argia.eus
INPRIMATU
BARREA IZOZTEN DUTEN BI ETORKINEN GORABEHERAK
  • gabeko afrikar bat elkartu etorkinen nahigabeak azaltzeko. Txalo konpainiaren lan berrian, Ramon Bareak S. Mrozek-en obra egokitu du; irria hormatzen duen tragikomedia.
2021eko uztailaren 19a
Zer egiten dute beltz musulman batek eta Eslovakiako komunista ohi batek elkarrekin bizitzen? «Los emigrados»en dago erantzuna. Espainiako hiri batean bizi dira analfabetoa eta intelektuala, etxebizitza bateko soto ziztrin batean, hustubide eta tutubide artean, gizaki baten hesteak bailiran; goiko solairuetatik maiz datozen barre algaren enbidiatan, oparotasun harrapaezinaren adierazle. Eslovakiarrak errenta ordaintzen dio, baita kontserbak eskaini ere. Afrikako euliak gogoan dituela, koitaduaren kezka bakarra bizirik irautea da. Oinetakoak dira bere ondasunik preziatuena. Ohe azpian halaber, bada kutunki gordetzen duen trapuzko katu bat, inork uki dezan uzten ez duena. Eslovakiarra berriz, egonean dago beti, ohean etzanda, bere liburuetan buru-belarri murgilduta.
«Dama eta kardinala» egiten hasiak zirela, Slawomir Mrozek antzerkigile poloniarraren lan honi heltzea erabaki zuten Txalo konpainiakoek. «Los emigrados» 1975ean idatzi ondoren, 1977an eman zen lehenaldikotz Espainian, Jose Maria Rodero eta Jose Bodalok antzeztua. Polonian komunismoak iraun zuen bitartean galarazita egon zen arren, Berlingo harresia erortzean, jatorrizko lanak zentzua galdu zuen, garai hartako ideologia eta bizimodu hitsa kritikatzen zen-eta. Orain, hormatzar ideologikoak erori direlarik, kapitalismoaren hormatzarrak eraikitzeko aroan gaude. Barearen iritziz,

«utopia sozialista, kapitalismo demokratikoaren gorakadarekin batera bizi da. Demokrata batzuen ustez, diruarekin gertatzen den bezala, jadanik ez dago mugarik, batzuentzako berriz, bai»
. Mrozek 1930ean Poloniako Borzecin hirian jaio zen burokrata bilakatutako nekazari familia baten baitan. 1968 urtetik, eta hainbat urtez, Poloniatik alde egin zuen sobiet indarrek Txekoslovakian egindako inbasioa salatzearren, eta Parisen geratu. Gaur egun, Mexicon bizi da. Arkitektura eta Artearen historia ikasi zuen. Idazle gisa hasi aitzin, kazetari eta marrazkilari satirikoa izan zen. 1957 urteaz geroz, bere literatura ibilbidea bitan bereizi zen: autore dramatikoa eta narratzailea. Mrozek-en antzezlanak «absurdoaren antzerki»tzat hartuak izan badira ere, berez, molde zeharo kritikoa dute, errealismo eta sinbolismoarekin jokatuz eta totalitarismoa deitoratuz.

«Mrozek-en berezitasuna absurdoaren antzerkiaren barruan leudekeen egoeretatik abiatzen dela da. Estilo honen ezaugarriak gainditu eta izpiritu kritiko baten bidez, balore mitiko, ideia eta sineskerien aurka jotzen du, beti ere umore groteskoaren ildoa ahaztu gabe; W, Gombrowicz eta S. Witkiewicz-en tradizioaren haritik, hain zuzen»
diosku Ramon Bareak.


ZER OSPATUKO DUGU?

Gaurko hatsa ematearren, birmoldaketa egin du Bareak, komunismoaren porrota eta suntsiketaz baino haratago joanez. Jatorrizko lanean, ez ziren etorkinak, Ekialdeko Europako bi biztanle baizik. Bata alferkerian dagoen ideologoa eta bestea aldiz, langile amorratua, askatasunik gabeko pertsona, asmo bakartzat bizitzeko lain edukitzea zuena, baita igandetan lanik egin behar ez izatea desio zuena ere. Halaxe, kultura ezberdinetako bi emigratu elkartzea otu zitzaion Bareari, Ekialdeko Europako norbait eta Afrika sakoneko norbait, elkarren antz zipitzik ere ez duten bi gizon, kultura eta gizarte prozesu arras ezberdinetatik etorriak, muturreko egoera batean jarririk.
Nahiz eta aldaketa nabarmena izan, jatorrizkoaren izpiritua atxiki du Bareak.

