argia.eus
INPRIMATU
HISTORIAREN APETAK AGINDUTAKOA
  • 1916an sortu zenetik Donostiako Hipodromoa zaldi lasterketen protagonistetako bat izan da. Erregeak, dukeak... atzerritarrak eta bertakoak igaro dira bertatik. Jaime Fuentecillak idatzitako "Las carreras de caballos en España 1916-1966"ean oinarrituz Donostian jazotako pasadizoak laburbildu ditugu.
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 23a
XIX.mendearen bukaeran zaldi lasterketak desagertzear zeuden. Gero eta jende gutxiago hurbiltzen zen hauetara eta sariak ordaintzeko ere ez zegoen dirurik. Zaldi Hazkuntzako Sustapen Elkarteak zuen lasterketen ardura. 1907an Corpako Markesa zuzendaritzako batzordekide izendatu zutenetik egoerak onera egin zuen.
1916ko uztailaren 2an inauguratu zen Donostiako Hipodromoa eta Donostiako Hipodromo Elkartearen agindupean gelditu zen. I.go Mundu Gerra zela-eta, Clemenceauk zaldi lasterketak debekatu zituen. Horregatik, atzerriko zaldi jabeek Donostian hipodromo berri bat zegoela jakitean, bertara hurbiltzea erabaki zuten. "Inaugurazio Sari Nazionala" Milton zaldiak irabazi zuen. 2.000 pezeta jaso zituzten garaipenaren truk Cimerako Konteak eta Grant jockeyak. Donostiako Hipodromoaren irekierarekin batera hasi zen zaldi lasterketen "Urrezko Garaia". Baina 1919an gerra amaitu zenean atzerritarrek alde egin zuten, Espainiako zaldi kopurua %50era murriztuz.
1922a "Milioi Erdiko Sari Nagusiaren" urtea izan zen. "Donostiako Sari Nagusia" 500.000 pezetakoa zela-eta zaldi jabe ospetsuenak, jockey hoberenak eta zaldi ezagunenak hurbildu ziren Lasartera. 2.400 metrotako lasterketa Alfonso XIII.aren Rubán zaldiak irabazi zuen. "Milioi Erdiko Sari Nagusia" "Mendeko lasterketa" bihurtu zen ordutik aurrera.
Errepublika garaiak lasterketetako giroa ozpindu zuen. Alfonso XIII.a 1931n abiatu zen Marsellarantz. "Látigo" aldizkariak zaldi lasterketak "jauntxoen apetak" zirela zioen. 1933an Errepublikako Gobernuak Madrilgo zaldi lasterketak desagertarazi zituen. Ondorioz, Aranjuezen burutu ziren. Baina honek ez zituen beharrezko baldintzak betetzen eta Sustapen Elkarteak Madrilgo eta Donostiako denboraldiak Lasarteko Hipodromoan egin zitezen erabaki zuen1935ean.
1936ko Gerra Zibilak hiru urtetan zehar geldiarazi zituen lasterketak. Ondorioz hainbat urtetan lasterketetako zaldien urritasuna pairatu zen Espainian.1955ean egin ziren lehen aldiz berritze lanak Donostiako Hipodromoan: pista osoa belar bihurtu, arrapaladetarako barruko pista sortu eta 1.600 metroko lasterketak ikusgarriagoak izateko erreka aldeko zuzena zubi alderantz luzatu zen.
1966an, Hipodromoaren 50. urtemuga ospatzeko 1.250.000 pezetako saria prestatu zen. 1991n egin zen ordea lasterketa garrantzitsuena: "Eusko Jaurlaritzaren Urrezko Kopa" irabazteagatik, Wan Tu Tu zaldiak 15 milioi pezeta jaso zituen. 1997an sortu zen Udaletxearen menpe dagoen Donostiako Sustapen Elkartea. Elkarte hau zaldi lasterketen eta beste hainbat kultur ekitaldiren antolamenduaz arduratzen da