argia.eus
INPRIMATU
ADMINISTRAZIOA
ADMINISTRAZIOAK HISTORIAN EUSKARAZ ERE HITZ EGIN DU
  • Nahiz eta pixkanaka Administrazioarekin lotura duten agiri eta idatzietan euskarak geroz eta presentzia handiagoa izan, honelako testuak erdaraz ikustera gaude ohituak gaur egun ere. Bada, euskaraz idatzi izan da historian zehar. Hona zenbait adibide.
2021eko uztailaren 21a
Hizkera administratiboa, edozein hizkera berezi bezala, denborarekin, lantzen eta mailukatzen, sortu den tresna bat da. Aipatua izaten da gure inguruko erdaren eredu estandarrak administrazioaren jarduera linguistikotik sortu direla eta hala dirudi. Administrazioak dokumentu idatziak sortzeko duen gaitasuna izugarria da. Udaletxe batean fakultate batean beste idazten da, eta askoz udale-txe gehiago dago. Administrazioek etengabe sortzen dituzte agiriak. Gehiago idazten dute administrariek -eta administrari-laguntzaileek- nobelagile edo poetek baino.
Euskarari dagokionez, ez da horrelakorik gertatu. Hizkuntza honetan askoz gehiago dira idatzitako bertsoak -ikus Aita Zabalaren bilduma- eta liburu erlijiosoak administrazioaren eginak jasotzen dituzten dokumentuak baino. Eta ez halako arlotan inguruko erdarek gutxi dutelako -halakoetan ere gehiago ere badaukate- beste eremu batzutan, administrazioarenean kasu, erabateko monopolioa izan dutelako baino.
Jendea, geu euskaldunok, administrazioan historian zehar euskaraz zer egin den pentsatzen hasten garenean, badirudi jakintzat ematen dugula ezer ez dagoela, tradiziorik ez dagoela eta dena sortu, asmatu, egin behar izan dugula azkeneko hogeita bost urteetan, eta hori ez da erabat egia, beste kontua da honezkero historian zehar egin dena oso-oso ezezaguna izan dela. Izan ere, nahiz eta konparazioan oso gutxi izan, azkeneko bostehun urteetan hainbat dokumentu ofizial sortu izan da euskaraz.
Frantzia eta Espainiako muga ondoan hizkera ofizialak balio txikiagoa zuen beste aldekoekin komunikatzeko orduan eta hor nahiko normala zen dokumentuak euskaraz bidaltzea, "ceren çuc ezpaituçu fraincez lengoageric endelgatzen, eta nic ezpaitaquit escribatzen espagnolez, haren causaz heuscaraz escribaturen dut gutun haur" zioten 1617an horretan. Eta horrelaxe hor muga ondoko herri askotatik hirurogeitik gora euskarazko gutun ofizial iritsi zaizkigu gaur arte, berrogeitik gora mugarteko abereentzako bazka-larreetaz eta beste hogei bat lapurretaz, bideetaz eta abar. Ia denak iparraldekoek hegoaldekoei bidaliak dira, baina ez hegoaldekoek euskaraz idazten ez zutelako, baizik eta hegoaldekoen gutunak gehienbat iparraldeko herri txikietako artxiboetan direlako, eta hauek -hegoaldean ez bezala- antolatuta ez daudelako, eta horrelaxe dirauten bitartean ezin direlako aztertu. Antolatzen direnean, erregular, honezkero aurkitu dugun beste horrenbeste topatuko dugu.
