argia.eus
INPRIMATU
HIRUKO TXIKIAN
POPO LARRE
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Filipe Bidartek idatzi gutun batek salatu digu egoeraren gorria. Ahanzturak jota bizi gara. Leoneko gertakizun argiak ilunduta gauzka. Heldu den astean Parisek utziko digu agerian gure sentikortasun eza. Hor izanen dira epaituak euskal militante batzuk, orain hamazazpi urte gertatu Popo Larre militantearen desagerketa salatu nahi izanen dutenak. Eta epaiketa horren aldeko kanpainan, ez dut indar handirik sentitu gure aldetik. Donibane Garazirako deitua den manifestaldirako deian, epaituen lagunak ikusi ditut lanean aski bakar. Eta ondorengo mitin kantaldirako ere, ez dut aldeko girorik susmatu.Alta, gure politiko profesionalentzat honek ez du mozkin handirik ekarriko, eta jakina, industria bilakatu dugun borrokak instantean behar ditu etekinak bildu, publizitatearen kodean erabilgarri izan litezkeenak. Eta ez du honek, sobra ere, horretarako betarik ematen. Bitartean, Joxi eta Joxanenaren antzera, Estatu zapaltzailearen ustela epaitzen saiatuko zaizkigu kondena gogorrak biltzeko arriskuan dauden Gabi, Ttotte eta Filipe. Parisen. Demokrazia eta Justiziaren erresumaren bihotzean. Omen