argia.eus
INPRIMATU
MENDE ETA ERDIKO ESPAINIA 120 ARGAZKITAN
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
Otsailaren 18tik Donostiako San Telmo museoko fatxadan 1850 urte inguruko Lorichon-ek eginiko dagerrotipoaren erreprodukzio erraldoi eta koloreztatua dago zintzilik. Emakume bat eta bi haur ageri dira irudian eta goiko aldean «Espainiako argazkigintza: 150 urte» dago idatzirik. Hil honen 19a bitarte zabalik dagoen erakusketa iragartzen duen afitxa da. Monastegi izandakoan sartu, eta patioaren bestaldean eskuinera joz topatuko dugu Espainiako argazkigintza –eta gizartea, politika, kultura...– laburbiltzen duten 120 argazkiak.
Baina, 150 urtean Estatu osoan eginiko argazkien artean, nola hautatu 120 esanguratsuenak? Ez da, noski, goizetik gauera egindako aukeraketa izan. Aitzitik, 20 urte eman ditu Publio Mondejar adituak gaiaren azterketan. Emaitza, batetik, Donostiako erakusketa hau da eta, bestetik, erakusketan bertan salgai dagoen «150 años de fotografía en España» liburua. Hiru aro bereizi zituen Mondejar-ek bere ikerketan eta hiru atal ditu, hortaz, erakusketak.
Aretoan sartu eta XIX. mende erdialdeko lehen dagerrotipoak ikusiko ditu bisitariak –kobrezko plakekin eginak–. Kalotipoak –zuzenean paperean eginikoak– ere ikusgai dira lehen zati honetan. Atzerritarren lana azpimarratu behar da lehen garaitan, Clifford eta Laurent hurbildu baitziren Isabel II.aren gortera asmakizun berria zabaltzera. Hauen atzetik etorriko ziren lehen maisu espainiarrak, Alonso Martinez, Rodrigo eta besteak. XX. mendera bitarteko urte horietan, erretratua hedatu eta nagusitzen joan zen, estudioen ugalketarekin batera. XIX. mendeak ezagutu zituen, halaber, lehen kazetaritza argazkiak: Marokoren aurkako gerrako kanpamendu baten irudia edota Karlistak Bilbo hartuta zutenekoa, besteak beste.
Erakusketan aurrera egin eta bigarren zatian, 1900tik 1939ra eman ziren aldaketak islatzen dituzten argazkiak izango ditu parez-pare bisitariak. Erretratuak badira –Perez Galdos eta Valle-Inclan-enak, besteak beste–, baina esparru honek behera egin zuen joan den mendearen hastapenetan. Argazkilariek beste bide batzuetara jo behar izan zuten eta aldizkari, faszikulo eta postalen ugaritzea ekarri zuen horrek. Bitartean, argazki «artistikoa», errealitatetik ihesi, piktorialismora hurbildu zen. Arisa, Iñigo edo Masanaren argazkiak joera honen erakusle garbiak dira. II. Errepublika etorri zen, ordea, eta ondoren gerra. Horrek, noski, errealitatera hurbildu zituen berriro kamerak. 1926an Franco eta Millan Astray-ri eginiko argazkia hamarkada bat beranduago etorriko zenaren iragarle modura ageri zaio ikusleari. Bigarren aro honen amaiera iritsi eta 1937ko azaroko Lleidako bonbardaketaren irudia ikusiko du, orduan; Centelles-en argazki honetan emakume bat ageri da, hildako gizonezko baten aurrean nigarrez.
Eta nigarrez ari dira, halaber, 1956an A Coruñan egindako argazkiko aita-semeak. Erakusketaren hirugarren zatira garamatza honek. Frankismoaren lehen urteetan hasten da azken aro hau, garaile eta garaituen eskutik. Tropa frankistak Valentzian sartu zireneko irudian, pozik ageri dira emakume falangistak. Begitarte iluna dute, aldiz, Puerto de Santa Mariako preso politikoek, 1948ko argazki anonimoan. Erregimenaren babeseko argazkigintza ofizialistaren hainbat emaitza ikusiko du bisitariak, baina baita aurki errealitatea bultzaka etorriko dela ere. Hor da aipaturiko A Coruñako argazkia edota Madrilgo Llardy jatetxearen parean dagoen eskalearena. Beste hainbat esparrutan bezala, 60ko hamarkada izan zen, argazkigintzan ere, berrikuntzaren oinarriak ipiniko zituena eta 70ekoan parez-pare zabaldu zitzaizkion ateak abangoardiari. «Nueva Lente» aldizkariaren inguruan, pop eta underground kutsuko lanak ugaldu ziren, Falces, Lorrio edo Ruedaren argazkiak lekuko.
Erakusketari amaiera emateko, azken urteetako hainbat ale ere ipini dituzte, errealitatea eta fikzioaren artean mugitzen diren azken joeren erakusgarri. Hor dira Ouka Lele-ren konposizio koloreztatua, Madoz-en irudi surrealista edota lerro hauen albora ekarri dugun Catany-rena.
Gerrako irudi gordinak eta festa alaien argazkiak, paisajeak eta collage-ak, dagerrotipo zaharrak eta azken joerako arte lanak... Espainiako argazkigintzak 150 urtetan eman dituenak goiz –edo arratsalde– batean ikusi nahi dituenak martxoaren 19a bitarte topatuko du San Telmoko fatxadan eskegirik erakusketaren afitxa