ABSTENTZIOAK ETA EAJ-REKIKO ERASOAK MARKATUTAKO BOZKAK


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hiru urtetan hiru hauteskunde garrantzitsuren lekuko izango gara: 1998ko urrian EAEko autonomikoak, 1999ko ekainean udal eta foru hauteskundeak, eta oraingoan Espainiako Parlamentua erabakiko dutenak. Bakoitzak bere pipermina izan du: su-etena eta Lizarra-Garazi, eta EHren sorrera eta garapenaren hauteskundeak izan ziren lehenbiziko biak. Su-etenaren haustura eta EHren abstentzio eskaeradunak izango dira bigarren hauek objetiboki begiratuta. Emaitzek eta etorkizunak esango dute zein neurritaraino eragiten duten Euskal Herrian 98ko irailean hasitako prozesuan.
EHren abstentzio eskaera da hauteskunde hauetako ezaugarririk nagusiena Euskal Herrian. Franco hil ondorengo lehenengo hauteskundeen aurrean ere, 1977an, abstentzio eskaera egin zuten ezker abertzaleko erakunde eta alderdi desberdinek. Hogeitahiru urte geroago historia errepikatzen da, hori bai, testuinguru eta arrazoi desberdinekin.
Bigarren ezaugarri nagusiena, aurreko hauteskunde bietan legez, euskal indarren eta espainiarren arteko lehia amorratua da, Jorge Diez ertzaina eta Fernando Buesaren hilketen ondoren biziki areagotu dena.
Espainia mailan ezaugarri nagusiena alderdien aliantzetan dago, PSOE eta IU bakoitza bere aldetik aurkeztuko bada ere, gobernua eskuratzeko hitzarmena lotu baitute aldez aurretik, ordura arte erabateko segurtasuna zuen PP artega jarriz.


LEHIA BIZIA GIPUZKOAN.

Ohi legez, abertzale eta ez abertzaleen arteko lehia da Hego Euskal Herrian, baina abertzale eta estatalistek ere badituzte lehia bereziak beren baitan. Abertzaleen artean hor da tira-bira: EHk bere azken botoemaileak abstentziora bideratu gura ditu; EAJ eta EA –lehena nagusiki–, ezker abertzaleko botoemaileak erakarri nahian ari dira. Seguruenik, jeltzaleek EHko botoemailea erakartzeko ahalmenean egongo da Gipuzkoako lehen indarra EAJ edo PSE-EE izatea, inkesten arabera biak daudelako puntu baten gorabeheran. Araban ez da zalantzarik, PP nagusituko da samur, areago joan den astean UAk bere botoa PPri eman dionean; lehen ere hala izango zen seguruenik, baina orain estatalisten arteko hitzezko neutraltasuna apurtu dute foralistek. Bizkaian EAJ izango da alderdi nagusia, ohi legez eta tarte handiz. Eta Nafarroan, PP-UPNk nagusitasuna zer den erakutsiko dute. Juan Cruz Alliren CDN ere aurkeztuko da Madrilgo Legebiltzarrerako, alderdi gisa biziraun gura badu, plaza guztietan lehiatu behar den ziurtasunez. Ez du samurra izango boto kopuru txukuna lortzea, eserlekuetan ez baitu ezer egiterik.
Baina garaipen kontuei beste begiratuko zaio EHren abstentzio deialdiak duen eraginari. Emaitzak ikusi behar, baina leku askotan ez da samurra izango eragin hori zein den ikustea, deialdi aktibo honez gain, abstentzioak gorabehera handiak izaten ditu eta. Edozein modutan ere, azken urteetan, Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten da txikien abstentzioa (96koetan % 27, 2), adituen ustez alderdi estatalistek beren hauteslegoa hobeto motibatzen dutelako. Hauteskunde motagatik, EHren abstentzio deiaren eragina neurtzeko erreferentzia garrantzitsuenetako bat bezala hartuko da azken hori.
Iazko udal eta foru hauteskundeen ondorena eta oraingoaren aurrekanpaina eskutik joan dira ia. Jaurlaritzan eta Diputazioetan azken unera arte aritu dira negoziatzen EAJ, EA eta EH, eta tartean alderdi estatalistek nabarmen aprobetxatu dute EAJren aurka egiteko, bereziki PPk. Popularrek aspaldi ekin zioten aurrekanpainari, ETAren su-etenaren haustura ondo baliatuz, besteak beste.
Popularrek edozer izan dute aitzaki EAJren aurka egiteko. Miguel Sanzen Gobernuak Akitania-Euskadi-Nafarroa Lankidetza Hitzarmena apurtu zuten Madrilgo ETAren atentatuaren ondoren, eta Iturgaitzek Ibarretxeren Gobernuarekiko harremanak hautsi zituen, Ibarretxek EHrekiko akordioa bertan behera utzi ez zuelako. Dimisio eskaera ere gogortu egin zen popularren aldetik, honetan sozialisten laguntza lortuz. Fernando Buesa eta Jorge Diezen hilketak ere bapo baliatu dituzte EAJ eraso mediatikoen erdigunean jartzeko. Espainiako Elizaren ordezkariak ere, beren neutraltasun itxura gordez baina lerro artean argi aditzera emanez, ez dira eraso honetatik kanpo geratu:

