ABERRI ABSTRAKTU BATEN IDEIAREKIN EZIN DA AITZINA EGIN

  • Angelun sortu zen orain 56 urte, zortzi haurrideko sendi batean. Gurasoak -Felix eta Raimonde- medikuak izan zituen. Ez omen ziren mediku klasikoak baina. Afrikan aritu ziren mediku bizitzaren azkenaldian, konparazione. Amaren aldetiko aitatxi ere medikua izan zen. Bi arreba ere medikuak ditu, horietako bat Argitxu Noblia, Seaskako lehen lehendakaria. Amaren familia baionarra zen eta aitarena Kanbokoa. Kanboko Noblia txokolategi entsutetsua aitaren aitatxik ireki zuen. Txokolategiak Noblia izenarekin segitzen du egun. Emazteak Pantxike du izena. Bi seme-alaba dituzte: Xabi eta Elorri. Hendaiako Sokoa lantegiko gerentea eta Iparraldeko baitezpadako erreferentea da. Ez ditu batere gustuko elkarrizketak. Bera baino jende interesgarriagoa dagoela erran digu.

2021eko uztailaren 20an
Gazte-gaztetatik engaiatu omen zinen politikan. Enbata mugimenduko militante gazteenetariko bat izan zinen, Enbatako lehen permanente edo liberatua gainera.
Orduko garaietan ez zen militante soberakinik, eta gaur egun, funtsean ere ez. Haiek euskal militantismoaren lehen garaiak izan ziren. Nik 20 nituen, ikasketarako ez nuen gusturik. Familiarekin samurtu eta etxetik joan nintzen. Enbatan izan nintzen lanean liberatu gisa. Enbatako bulegoan lo egiten nuen.

Errebeldea zinen, antza. Pintada entsutetsu batean parte hartu omen zenuen itsasertzeko uhobi batean, baita larri pasa ere.
Errebelde pixka bat, pixka bat besterik ez. Donibane-Lohizuneko ibaiaren bokalean badago ezponda handi bat, hantxe egin genuen pintada handi bat: "4+3= 1" lelo ezaguna idatzi genuen. Gure taldean bazen tintatzaile profesional bat, bestaldekoa, Sabino Uribe errefuxiatua, gogorra bera. Gaua zen, eta tintatzeko lekua arroka eta uraren artean zen, oso leku arriskutsua. Pintadak iraun zuen hamabost bat urte, gero desagertu zen. Aski gogorra izan zen lan hura, pintada egin ondotik untzia hondatu baitzitzaigun eta arroken kontra jo genuen. Beharrik arrantzale batzuek lagundu gintuzten.

Frantziako bozetarako kanpainen arduraduna izan zinen Enbatan.
1965ean erabaki genuen diputatu bozetan parte hartzea, baina kanpaina sustengatzeko ez genuen dirulaguntza aski Ipar Euskal Herrian. Hasi nintzen hemen biltzen eta 40 lagun inguruk laguntza eman ziguten. Horien artean, orain hiru aste hil den Baigorriko Marcel Monlog zegoen, gerora abertzaleen arras kontrakoa bihurtuko zena. Orduan dirua ematen zion Enbatari, pentsa! Hemen lortu genuen dirua kanpainako eguneroko gastuak egiteko baino ez zen ordea, egiazko kanpaina egiteko ez zen aski eta diru eske joan ginen beste aldera.

Hango egoera, berriz, nolakoa zen?
Oraingo aldean ezberdina zen Hegoaldea. Jeltzaleek ekarri ziguten laguntza handiena. EAJren oinarriko militanteek laguntzen ziguten zenbait herritan. Oñati eta Eibar gogoratzen ditut. Diru gehien ematen zutenak alderdiko jende dirudunak ziren, noski. 21 urte nituen, Iparraldekoa izaki gure xedeen inguruan nola-halako azterketa gainditu behar nuen. Nik ez nuen inolako konplexurik, ez nuen inor ezagutzen. Ekitaldi horietako batean, kokotx handi bat zuen pertsona bat mintzatu zitzaidan, eta hark ireki zizkidan ateak; ate frango. Gero jakin nuen Juan de Ajuriagerra zela. Beraz, nire azterketa ganditu nuen nolabait.

