Durangoko azoka plazan burutuko da maiatzaren 18tik 21era, baina ez du abenduan egin ohi den Durangoko disko eta liburu azokaren antzik izango. Hura generalistagoa da, hau profesionalagoa: hezkuntza eta honen inguruko berrikuntzak jorratuko ditu. Urtero antolatzen dira hezkuntzaren inguruko azokak Bartzelonan eta Madrilen. Durangon egingo den honek ideia nagusia handik jaso badu ere, berezitasun bat du: hezkuntzarekin lotutako sektore guztiak bilduko dira gune bakar batean: besteak beste, material pedagogikoa, testu liburuak, metodologiaren ingurukoak, ordenagailuak, eskoletako altzariak, laborategiko ekipamendua...
Ikazoka hezkuntza eta berrikuntza azoka Ibaizabal Ikastola Kooperatibak antolatu du hainbat babesleren laguntzarekin. Lau helbururekin jaio zen Ibaizabal orain urtebete: 16 urtetik gorako batxilergoak, prestakuntza zikloak eta irakaskuntza ez arautua kudeatzea eta enpresa proiektu berriak martxan jartzea. Azken honetan datza Ikazokaren xede nagusia. Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu eta Trebakuntza sailaren eta Ikastolen Elkartearen, Eroskiren eta Zabaltzenen babesarekin jarri da martxan proiektua. Horretarako, Durangok duen tradizioa eta Gerediaga elkarteak duen esperientzia baliatu dira bide batez.
Ostegunetik igandera bitartean goizeko 9:45etatik 14:00etara eta arratsaldeko 15:45etatik 20:00etara egongo da azoka zabalik. Igandean berriz, goizeko hamarretan ireki eta eguerdiko ordubietan itxiko da. Andoni Mujika, Ibaizabal Ikastola Kooperatibako zuzendariak dioenez, bi atal ditu azokak: batetik, gaiak erakustea, saltzea, tratuak egitea; bestetik, formazio saioak eskainiko dira, bertan hezkuntzaren inguruko egungo gaiak jorratuz. Guztira, egunero lauzpabost hitzaldi eskainiko dituzte Euskal Herritik bertatik, Espainiako gune ezberdinetatik eta atzerritik datozen hizlariek. Ostegunean eta ostiralen egitaraua profesional eta ikasleei egongo da zuzendua. Larunbat eta igandean berriz, publiko orokorrari. Horrela, lehen bi egunetan honako izenburuak dituzten hitzaldiak emango dira: "Selektibitatearekin zer", "Erreforma erreformatu behar den", "Haur literaturaren balioa pertsonaren garapenean", "Enplegu trebakuntza eta azpiegitura", "Teknologia: argiak eta itzalak", "Gizabaloreak egungo gizartean"... Eta euskal alderdi politikoez osatutako mahainguru bat ere izango da "Euskal hezkuntza eredua bat al da?" izenburupean. Larunbatean berriz, hiru urte bitarteko umeen eskolatzeari buruzko iritziak jasoko dira, besteak beste.
PROFESIONALAK, GURASOAK ETA GAZTEAK.
Beraz, azoka ez dago haurrentzat aurreikusia. Andoni Mujikak dioenez, profesionalak, gurasoak eta 16-18 urtetik aurrerako gazteak erakarri nahi dituzte. Azken finean, Ikazokaren helburu teknikoa zera da: gune berean bai profesionalek eta baita gurasoek ere hezkuntzan izandako berrikuntza guztiak ikus eta ikas ditzatela. Berrikuntza horiek azokako aldizkariak jasoko ditu. Horrez gain, gazteek derrigorrezko hezkuntza amaitu ondoren dituzten irtenbideen inguruan -unibertsitatea, lanbide heziketa...- informa daitezela.
Baina Euskal Herriari begira, helburu estrategikoak ere baditu Andoni Mujikaren aburuz: "Euskal izaeratik eta kooperatibagintzatik enpresa proiektu berriak sustatzea", alegia. Ikuspegi horretatik, nahiz eta ehuneko ehunean Ikazoka ez den euskaraz burutuko, megafonian, aldizkarian, seinalizazioan, karteletan-eta nagusiki euskara erabiliko da. Horrela, hezkuntzan eta teknologian euskarak protagonismoa hartuko duelarik. Hori omen da gainera datozen urteetako erronka: "Euskarak lan eta ongizatearen, eta profesionaltasunaren alorra irabazi behar du orain". Zentzu honetan, hezkuntzan, derrigorrezko hezkuntzatik at behintzat -hala nola, INEMen, Hobetuz-en, Lanbide Heziketan, Unibertsitatean-, zeregin handia dago. Hiru kezka nagusi ditu Ibaizabal Ikastola Kooperatibak hezkuntzaren eta euskararen uztarketaren inguruan: Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan dagoen gabezia, erabileraren arazoa, eta euskararen kalitatearena. Konpontzeko "egitearen kulturan" sinisten dute. Mujikak dioenez, "Euskal Estatuan egongo bagina bezala jokatzea" da hauei aurre egiteko modu egokiena