Helduen euskalduntze-alfabetatze arloko erakunde nagusia da AEK. Ia 14.000 ikasle, 800 irakasle inguru eta 200dik gora euskaltegirekin sare osoaren %37 betetzen du -instituzioek kudeatutako euskaltegiak bigarren tokian dira %29rekin, Bertan sarea dator ondoren %22rekin, IKA %8rekin eta gainontzekoak %4rekin-. Kopuruetan nagusitzeaz gain, Euskal Herri osoan jarduten duen erakunde bakarra ere bada Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundea.
Apirilaren 1 eta 2an, iragan larunbat eta igandean beraz, AEKren X. Mintegia burutu berri da Arantzazun "Batasunetik etorkizuna irabazteko prestatzen" lelopean. 300 lagun inguru bildu da orotara bertan eta euskaltegi guztiek euren ordezkaritza izan dute. Lau urtez behin egiten du AEK-k bere mintegia eta, hortaz, datozen lau urtetan egin beharrekoak finkatzea izan du xede Arantzazuko bilkura honek.
Eguneroko kudeaketa, ordea, AEKren oinarri diren euskaltegietan egiten da. Euskaltegi bakoitzak bere ordezkariak hautatzen ditu eta hauek eskualde nahiz herrialdeko batzordeetan koordinatzen dira. Urtero herrialde bakoitzeko irakasle guztiak elkartu, egin beharreko lanak zehaztu eta herrialdeko arduradunak aukeratzen dituzte. Azkenik, herrialde bakoitzean hautatu ordezkariek batzorde nazionala osatzen dute. Urtean hirutan Biltzar Nazionala ere burutzen da eskualdetako ordezkariekin, AEK osoari dagozkionaz aritzeko. Antolaketa eredu honetan, dena den, aldaketak aurreikusten dira, herrialde bakoitzak autonomia irabazi dezan. Eta hau ez da, noski, mahaigaineratu den aldaketa bakarra, X. Mintegi honek bilakaera sakonaren bidean ipini baitu AEK. Etorkizun hurbilean Plan Estrategikoa egingo du.
BERRIKUNTZAREN TENOREA.
Euskalduntze-alfabetatzearen egoera aldaketak berak ipini du agerian berrikuntzen beharra. Orain arteko ohiko eskaria ahulduz joan den neurrian, eskari "bereziagoek" indarra hartu dute: enpresetara bideratutakoak, gurasoei transmisiorako egokitutakoak... Bestalde, EAEn behe urratsetan geroz eta ikasle gutxiago dago, goi urratsetako kopuruak gora egiten duen bitartean. Nafarroa eta Iparraldean aldiz, asko dira oraindik behe urratsetara jotzen dutenak. Alfabetatzeari dagokionez, eskariak behera egin du nabarmen.
Kontuan hartu behar da gainera, euskaltegia hizkuntzaren ezagutzan eragiteko gunea dela, baina handik kanpo, askok bere maila galdu egiten duela eta beharrezkoa dela erabilera eremu berriak zabaltzea. AEKren arduradunek esparruko erakunde desberdinen arteko lankidetza eza eta egituratze beharra ere azpimarratu dituzte egoeraren analisia egiteko orduan.
Etxe barrura begira ere jarri dira AEK-ko kideak, baita hainbat ondoriotara iritsi ere. Irakasleriaren lan baldintzetan aurrerapausuak eman dituzte azken urteetan, soldatak zertxobait igo eta gizarte segurantza zein lan baldintzen normalizazioan ezarritako epeak laburtuz. Oraindik ez omen da, hala ere, zentzu honetan nahi adina aurreratu.
Kudeaketa ekonomikoan hobetzea lortu da 1996-97 ikasturtean kanpoko auditoretza ezarri zenetik. Arazoak detektatu eta hauei irtenbidea emateaz gain, hainbat proiektu berri aurrera eramateko kanpoko finantzaketa lortzea ahalbidetu du egoera berriak.Instituzioekiko harremanak hobera egin du azken aldian, EAEn bederen. Iparraldeko eta Nafarroako administrazioek, aldiz, ez dute euren jarrera ezkorra aldatu.
Arduradunek honako galdera egin diete euren buruei: nola eskaini ikasleari zerbitzu egokia? Erramun Osa Bizkaiko AEKren arduradunaren hitzetan, "erabateko kalitatea lortzera jo behar dugu". Horretarako AEKren helburuak, betetze maila eta hutsuneak zehaztu behar direla gehitzen du.
DIDAKTIKA GILTZARRI.