Enbatan gorabehera frango izan ziren gero. Zuk nola utzi zenuen mugimendua?
1966an izan zen. Kantonamenduetako bozetan hautetsi bat ateratzea pentsatzen genuen, baina ez genuen lortu. Alde batetik diru arazoak genituen gure kanpainak azkartzeko, eta bestetik, tirabirak barnean. Ni urte berean arrestatua izan nintzen bestaldean. Meliton Manzanasen eskutik pasa ondoren (10 egun atxilotua) kanporatua izan nintzen Espainiako Estatutik. Ene errelbeldia amini bat apaldu zitzaidan nonbait. Nik ere behar nuen bizi, Enbatarekin ez baitzen posible (irriz). Joan nintzen ikasketak egitera Parisera. Enbatako zuzendaritzan hamar bat lagun geratu ziren. Morala jaitsi zen. Nahas-mahasa hasi zen ETAren munduan, bestalde: felipeak eta besteak...

Zure ustez, ETAk eklipsatu al zuen Enbata mugimendua?
Bestaldekoak, zinez eta berez, pixka bat inperialistak badira; ezker edo eskuin izanda, berdin. Orduan, horiek zituzten indarrak eta baliabideak. Haien interesen arabera erabiltzen zituzten bitarteko haiek. Oro har, hemengo problematika batere hartu gabe bizi izan dira Hegoaldeko militanteak. Hemendik laguntza asko ekarri zaio Hegoaldeko borrokari. Ni laguntza ekarri duen horietako bat naiz, eta kritikatua izan naiz honela pentsatzen dudalako. Etorkizunari begira Hegoaldeak benetako pisua du Euskal Herriaren geroaz; hori horrela izanda ere, Iparraldea ez da aski kontuan hartu izan azken hogei urteetan. Alde batetik, guk indarrik ez dugulako, eta bestetik, gehiegi eskatzen dugulako naski. Alta, erran behar da, oraindik ere edozein gipuzkoar txintxo, Hendaiara pasatzen delarik, Frantziara pasatzen dela. Badoa Camembert erostera, eta ez du bere bidean euskaraz eskatuko, ez, bere ustez Frantzian baitago. Oso abertzale izanik ere, barne kolonizazio bat, egiazko kolonizazio sentimendu bat dago Hegoaldeko abertzaleen artean .

Gazte abertzaleen artean ere bai?
Orain bi urte Jarraiko gazteen martxa izan zen. Oiartzundik etorri ziren Iparraldera. Hemendik beretik pasatzean ez ziren ausartzen galdetzera euskaraz. Frantsesez edo espainolez galdetzen zuten, baina ez euskaraz. Eta euskara mintzatu genuelarik, ea euskaraz bagenekien galdetu ziguten harriturik. Beste mundu batekoak bagina bezala. Badaude Iparraldea ezagutzen dutenak, baina kasuka. Jende gehiena exotismoz dator Iparraldera, pastorala edo antzeko ekitaldietara; eguneroko bizitzaz deus gutxi daki alta.

Parisera joan zinen, eta handik bueltan Sokoa lantegia muntatu zenuen.
Sokoa lantegia muntatu egin genuen Enbata garaiko ametsak pasa ondoren, baina gure problematikaren ildoan beti ere. Iparraldeko jendeak bizi behar zuen, eta hemen egon gure herria biziarazteko. Sokoa sortu zen Hegoaldean indar izugarria zelarik industria munduan. Ez ziren, kasu, Katalunian bezain trebe salmenta kontuetan. Gu Iparraldeko euskaldunok, naski, erraztasun gehiago genuen bestaldeko produktuak saltzeko, eta ideia horrekin abiatu zen Sokoa; betiko ametsarekin. Bestaldeko jendea eta hemengo jendearen artean sortu genuen Sokoa, orain hogeita bederatzi urte. 20 bat kidek kapitala jarri eta hiru langile hasi ginen bestaldeko produktuak saltzen: bulegoko aulkiak, sukaldeko mahaiak, apalak, etxerako tresneri mota guztiak. Hegoaldean erosi eta hemendik zabaldu egiten genuen Frantzian barrena. Ohartu ginen bulegoko aulkiak benetako bidea egiten ahal zuela, eta hortik hasi ginen muntatzen eta tapizatzen. Egun lantegi handia bilakatu da Sokoa; 200 langile dituena. Partizipazioak ere baditugu Frantziako beste bi lantegietan -150 langileko bi lantegi- gure merkatua azkartzeko.

