Eider neska-laguna galdu berri du Txemak auto istripu batean. Hildakoaren logelan diskete bat aurkituko du neskak urte bete lehenago Irlandara egindako bidaiaren egunerokoarekin. Disketea hartu eta bidaia errepikatzera joango da Txema Irlandara. Abiapuntu tragiko eta erromantikoa eman dio Julen Gabiriak bere estreinako nobelari. Kontakizunak aurrera egin ahala, ordea, bestelakorik topatuko du irakurleak.
Zure lehen nobela hau kaleratu aurretik lehiaketaren bat irabazi duzu. Zer egin duzu literaturan liburu honen aurretik?Basauriko ipuin erotikoen lehiaketa bitan irabazi nuen eta horrez gain, beste ipuin solte batzuk ere banituen, liburu batean argitaratzekoak nituenak. Proiektua gogoan nuen eta Elkarlanean argitaletxekoekin hitz egina nuen. Baina momentuan baztertuta geratu zen, Igartza sariarena sortu zenean
Nobelaren proiektua Igartza sarira aurkeztu eta aukeratu egin zuten. Nola iritsi zinen hortara?1998ko inauterietan, taberna batean nengoela, lagun batek eman zidan beka honen berri. Eta proiektua aurkeztu nuen, irabaziko nukeenik inondik inora pentsatu gabe. Ez nuen ezer galtzeko eta arriskatzekotan nobela batekin arriskatu behar nuela pentsatu nuen, niretzat ipuinekin jarraitzea errazagoa bazen ere.Hamabost bat orrialdeko lagin bat aurkeztu nuen lehen kapituluarekin eta beste hiruzpalau orritan nobelak izango zuen ildoa, estiloa eta halakoak azaldu nituen
Ordurako garbi al zenuen emaitza zein izango zen? Arazoa zen nik oso proiektu lodia egin nuela. Beka eman zidatenean, neurri batean, harrapa ezina ikusi nuen. Proiektu on bat aurkezten baduzu aukera gehiago duzu saria irabazteko. Baina gero proiektua gauzatu egin behar da. Poza izugarria izan zen saria eman zidatenean, baina erantzukizuna ere gainera etorri zitzaidan. Nire esku zegoen eta apurka-apurka idazten joan nintzen
Lehena izateko nobela anbiziosoa da, egitura aldetik batez ere... Batez ere alde horretatik zen anbiziosoa proiektua. Kapitulu bakoitza hiru zatitan banatuta dago: nobelaren hari nagusia, ipuin bat eta argazkia. Ipuina argazkiarekin lotu eta gero hauek nobelarekin berarekin lotu behar ziren.Baina istorioak berak eta pertsonaiek ere bere zailtasuna zuten. Ez da erraza neska laguna hil berri zaion mutilaren larruan sartzea eta sentimendu horiek azaltzea. Erraza ez den bezala, mutil horri buruz neska lagunak esaten dituen guztiak esatea. Istorioaren planteamendua hain gogorra zenez, muturreko bi pertsonaia nahi nituen: askatasunaren bila doan neska eta mutil inuzente memeloa. Bakoitza bere bidetik, inoiz elkartu gabe, joan zitezen zen hasierako asmoa. Baina nobelak aurrera egin ahala, hasierako rolak nahastu egiten dira. Pertsonaiek bizitza propioa hartzea oso aberasgarria izan da
Abiapuntua dramatikoa eta erromantikoa izanik, nobelan bilakaera bat sumatzen da eta ironiak gero eta toki handiagoa hartzen du. Liburuak bi zati ditu nolabait. Lehen erdia pausatuagoa, arrosagoa, pastelagoa da. Gero, Dingle-ko eztandarena kontatuaz batera, hizkera bera biziagoa bihurtzen da, ironia garratzagoa eta kontakizunak bizitasuna hartzen du
Eta engainua ere nagusitzen joaten da. Ez al duzu irakurlea bera ere engainatzen? Horretan saiatu nintzen behintzat. Halako joko batzuk sartu nituen horretarako. Eta engainuarena liburuaren gai nagusietako bat da. Engainuaren katalogo oso bat sortu da nobelan. Hasieran bakardadea eta memoriaren inguruan idaztea zen asmoa. Baina hasiera eta bukaera bakarrik nituen eta hori osatzen joan naizen neurrian gai berriak sartu dira. Engainuarena batez ere. Pertsonaia guztiek nobela guztia ematen dute besteak edo euren burua engainatzen. Une batez hiru gizon irlandar tabernan ipini ditut eta horiek ere engainuaz ari dira
Horietako batek "nork ez du inor engainatzen?" galdera botatzen du. Eta protagonistak, Txemak, "nik" erantzuten du. Liburua Kafe Antzokian aurkeztu nuenean Txema Homer Simpson-ekin alderatu nuen. Eta badute antzarik, despiste kronikoan batez ere
Panpinaren irudia erabili duzu ipuinen batean. Zure pertsonaiak ez al dira panpinak? Batez ere Txema. Patetikoa da hildako batek bizidun bat horrela manejatzea. Eiderrek bidaia bere gustura egiten du, baina Txemak txotxongilo hutsa delako egiten du. Eta hariak hildako batek mugitzen ditu gainera