«Mrozek-en tragikomedia groteskoa mantendu dugu, bi pertsonaiei ñabardurak jarriz, baina. Zerbaiten ihesean dabiltzan bi deserrotu, eta soto batean elkarrekin bizi direnak, etorkizun beltza aurrean dutela. Beren geroa ordea, gureari lotuta dago»
argitzen du Bareak. Egokitzapenean ere, etenik gabe kateatzen dira gertaldiak; egun bateko pasartea, goizean hasi eta hurrengo goizera arte. Horri lotua, drama kutsua nabarmenagoa izan dadin, urtezaharrean girotu du pasadizoa. Goiko pisuetako algara kontraste hutsean dago sotoko eskasiarekin.
Ez zuten «casting»ik egin beharrik izan, Bareak biak ezagutzen baitzituen; Mulie Jarju ganbiarra (Montxo Armendarizen «Cartas de Alou» filmeko protagonista, Donostiako Zinemaldian aktore onenaren saria irabazitakoa) Hijas del sol taldekoen bidez, eta Roman Luknar ostera, Madrilgo antzerki mundutik. Duela 10 urte antzerkia egitera etorria, espainiar emakume batekin maitemindu eta Espainian geratzea erabaki zuen Luknar-ek. Egun, «Policias» telesailean dihardu. Biek zoratzen hartu zuten proposamena; Romanek gainera, ongi ezagutzen zituen Mrozek-en lanak, Eslovakian taularatzen zituzten garaitik. Ramon Bareak berak egokitu testua mahai gainean jarri eta elkarlanean hasi ziren, nork bere ekarpena eginez. Esaterako, haserretzen direnean nor bere hizkuntzan hasiko da, eslovakieraz eta wooloferaz juramenduka. Balio erantsia du beraz, biak benetako etorkinak izateak.

«Oholtza gainean gertatzen dena errealitatetik gertu dago, jendeak uste baino gehiago, Mulie adibidez, oso afrikarra da, eta obran erakusten duen bezala, musulmana»
azaltzen digu Txalo konpainiako Xabier Agirrek.


EL EJIDON LASTER...KA.

Bartzelonan estreinatu zelarik, «Los emigrados» maiatzera arte Euskal Herrian izango da ikusgai; hona hemen hurrengo emanaldien datak: martxoaren 11n Azkoitian, 24, 25 eta 26an Donostian, 31n Zornotzan, apirilaren 1ean Eibarren, eta 7an Ermuan.
Puri-purian dagoen gaia izanik, harrera polita izango du obrak.

«Duela bi hilabete Almeriako `Xagu tranpa'rekin El Ejidon izan ginela, Diego Ruiz hango programatzaileari esan nion `Dama eta kardinala'z gain beste obra bat ere bagenuela, `Los emigrados'. Zeri buruz zen azaltzean, interesgarria zela erantzun zidan. Baina orain, gertatuak gertatuta, ausardia galanta izango litzateke El Ejidon «Los emigrados» antzeztea; oihala ezingo genuke ezta zabaldu ere egin. Dena erreko ligukete»
kontatzen digu Agirrek.
Europa gero eta intoleranteago honetan, hasieratik, hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu «Los emigrados»ek; Zerbait ustelik dago mundu honetan, edo gizakiaren barrunbea bera ote? Kontuak kontu, pertsona orok duen duintasuna halako egoera batean zeinen hauskorra izan daitekeen agerian uzten digute bi etorkinek. Errealitatea hain makurra da, non amets egiteak kanpoko erasotik babesteko balio dien. Orobat, beharra eta nahien arteko marra lausotuaz mintzo dira, diruak itsututako gizarteaz, gizabanakoak haren esklabu bilakatzen diren arte. Finean, zorionaren iturria gure barrunbeko aberastasuna dela.
Afrikarra, noizbait bere herrira markako arropez betea itzuli eta adreiluzko etxe handi bat egitearekin egiten du amets, antena paraboliko batekin eta guzti.

«Zenbat eta gehiago aurreztu, orduan eta gehiago ukan nahiko duzu»
botako dio eslovakiarrak.

«Ez zara inoiz zure herrira itzuliko, dinamika horren esklabu zarelako»
. Amorrarazita,

«Zergatik demontre zaude nirekin orduan?»
galdegingo dio afrikarrak. Patuak elkartuta menturaz? Ez, alajaina. Zerbait ezkutatzen diolakoan dago. Pixkanaka, sekretu bat azaleratuko da, afrikarrari sinesgaitza egingo zaiona. Bere herriko erregimen komunista suntsitzearekin batera, askatasun pertsonalaren ideiarekin tematua dago eslovakiarra, gizarte honen morroi garela, alegia, gizakiok kontraesanez oratuak gaudela azaldu nahiz.
Bi pertsonaien aldarte aldaketen ondorioz, istorioaren haria korapilatzen joango da, muturreko egoera batera heltzeraino, beti ere tragikomedia kutsuari eutsiz. Dena den, lan gogorra bezain samurra da «Los emigrados». Nahiz eta gertatzen dena lazgarria izan, bien arteko adiskidetasunak pairatzen duten miseria baino gehiago ahal dezake, saminduraren erdian, itxaropen izpi bat sortzeraino. Ordu eta erdi zinez hunkigarria pasarazten digute Mulie Jarju eta Roman Luknar-ek, erakustaldia da beraiena, testua ezin hobeki berenganatu dute-eta. Zaila litzateke sinesgarriagoa izatea. Jose Ibarrolaren eszenografiak ere estuasun giroa areagotzen du, bi ohe, mahai bat eta bi aulki erdian, komun likits bat. Pascal Gaigne eta Hijas del sol bikotearen musika, xuxurlaka bezala entzuten den arren, sotila da oso.
Dena den, umore tarteak drama ukitukoak bezain ugariak dira; esaterako, afrikarrak ezkutuan duen haragi kontserba jateko prest dagoenekoa, negar ez egiteagatik irri egitera bultzatzen gaitu. Azken batean, barre eginarazten duen tragedia dugu, baita barrea izozten duen komedia bat ere, bere burua gizakitzat duen edozeinek ikusi beharko lukeena, eskolumeetatik hasita