Sokoa kooperatiba gisa ere deitua izan da. Horrela izan al da inoiz?
Ez dakit izan garen behin ere. Printzipioz bai. Kooperatiben kudeaketa moldea txarrenen artean hoberena dela uste dut. Badira hogei urte langileei eskaini geniela lantegia kooperatiba bihurtzea. 8 alde, 4 kontra eta 20 abstentzio izan ziren. Beraz, ohartu ginen ez zuela balio kooperatiba gisa aitzina egitea. Egun, mozkinen heren bat zatitzen da langileen artean, eta erdia sartzen da finantziazio sistema batean. Langileen esku dago kapitalaren %78. Kontseiluan 4 langile daude. Pentsatzen dut gure sistema ez dela txarra, baina galde iezaiezu langileei. Beste erantzun bat ukanen duzu agian.

Herrikoaren barnean hainbat enpresa ari dira Iparraldean. Kooperatiba gisa kudeatzen al dira?
Eztabaidak izan ziren hor ere. Herrikoan pentsatu izan dugu, kooperatiba gutxi izanik, zaila dela kudeaketa egonkorra garatzea; hemengo jendeak ez dauka kooperatibako kulturarik gainera. Herrikoa eraiki genuen edozein lantegitan partehartzeko gisan. Arrasateko kooperatibakoek ez zuten hori begi onez ikusi. Haientzako molde horretan aritzea traizio bat zen, istilu zenbait ukan genuen Retegi jaunarekin. Hemengo kooperatiben lehenbiziko belaunaldia errefuxiatu-milien eskuetan izan zen. Guk kooperatiba bideratzeko lehenbiziko urratsetan gerente bat eskatu genuen, denen artean eramateko; Jean-Louis Maitia zena. Baina ez zitzaien komeni miliei. Hortik hasi zen zatiketa bat, eta hortik ere jalgi ziren azpiko iritzi txarrak alor politikoan. Ezkertiarrek kooperatiba ideia bultzatu nahi zuten. Haien esanetan, ordea, Herrikoaren filosofia eskuinaldean zegoen. Kalapitak izan ziren. Baina ez soilik alor horretan. Garaia halakoa zen. Baziren istiluak ere Seaskan; alor guztietan funtsean.

Sokoan armategia aurkitu zuten garaia. Nola gertatu zen hura?
Sokoa abiatu zelarik -1971an- errefuxiatuek bizi zituzten baldintzak eta 80ko hamarkadan bizi zituztenak oso ezberdinak ziren. Errefuxiatu jende ona zegoen. Uste genuen, beren bizitza egitera zetorrela eta ez borroka armatuan segitzera. Baina hori ez da beti horrela izan, jakina. 80ko urteetan 40 langile baginen, horietako 12 errefuxiatuak ziren, eta tailerrean ari ziren denak. Haiek zuten formakuntzagatik haien gain zegoen tailerreko ardura. Gainera, haiek beti taldeka egiten zuten bizimodua, eta gaineratikoak bakarka. Lantegiko aldarrikapenak egitean ere harremanen desbideratze bat sentitu zen Sokoan. Demokrazia delako garaia etorri zen, eta horiek segitzen zuten haien maneran, haien ikuspegiekin, eta gainera, bazekiten hemengo biziaz eta lanez. Marey kasua lehenik (filial baten langilea zen) eta Joxi eta Joxeanen desagertzea izan zen gero. Hartara, segurtasun neurriak hartu zituzten eta lantegian gelditzea eskatu zuten. Printzipioz ez genuen gaizki ikusi. Geroago atzeman zuten Sokoan muntatu zuten zuloa. Gu lantegi bezala aski azkar ginen. Bankuek diru sarrerak moztu zituzten arren atxiki genuen.