Zergatik eraman duzu nobela Irlandara? Euskal Herritik kanpo ezagutzen dudan leku bakarra delako. Asko maite dut Irlanda, eta Connemara bereziki. Gainera, komeni zen distantzia geografikoa egotea. Disketeko artxiboak Euskal Herrian irekiz gero, lasaitzeko etxera joan eta negar apur bat egin dezakezu. Baina atzerrian bakarrik zaude
Gaiztoa zara zure pertsonaiekin. Gaiztoa baino gehiago. Kabroi hutsa
Abiapuntu dramatiko horrekin irakurleari ez al zaio gogorra egingo hori? Ez dakit irakurleak zer pentsatuko duen, baina ni asko dibertitu naiz maltzurkeriak egiten. Oso ondo dago pertsonaiek bizitza propioa hartzea, baina noizbehinka eztena sartu behar zaie. Txemak hori merezi du. Ez du hiltzea merezi, sofritzea baizik. Gainera pertsonaiak ere nirekin nahiko kabroiak izan dira. Nire ametsetan sartu izan dira. Nobelan sartu dudan ametsa erreala da. Nik egin nuen. Ni neu, zoritxarrez, Txema nintzen ametsean eta gertatutako istripuan Eider ez zen hiltzen, besoa besterik ez zuen hausten. Desilusio itzela izan zen. Eiderrek hila behar zuen. Iratzarri nintzenean sekulako poza hartu nuen. Horregatik portatu nintzen txarto pertsonaiekin, eurak ere nirekin txarto portatu zirelako
Amaieran ere ez diezu atsedenik ematen. Eta azken ipuineko oilar protagonista ere (patetikoa bera) ez al da Txema? Oilarra Txema da. Panpina Txema da. Inauterietan bakarrik dagoen mutikoa, ispiluaren kontra jotzen duen perikitoa... konturatzen ari naiz ipuinetako pertsonaia guztiak direla Txema azkenean
Horretaz gain nola uztartu dituzu kapitulu bakoitzeko hiru elementuak? Zer topatu zenuen lehenago, argazkia, ipuina edo hari nagusia? Nestor Zabala, Galdakaoko nire laguna eta liburuko argazkiaren egileak asko bidaiatzen du eta Ekuadorrera egindako bidaia batetik itzultzean erakusketa bat zabaldu zuen. Argazki bakoitzaren azpian azalpen txiki bat egiten zuen eta nik itzuli nizkion euskarara. Pentsatu genuen hurrengo aukera bat sortuz gero, bere argazkien inguruan ipuinak sortuko nituela. Baina beste erakusketarik ez zen izan eta beka iritsi zen. Eta gure asmoa liburuan burutzea proposatu nion. Gauza sinbolikoa egin genezakeen. Eta irakurleak ez zuen zertan lotura haririk aurkitu behar. Nik bere argazki artxiboa nahiko ondo ezagutzen nuen, ordu asko pasa ditudalako han argazkiei begira. Banekien zeintzuk ziren egokiak.
Batzuetan gertatu da nobelaren kapitulua idatzi eta bertako pasarte batekin ondo datorren argazkia aukeratu dudala eta hortik abiatuta egin dudala ipuina. Beste batzuetan lehen elementua argazkia izan da eta ondoren etorri da ipuina eta hortik kapitulua. Egia esan, nahiko erraza gertatu zait
Idazkera aldetik, ez omen duzu hiztegira gehiegi jo. Ez dut hiztegia asko erabili. Forense hitza, adibidez, euskaraz ez da horrela esaten. Baina horrela utzi dut nik, mediku auzitegia ez baita oso ondo geratzen
Eta beste lizentzia batzuk ere hartu dituzu: mekabendios, enrollatu... Idazkera txukuna (ahala den neurrian behintzat) eta kaleko hizkera uztartzea izan da nire nahia. Gaztea naiz, gazteen moduan hitz egiten dut eta gazteen moduan idatzi nahiko nuke. Ez nituen plastikozko pertsonaiak nahi
Badirudi liburuak harrera ona izan duela. Harritu al zaitu? Aurretik ipuin labur batzuk idatzita, ez nekien zer nolako harrera izango zuen nobelak. Ipuinekin sariak irabazi nituen, baina gainerako lehiakideak ezagutu barik, horrek ez zidan esaten ipuin ona zenik. Nobelarekin berdin gertatu zitzaidan. Baina, banuen berme bat: Xabier Mendiguren Elizegiri nobela gustatu izana
Mendigurenek "idazle ausart baten lehen fruitu heldua" bezala definitu du nobela sarreran. Lehena izateko lan konpletoa da. Pozten nau horrelakoak entzuteak, baina nik ez dut nobela zeozer handia bezala ikusten. Hamar hilabeteko lan prozesuaren ondoren, nire zatitxo bat bezala ikusten dut. Egia da lehen lanek kutsu autobiografiko handia izan ohi dutela. Eta ni saiatu nahiz hori ez egiten, niretik ahalik eta gutxiena sartzen nere lehen nobelan
Eta "Connemara" eta gero, zer? Nobela honek, duda barik, ateak zabaldu dizkit. Iparragirreren biografia kaleratuko dut eta literaturako beste atal batzuk ere zabaldu dizkit. Baina, esan bezala lehenago ere banuen liburu bat ateratzeko asmoa. "Connemara" ez bazen beste bat izango zen. Ipuin bilduma hori ere denborarekin argitaratuko dut. Baina presa barik. Sei bat idatzita dauzkat eta oraintxe ari naiz beste batekin. Dozenatxoa biltzean aterako dut liburua