argia.eus
INPRIMATU
POPO LARRE: HELETAKO BIHOTZ ONEKO GAZTE ALAIA ETA PRESTUA
2021eko uztailaren 15a
Jean-Louis Larre "Popo"k 21 urte zituen desagertu zenean. Azken 17 urteetan, familiak nahiz lagunek kalbario luzea jasan dute. Larre sendiak izen bereko ostatu eta etxaldea dauka Nafarroa Behereko Heletako plazan. Ttotteren anaia eta bere ama Maddi bizi dira bertan. Poporen aita duela hamar urte zendu zen. Beste bi anaiak Parisen bizi dira, eta arreba bat Oloruen: "Euskal Herritik kanpo bizi bagina ez genuke Leongo aferaren berri izanen. Gu ez gaituzte deitu Pariserat joaiteko. Egia erran, azken hamar urteotan ahantziak izan gara abokatuen aldetik, eta Poporen lagunek ere ez gaituzte hastapenean bezala bisitatzen. Denok ahantziak izan gara", adierazi digu negar malkoetan Maddik. Popo desagertu ondoko urteetan borroka bizia eraman zuen bera aurkitzeko; semeak hainbeste maite zuen Euskal Herriaren aldeko mobilizazio ugarietan parte hartzen omen zuen. Zenbaitetan -Maddik kontatu bezala-, bere gartsutasuna tipitzen saiatzen ziren seme nagusiak. Popo zen haurride gazteena.
Gaur egun, berriz, etsitua bizi da. Leongo auzia berriro abiatu izanak durduzatu du arras. Maddik dioskunez, bere semea euskal militantea zen, baina ez zegoen klandestinitatean:

"Popo Baionan bizi zen, bere apartamendua zuen gainerat. Bere lana atxikitzen zuen. Baionako festen karietara hamabost eguneko bakantzak hartu zituen. Desagertu zen egunaren bezperan telefonoz deitu zidan Bretainiako Kemperretik. Gero jakin nuen ez zela han. Baina ez zen ere, egunkarietan eta sustengo taldeek emaniko informazioetan erraiten duten bezala, sasitarra bilakatua. Ene semea ez zen osoki engaiatua borroka armatuan".
Maddi Larrek atsekabe handiz hartu du Filipe Bidartek orain gutxi idatzi eta publikaturiko artikulua:

"Filipek 'barka Popo' erran du. 17 urteotan abertzaleek ere ez baitute jakin bere izena behar gisan atxikitzen. Enetako hunkigarria izan da. Nik ez dut -poliziak erran bezala- sinesten Popo bere lagunek desagertarazi zutenik, nehola ere. Baina, gauza bat erran nahi dautzut, nehork ez dezala ere poliziak hil zuenik erran. Hori erraiteko frogak behar dira. Bestenaz, isildu behar dute".

Maddik ez du uste bere semea azalduko denik. Baina, ama guztiak bezalaxe, ez du bere semea hila jotzen bere gorpua ikusi bitartean. Poporen aita hura gabe zendu zen, eta amak, fededuna izaki, mundu honetan ez bada, zeruan ikusiko duela erran digu:

"Egun guziz jaikitzean, Popo mundu honetan bizirik bada, laguntzeko eskatzen diot Jainkoari. Eta mundu honetan ez bada, bertze munduan ikus dezadan otoitz egiten diot. Popo mutiko izugarri gisakoa zen. Euskal Herria biziki maite zuen gaztea zen; ez zion nehorri minik egiten, eta harekin bilduko naiz zeruan"
, adierazi digu negarrez.
Popo politikoki engaiatu aitzin kultur munduan aritu zen: kirol, dantza nahiz antzerki taldeetan parte hartu zuen. Xirrixti-Mirrixti antzerki taldeko jokolari izan zen Popo:

"1982an eratu genuen Xirrixti-Mirrixti Baionan. 'Xirrixti-Mirrixti gerrenean plat' obrarako sei jokolari behar genituen, eta, antzerkia aritua eta aktore ona zenez, Popo hautatu genuen. Heletan ikusia nuen antzerkian, ona zen biziki, eta Baionan bizi zenez, aise lotu zen taldeari".
Gazte gisakoa eta sinpatikoa gogoratzen du Landartek:

"Mutiko gozoa, maitagarria eta bihotz onekoa zen. Bizia eta dena emateko prest"
. Peio Berhokoirigoin talde bereko antzezleak honela gogoratzen du:

"Antzerkide eta lagun maitatua zen. Oso antzezle ona zen, bere tripetatik ari zen jokolari bezala; biziki preziatua zen. Lagun bezala ere, biziki prestua; noiznahi irriarazten gintuen. Xirrixti-Mirrixtiko lagun guziek biziki maite genuen bihotz handiko mutikoa".
Menane Oxandabaratzek gaztetitak ezagutu zuen:

"Bizian nola tauletan maite zuen jokoa. Heletar seme on gisara, biziki maite zuen bere herriko feria eta ferietan ibiltzen zen jendearen eskarnio egitea.
Hari buruz dudan irudia oso koloretsua da. Ez zuen batere gatazkan aritzea maite, harremanak gozoan atxikitzen zituen beti ere".
Babi Bidartek, berriz, Hazparneko eskolan ezagutu zuen:

"Eskolaz landa, Baigorriko Arrola dantza taldean eta herriko rugby taldean ere ibili ginen; Baigorritik Heletara bitartean. Behin, Heletako Santa Katalina ferian ginela, 16 urte zituela, makiñon edo tratulari batek Popok bere zaldia saltzeko eskatu zion. Izugarri abila baitzen traturako. Jean Louis "Popo" izenez ezagutzen zuten baigorriarrek rugbyan eta dantzan. Gaur egun ere, abertzaleak eta ez abertzaleak oroitzen dira Popoz. Luzaz galdatu didate Popoz, eta orain, auzia dela-eta, bere burua agertzen duten afitxak denek errespetatu dituzte. Maitagarria zen Popo"