Arabako Foru Aldundiak ez ditu aurten aurrekontuak onartu. Kulturari zegozkion dirulaguntzak zehaztu ez direnez, kultura alorreko hainbat eta hainbat elkartek ez du dirulaguntzarik jaso, eta bere jarduna zaildu egin da. Egoera horretantxe daude Gasteizko Geu (Gasteiz Euskalduna) elkartea eta "Geu" aldizkaria. Horri aurre egiteko, egoera bertsuan dauden Arabako beste elkarteekin harremanetan jartzen ari dira. Izan ere, ekintza bateratua burutzea dute helburu. Bete-betean hartu du gertatutakoak "Geu" aldizkaria, eta harpidetza-kanpaina bat jarri du martxan, koska hau gainditzearren.
Geuk 1993an ekin zion Gasteizen euskara erabil dadin lan egiteari. Bere filosofia euskara gizarteratzea izan da hasieratik eta halaxe darrai. 400 bazkide inguruk osatzen dute urtean zehar ekimen ugari burutzen duen elkartea. "Geu" aldizkariak, berriz, hilabete lehenago plazaratu zuen bere lehen alea. Esan beharra dago, bai elkarteak eta bai aldizkariak funtzionamendu autonomoa dutela, halarik ere, oso harreman estua dute eta elkarri laguntzen diote. Biak batera egiten dute lan Arabako Foru Aldundiak utzitako egoitzan.
Zazpi pertsonek osatzen dute Geuren zuzendaritza batzordea, eta hamabostero biltzen dira elkartearen zereginak erabakitzeko. Geu elkarteak talde ugari sortu du, beti ere euskara gizarteratzeko asmoz. Horietako bat Geurekin Mendira taldea da, hilabetero txangoak antolatzen dituena. Euskarri kirol taldea, euskara eta kirola uztartzen dituena, da beste bat. Elkartearen beste ekimen aipagarri bat kale izendegia euskaratzea izan da. Edurne Rey elkarteko koordinatzaileak esan digunez, "iaz guk burututako euskarazko kale izendegia ofizialdu zen. Momentu honetan kanpaina bat dugu abian, euskarazko kale izendegia jendeak erabil dezan". Halaber, beste ekimen batzuk gaur egun martxan ez dauden arren, emankorrak izan dira. Horren adibidea abesbatza da, ahots batzuen faltagatik bertan behera utzi behar izan zutena.
Arrakasta gehien izan duten ekimenen artean, Edurne Reyk esandakoaren arabera, duela sei urte hasi eta urtero Printzipal Antzokian egiten den bertso saioa dugu. Gainera, aurten berrikuntza bat gehitu diote ekitaldiari: Geu Saria. Aurtengoan Maria Teresa Urrestarazuk jaso du, euskararen alde lan handia egin duen emakume gasteiztarrak. Geurekin Mendirak antolatutako irteerak ere jendetsuak izaten dira. Hauei soziolinguistika ikastaroa, mintza-laguna egitasmoa, Saharari buruzko hitzaldia eta "Zinema euskaraz" saioak gehitu behar dizkiegu. Ekimen berritzaileenetakoa, dudarik gabe, iaz Euskal Herriko beste euskara taldeekin antolatutako udaleku ibiltaria izan da, Araiatik Orioraino heldu zena.
Urte honetan bi egitasmo berri hasi nahi dituzte, bazkideak gehitzeko kanpaina batekin batera. Batetik, gazte talde bat osatu nahi dute, gazteak euskara elkarte honetara hurbiltzeko. Geuko koordinatzaileak zera esan digu: "Jende gaztea behar dugu ideia eta indar berriekin. Gazteek jakin dezatela hemengo ateak irekiak dituztela". Bestetik, abentura asteburuak antolatu nahi dituzte, rappel, rafting eta bestelako abentura kirolak praktikatzeko irteerak.
"GEU" ALDIZKARIA
"Geu" hilabetekariak apirilean argitaratuko du 88. zenbakia. 2.500 ale banatzen dira aldizkariaren harpidedun eta elkartearen bazkideen artean. Horrenbestez, 10.000 gasteiztarrek irakurtzen dute "Geu". Bederatzi pertsona daude lanean, aldizkari honek hilabetero argia ikus dezan: argazkilaria, publizista, koordinatzailea, maketatzailea, komikilaria eta kazetariak. Aldundiaren dirulaguntza jaso ezean, 1.000.000 pezeta (40.000 libera) gutxiagorekin lan egin beharko dute. Estitxu Breñas aldizkariko zuzendariaren arabera, "aurrera begira ez dakigu zer gertatuko den, baina orain arteko dinamika mantentzen saiatuko gara. Aldundiak arau proiektua aplikatzeko aukera du, baina momentuz ez du egin. Beste aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan egin izan da, eta arau horrek subentzioetarako diru kantitate bat gordetzea ahalbidetzen du". Udaletxetik eta Eusko Jaurlaritzatik laguntzak jasotzen dituzten arren, aldizkaria aldaketarik gabe hilero argitaratzeko arazoak dituzte. Orobat, orain arte inprimategiarekin zuten zorra ordaintzen ari baziren ere, aurrerantzean ezingo diote honi aurre egin.
Hori guztia dela eta, harpidetza kanpaina bati ekin zioten pasa den otsailean. Harpidedun guztiei gutun bat bidali diete, bakoitzak beste harpidedun bat lortzeko eskatuz. Buruan duten zenbakia 500ekoa da eta dagoeneko 50 lortu dituzte. Horrezaz gain, larrialdietarako kontu korronte bat zabaldu dute -aurretik ere egina zuten-, aldizkaria diruz lagundu nahi duenarentzat; orain arte 65.000 pezeta (2.600 libera) bildu dituzte. Gasteizko merkatuaren azterketa batean oinarrituz, triptiko bat atera dute jendeak, euskarazko publizitatea jarriz, euskararen normalkuntzaren aldeko apustua egin dezan. Estitxu Breñasen hitzetan, "buru-belarri ari gara diru-iturrien bila. Plangintzan bagenuen aurreikusita publizitatea gehitzea eta sustatzea, baina ez zulo bat betetzeari begira, baizik eta hobekuntzei begira".
Ildo horretatik, aldizkariko zuzendaria itxaropentsu agertzen da: "Etorkizuna euskaraz dator eta jendeari euskarak bere pisua duela ikusarazi nahi diogu. Izan ere, euskara gorantz doa Gasteizen zein Araban; eta horrexegatik, jendea guregana hurbildu nahi dugu"