Jose Luis Arrieta 'Azkoiti'k hartu zuen bere gain zuloaren egiletasuna. Sokoak kario ordaindu al du gertaera hura?
Sokoa sortzean, lehenbiziko urtean jada, Sokoaren kontra idazten zen Madrilen: "Los atracos de Galdacano se organizaron desde los teléfonos de Sokoa" idatzi zuen "ABC" egunkariak. Luca de Tena auzitegietara eraman genuen difamazioagatik. GALen garaia etorri zen gero. Hori betikoa izan da. Sokoan errefuxiatuak izan dira lanean: miliak, polimiliak... Sokoaren aurka, beti aritu dira "Interviu", "Tiempo" eta halako aldizkariak. GALen garaian erreketa piloa izan zen: Alkin, Collectivites Services gure filialean... Oso giro gogorra zen. Ekintza haiek guztiak ez ziren nahasi behar, baina batzuek nahasten zituzten. Herriko jendeak beti pentsatu du gure dirua berezia zela, gestioa berezia genuela. Fiskalitatearen auditoretzak izaten ditugu urtero. Etorri dira berriketan eta dena garbi aurkitu dute. Ni beti entseatu naiz politika eta lana bereizten, baina batzuek biak nahasi dituzte. Batzutan erabilia sentitu naiz. Hamaika aldiz azalduta ere, ez alde batekoak ez bestekoak ez ditut konbentzituko. Nork bere iritzia izanen du Sokoari buruz.

Herriaren alde borrokatzea ez da samurra inola ere.
Zaila da borroka egitea, edozein borrokak ondorio mikatzak ekartzen ditu; dela lan munduan, dela euskararen munduan. Gure mundua nahasia da, desberdina da; euskararen munduan 'terrorista' potentzial anitz dago. Hastapenean errefuxiatuak gudariak kontsideratuak ziren, orain terroristak. Borroka armatuak duela 25-30 urte zeukan zentzua eta gaurkoa ez da bera, baina beti izen bera du. Zentzu edo norabide berdinean ari dira, baina...

Zuk nola ikusten duzu mundu hori?
Borroka armatuan ari dena talde ttipi batean da. Horrek ez du laguntzen batere ikuspegi objektiboa izaten. Azken hiruzpalau urtetako bidea oso okerra eta kaltegarria da. Baina, ziur naiz, hor ari direnek oso zintzoki ari direla pentsatzen dute. Batzuek pentsatzen dute horien artean esku beltz bat dagoela. Ni ez naiz hain urrun joango, baina ikusiz Lizarra-Garaziren ondorioz piztu zen itxaropen izugarria non geratu den, normala da horrela pentsatzea ere.

Iparraldean Euskal Departamendua da jomuga. Nola ikusten duzu borroka hori?
Gaurko munduan hedabideen aldetiko diktadura baten pean bizi gara. Hedabideek pentsaera eta moral bakarra eraiki dute. Ezker nahiz eskuin izan, eskema berdinekin funtzionatzen du gizarteak. Jendeen iritziak hedabideek moldatuak dira. Ez dugu sobera aitzinatzen ahal, minoria gara, ez gara aski azkarrak garaitzeko. Urraska joan behar dugu.