«Katoliko batek ezin dio eman botoa biolentzia, heriotza eta terrorea bultzatzen dituen alderdi bati».
Lehen HBrendako zen mezu hau, baina EHk abstentzioa eskatzen badu, norentzat ote mezua?
EAJren orekarako egoera hau luzatzea ere ez da erosoa izango, eta ona ere ez seguruenik, baina hauteskundeei begira polarizazio horrek abertzale askoren botoa eman diezaioke; jeltzaleek badakite hori eta ondo baliatzen ari dira. EA ere ahalegin berdinean ari da, eta Nafarroan bereziki izan dezake bere uzta, EHko botoemaleetako batzuk bozkatzera badoaz behintzat. Sozialistak atera ziren nagusi Hego Euskal Herrian 96ko hauteskundeetan. Oraingoan, lehia hiru alderdiren artean egongo bide da, PSOE, PP eta EAJ.
Edozein modutan, bada aipatu bako beste ezaugarri bat hauteskunde hauetan, hiru urte eta erdiko epean ez dela besterik izango, legealdiak bere osotasunean betetzen badira behinik-behin. Ez da datu makala. Dagoen giroarekin eta etorriko bide denarekin, Ibarretxe lehendakariak ez du erronka makala eskuartean

Autogobernua eraikitzea xede
ZEUK ERABAKI

Margarita Uria (EAJ)

Autogobernua eraikitzea xede

ETAren azken hilketek badute beren garrantzia, eta kanpaina desitxuratu duten arren, ez dute eragina izanen hauteskundeen emaitzetan. Funtsean, EAJ lantzen ari den proiektua sendoa baita; euskal autogobernuaren eraikitzea xede duena. Gure azkeneko Batzar Nagusitik atera den ponentzia arrakastatsua izan da oso, bera aplikatzen ari gara hauteskundeetako programan, eta bera da gure iparra eta jarraibidea.
EHren abestentzioak ez du aldatuko aulkien banaketa. Gipuzkoan bigarren aulkia eskuragarria da, Araban beste bat, eta Bizkaian laugarrena erdiestea espero dugu. Herri honentzako prestatua dugun aukera zentzuzkoa eta koherentea da zazpigarren aulki hori lortzeko. Abstentzioak, gure ustez, behartu gabea izan behar du, eta abstentzio faktoreak ez luke aldaketarik ekarri behar aulkien banaketan. Herritarrek dute hitza

ABSTENTZIOA

Kepa Gordejuela (EH)

Pauso berriak birdefinitu

Bizi dugun gatazka jatorriz politikoa bada, konponbideak ere halaxe behar du. Azken urte eta erdi honetan ados jarri bagara herri honetako gehiengo soziala eta politikoa –nahiz eta une honetan espresio bortitza beste behin ere bere gordinean azaldu den–, alderdi bakoitzak dugun erantzukizunetik ekin behar diogu gatazkaren gainditzeari.
Zentzu honetan berebiziko tresna da Lizarra-Garaziko Akordioa. Hori da bidea, eta bide hori lantzen segitu behar dugu. Erantzukizun politikoak ditugunok azken aste honetan izan diren une zailetan nahiz beste une zailetan eutsi izan diogu bideari. Gasteizen bizi izandako une trajiko eta zail honen ondoren, aurrera egiteko eman beharreko pausoak birdefinitu behar ditugu epe laburrera. Orain arten elkarrekin aritu izan garenok elkarrekin segitu behar dugu, hasteko eta behin