Didaktika alorraren egoerari garrantzi berezia eman zaio joan den asteburuko mintegian eta berrikuntza ugari ipiniko da abian hemendik aurrera. Horrek ez du esan nahi orain arte esparru horretan ahaleginik egin ez denik. 1995ean didaktikaren inguruko lehen tailer nazionalak egin zirenetik planteamentu didaktikoak bateratu eta zehaztu egin dira. Materialgintzan aurrera egin du AEK-k, baita irakasleen prestakuntzan ere (ez nahi bezalako erritmoan, ordea). Metodologian ahaleginak egin dira eta euskaltegi guztietan gutxieneko didaktika zerbitzua ezartzea lortu da. Badirudi ikasleak gustura daudela AEKren metodologiarekin.
Hala ere, didaktika alorrean hobetu beharreko puntuak ere badirela diote didaktikariek, besteak beste, irakasleen iraunkortasunik eza -eta ondorioz irakasleei etengabe oinarrizko prestakuntza eman behar izatea-, goi urratsetako hutsuneak edo nazio mailako egitura sendoagoaren beharra.
Lehenago aipatu bezala, ikasleen eskaria aldatzen ari da. Enpresek, administrazioek, eskolek, gizarte talde desberdinek zerbitzu espezifikoak eskatzen dituzte, bai eduki aldetik eta bai funtzionatzeko moduagatik: modulo malguagoak, autoikaskuntza...
Giro berri honek aukera interesgarriak zabaldu dizkio helduen alfabetatze-euskalduntzeari eta AEK-k ahalegina egingo du giro horretara egokitzeko eta ez atzean geratzeko. Kopuruetan AEK da nagusi, baina Mertxe Mujika Bizkaiko didaktika arduradunaren esanetan "didaktikan ere lidergoa izan behar dugu". Horretarako plan bat diseinatu dute. Irakasleen formakuntzari dagokionez honako puntuak dira lortu beharrekoak, didaktika taldeak osaturiko txostenaren arabera: orain arteko oinarrizko prestakuntza (Glotodidaktika I eta II ikastaroak) sistematizatu eta berritu; egungo diplomaturaren ordezkoa abian jarri; herrialdez herrialdeko 3 urteko planak osatu; lan talde nazionala sortu; jardunaldien eta bileren bidez formaziorako testuinguru egokiak sortu; espezializazioa bultzatu; eta didaktika foroetan parte hartu.AEK-k bere kurrikulu propioa garatzeko asmoa du eta horretarako HABEk burututakoa ezagutaraziko dute lehenik, ondoren dokumentua aurkeztu, eztabaidatu eta diseinatzen joateko.
Materialgintzan ere diagnosia egin, ezaugarriak erabaki, egileak prestatu, dirulaguntzak lortu eta argitaratu egingo da, gero euskaltegi guztien esku uzteko. Materialaren kontsultarako zerbitzua ere On line ipintzeko asmoa dute.
Eskari bereziei dagokienez, bulego tekniko bat sortu eta hor landuko dira plan desberdinak. Autoikaskuntza ere landu asmo dute AEK-ko didaktikariek, horretarako lantalde berezia sortuz.
Mujikak autoebaluazioan eta erabilera esparruen sortzean ahaleginak egingo dituztela dio, baita ikerkuntza munduan ere, "Euskal Herrian ezer gutxi egin baita euskalduntzearen ikerkuntza mailan".
Didaktikaren berritzea oinarrizkotzat jotzen duten bezala, AEKren barne egituraketan aldaketak egitea izango da datozen urteotako jardunaren beste oinarria.
EGITURA ERAGINKORRAREN BILA.
AEKren baitako antolaketaz gain, enpresa bat ere sortu zen bertako irakasleriaren laboralizazioa aurrera eramateko. Aurreko mintegian kooperatiba bat eratzeko prozesua ere jarri zen abian, baina definizio arazoak izateaz gain, traba instituzionalekin egin zuen topo AEKren asmoak: Eusko Jaurlaritzan sozialisten esku zegoen orduan Justizia eta Ekonomia saila, baita Nafarroan ere.
Bi maila desberdinetan oinarritutako egitura enpresariala erdiestea du orain helburu erakundeak. Lehen mailako kooperatiba bat sortuko da Hegoaldeko herrialde bakoitzeko, urte osoan jarduten duten ikasle oro bazkide izango delarik. Kooperatiba horiek matrikulak, kontratu ikastaroak eta dirulaguntza publikoak kudeatuko lituzkete.
