Amaitzear da, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz, Euskal Herrian Euskaraz elkartea "Hizkuntza bat, lurralde bat, legeri bat: Ofizialtasuna" lelopean Euskal Herrian zehar egiten ari den bira. Izan ere, EHEren arabera, euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenek euskal herritarren atxikimendu ugariak izan dituzte, eta botere politikoak ez du eskaera hori aintzat hartu. Eta areago, euskararen normalkuntzaren aurka gogor egiten duen zatiketa juridikoa ezarri diote Euskal Herriari. Hala, EHEk euskararen ofizialtasunaren aldeko martxa honetan parte hartzeko deia egin dio gizarte osoari.
Baionatik abiatu zen apirilaren 1ean ibilaldia eta Euskal Herriko hainbat herri zeharkatu du, Hendaia, Elizondo, Oiartzun, Trebiño eta Leioa, besteak beste, apirilaren 15ean Bilbora iritsi aurretik. Apirilaren 9an ibilaldia eten egin zen Iruñetik pasatzerakoan, Oinarriak-ek antolatutako jaialdian parte hartzeko. Ibilbideko herri guztietan, hizkuntza eskubideak urratzen diren hainbat eremu salatu dute: posta, administrazioa, komunikabideak, osasungintza, epaitegiak, irakaskuntza eta saltokiak, bereziki.
Tokian tokiko egoeraren arabera, arlo ezberdinak salatu dituzte. Zonalde euskaldunetan, esaterako, jende euskaldun asko egonik ere, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea ez dago inondik inora ziurtatuta. Honi jarraiki, osasun etxeak, epaitegiak eta lanbide heziketa zentroak, besteak beste, izan dira martxaren geltokiak. Zonalde erdaldunagoetan, aldiz, arazo nagusiena euskararen ezagutza urria denez, ikastetxeetara jo dute. Horiexek baitira, hain zuzen ere, euskararen transmisiorako ezinbesteko tresnak. EHEko kide Unai Break honen inguruan zera esan digu:
"Ofizialtasunak kontzeptu abstraktua ematen duen arren, ikusten dugu ofizialtasunik ez egotearen gauzapen praktikoa eguneroko bizitzan eta toki eta eremu errealetan ematen dela. Hargatik, eskubide horiek urratzen diren tokietara joan gara, aurrerapausoak eman daitezen eskatzera. Euskarari ofizialtasuna aitortzen zaion lekuetan, gure eskubideak zapaltzen dira egunero. Sendagileak, idazkariak... euskaldunak badira, ondo, bestela, jai dugu. Eta hori ofizialtasuna aitortzen den lekuetan, besteetan ez dago protestatzeko eskubiderik, hori ere ukatua zaigu".Euskal Herrian Euskarazek, martxa honen bidez, Euskal Herri osorako legeri berri bat aldarrikatu nahi izan du, gaur egun Frantziako eta Espainiako Estatuetako legeriek ezartzen duten zatiketa gaindituz. Unai Brearen hitzetan,
"legeri horrek hizkuntza eskubide guztiak bermatu beharko lituzke. Egun, legeri ezberdinak daude eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Egoera latzena Iparraldekoa da, Frantziako Konstituzioak ez du euskararen inolako aitorpenik egiten, eta beraz, hor eskubide guztiak ukatuta daude. Nafarroan zonifikazioarekin egoera berezi bat dugu, eskualde euskaldun eta mistoan eskubide batzuk onartzen dira, baina ez-euskaldunean ez da inolako eskubiderik onartzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Trebiño eta Turtziozeko salbuespenekin, koofizialtasuna dago, alabaina Hegoaldean beti ere euskara gazteleraren menpe dago. Eta euskaldunak beti bigarren mailako herritar gisa kontsideratuak gara. Ildo horretatik, ofizialtasuna izango litzateke euskararen normalkuntzan aurrera egiteko gutxieneko oinarria".Euskararen ofizialtasunaren aldeko martxak arazoak izan zituen Nafarroa igarotzerakoan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Francisco Javier Ansuategik, Lesaka eta Bera arteko etapa debekatu zuen, legez kanpokoa zela argudiatuz. Hori dela eta, Goardia Zibilak eten egin zuen. Ansuategik, bestalde, Iruñetik pasa zen apirilaren 8ko etapan moldaketak egitera behartu zituen martxalariak. Horri aurre egiteko, Euskal Herrian Euskarazek bi helegite aurkeztu zituen Nafarroako Justizia jauregian. Break adierazi duenez, "esan zuten ibilbide berria proposatu behar genuela, baina oso denbora tarte estu batean, guk planteatutakoa desitxuratzeko asmoz, kotxerik gabe eta megafoniarik gabe". Ibilbidea EHEk nahi bezala gauzatzeko ukapena
"borondate politiko baten ondorioz eman da; denboraz bete beharreko epe legala bete ez genuela argudiatu zuten, baina guk bete dugu epe hori. Borondate politiko berberak eraginda, Beratik Lesakarako oinezko ibilbidea ezin izan zen normaltasunez burutu. Hor euskararen aldeko aldarrikapen bat isilarazteko nahi bat dago".Ofizialtasunaren alde ibilaldi honi Jarrai, Gazteriak, Abokatu Euskaldunen Sindikatua, AEK, Kontseilua, Euskara Biziberritzeko Hitzarmena eta EH atxiki zaizkio. Ibilaldia apirilaren 15ean bukatuko da manifestazio nazional batekin. Manifestazio hau 17:30etan izango da eta Bilboko La Casillatik Udaletxera abiatuko da