"ERAIKUNTZA NAZIONALA EZIN DA SUKALDE POLITIKORA MURRIZTU"

  • Jarrai mitikoa desagertu da jada, Iparraldeko Gazteriak erakunde gaztearekin batera Haika sortu dute. Igor Ortega eta Garikoitz Mujika Haikako ordezkariekin hitz egin dugu erakunde berriaz, beren erronkez eta egungo Euskal Herriaz.

2021eko uztailaren 15ean
Haika independentzia eta sozialismoaren banderapean sortu da. Nola ulertzen duzue zuek Euskal Herriaren independentzia gaur egun?
IGOR ORTEGA. Bizi dugun gizarte eredu honetatik datoz gure arazoak eta bizi dugun liberalismoaren erasoaldiak areagotu egiten ditu arazo hauek, bereziki gazte eta emakumeen artean. Beraz, egoerari aurre egin nahi badiogu erdibideek ez dute balio. Alternatiba integralak jorratu behar dira eta horretara dator gure proiektua. Independentzia eta sozialismoa proiektu berdinaren bi aurpegiak dira: pertsonak ekonomiaren edo irabazien onurarako erabiliak ez izatea baizik eta alderantziz, gizartearen bitarteko produktiboak gizakumeen onurarako erabiltzea.

Ezkerra posizio ideologiko moduan krisian dagoen honetan, sozialismoa nola ulertzen duzuen galdetu behar nuen orain, beharbada aurreko galderan erantzun didazue...
I. O. Maila batean bai, eta beste batean, gure gizartearen ezaugarrietan oinarritutako eredu bat izan behar du. Kubako ereduak ez du zergatik balio behar hemen, guk gurea egin behar dugu. Eta, horrez gain, demokrazia partehartzailea egituratu behar dugu, non gizakiok ideiak eta eztabaidak modu askean plazaratzeaz gain, modu integral batean garatzeko aukera izango dugun.

Iraultzaile ere aipatzen duzue. Zer da iraultzaile izatea?
GARIKOITZ MUJIKA. Galdera potoloa da. Iraultzaile izatea, arazoen muinera benetan jotzen duen borrokarako ereduaren alde egitea da. Mundu mailako arazo desberdinei sarritan sasi irtenbideak jarri zaizkie zapalkuntzari aurre egiteko, baina ez zaizkie benetan aurre egin. Arazoaren muinera jo behar da, horregatik jotzen dugu geure burua iraultzailetzat eta ez erreformistatzat. Adibidez, Hirugarren Munduan gosez hiltzen direnen arazoari irtenbidea ematea zer da, hemendik zenbait laguntza edo ogi apur batzuk bidaltzea, edo beraiek beren burua garatu dezaten baliabideak eskaintzea?
I.O. Pentsamolde horiek gure eguneroko bizitzan uztartu nahi ditugu eta hori nola egin landu behar da etengabe. Ezkerrak bizi duen krisi horretatik ateratzeko, egunerokotasunean bizimolde horien arabera biziz topatu behar da, guk geure ereduak sortuz, etxebizitzaren gaian, aisialdian, droga kontsumoan, sexu harre manetan, lan baldintzetan...

Azaroa arte Haikaren lan ildoak finkatzeko eztabaida prozesua irekiko duzue. Zeintzuk izango dira eztabaidaren eduki nagusiak?
I.O. Orain arte aipatutako parametroen inguruan, eztabaida hau gurekin partekatu nahi duten gazte guztiekin eraman nahi dugu aurrera. Bi fase daude: lehenengoa maiatzetik uztailera egin nahi dugu, herrietara eskema bat pasatu horren gainean eztabaida bat irekitzeko, edukiekin ponentzia batzuk egin, eta gero berriz eztabaidatu zerbait zehatzaren gainean. Edukiei dagokienez, lehenbizi mundu mailako joera desberdinak aztertuko dira, neoliberalismoa, sistema honen logika eta abarrekoak; bigarrena, mundu mailako ereduak Euskal Herrian duen eragina litzateke; eta hirugarrena, egungo errealitatearen azterketa, eta gazteok zuzenki jasaten ditugun ondorioen azterketa. Honez gain, euskal gazteriak bizi duen egoeraren diagnosia egin behar dugu eta errealitate horri nola egin behar diogun aurre finkatu. Azkenik, erakunde nazional berri honen egituraketa eta lan ildoak finkatuko ditugu.

Gazteria bat dela Euskal Herrian baina errealitate asko dituela aipatu duzue. Errealitate desberdin horietan Haikak nola joka dezakeen ikusteko, adibidez, zer eskaini-eskatu beharko lioke Haikak Iparraldeko gazteriari, eta zer Hegoaldekoari.
G. M. Gazteriak dituen arazoei modu antolatuan erantzun bat emateko aukera eskaintzen du Haikak. Arazo batzuk errealitate zehatz batzuetan sortzen dira eta beste batzuk orokorrak dira. Irakurketa honetan, dena den, tranpa txiki bat dago, Iparraldeko gazteriaz modu homogeneoan hitz egiten delako eta berdin Hegoaldekoaz. Hegoaldean eta Iparraldean zapalketa desberdina izan da eta kulturalki, adibidez, Iparraldean askoz handiagoa, eta badira desberdintasunak -kalean bizitzeko ohitura eta abar-. Baina sarritan, muinera joz, desberdintasunak ez dira oso handiak, eta batera borrokatzeko aukera zabalak daude. Askotan Iparralde eta Hegoaldeaz egiten diren banaketak nahiko artifizialak dira.

Iparraldean hezkuntza dela eta, eta batez ere hizkuntzari dagokionez, desberdintasunak handiak dira; administratiboki ere bai, langabeziaren aldetik ere bai, batez ere hango barnealdean... Desberdintasunak handiak dira.
I.O. Herri bezala bizitzeko dugun borondatearen gainean eraikitzen da Haika. Beraz, kontua da nola baliatzen ditugun Euskal Herrian dauzkagun tresnak edozein lurraldetan eraginkorrak izan daitezen. Udalbiltzak hor motore lan handia egin beharko du. Gaur egun Baskongadetakoak edo Nafarroakoak izan daitezkeen baliabideek, Iparralderako ere balio dezakete. Ikuspegi nazional horretatik, herrialdeek bizi dituzten errealitate desberdinetara hurbiltzen jakin behar dugu; hori da Haikaren asmoa.
G. M. Adibide zehatzetara joz, Iparraldean ikasketa unibertsitarioa egiteko Euskal Herritik kanpo atera behar dira eta hori drama bat da. Euskal Herrian badaude beste unibertsitate batzuk. Estrategia nazionalaren baitan, zergatik ez ditugu aprobetxatuko herri honek dituen baliabide ugariak, hauek antolatu eta alternatiba egoki bat eskaini? Agian, Baionako ikasle batek Bilbora edo Iruñera jo dezake, baina horrek eskatzen du herri oso baten ikuspegitik pentsatzen hastea.

Iaz egin zenuten Bilbon Gazte Topagunea, euskal gazteriaren diagnosi bat ere bai. Lana Udalbiltzari eman zenioten. Izan al duzue erantzunik edo?
G. M. Egin zen bilkura bat eta beraiek egiten ari diren diagnostikoaren barruan jarri dute. Dena den, momentuz, ekimena izozkailuan geratu da eta beraiek diagnostiko orokorra bukatu zain gaude. Instituzioen funtzioa herritarren arazoei aurre egitea da eta Udalbiltzari ere pauso hori emateko garaia heldu zaio.

Eraikuntza nazionalaren ikuspegitik, nola baloratzen duzue azken bi urteetan egin den lana?
I.O. Eraikuntza nazionala ez da sukalde politiko batera murriztu behar den kontua, baizik eta herrietatik abiatu behar den lana. Aurreko bi urteetan, alderdiek protagonismo gehiegi izan dutela uste dugu. Arazoa sortzen da batzuek eraikuntza nazionala besteengan delegatzen dutenean; edo alderdiek uste dutenean hori beraiei dagokiela eta beste herri eragileak ikusle zereginera mugatzen dituztenean. Halaber, EAJ eta EAri ausardia pixka bat falta izan zaie jasandako presioari aurre egiteko.

