argia.eus
INPRIMATU
ESTAING ETA CAUTERETS HARANEN ARTEAN: BARBAT HANDIAREN ITZULIA
  • Inguruko mendirik garrantzitsuenak hauexek dira: lakuaren iparraldean eta haranaren sarrera menperatuz, Midi d'Arrens (2.267 m.); sokate bera jarraituz hegoalderantz, puntu gorenarekin topo eginen dugu, Soum de Bassia de Hoo alegia, bere 2.571 metroekin. Aipatu behar da inguruko gandorren aldean altura askozaz txikiagoak izanik, bi gailur hauek ohizko ibilbideetatik kanpo geratzen direla eta piriniozaleen artean ez direla sobera ezagunak. Cauteretseko haranarekin muga egiten duen sokatean, hots, ekialdean, Gabaliros (2.334 m.) ezaguna topatuko dugu. Hegoalderantz, Monné edo Moun Né (2.724 m.) eta bi sokate hauen artean, bi haranak menperatuz, Barbat Handia (2.813 m.), aste honetako ibilaldian inguratuko duguna.
IƱigo Txintxurreta 2017ko azaroaren 28a
Estaingo lakua turistez lepo ageri da udan. Jendetza horrek sortutako zarata eta kalapitatik ihes eginez, Ilheouko leporantz doan bidea hartuko dugu. Basoan barna eta iraupen eskiko pistak zeharkatuz hastapenean, zonalde ireki batera aterako gara berehala, Arriousec-eko bordaren inguruan.
Balizatutako bidezidor batek Garren Blanc-eko errekatik goiti leunki eramango gaitu, baina Barbateko bordeen parera iristen garenean, azken hauek eskuinean utzirik, Ilheouko lepora igotzen den pattar gogorrari ekinen diogu.
Barbat Handiak menperatzen ditu gure urrats neketsuak; hala ere, Estaing eta Cauterets arteko muga markatzen duen Ilheouko lepora suinki iritsiko gara. Honek merezitako atsedenaldirako parada ezin ederragoa eskainiko digu.
Cauterets-Cambasqueko bidea jarraituz gero, Barbat Handira igotzeko bide zuzena da Ilheouko lepokoa, gailur aipagarri honetara iristeko asmoz mendizale gehienek hautatzen dutena. Beste aldean, ekialdean eta Soum de Grum gailurraren mazeletan Lyseko eski-estazioa kokatzen da.
Ilheouko lepo honek beste bitxikeria bat dauka: Estaing eta Cauteretseko haranak lotzen dituen aspaldiko bidea markatuz, 80ko hamarkadan Jacques Blot-ek historiaurreko tumulu bat aurkitu zuen lepoan bertan. 5 metroko diametrokoa besterik ez bada ere, harrigarria suertatzen da altitude hauetako larreak protohistoriako artzainek erabili izana, haien aztarna tumulu honen bidez utzi zutelarik.
Ilheouko lepotik izen bereko aterperako bidea jaitsiera eroso eta erraza da. Ugari dira Cambasquetik laku aldera etorritako turistak eta arrantzaleak, solariuma bihurtzen den aterpeko terrazak erakarrita lehenak eta lakuko arrain preziatuak harrapatzeko asmoz bigarrenak. Gehienak lakua bisitatuta konformatuko dira; mendizaleak, aldiz, gaua aterpean igarota, goizetik abiatuko dira inguruko gailur gardenak igotzera.
Gure ibilbidea jarraituz, Lac Bleu iparraldetik zeharkatuko dugu Hourateko errekarekin topo egin arte. Puntu honetan igoera gogorra hasiko dugu, askotan bide ziurrik jarraitu gabe, Hourateko ataka helmuga dugularik. Mapaz eta iparrorratzaz baliatuz, Hourateko laku txikiaren albotik igaroko dugu, haitzen kaos artetik, paisaje gogor eta harrigarri batetik. Ibilaldiaren zati hau zailena suertatuko zaigu doikebe, baina norabidea ondo hartzen badugu, Hourateko atakak Arrouyko laku aldera iragateko aukera zoragarria eskainiko digu eta bide batez, Labateko errekako jaitsiera hasteko parada.
Hourateko atakatik Cauteretseko haran alderako begiratua emango dugu azkenengo aldiz, bista liluragarriaz gozatuz bi aldeetan agertzen diren gandor harroen aldera.
Harri-kaos zabala iragan ondoren, beti jaitsiz, Lac Long-era abiatuko gara. Bide lasaiagoa izango da laku honetatik Lac Nereraino, laku beltz eder hau gainetik menperatzen dugun bitartean.
Jaitsiera liluragarria da, Piarrouyko arro lakutar osoa aurrean dugula. Masseyseko aurrien albotik Pic Arrouyko erreka lotuko zaigu urjauzi dotorea sortzeko amini bat beherago, Masseyseko basoan sartuta.
Bailaratxo hertsi honen ondora iritsi gara, jarraitu dugun erreka eta ezkerretik datorren Liantranekoak sortzen duten Plaa de Prateko leku horretan hain zuzen ere. Hemendik aurrerako bidea Labateko errekaren jaitsiera lasai eta luzea bihurtzen da, Estaingeko lakuraino iritsi arte
LOTARAKO TOKIAK
Ilheouko aterpea 1.988 metrotara dago eta lo egiteko 40 leku dauzka. Maiatzetik urria arte ateak zabalik ditu. Bertara hurbildu nahi izanez gero, deitu 05 62925238 telefonora.
- Estaingeko haranean bada aterpe bat Gite d'Etape izenekoa eta baita jatetxe paregabe bat ere lakuaren sarreran. Aipagarria da lakuan eta mendekoste ondoren ospatzen den larre aldatze edo trashumantziaren jaia. Festa hau artaldeak goi alalekuetara igotzeko garaian egiten da.
- Interneten helbide interesgarria: http://perso.wanadoo.fr/jb.canton/