argia.eus
INPRIMATU
KIRTEN HARRO ARRAIOA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Gaur zuhandor arrak du txanda. Mundu guztian ezagutzeko izena

Cornus mas
da.

Cornus
landare sendi honen latinezko izena da eta

mas
hitzak arra adierazten du. Euskaldunon mentalitatetik oso urrun ez zebilen batek jarria izango du izena zuhandor honek. Landareen artean ezaugarri fisikoak direla-eta batzuk besteengandik bereizi nahi direnean sexua hartzen da aitzakitzat. Harritzekoa! Ederki asko garatua dugu hizkuntza alde horretatik. Milaka urtetan ez dugu alperrik horretara jarri ar harroon adimena! Lore gorria ematen duena arra da, urdina ematen badu, aldiz, emea. Puja indartsuak eta hazkunde azkarra duen landarea ere, arra. Pattal samar hazi eta zura bigun antzekoa sortzen badu, aldiz, emea. Latinez hala izanagatik, egun antolatzen ari den euskarazko botanika izendegi berrietan arrok ur gaineko bitsetako buru-buztangabekeri paleolitikoak alde batera utzi eta sormen moderno eta eguneratuari lehiatilatxoren bat ireki beharko genioke. Zuhandor arra beharrean, zuhandor gotorra deituz adibidez.
Landarearen erretenera bueltatuz betelan, txara eta utzitako sailetan ederki hazten den zuhaiska da zuhandor hau. Udaberrian lore laruak ematen ditu eta udazkenean hostaia galdutakoan, adar gorrizta deigarriak azaltzen ditu. Santio erreka aldeko lagun igeltseru batek dioenez zumandorra bezalakorik ez omen da mailu-kirtenetarako. Arra oso, bai!