argia.eus
INPRIMATU
EMAKUME LANGILEAREN EGUNA
"EMAZTEEK DIOTE": 20 URTE EMAZTEEN EGOERA SALATZEN
Daniel Udalaitz Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 21
Ipar Euskal Herriko «Emazteek diote» elkartea 1980an sortu zen Hazparne eta Bastida kantonamenduetan. Jeanne Kreckelbergh Gillentegi da elkarteko burua eta 40 bazkide biltzen ditu. Emazteen bizi baldintza txarrak salatze aldera, ikastaldi, mintzaldi, erakustaldi eta mintegiak antolatzen ditu elkarte honek; emazteek beren bizitza beren gain hartzea helburu dutelarik.
Hainbat dira Frantziako Estatuan emazteek erdietsiriko lorpenak, Iparraldeko emazteak borroka honen partaideak izaki: 1944an bozkatzeko eskubidea lortu zuten, 1965ean lan profesionala ukan zuten senarraren baimenik gabe, 1967an kontrazepzio legea sortarazi zuten, 1974an kontrazepzio metodoak segurantza-sozialak ordaintzea eta 1975an aborto legea erdietsi ere.
Gaur egun, biharamuneko pilularen erabilerari buruz nahiz aborto gutxiago izan dadin kanpaina zabal bat burutzen ari da Frantzian. «Emazteek diote» elkartekoek kanpainan parte hartzen dute, baita metodo bakoitzaren informazioaren berri eman ere. Beren hitzetan, HIES gaixotasunari buruzko kanpainak preserbatiboen funtzioa desbideratu du. Ordea, kontrazepzio arloan egiten diren ikerketak gizonen inguruan egitea ere komeniko litzateke, antisorgailu guztien erabilpena emazteen gain dagoelako. Abortoari buruzko egoera ere ez da samurra. Legez abortatzea posible izanda ere, 10 aste bitartean egin beharra dago. 1998an 6.000 abortu izan ziren Iparraldean; gehienak 20 urte azpiko emazteek eginak eta biharamuneko pilularen emaitza okerraren ondorioz. Gazteekin lan handia egin beharra aipatzen dute horregatik.


HAINBAT ARLOKO LAN PRAKTIKOA.

Elkarte honek daraman dinamika eguneroko bizitzaren alor askotara zuzendua dago. Haurtzaindegien arazoari heldu izan diote, baita janari biologikoari buruzko heziketaz arduratu ere. Osasuna helburu izaki metodo alternatiboen garapena lantzen ari dira. Multinazionalen plangintzak zalantzan jartzen dituzte eta dokumentazio zentro bat zabaldu dute Hazparneko Eihartzea kultur etxean. Aldi berean, etxeko lanetan trebatzeko talde bat biltzen da bertan; gizonezkoei irekia dena. Emazteen arazoak aztertzen dira eta autoprodukzio lanak ere bultzatzen dituzte. Esate baterako, CLEFE izeneko diru kutxa indarrean jarri dute emazteen lantegi propio bat ahalbidetzeko. Iparraldean etxeko lanen % 80 emazteek egina da. Zentzu honetan, 35 orduko lanastearen ondorioak gizonezkoek gehiago baliatuko ote dituzten beldur dira emakumezkoak. Gizonezkoek bost ordu gutxiago izanda, denbora hori etxeko lanei eskainiko ote diote? Horra emakumeek galdetzen dutena. Aitzitik, etxeko beharretara baino beste zereginetarako –elkarteetarako nahiz aisialdirako– erabiliko dutelakoan daude.


EMAZTE LANGILEEN EGOERA.

Pirinio Atlantiarrak departamendukoak dira lehen datu hauek: 1997an, 4.502 emaztek RMI (Gizarteratzeko Irabazi Ertaina) delakoa kobratu zuten; emazteen % 49,9k –Frantzia mailan % 57 zirelarik–. 1998an, Iparraldean –Zuberoa salbu– emazteen % 55,6 ziren langabezian. 359 emaztek izan zuten CES (Lanpostu Elkartasun Kontratoa) kontratoa, eta 161 gizonek. Frantzian, oro har, gazteak eta emazteak diskriminatuagoak daude lan munduan. Emazte langileen % 80k soldata apalenak dituzte: 3.600 liberaren (90.000 pezeta inguru) azpitik. Emazteen % 16,3k jasotzen du SMIC (Lanbide Arteko Gutxienezko Hazkunde Soldata) delakoa; 5.386 libera hilabetean. Emazteen % 25 bakarrik bizi da, eta erretreta kobratzen dutenen emazteen egoera kaskarra da oso.


MARTXOAREN 8-RA BEGIRA.

Ipar Euskal Herriko emazteek gogotik ospatzen dute Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Martxoaren 4ean hasiko dira Baionan; «Emazte eta boterea» izeneko gaia landuko dute. Hazparneko Ttattola batzokian bilduko dira 7an, «Parekotasuna eta politika» gaia jorratuko dutelarik. Plazandreok taldearen bi ordezkari eta Gipuzkoako emazte diputatu bat izanen dira bertan. 8an bertan, Baionan berriz, karrikako hainbat ekitalde izango da eta otordu berezia ere bai. Geroari begira «Emazteek diote»ko kideak «Eraikizan» proiektua lantzen ari dira, eta, besteak beste, sexu-indarkeria eta bortxaketak uxatzeko lanean arituko dira