BIZIA ETA ASKATASUNA

Elvira Kortajarena (PSE-EE)

Ezker eta eskuma diferenteak dira

Bizitzen ari garen egoerak euskal gizartearen zatiketa ekar dezake. Horrek jarrera nazionalistak mantentzen dituztenak eta demokrazia eta askatasuna defenditzen ditugunak banandu gaitzake. Hala ere, ez gara datozen lau urteotako bi Gobernu posibleen diferentziak aldarrikatu gabe geldituko.
Gure mezuak adierazgarriak dira oso: elkarbizikidetza, zerbitzu publikoa, zerbitzu soziala eta irakaskuntza hobetu nahi ditugu; abortoaren, zergen, izatezko bikoteen legea eta prozedura akats asko dituen atzerritarrentzako legea aldatu nahi ditugu. Bestalde, PPk aberastasuna sortu duela badio ere, berau Europan bizi dugun abagunearen ondorioa da. Irlandan, Portugalen edo Grezian ere aberastasuna hazi da. Gu ez gara aberastasunaren kontra, bai berau pertsona gutxien eskura soilik pasatzearen kontra. Hau agerikoa da eta horrek ezberdintzen ditu ezker eta eskuina

BEHARREZKOAK GARA

Isabel Lopez Aulestia (EB-IU)

Ezkerrak irabaz dezake

IU eta PSOEren arteko akordioak ondorio onak ekarriko ditu. Herritar gehienek ezkerrak hauteskundeak irabaz dezakeen aukera aurreikusten du. Demokraziara transtizioaz geroztik, lehen aldikotz PSOEk onartzen du herrialde honetako ezkerra anitza dela, eta ohartu da irabazteko IUrekin kontatu behar duela.
Haatik, akordio bat lortu izanak ez du esan nahi erabateko akordio bat sinatu dugunik eta bere zerrendetara pasatu garenik, ezta bere politika gure egiten dugunik ere. Akordio bat da, ez gehiago ez gutxiago. PSOEk hauteskundeak irabaziz gero hitzartu ditugun puntuak betetzen baditu, Almuniak inbestidurako gure botoak jasoko ditu. Horregatik ez diogu uko egiten gure politikari, Euskal Herriari eta baketze gaiari dagokienez, gure politika oso da ezberdina PSOEren politikatik. Ez dugu urrats bat atzera egingo arlo honetan

EA, ZURE HITZARI EUTSIZ

Mikel Mintegi (EA)

Kanpainan ere bakea xede

Araban PPk, PSOEk eta EAJk aulki bana lortuko dutela aurreikusten da. PPk berak du laugarren aulkia irabazteko aukera gehien. Bestelakoan EAk eskuratuko luke. PSOEk eta EAJk ez dute bigarren aulkia lortzeko adina boto lortuko eta abstentzioak, azken finean, ez du aparteko eraginik izanen aulkiaren banaketan.
EHren zenbat boto etor daitekeen gure alderdira zaila da jakitea, bestalde. Guk ez dugu kanpaina horri begira egin nahi, gure azterketa ez doa hortik, ez dugu espekulatu nahi azken atentatuaren kontura, ea boto gehiago batera edo bestera joango den. Alderdi estatalak bai egiten ari direla kanpaina gertaera latz honen kontura. Gasteizko hilketen ondorioak alde batera utzita, kontua da gatazka honi aterabidea aurkitzea. Guretzat bakea eta normalizaziorako bitartekoak erakitzea ere hauteskunde kanpaina honen xede dira

AURRERA GOAZ

Jose Eugenio Azpiroz (PP)

