argia.eus
INPRIMATU
BURDINAZKO MENDIETAN
  • Itsasadarraren ibarrezkerrean, Barakaldo, Trapaga, Urtuella eta Abanto-Zierbena gaindi, garaiera apaleko mendi multzo berezi bat goratzen da: Triano eta Galdameseko mendiak. Berezitasuna, Bizkaiko industria eta ekonomiaren abiapuntu eta garapenaren ezinbesteko oinarria izan den bertako meatzaritza ustiapenetan datza. Hala, kare-harrizko berezko orografia korapilatsuari, giza esku lanak, zeru zabaleko ustiapenak medio, itxura fantasmagorikoa eman dio. Inguruan, zalantzarik gabe, bakarra da. Gaurkoan, bada, "Peñas Negras" Ingurugiro Interpretazio Zentrotik abiatuz, paraje hauetan barna mugitzera gonbidatzen zaitugu, tontorrik garaienetakora igo eta burdinazko mendiotako erraiak, Urallaga haitzuloan, ezagutzera joatea gomendatuz.
Asier Agirresarobe 2017ko azaroaren 28a
Triano eta Galdameseko mendiak antzinatik izan dira ezagunak bertako burdingaiaren ugaritasun eta kalitatea zela-eta. Adibidez, k.a. I. mendean zenbait historialarik (hala nola Plinio "Zaharrak") Iberiar Penintsularen iparraldean "burdinazko mendi handi bat" zegoela aipatzen du. Egun "burdinazko mendiak" bezala ezagutzen den eremu zabal hau, hurrengo udal barrutietan hedatzen da: Galdames, Artzentales, Muskiz, Abanto-Zierbena, Trapaga, Guenes, Barakaldo eta Sopuerta. Galdameseko inguru karstikoan, Galdames eta Gueneseko udalbarrutietan barreiaturik 200 barrunbetik gora izan dira zerrendatuak. Dena den, datu esanguratsu honek mendi multzo honi nolabaiteko garrantzia ematen badio ere, hidrologia ikuspuntutik so eginez gero, aldameneko Ubieta mendi multzoa eta Lujar, Gordon eta Alen mendiek osaturikoak nabarmentzen dira lur azpiko ur gordailu moduan. Mendi multzo hauen azpian iragaiten diren lur azpiko ibai sareek nagusiki Barbadun eta Kadagua ibaietara isurtzen dituzte beren urak.
Barrunbe guztien artean, garrantzi arkeologikoa dela eta, Arenatzako haitzuloa nabarmentzen da. Aspaldidanik ezagutua eta hainbat helburutarako erabilia izanik, 1973. urtera arte ez dira bertan labar-pinturak aurkitu. Honezaz gain, magdaleniense garaitik erromatarren garaira doan historiaurreko aztarnategi garrantzitsua aurkitu izan da atarian eta egun indusketetan jarraitzen dute J.M. Apellanizen eskutik. Zaramillo aldean, berriz, 6.000 metro pasatxo eta kasik berrehun metroko gainbeherarekin Saratxoko sarea da barrunberik nagusiena. Galdameseko inguru karstikoan, beste haitzulo aipagarriak Mina Europa, El Bortal, La Elvira, los Hoyos de Gazteran eta Magdalena edo Urallaga dira. Azken hau, haitzuloaren aho itzelean kokatua duen balore etnografiko handiko baseliza medio, urtero bertara Magdalena egunean egin ohi den erromeriagatik da sonatua, eta bertara hurbiltzea proposatzen dizuegu lerro hauen bitartez.
Hurrengo orrialdean ikus daitekeen taulan Meatzaldeko barrunberik garrantzitsuenak agertzen dira.
Eremu hau, burdin hobi ugari eta oparoak zeudelako, antzinatik zela ezagun aipatu dugu jada. Alabaina, eskala handian, XIX. mendearen amaiera bitartean ez ziren ustiatu. Mende honetako 40ko hamarkadara arte iraun zuten ustiapenek, aitzina nabarmen gainbehera etorri baitziren. Aitzitik, aberastasuna sortzeak, lurra biziki hondatzea ekarri zuen eta horren emaitza dugu lurra eta honek eusten zituen ekosistemak kaltetu izana. Gaur egun, mea ustiapenei amaiera emandakoan eta lur emankorra bere onera ekartzeko prozesu geldoan, paisajearen eraldaketak ezaugarri nahiko bereziak dituen ingurune paisajistikoa sortu du.
