, eta beraz, proiektuak inposatu egiten direla, nagusiki arrazoi ekonomikoak medio eta gizartearen, ingurumenaren eta herritarren interesei muzin eginez.
Dudarik gabe Itoizko urtegiaren aurkako mobilizazioek izan dute oihartzunik handiena jendartean. Auzi honetan Espainiako Estatuko Administrazioa, justizia auzitegiak eta nazioarteko auzitegiak daude inplikaturik, izan ere, nazioarteko auzitegietaraino jo dute talde ekologistek. Eta urtegi nafarraren aurkako oposizioak jendartean oihartzun handia izan badu, dudarik gabe Itoizko solidarioek atzerrian eta nazioarteko era guztietako foroetan ustekabeko ekintzak egiteko orduan erakutsiriko irudimenari, kemenari eta ausardiari esker izan da. Orain, berriz, Nafarroan ere, herri mobilizazioak egiten hasiak dira Castejon aldean eraiki nahi diren bi zentral termikoen aurka.
Bizkaian, aspaldikoak dira Zabalgarbiko errausketa-planaren aurkako herri mobilizazioak, eta azken honetan beste mobilizazio batzuk sortu dira; esate baterako, Zornotzako Boroako zentral termikoaren aurkakoak. Mobilizazio hauek iragan apirilean hasi ziren eta segida izango dute datozen hilabeteetan