Lau kooperatiba hauei AEK Kultur Elkartea eta Fundazioa gehiturik sortuko litzateke bigarren mailako kooperatiba eta horrek funtzionamendua hobeto uztartzea ekarriko luke, baita egun BEZarekin AEK-k dituen arazoak saihestea ere. 80ko hamarkadaren amaiera aldera berdintasun eredua ezarri zen AEKn. Eredu horren arabera, lortutako bitarteko ekonomikoak Euskal Herri osoko euskaltegietan berdintasunez birbanatu dira geroztik, batetik bestera zeuden aldeak murriztuz. Bada, sistemaren balorazio baikorra eginik ere, AEK barruan lanak eta ardurak ezberdinak izanik, berdintasun ereduak moldaketak jasango ditu etorkizunean.
Funtzionamenduak ere bere bilakaera izango du eta alor desberdinetan plangintzak zehaztea bultzatuko da horretarako lan talde bereziak sortuz. Teknologia berriek ere euren tokia izango dute, informazioaren trukaketa hobetzeko sare bat antolatzeko asmoa baitago.
Datozen urteotan jauzi berritzailea emateko prestatzen ari da, beraz, Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundea. Eta hori dute gogoan bertako arduradunek, Garzon epaileak berriro haien aurkako erasoa jo duenean. "Ez nau kezkatzen", dio Erramun Osak, "guk ez baitugu ezer ezkutatzeko". Homologazio prozesu progresiboa Jaurlaritzarekin adostua da eta hori betetzen duten neurrian ez omen dute lege arazorik izango. Baina komunikabideen presioak ez al du matrikulazioetan-eta eraginik izango? 1998ko esperientzia hor dute AEK-koek eta, komunikabideek gogor jardunda ere, ez omen zuen hainbesterainoko eraginik izan. "Azkenean AEKren irudia ikasleek ahoz-aho hedatzen dutena da", dio Bizkaiko arduradunak. "Kanpoko eragileei ez zaie horrenbesteko garrantziarik eman behar, erantzukizuna gurea baita. Atzera egin nahi ez badugu, badakigu zer egin behar dugun: ikasleei zerbitzu egokia eskaini"
INSTITUZIOEKIKO HARREMANAK HOBETU EGIN DIRA, BINA EAE-N SOILIK
Eusko Jaurlaritza eta AEKren arteko harremanek hobera egin dute azken urte hauetan. 1994an Joseba Arregi Kultura sailburu zenean iritsitako lehen akordioari eta urtebete beranduago HABErekin sinatutako bost urteko akordioari esker, gauzak nabarmen aldatu dira azken urteotan. AEK hitzarmenean dagokion zatia betetzen ari da, hots, bere baitako euskaltegiak homologaziorako baldintzak betetzen ari dira apurka. Aurten beste 13 euskaltegi homologatuko dira. Jaurlaritzari dagokionez ,dirulaguntzek nabarmen egin dute gora azken urteetan, kopuruak bikoiztuz. 635 milioi pezeta (25,4 milioi libera) jasoko ditu aurten Jaurlaritzatik. Eta hala ere, Erramun Osaren hitzetan, "kopuru hori urrun dago oraindik dagokigun dirulaguntzatik". AEK-k euskalduntze-alfabetatzearen sektorearen %36 bete du ikasturte honetan eta, esan bezala, 635 milioi jaso ditu. Bitartean arlo honetako %28,24 bete duten Udal Euskaltegiek 1.320 milioi pezeta jaso dituzte. Bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak euskalduntze-alfabetatzearen lehentasunak markatu ditu, baita laguntza ekonomikoa handitzearen garrantzia azpimarratu ere. Zentzu horretan, positiboki baloratu dute AEKren arduradunek EBPNaren edukia.
Balorazio positiboa egin du, era berean, Didaktika taldeak, HABEren kurrikuluaren inguruan. "Lehengo inertziekin apurtu eta plan koherente bat diseinatu du", euren esanetan. "Dokumentu irekia aurkeztu dute, teknikoki guztiz onargarria". Akuilu moduan eragin du, gainera, eta AEK-k bere kurrikulu propioa burutuko duen arren, HABEren erreferentzia kontutan hartzekoa dela deritzote.
Jaurlaritzarekiko harremanetan aurreratu den arren, tokian tokiko udaletan eginiko ahaleginek ez dute behar bezalako emaitzarik izan, AEKren arduradunen esanetan.
Baina emaitza positiborik eza are nabarmenagoa da EAEtik kanpo, Nafarroan eta Iparraldean. Herrialde hauetako administrazioen aldetik ez da inolako aurrerapausorik eman, ez euskalduntze-alfabetatzearen aldeko politikak abian jartzerakoan, ez arlo honetara bideratu beharreko dirulaguntzei dagokienez