Garapen Eskema delakoan ari zara. Ez omen du ahalmen gehiagorik, ordea.
Ahalmenik ez dago agintariek nahikaririk ez dutelako. Eskema laudatzen duten hautetsi askok beren izpiritu demokratikoa aipatzen dute, baina ez dute Eskema betetzen. Beren aulkian segitzen dute ordea. Herrien interesa ez da horien problema. Gure ideiak komeni zaienean darabiltzate bakarrik. Baina hori esanez, zer egin? Behar da kritikatu, bultzatu, alor horretan erabiliak bagara ere. Alternatibarik ez dago. Aberri abstraktu baten ideiarekin ezin dugu aitzina egin. Eskemaren bitartez jendearen iritzia eta herriaren bilakaera neurtzen ditugu. Eskema bidegurutze batean dago.

Desobedientzia zibilaren bidea eraginkorra dela uste duzu?
Ideia horrekin aitzina egin nahi dutenek giristinoen disziplina beharko dute. Gaurko moralarekin ez du zentzurik desobendientzia zibila aipatzeak. Desobedientzia zibila ez da hemengo gehienen nahia.

Paueko Kontseilu Nagusian Ipar Euskal Herriko hautetsien aulkiak bahitu dituzte. Zer iruditu zaizu?
Aulkiena salatzeko molde bat da. Herritarren aldetik ez da gaizki hartua izan. Kasu eman behar da alta, aulki bat puskatzen bada! Sokoa hemen dago aulki horien ordaintzeko zernahi gisaz. Norbaitek erran du Sokoa izan daitekeela ekintza horren gibelean. Beraz, kasu eman behar dugu

Hamarrekoa
Hamarrekoa
ROGER IDIART
"Saint-Louis Gonzagueko nire irakaslea eta ezkondu gintuena"

MIXEL LABEGUERIE
"Herriko itxaropena eta tristura"

XIPRI ARBELBIDE
"Heletako piperra"

MIXEL INTXAUSPE
"Garaziko kontrabandista"

MAURICE ABEBERRI
"Pertsona baliogarria. Gauzak argiki ikusten zituena. Ziuraski, arazo pertsonalengatik, ez zuen barnean zeukan guztia eman herriaren alde"

JULEN MADARIAGA
"Garai bat markatu zuen. Agian, gehiegi iraun zuen lehen lerroan"

JAKES ABEBERRI
"Betikoa. Nahasia baina kristoren indarrarekin"

XIMUN HARAN
"Kasko gogorra"

RAMUNTXO KANBLONG
"Denekin adiskide"

JEAN-LOUIS MAITIA
"Egiazko adiskidea"

TXOMIN ITURBE
"Itxura handiko pertsona. Ez dakit zergatik ez duten argitu bere hil modua. Bere heriotza bitxia izan zen oso. Misterioa"

Tantoa
Tantoa
Patxi Noblia Baionako Saint-Louis de Gonzague ikastetxean, 1955-1956 urteetan, ezagutu nuen; hamairu urterekin laugarren mailan zegoelarik. Mutil goxo, ameslari ezti baten itxura zeukan, baina begia beti erne eta irribarre kokin bat ezpainetan. Aurreko urtean, matematika erakasle batekin arazoak ukanak zituen. Hura gizon bortitz manatari bat zen, adimenduz hedadura ttikikoa. Patxik aldiz, bazuen halako olerkari aire bat eta izpiritua jauzika ari zitzaion, erakasle-molde aspergarri hartatik urruti... eta, jakina, delako erakasle higuingarri harek nota txarrak ematen zizkion. Patxi doi-doi igo zen goragoko klase-mailara. Baina klase hartako letra-erakaslearekin ongi konpondurik, benetan ikasketa onak egin zituen. Geroztik bide egin du, bai abertzale mailan bai bere ofizioan. Eta hain zuzen, Iparralde honetan, lehenbizikoetarik izan zen Patxi, garai hartako fatalismoaren apurtzaile. Orduan hasi ziren gazte batzu sorlekuan lanpostuak sortzen. Nork esango zuen Patxi eta bere lagunek eraiki Sokoa lantegia, bere kategorian, Frantziako lehen aterako zenik? Patxi ameslari izatea baditeke. Baina bere ametsak hain ederki obratzen dituen ameslaria nola ez goraipa? LRoger IdiartZuraideko apaiza eta idazlea


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude