argia.eus
INPRIMATU
GASTEIZKO SUAREN ONDOREN, HONDAMENDIAREN BELDURRA
  • bozeramailea, Jaurlaritzako lehendakariorde eta, besteak beste, Arabako Diputatu Nagusi izandako Fernando Buesa hil zituen ETAk, tregua garaiko itxaropenak izoztuz.
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 21a
Astebetetik gora pasatu da ETAren lehergailuak Fernando Buesa Arabako PSE-EEko buruzagi sozialista eta Jorge Diez ertzainaren bizitza moztu zituenetik, eta atentatuaren ondorioak modu sakonean ari dira astintzen euskal politikagintzaren panorama. Datozen hilabeteetan ere hala izango dela dirudi. Bai ETAren hilketa bikoitzak zuzenean duen eraginagatik, eta baita ETAren jarduera hilkorrak segida izango bide duelako ere.
Madrilgo atentatuak ETAk bere jardueran heriotzak sartzen zituela argitu zuen; oraingo honek politikoen bidea ere zabalik duela mahaigaineratu du, duela hiruzpalau urte bizi izandako egoera bortitz eta tentsionatura itzularaziz. Ez da zalantzarik giza ikuspegitik berdin dela hildakoa polizia, militar edo politikoa izatea: jarduera armatuaren ondorioz hildako gizakumeak dira eta balorazio etiko berdina merezi dute. Baina ikuspegi politiko batetik oso desberdina da noren aurka joten den, bai hildakoak ordezkatzen duenagatik, bai ekintzaren egileak bilatzen duenagatik eta baita gizartean sortzen duen eraginagatik ere.
Gertakizun odoltsu eta mingarrietatik astebetera, dena esana dagoen inpresioa du norberak, film errepikakorraren gainean aritzearen sentsazio aspergarri eta amorrugarria hedatzen da han eta hemen, gero eta sakonago. Baina dena ez da berdin, inorentzat, eta bereziki hildakoen familientzat; areago ia urte eta erdiko ETAren su-etenak eta Lizarra-Garaziko Adierazpenak sortu zuten prozesu politiko berriaren ondoren.
Dena esana dagoen irudipen horri aurre eginez, euskal aktore desberdinek eta herritarrok oro har, gertakizun eta jarrera bakoitzak dituzten eragin guztiak aztertu beharra dago, eta horren arabera epaitu eta jokatu. Atentatu honek 1998ko irailean hasitako prozesuan nola eragiten duen aztertu, abertzaleen arteko harremanean, herritarron elkarbizitzan, abertzaletasunean orobat, ezker abertzalean...
Aztertzea gauza bat da eta ulertzea, aldiz, beste bat. Aktore politiko desberdinen larrutan jarri behar ei da, haien ekimen eta jarduerak ulertzeko ahalegin horretan. ETArenak logikarik ez duela esaten du askok baina badu, zalantza barik; bere logika, baina badu. Gainerakoen logika bezalakoa, baina logika militarrak duen atzeraezintasunarekin.
ETAren logikan jartzeko saioa eginda eta Fernando Buesaren hilketa ulertzearen ariketari gogor ekinez ere, ez da inongo azalpen logikorik agertzen. Gregorio Ordoñezen hilketarekin parekatu da, orduan PP gobernuratzeko egon zitekeelako, eta orain ere PSOE-IU ere egoera horretan izan daitezkeelako (ez orduan bezain argi, ezta gutxiago ere). Beste interpretazio saio batzuk ere egin daitezke, baina ez. Ezin harrapatu. Logika bakarra dago, behin baino gehiagotan entzun dena baina arrazoi izpi gutxi ageri duena: «Egurra, egurra, eta egurra, indarrarena da horiek ulertzen duten hizkuntza bakarra».
ETAren logika gero eta jende gutxiagok ulertzen duela, alegia, honek esan gura duen guztiarekin. Entzun beharko da ETAren azalpena, baina ez bide da beste antzerako atentatuetako erreibindikaziotik oso desberdina izango. Orain arte bederen inork gutxik azaltzen du, publikoan zein pribatuan, non egon litekeen honen logika eta onura. Dauden azalpen ahaleginak, Euskal Herriak bizi duen gatazkara mugatzen dira –ezaguna dena– baina horrek ez du tankerako atentaturik esplikatzen.
Euskal gizartean piztutako amorrazioaz gain –oso kontuan hartzekoa– ilusio galera eutsiezina da atentatu honek eragin duena. Berriz ere, ezker abertzalearen mundu soziologiko zabal eta plural horren baitan bereziki.