Baina herrietatik abiatze hori abstrakto samarra da, herrietan milaka herritar daude, era desberdinetako erakunde ugari, posizio ideologiko oso desberdinak...
G.M. Herrietatik abiatzen da mobilizazio etengabe hori. Hemen proiektu espainiarraren eta euskal proiektuaren arteko baldintzak ez dira berdinak. Egoera horretan, komunikabide espainiarrek garatzen duten presio bidetik joz, hor ez dugu aterabiderik. Hemen ezinbestekoa da herriarren etengabeko mobilizazioa garatzea, eta esparruz esparru proposamen desberdinak lantzea; hor dago sindikalgintzatik egindako lana, euskalgintzan Kontseiluak egin duena, kirolaren eremuan egindakoa... Askotan herritarren nahia alderdien nahien harat doa.

Su-eten garaian beste talde batzuekin izan dituzuen harremanak nola daude gaur egun?
I.O. EGI eta Gazte Abertzaleekin harreman naturala izan dugu, baina bai su-eten garaian eta bai gero; beren alderdiekiko autonomia maila txikia ikusi diegu eta horregatik hainbat ekimen mugatuta geratu da, adibidez abenduaren 6an Espainiako Konstituzioaren aurkako dinamika edo presoen inguruan egin beharreko beste gauza batzuk. PSOE eta PPko gazteekin ez dugu harremanik izan, besteak beste, ez dagoelako gure lehentasunen artean. Beste talde askorekin ere izan ditugu harremanak eta orain Haika aurkeztu nahi diegu.

Zein da kale borrokaz egiten duzuen balorazioa?
G.M. Kale borrokaren inguruan ezin da hausnarketa isolatu bat egin, herri honetan askotan egiten den bezala; herri honek bizi duen gatazkan kontestualizatu behar da. Gauza bat da kale borrokaz iritzi bat izatea, edo ekintza batzuk hala edo bestela ikustea, horiek iritzi pertsonalak dira. Adibide bat hartzeagatik, Hernanin Arkupe tabernan egin zen sabotajearen inguruan, komunikabide gehienentzat aste hartan Hernanin gertatutako guztia hori zen, kontuan hartu gabe aurreko igandean Ertzaintzak emandako jipoiak eta 20 etxetan baino gehiago sartu izana, adibidez. Arazoaren muinari heldu behar zaio eta ez ondorioetan geratu, gainerakoak eztabaida antzuak izango dira eta ez dute ezer konponduko. Hori hola da, gustatu ala ez gustatu. Kale borroka ez da berria herri honetan eta, berez, erantzun borroka bat da.
I. O. Ezin da borroka molde hori ulertu estatuek Euskal Herriaren aurka erabiltzen duten biolentzia aztertu gabe. Ikusi orain euskararekin egiten ari direna, beraien legitimitate demokratiko guztiarekin Iparraldean, Nafarroan, Araban... gure herriaren nortasuna ezabatzera doaz. Beren estrategian ez da errepresioa bakarrik sartzen, halako nortasun itotzeak ere badira eta horiek ere biolentzia dira. Aukera ona dugu guk geurea egiteko, Espainiak eta Frantziak egiten dutenari begiratu gabe; estrategia zibil nazional batetik abiatuta, goazen herri honek pairatzen duen egiturazko biolentziari buelta ematera, eszenatoki berri eta demokratiko hori lortze bidean.

Ezker abertzaleko gainerako erakundeek ere egitura bakarra izan beharko lukete Iparralde eta Hegoalderako?
I.O. Euskal Herrian sujetu nazionalak behar ditugula esaten badugu, erakunde desberdinek ere, eraginkorrak izateko, tresna nazionalak behar dituzte. Eta berdin beste herri eragile askori dagokionez ere, Euskal Herriko ikuspegi orokor horretan murgildu behar da, eta maila lokalean arituta ere, jakin norberaren borrokak ez direla amaitzen Iparraldean edo Hegoaldean


Azkenak
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


Eguneraketa berriak daude