Ez da erraza mikro aurrean beti sinpatiko eta animoso agertzea. Eginkizun hori behintzat, prestuki betetzen dute Euskadi Gazteako lantaldea osatzen duten dozena bat animatzailek. Alai itxura ordea, ez da "antzerki" hutsa, mikroz kanpo telefonoz deitzean ere jatorrak dirudite-eta. Halaxe, esatarien xarma eta euskara musikarekin uztartzeak eragin dute egunero 100.000 entzuletik gora izatea (EGMren datuen arabera). 1990eko martxoaren 21ean landatu zuten kimua sustrai sendoak dituen zuhaitza bihurtu da. Unean uneko beharrei erantzunez, gaztaren zati txiki bezain gozoa eskuratu du: "16 eta 20 urte bitarteko gazteekin bat egitea lortu dugu" dio Edurne Ormazabal irratiko koordinatzaileak. Hamarkada bat iragan delarik, irrati gaztea den arren, heldutasuna ere baduela dio Edurnek. Euskadi Gaztearen bilakaeran une gogoangarriena bi irrati izatetik -bata euskaraz egiten zen eta bestea gazteleraz- bakarrera pasa zenekoa da. Maketa lehiaketak eta Gaztea Sariek ere une gozoak biziarazi dizkiote urtero. Irrati formulaz gain, irratsaioak sartzeak ere norabide aldaketa ekarri zuen duela lau urte. Horra hor Edurne Garmendia gidari den "Salgai" edota Dani Arizala eta Ainhoa Urkiaren "Hi bizi haiz hi" saioak, entzuleen erantzun polita dutenak, konplizitatea lortuz, gainera. Hasierako irizpideak atxiki dituzte hala ere, "gurean egiten den musika bultzatu eta kanpotik datorrena tartekatu, beti ere euskal musikari lehentasuna emanez".
Geroari begira baikor ageri da Ormazabal: "Teknologia berriak eta komunikabideen globalizazioak ez gaituzte beldurtzen, urteurrenak merezi bezalako sona izan dezan beraz, Pearl Jam taldearekin kontzertu berezia prestatu dugu datorren maiatzaren 26rako Donostian"