Egun, leku honen aberastasunik handiena benetako birika naturala izatean datza. Paisaje erakargarriak, meatze-arkeologiako aztarnategi ugaritan dauden interes guneak eta batez ere, bere kokapen geografikoak, aisiarako aparteko ingurune bilakatu dute. Izan ere, biztanle-dentsitate handiko udalerrietatik oso hurbil kokatzen da, ibarrezkerretik esaterako. Hain zuzen ere, testuinguru honetan kokatzen da "Peñas Negras" Ingurugiro Interpretaziorako Zentroaren eginkizuna. Zentro honek zeregin garrantzitsua bete nahi du hezkuntza-baliabide gisa, inguru honetan biltzen diren ezagutza arlo guztien elementu aglutinatzailea baita. Halaber, zentroak jendea sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi du. Meatzalde honek osatzen duen ingurune berezia berreskuratu eta kontserbatzearen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi dira.
Ibilbidea Ingurugiro Zentrotik hasiko dugu, balizatutako sei ibilbideetatik hirugarrenaren arrasto moreak jarraituz. Maldan gora eramango gaituzte lehenik, Pico Pastores iturri parean, ezkerrera biratu eta beherantz jarraitzeko. Gutxira, eskuinera malda laburra igoz, El Saúco meatzal auzoan agertuko gara, meatzarien etxebizitza izandakoaren aurriak aurrez-aurre topatuko ditugularik. Goialde hauetan, jende anitz biziko zela pentsa daiteke, tamaina ikusita. Arrastoek, estugune bat igarota, lautada txiki batera garamatzate. Bide nagusia lagaz, eskuinera eta beherantz doan zidor lauso batek, hogei minuturen buruan, kare-harrian zabaldutako Magdalena edota Urallaga aho itzelera jaitsiaraziko gaitu.
Ikusgarria da zinez, eta ondoren bide beretik gora igo behar bada ere, merezi du gutxik ezagutzen duten paraje honetara gerturatzea. Behera goazela, lurrazalean irekitako ehun metro luzeko pitzadura sakona aurkituko dugu ezustean. Kontuz! Ez gehiegi gerturatu, oso sakona baita. Bada, aipatu aho ilunean, bagonetak ibili izan ziren bidetik barneratzen bagara, ehun bat metro erabat ilunean egin baino lehen, goian dugun pitzaduratik argi izpiak barneratzen direla sumatuko dugu. Bide samurra da eta ez dago arriskurik. Sar zaitezte.
Gora itzuliz, berriro ere arrasto moreek, zailtasunik gabe, Pico Mayor eta Pico Menor tontorren arteko La Breña lepora lagunduko gaituzte. Puntu honetan, pistan behera jarraituz, arrastoek hasiera puntura hurbilduko gaituzte, hau da, "Peñas Negras" zentrura. Pistan gora jarraituz ordea, hirugarren ibilbidearekin bat egin eta Ganeran eta Pico de La Cruz tontorrak igotzeko aukera izango duzue. Arrasto gorriak gidatuko zaituzte honakoan eta Meatzaldeko ikuspegi bikainaz gozatzeko abagunea eskainiko dizue bi tontor hauetako edozeinek, batak zein besteak
MEATZARITZA TRADIZIONALA TRIANOKO MENDIETAN
Iraultza Industrialaren aurretik Trianoko mendien jabetza komunala zen, Somorrostro bailarako zazpi kontzejuena (San Pedro, Santa Juliana, Muskiz, Zierbena, Santurtzi, Sestao eta Trapagaran) eta Portugaleteko hiribilduarena. Mendi hauen aprobetxamendua herri haietako biztanleek elkarren artean banatzen zuten. Gehienak baserritarrak ziren eta nekazaritza eta abeltzaintza lanez gain, burdingaia atera eta portuetara eramaten zuten. Lanerako eskuzko tresnak erabiltzen zituzten (palak, pikatxoiak...) eta XIX. mendeak aurrera samar egin arte ez zen bolborarik erabili. Burdingaia mendietatik portuetara jaisteko zenbait azpiegitura eraiki behar izan zen (plano inklinatuak, aireko tranbiak, balde-lineak), eta trenbideen bidez edo mandoak eta idiak erabiliz gurdietan garraiatzen zen Galindo ibaiko eta Muskizeko portuetara. Bertan untziratu ondoren, burdinoletara eramaten zen, mota guztietako tresnak egiteko: aingurak, iltzeak, armak, nekazaritzarako lanabesak... Tresna hauek Europara eta Ameriketako kolonietara esportatzen ziren.
Iraultza Industrialarekin batera abantaila handiak iritsi ziren eta hauekin meatzaritza-ustiapen handia. Atzerriko kapitalaren inbertsioa hasi zen eta burdina lortu eta transformatzeko sistemak antzinako burdinoletatik labe garai modernoetarainoko bilakaera izan zuen. 1902an sortu ziren Bizkaiko Labe Garai ezagunak, 1996an itxi zirenak