argia.eus
INPRIMATU
ADINEKOAK IKUSLE
BENIDORM-EN EZ NUKE IKUSIKO
  • Ez dira umeak telebista gehien ikusten dutenak, gure nagusiak baizik. Denetarik ikusten duten arren, iragarleentzat ez dira jomuga ona izaten, gutxi kontsumitzen baitute. Baina, aisialdia betetzeko baino, hain gogorra den bakardadeari aurre egiteko pizten dute telebista.
2017ko azaroaren 28a
Gurasoen umezain kuttuna izateaz gain, telebista adineko jendearen lagunik onena da. Erretreta garaian edo biziaren azken txanpan duen bidelagun fidela. Espainian, telebista egunero batez beste hiru ordu eta erdiz ikusten den bitartean, 65 urtetik gorakoen artean, bost ordu eta laurdenera iristen da, alajaina! Kopuru hori urteko audientzia bihurtuz gero, emaitza inarrosteko modukoa da: agure eta atsoek 80 egun ematen dituzte telebista aurrean, alegia, beren jubilazioaren zati handi bat.
Gure gizarte gero eta zaharrago honetan, biztanleriaren %16k 65 urtetik gora ditu eta, denbora gutxiren buruan, kopuru hori hirukoiztu egingo da. Gaur egun bederen, ez dago haientzako programazio berezirik. Hasteko nagusiei ez zaie besteek zahar jendetzat hartzea gustatzen. Albistegiak, futbola, txutxumutxu saioak eta "talk show"ak nahiago dituzte, baita zezenketak eta filmak ere, beti ere kate publikoak badira. Horren kariaz, jubilatuak tele-orojaleak direla esaten da, dena irensten dutela. Natura eta animaliei buruzko dokumentalak izan ezik, gainontzeko guztia telezabor boltsan sartu daiteke-eta. Baina ez gaitezen engaina, adineko jendeak entretenimendu gisa baino gehiago konpainia bilatzen du telebista piztean. Zenbat dira gainera, bakarrik bizi diren adinekoak? Benidorm-era joan ezean, zakurra eta telebista izan ohi dira zahar jendearen bakardadeari aurre egiteko bi makuluak; maiz, telebista ez dute zerbait ikusteko pizten, isilik dagoen etxea ahotsez betetzeko baizik.
Bestalde, telebistaren eragina ez da erabat negatiboa izan, ez horixe. Akatsak akats, munduaren leiho bat ere badelako, zeinaren bidez gauza franko ikasi duten, beste modura nekez jakingo luketena, alegia. Horretaz jabeturik, telebistetako agintariek badakite zeinen erraza den egunkaririk irakurtzen ez duen zahar jende dezentek dena itsu-itsuan sinestea. Hor dago albistegien arriskua, haietako askok telebistan esaten dena sermoia bezain benetakoa dela sinesten baitu