Corpus
abertzale osoan bereziki. Lizarra-Garaziko ahalegina eraiki dutenengan bereziki. Hori da komunikabideetatik –guzti-guztietatik–, kaletik eta instituzioetan izandako jarreren jarraipenetik ateratzen den ondorio nagusiena. Eta ez da

«espainiar komunikabideek puztutakoa»,
inondik inora. Txarrena da, ETAk badakiela hori horrela dela, bazekiela honek ekarriko zituen ondorioak, eta hala ere egin egin duela. Txarrena den moduan, ETAk eta ezker abertzale soziologiko osoak lotuta jarraitzen dutela eta lehenak egindakoak bigarrenean zuzen-zuzenean eragiten duela. Ez da samurra zehaztea zein lotura den hori baina orokorrenera jota ere, mundu sinboliko oso bat dago hor, lokarri historiko eta sentimental sakon batez konektatua. Erlijiotik kanpo ez dago betikotasunik, ordea, eta lotura hori sekula apurtu ezin daitekeenik ere ezin da esan; edo ahuleziaz marginalitatean galdu, edo batek daki.


EZKER ABERTZALEA.

1998ko su-etena, esparru sozial zabal eta indartsu horrek beste modu batean parte hartzeko saio edo ahalegin moduan interpretatu zen, akaso modu boluntarista samarrean. Su-etenaren hausturak eta atentatu honek, usteak erdia ustela duela erakutsi du. Atentatua HBk Eraikitzen ildo politiko berriaren lehen zatia amaitu duenetik aste batzuetara etorri da, euskal gizartea eta ezker abertzalea Oldartzeneko garaietara itzularaziz.
Alabaina, logikoki pentsatuta eta munduko beste gatazka batzuetan gertatutakoa ikusita, ezker abertzalea eta bere zati den ETAren irtenbidea bat izan behar duela dirudi, eta gainerako espektru politikoak ere hori bultzatu beharko luke, herri honentzat onuragarriena litzatekeelako. Zein ari da irteera batu hori oztopatu nahian? Galdera saihestezina da egungo egoeran.
Ibarretxe lehendakariaren EHrekiko gobernu akordioaren haustura dela eta, «zaldiaren hanken azpian uzten zuela» adierazi zuen HBk atentatuaren biharamunean. Zalantza barik, Ibarretxeren erabakiak larriagotu egiten du EH eta ezker abertzalearen egoera, baina aurretik ETAk berak jarri du Lizarra-Garazi zaldiaren hankapean, eta Ibarretxe lehendakaria eta HB bereziki. Balorazioak balorazio, ezin esan HBk ezustekorik hartu duenik Ibarretxeren erabaki horregatik. Inork ez du ezustekorik hartu, eta eragin duenak ere bazekien gertatuko zela, seguruenik, iragarri ere hala aurreiragarri zaiolako. Presoen gose greban izango duen eragina ere ez da izango hari oihartzun handiagoa emateko; nola hartu parte, atzamar artean urtzen ari den prozesu zehazkabetu batean?
Hau hasiera besterik ez da, dena den, ez da gaitza asmatzea giro honetan hurrengo akordio hausturak diputazioetakoak eta udaletxeetakoak izango direla. Hala ere, ez dirudi samurra izango denik Ajuria Eneko Ituneko garaietara itzultzea, azken urte eta erdiko euri jasak ez baitira alferrikakoak izan, baina argazki izoztura heltzeko arriskua oso handia da. Ez atzera, ez aurrera. Eta halakoak, denboran luzatuz gero, atzera esan gura du. Batez ere beste batzuek Lizarra-Garaziko zutoinak astintzen denborarik galtzen ez dutenean.
Arrazoi du Arnaldo Otegik egoera hau frakaso kolektibo gisa deskribatzean, baina frakaso kolektibo horretan talde edo eremu politiko guztien akatsak ere ez dira berberak: PPk bat du, Lizarrak beste bat, EAJk berea, HBk ere bai, besteek berdin... eta ETAk ere bai, su-eten garaiko aktibo eta guzti ez nolanahiko erantzukizuna gainera.


"A POR ELLOS"-EN NOSTALGIKOAK.