Iraultza fiskalaren segida

PPk bere programan erreforma berri bat sartu izana iraultza fiskal baten segida da. 1996ko programan abiatu eta azken legealdian gauzatzen hasi dena. Oposizioak estatuaren tamaina gutxitzea, aurrekontu publikoa, gastu publikoa edo zorraren defizita gutxitzea posible zela zalantzan jarri zuen. PPk egin du, eta aldi batez zergak gutxitu ere bai.
PFEZen (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) erreforma garrantzitsu hau errenta gutxieneko zergadunen alde izan da. Kapitalaren errenta-plusbalioan erreforma eginez, zerga hori modernizatu du PPk, baita diru-biltzea biderkatu ere bai. Zergadunentzako zergak apaldu ditu eta zergapeko fiskalitatearen ekitatean beste irizpide batzuk sartu: gutxiago dutenak eta familia handiago dutenak lagunduz, hauen seme-alaben arabera dirua itzultzen, eta 65 urte baino gehiago dutenei, elbarriei edota behartsuenei dirua emanez

NAFARROAK BEREZKO BOZA DU

Juan Cruz Alli (CDN)

PP-UPN gezurretan ari da

Gasteizko azken hilketek polarizazioa handitu dute. PPk eta PSOEk, berriz ere, nazionalismoaren aurkako kanpaina bati egin diote, euskal nazionalismoaren aurka bereziki, nazionalismo katalana ez baitute aipatu ere. Jakina, nazionalismo katalanaren botoak oso beharrezkoak izan daitezke edozein inbestidura prozedurarako.
Bestalde, PPk zergak apaldu dituela dioenean gezurretan ari da. Zeharkako zergen handitzearen bitartez presio fiskala haunditzen ari dela ezkutatzen du, zerga erregresiboak alegia; kontsumoari lotuak direnak. Kontsumoa hazten da ekonomia ondo doanean, jakina. Gure alderdiak UPNk Nafarroan burutu nahi zuen erreforma oztopatu zuen bere garaian; PPren erreforma. PPren erreforman PFEZ hobetzen da errenta altuentzako eta honek erraztu du tarifaren aldatzea. Baina hori Nafarroan ezarria dugu CDNri esker

AURRERA GOAZ

Jaime Ignacio del Burgo (UPN)

Abstentzioa gutxitzea xede

Bereizi beharra dago EAEn eta Nafarroako Foru erkidegoan bizi den egoera politikoa, eta beraz hauteskunde kanpaina ere. EAEn ageri den gizarte zatiketa Konstituzioa eta estatutua defenditzen dutenak eta beraiekiko haustura defenditzen dutenen artekoa da; erdiz erdiko zatiketa. Nafarroan, berriz, populazioaren % 80k sentimendu bera du Foru Erkidegoa definitzean. Bi komunitate politikoen arteko izan zitekeen krispazio edo enfrentamendu maila ez da Nafarroan ematen.
Dirudienez, azken atentatuek haustesleengan berebiziko eragina izan dute, eta hauek ari dira gehiago mobilizatzen. Horregatik, eta EHk abstentzioa deitzen duelako, nahi duguna da abstentzioaren botoa ez dakiola leporatu EHk aldarrikatzen duen abstentzio politikoari. Horrek hautesleen partehartze handiago bat ekarriko du

1977-2000, abstentzioaren zenbait erreferentzia

Espainiako erreforma ez legitimatzearren, ezker abertzalearen alderdi eta erakunde ugarik, KAS barne, abstentzioa bultzatu zuten 1977ko hauteskundeetan. Abstentzioa % 22,2 izan zen orduan. Aurretik ere Espainiako Konstituzioaren Erreferendumean abstentzioa % 46,8ra iritsi zen Hego Euskal Herrian; abstentzio kopuru hau (eta ezezkoek) erabat baldintzatu dute harrezkeroko bizitza politikoa. Gernikako Estatutoaren erreferendumean ere abstentzioa handia izan zen: % 41,14.
Aipatutakoak dira Hego Euskal Herrian izan diren abstentzio handienak eta oraingoan ere erreferentzia horiei begiratu egingo zaie, konparatzeko besterik ez bada. Baina konparazioetarako benetan balioko dutenak azken hiru hauteskundeak izango dira: 1996ko honen parekideak (abstentzioa % 27,6koa izan zen), 1998ko EAEko Legebiltzarrerakoak (% 29,3) eta 1999ko ekaineko foru hauteskundeak (% 34,3). Berez, azken bi hauek dira adierazgarrienak, 96koa HB zelako eta azken bietan EH izan delako, eta su-eten garaian