Honez gain, beste dokumentu "asko" ere badugu: sei udal ordenantza, Eibarko 1754koa eta beste bost XIX. mendekoak; udaletako XVIII. mendeko hiru udaletako aktak, inportanteenak Ahetzekoak direla, non sei urtetan, Iraultza Frantsesaren garaian, berez euskaraz jaio ziren hogeita hamar akta; garai berekoak baina beste administrazio frantsesek sortuak baditugu beste dozena bat dokumentu, batzuk orri batekoak, beste batzuk benetan luzeak; herrietako elikagaien erremateetan (ardoa, pattarra, olioa...) badugu beste dozena bat XIX. mendean, gehienak Hernani eta Lasartekoak; biltzar nagusiek edo gorteek sortutakoen artean badugu Nafarroa Behereko 1756ko donazionearen akta eta Bizkaiko Juntetxearen hogei bat berbaldi bi gerra karlisten tartean eginak; herrietako bandoak eta mezuak beste mordotxo bat, Arrasaten tertzioetako desertoreetaz ziharduen 1705eko hartatik hasi, Anton Abbadiak XIX.aren erditik aurrera bul-tzatzen zituen baina udalek antolatzen zituzten euskal festen afixetatik pasatuz eta Berako Espainiako II. Errepublikatik aurreragoko bando pila horretan bukatuz; Gipuzkoako Diputazioak XX.aren hasiera-hasieran bertako 18 herritan zehar prestatzen zituen nekazaritza eta ganadu "bilaldietako" legeak, benetan ugariak; gero Bizkaiko Diputazioan jeltzaleak agintera iristen direnean, 1917-1918an, euskararen erabileraren aldeko ekimen argia planifikatzen dutenean, herrietarako zirkularrak sistematikoki elebidun bidaltzen eta beste hainbat dokumentu euskaratzen; Gipuzkoako Diputazioak urte beretsuetan aldamenekoak zer egiten duen ikusten duenean kopiatzen dionean; edo Espainiako II. Errepublikara iritsita, garaiko Eusko Jaurlaritzaren ahalegina, non "Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa" ezagunaz gain (eta badirudi historian zehar sortutako euskarazko dokumentu administratibo ezagun bakarra zela) benetan beste dokumentu mordoa ere badagoen.
Badago benetan materiala beste garai batzutan gaur egungo hizkera administratiboaren arazoei zer irtenbide eman zi-tzaien aztertu ahal izateko, hori bai, garbizaletasuna maite duenak, garai konkretu batzutan izan ezik, hor ez dauka mokadu finik. Material hori hortxe dago eta ezagutarazten saiatuko gara laster argitara dezakegun liburu batean.Ez da horrenbeste tradiziorik ez dela egon nola "tradizioak" etengabe moztu eta birsortu egin direla baino. Aurretik zer egin zen jakin gabe, eremu erabat independenteetatik, bai geografikoki bai denbora aldetik, sortuak ziren estiloak ezagutu gabe, etengabe hutsetik hasi dira horretan zerbait egin nahi izan dutenak. Bertsolariak izan ditugu, baina euskaraz idazten zuten idazkari munizipal eta judizialik (ia) ez, eta hizkuntzarentzat nik uste dut azken hauek askoz inportanteagoak direla.


NORBANAKOEN EKIMENA.

Norbanakoen ekimena oso inportantea izan da: Jean Etxepare Ahetzeko idazkariarengatik ez balitz hor ez zen euskarazko aktarik jasoko; Aita Jose Antonio Uriartek ia berak bakarrik eroan zuen 1846 eta 1872 bitartean Bizkaiko Juntetxeko berbaldiak euskaratzeko ardura, eta kobratu ezinean; eta Anton Abbadiarengatik plazaratu ziren euskal festen gaineko udal dokumentuak euskaraz, berarengatik ez balitz ez zen ezta euskal festarik egongo ere. Erakundeek berriz oso gutxitan erakutsi dute benetako interesik euskara administrazioaren idatzizko tresna izateko, erabili izan dutenean arlo soltetan maneiatu dute, asmo orokorrik gabe.
Badakigu ez dela bakarrik borondate kontua, jendea ez da euskaraz alfabeta-tzen eta agintera iristean ez da euskararen beharrik ikusten, eta premi hori sumatzen ez denez ez da populazioa euskalduntzeko ekimenik bultzatzen. Logika oso sinplea zen: XX. mendera arte behintzat, dokumentazioa erdaraz sortzen zen (irakurtzen zekitenek erdaraz bazekiten) eta euskara azkeneko aukera zen, erdaraz ezin zenean erabiltzen zen -bidaltzaileak eta jasotzaileak erdara bera erabiltzen ez zutenean- eta gero salbuespenak, gora salbuespenak, herri xeheari zuzentzeko (ez goi agintariei) edo euskara bera balio kultural gisa aurkeztu nahi zenean. Euskarazko dokumentazio ofizialaren historia salbuespenen historia da, substratua euskalduna zen eta noizik behinean errealitate hori azalera irteten zen.
Gaur egun badirudi beste garai batean egon gaitezkeela, eta kontrako logika, "nola administrazioek beti dakiten euskaraz (norbanakoek ez jakin arren) euskaraz eskribituren dut", pixkanaka-pixkanaka indartuz doala