Atentatuaren ondoren, berriz ikusi da nork egiten duen atentatuari etekina ateratzeko benetako ahalegina. Bereak ez diren hildakoak, bereak hil dituztenekoetan bezain maltzurki eta elektoralki dihardu PPk, su-etenaren garaian erakutsitako geldikortasuna ETAren aurrean izan daitekeen jarrerarik emankorrena moduan salduz. Eta egungo giroan, horrek botoak eskuratzea esan gura du. Ezin esan egoerak txarto aprobetxatzen dituztenik.
Ez da oharkabean pasatu popular eta sozialisten erreakzio molde desberdina, hasi Buesa omentzeko bakea eta elkarrizketa agertzen dituen aiputik, Ibarretxeren gobernuarekiko jarreratik jarraitu eta hileta elizkizun eta abarreko ekitaldietako jokaeretaraino. Badira desberdintasunak, bai.
Azken hilabeteotan bizi dugun gatazka egoeraren aurrean ere posizio desberdinak ari ziren finkatzen popular eta sozialisten eremuetan, berbaz behintzat hala ikusi da mahainguru, elkarrizketa eta bilera pribatu zein publiko ugaritan. Estatalismoaren munduaren ikuspegitik baina hor agertu dira PPrengandik urruti ziren posizioak, bai su-etenaren garaian, bai politika penitentziarioan edo egungo egitura instituzionalari buruzko eztabaidan ere. Zubi batzuk eraikitzen ari ziren hor, eta zubi horiek lantzen jarraitu behar da, orain, hasierako aste edo hilabeteetan gaitzagoa izango bada ere. Nola geratzen da bestela euskal gizartea, bereziki Araban eta Nafarroan, epe motz eta ertainera?
Milaka arabarrek hautatu zuten Fernando Buesa, milaka sozialistak, herri honetako herritarrek. Nola eraiki Euskal Herria horiek guztiak barik? Gizalegea aparte, kalkulu politiko hutsetik ere, PSE-EE eta bere militante eta botoemale guztiak pieza klabea dira gizarte honen etorkizunean, eta garrantzi horren arabera jokatu behar dute gatazka gainditzeko bidean, aktore politiko guztiek hala onartuta.


AUSARDIA, BERRIZ.

Ausardia eta buru hoztasunaren garaiak dira. Hau ere topikoegia bihurtzen ari bada ere, hala da, ez du beste bueltarik. Ausardia sozialisten artean, hilketa hauek eragin dezaketen erreakzio amorragarri logikoak, irekitzen hasi diren ateak itxi ez ditzan.
Ausardia EAJn, eta ez nolanahikoa, `erosotasunean' bizitzera ohitua dagoen alderdiari ezin baitzaio samur egin bat-batean zikloiaren erdigunean egotea; bizi dugun gatazka giroak ezin diezaioke besterik eskaini euskal gizartean halako ordezkaritza eta erantzukizuna duen alderdiari, eta goxoa ez den gozokiari heldu behar diote jeltzaleek eta bereziki Ibarretxe lehendakariak.
Ausardia HBn, gero eta gehiago kanpora begira zein ezker abertzale barrura begira, gero eta gehiago ahots propioz joka dezan, aipatu den autonomia gero eta egiazkoagoa izan dadin. HB HB da eta ETA ETA, zalantzarik ez, baina denok dakigu zertaz ari garen. Ezker abertzalearen aparato politikoek, kirtena kontrolatzen dutenek, erabaki behar dute Lizarra-Garaziko erresoluzio eskemari bene-benetan heldu nahi dioten, horrek esan gura duen guztiarekin. «Eman hitza herriari» –Lizarrakoaren muina–, bere esanahi sakonenarekin heldu behar zaio, eta hori erabat kontrajarria dago Arabako herritarrek bide politikotik horrenbeste kargu instituzionaletarako aukeratu duten pertsona heriotzez baztertzearekin.
Ausardia beharko dute Lizarra-Garaziko indarrek, 1998ko iraileko gatazka konponbiderako eskemak, egun ere balio berdina duelako. Eta ausardia beharko du ETAk, 98ko irailerako baldintzak sortzera laguntzen ez badu, aurreko ausardiak baliogabetuko dituelako. Indar harreman kontua da, ez besterik.
Ez ei da prozesua hondoratu dena, eredua baizik; beste eredurik duenak mahaigainera dezala bada, bestela Lizarra-Garazikoa da duintasunez kudeatzeko moduko bakarra, eta horrek, jakina den moduan eta orain ikusten den legez, su-etena eskatzen du . Lizarrakoa lehen urrats gisa, aurrerago ezinbestekoa baita espainiar identidadearekiko atxikimendua dutenak eta abertzaleen arteko beste prozesu bat. Lizarrak edo gisako batek gatazka armatua eta bere ondorioei eman behar dio amaiera, ez gatazka berari, euskal gizartean dauden ikuspegi desberdinek gatazka iraunaraziko dutelako. Bi. hiru, edo lau munduen arteko ikuspegi desberdinek gatazka iragartzen dute; gatazka hori modu zibilizatu eta demokratikoan eman dadin oinarriak jarri behar dira, eta armak baztertu behar dira etorkizuneko gatazka bideratze modu horietatik. Besteak beste, hortik galera datorrelako, denboraren iraganak gero eta argiago erakusten duen moduan