Hausteskundeak eta demokrazia mende berriaren atarian

Batzuk baserriko oilaskoa, besteek madrildar erarako lapikokoa eta azkenek abstentzioaren bitartez aurreko biak irensteko prestatzen ari diren bitartean, mende honen azken hauteskundeak datozela eta abagune aproposa da Demokrazia eta Hauteskunde prozesuari buruz hausnartzeko.
Era formal batean esan daiteke Hauteskundeak direla Demokraziaren mami nominala, prozesu horren ondorioz erabaki politikoak hartzeko herri-ordezkariak hautatzen baitira. XX. mende honek, aldaketa politiko erraldoia eta aurretigabea ikusi izan du. Hain zuzen ere demokraziarekin lehiatzen ziren beste sistema politikoen desagerpena edo iluntzea, alegia, monarkiak, aristokrazia, kolonialismoa, nazismoa, frankismoa, herri-demokraziak etab. Mende honen hasieran, munduan ziren 55 estatuetatik 25ek zuten hauteskunde-prozesurik, eta horietatik inork ez zuen boto-eskubide unibertsalik (genero, arraza, erlijio, etab). Gainera, munduan egun diren 192 estatuetatik, mende hasieran, 33 beste estatuetako parte ziren eta 112 estatu kolonialen pean. Gaur egun, ikuspegia zeharo aldatu da, munduan dauden estatu gehienek (119) boto-eskubide unibertsala dute eta gutxienek (16) dute boto-eskubide hertsia. Hala ere, oraindik munduko populazioaren% 32 boto-eskubide gabeko herritan bizi da.
Mende honen amaieran, hala ere, ez da aldatu bakarrik ordezkariak hautatzeko forma: hautatzailea ere aldatu egin da. Hain zuzen ere, gure gizartetan beste hiritar mota bat daukagu, (populazio osoak irakurtzen badaki eta mende hasieran gutxiengoak, BPGaren zati handi bat gehiengotik dator eta mende hasieran oso gutxiengo bakanetik, osasun politiken ondorioz bizitza itxaropen altua dago gizartean eta baxua mende haseran, etab). Gainera hauteskundez aparte, beste partaidetza politiko mota batzuk ere erabiltzen ditu (zenbaitetan boto-portaera baino eraginkorragoak): manifestaldia, greba, boikota, borroka armatua, etab. Hau da, mende hasieran baino areago mugimendu sozialetan parte hartzen du eta hauen funtzioa ez da hartzen sistema politikoen orokorren gaisotasun gisa jada, erabaki-hartzaile politiko eta hiritargoaren arteko zubi osasuntsu gisa baizik.
Hauteskunde izateak ez du esan nahi herri bat demokrazian bizi denik. Demokraziaren irispide formal hau, ondoko hiru irispideekin gutxienez, lagundurik agertu behar da. Batetik, partaidetza efektiboa: aurkezten diren ikuspuntu guztiek aukera berdinak izan ditzaten hiritargoarengana heltzeko. Bestetik, hiritargoaren ulerpena: hiritar gehienengana ikuspuntu guztiak hel daitezen berdintasunean. Eta azkenik, agenda-kontrola: ordezkari politikoen erabaki hartzearen agendan hiritargoak eragina izan dezan. Azken hiru irizpide hauek lehenengoari gehitzen badizkiogu prozesu demokratikoaren zirkulua ez baita ixten inoiz.
Mende berriaren atarian gaudela eta, forma demokratiko honi eduki pragmatikoa jarri behar diogu daukagun hiritargo berri honekin: hau izango da datorren mendearen erronka. Azken finean, bazkariak, bere funtzio biologikoaz aparte, erritualak diren bezala, partaidetza politikoaren zenbait forma ere erritualak dira, eta hauen artean boto-portaera. Honela uler daiteke, bada, Moscovici psikologo sozialaren esaldia boto-portaera baita gizarte laiko honetan gelditzen den azkenetariko portaera erlijiosoa

Jose Valencia Garate
Psikologia politikoaren irakaslea


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude