"PILOTARIEK EZ DUTE INOIZ HAINBESTE KOBRATU"

  • Soin Hezkuntza ikasi zuen Gasteizen eta Madrilen goi mailako kirolaren inguruko masterra burutu. Tesia ere euskal pilotaren inguruan ari da egiten. Teknikari lanetan aritu da Argentinan, Bolivian, Brasilen, Estatu Batuetan eta Venezuelan.Orain Euskadiko Euskal Pilotaren Federakuntzako zuzendari teknikoa da.Pilota herrikoi nola bihurtu da bere kezketako bat. Mikelen ustez, esku pilotak du erakargarritasunik handiena, baina pilotak gogorregiak dira eta materiala aldatu beharra dago. Tradizioaren mamua, ordea, askotan azaltzen omen da.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
M

utxo» aldizkarirako egindako artikuluan euskal pilotako lizentzia kopuruak aipatzen dituzu, zenbat zareten erakusteko. Asko edo gutxi zareten ez duzu esaten, gehiago izan beharko zenuketela baizik.
Azken hamar urte hauetan, 1988ko eta 1998ko datuak ikusita, lizentzia kopurua jaitsi egin da Euskadin. Datu hauek jubeniletik gorakoenak dira eta noski, hor haurren datuak ez dira kontuan hartzen. Zorionez adin horretan gauzak aldatzen ari dira eta gero eta ume gehiago ari da pilotan jolasten.
Orain berriro ere egoera aldatu egin da eta batez ere telebistaren eraginez. Eskoletan egiten ari diren lana ere oso garrantzitsua da, baina telebistaren eraginez gauzak aldatzen ari dira. Telebistaz gehien eskuz ezker paretan ikusten da eta gaur egun jokamolde horretan aritzen diren eskola guztiak bete egiten dira. Beste jokamoldeetan; palan, zesta puntan... egoera nahiko larria dela esan daiteke.

Lizentzia kopuruak aipatzerakoan Nafarroak eta EAEk batuta 5.600 inguru lizentzia osatzen dituzte. Espainian berriz 20.194 lizentzia daude. Euskal pilotan euskaldunak nagusi ginela uste genuen. Nola uler daitezke datu hauek?
Lizentzia hauetan frontenisekoak ere sartzen dira. Valentzia aldean-eta asko jokatzen da modalitate honetan eta lizentzia gehienak frontenisekoak dira. Horregatik portzentaia hauek. Estatu mailan garbi ikusten da gainera frontenisa gora ari dela egiten eta beste jokamoldeak behera.

Emakumeen lizentziak ere aipatu dituzu zure artikuluan.
Oso gutxira dira.

Espainian %3 eta Frantzian %15. Mutilekiko zein aukera dituzte neskek?
Jokamolde gutxiagotan hartzen dute parte. Hori ere traba bat da. Baina hor badago leku bat betetzen ez dena. Esate baterako paleta-goma oso jokamolde polita da neskek jokatzeko. Emakumeak frontoietan egon behar du, bai ikusten eta bai jokatzen ere. Euskal pilota oso egokia da emakumeak kirola egiteko.

Gutxiegi dira neskak?
Bai, oso gutxi. Batez ere gaur egungo kluben dinamikan neskaren figura ez dagoelako kontsideratua. Oso egitura tradizionalak izan dira, kirola oso matxista da eta euskal pilota oraindik gehiago. Ia-ia ateak itxita daude neskak pilotan sartzeko. Ez dugu lan on bat egiten neskak sartzeko. Batzuetan aritzen dira, baina 14 urterekin utzi egiten dute. Hori kirol gehienetan gertatzen da eta beharbada, euskal pilotan gehiago. Nazioarteko mailan paleta-goman eta frontenisean aritzen dira soilik. Frontenisa alde batera utziko nuke, nire ikuspegitik jokamolde hau ez delako euskal pilota.

Enpresen aldetik emakume pilotaria bultzatzeko ahaleginik nabari da?
Garai batean hasi ziren. 1917an Madrilen emakume raketistak zebiltzan. Kubaraino ere joan ziren. Gaur egun profesional mailan hori guztia desagertu egin da, ez dago ezer.

Gaur egun ez litzateke hain arraroa izango emakume pilotari profesionalak izatea, beste kiroletan ere hala gertatzen da-eta. Mende hasieran baino errazago behintzat.
Askoz bitxiagoa zen mende hasieran emakumeak kirol profesionalean sartuta egotea. Eta ez da garai batean emakumeak euskal pilotan parte hartzen zuela bakarrik. Arlo profesional osoan antzerakorik ikusten da. 1930ean frontoi bat ireki zen Txinan. Zuk badakizu nolako borondate enpresariala behar den euskal pilota nora eta Txinara eramateko? Borondate ikaragarria behar da. Gaur egun egiten diren proiektu enpresarialak askoz txikiagoak dira. Enpresarien aldetik hartzen diren arriskuak apalagoak dira.

Zeuk idatzitako «Zenbat gara» artikuluan prentsaren krisi hotsaz ari zara eta enpresariek duten baikortasun ikaragarriaz. Federazioaren aldetik zein egoeratan ikusten da pilota? Jokamolde bakoitzak bere diagnostikoa izango du, ezta?
Ezker paretakoa, eskuz, oso ondo dago. Nik uste garairik hoberena dela. Inoiz ez dute hainbeste kobratu pilotariek, inoiz ez da hainbeste ofizialtasun egon profesional mailan. Kirol bezala, azken zortzi urteotan aurrerapen handia egin da, baina jokamolde honetan, beharbada beste jokamoldeen kaltetan. Telebistaren irudia dago hor. Telebista alde batetik oso ona izan da, baina beste jokamoldeentzako ez. Kosta egiten da haur bat eskolara xisteraz edo palaz jokatzeko eramatea. Gurasoen asmoa askotan semea profesionaletan ikustea da eta beraz, eskuz ezker paretan aritzen dira. Trinketean aritzeko esaten badiezu ezetz esango dute, profesionalizatzeko irtenbiderik ez dutela garbi dakitelako.

Telebistak eragin handia du.
Bai, noski. Eta ez telebistak bakarrik, kalean ere igartzen da. Kirolari buruz hitz egiten denean, futbolaren ondoren nik uste dut pilota izango dela hizpide. Hori duela hamabost bat urte galdu zen eta orain berreskuratu egin da.

Enpresak sortzeak eta ugaltzeak pilotari on eta kalte egin dio? Ala on bakarrik?
Azkeneko urte honetan nik uste dut gauzak asko hobetu direla enpresen artean. Enpresen arteko harremanak onak dira, ez dago inolako arazorik. Garbi ikusten da gainera enpresen arteko elkarte bat sortuko dela eta ziur aski federazioa parte izango dela.

Zenbat eta enpresa gehiago hobeto?
Baldintzak betetzen badituzte. Enpresak onak baldin badira ez da kaltegarria. Asegarce sortu zenean gauzak nabarmen aldatu ziren eta gero Aspe sortu zen. Gaur egun egoera orekatua dagoela uste dut. Txikiago bat ere bada, Besagain, eta beste bat sortzeko asmoa ere bai. Enpresak potenteak badira, diru iturriak bilatzen badituzte, ona da.

Belokik egin berri dituen adierazpenetan hiru enpresentzat merkaturik ez dagoela dio.
Merkatua beraiek bilatu behar dute. Merkatua badago eta hemendik kanpo ere bilatu behar da. Garai batean, aurreko mendearen bukaeran esaterako, joko garbian euskaldunak hemendik kanpo jokatzen hasi ziren, Argentinan, Kuban eta gero Estatu Batuetako merkatuan. Hemengo enpresariak ziren kanpoko baliabideak bilatu zituztenak. Merkatua badago eta arriskuak hartu behar dira, noski. Euskal pilotak beste kirolen mailan egoteko aukera izan behar du. Horren atzean arriskuak badira. Enpresarien eskuetan dago hau guztia. Hemen geratzen badira nolabaiteko banaketa egon behar da.

Profesional mundua alde batera utzita, zein baliabide dituzte gaur egun haurrek eta gaztetxoek pilotan aritzeko?
Ikaspilota, batetik. Ikastetxeetan gauzatzen den proiektu bat da eta federazioak ere parte hartzen du. Gero pilota eskolak daude. Gehienetan klub baten menpe egoten dira. Eskolako garaia bukatzen dutenean klub batean sartzen dira, afizionatu mailan. Hortik batzuk profesionaletara pasatzen dira.

Haur eta gazte hauek entrenatzeko prestatzaile nahikoa al dago eta ongi prestatuak al dira?
Gauzak aldatzen ari dira, nahiz eta ez izan guk nahiko genukeen abiadurarekin. Behar bat badago. Teknikari gutxi dago eta beraien formazioa urria da. Federazioaren aldetik lan handia egin behar dugu oraindik; ikastaroak egiten dira teknikariak prestatzeko... ez bakarrik teknikariak epaileak ere hezi egin behar dira... Pilotaren inguruan dabilen jendea heziketarik gabe dabil, bai teknikariak, epaileak eta baita klubetan zuzendaritzan ibiltzen dena ere. Gehienak bolondresak izan dira orain arte. Orain gero eta profesional gehiago dago klubetan.

Prestatzaile lanetan eta gainerako funtzioetan zein dira nagusi, helduak ala gazteak?
Kirol honen betiko irudia zaletasuna duen jende nagusiarena izan da. Gero eta gazte gehiago ikusten da frontoietan eta klubetan eta zorionez baita emakume gehiago ere, batez ere klubetan, nahiz eta entrenatzen aritzen diren emakume batzuk ere badiren. Kirol honetan aldaketak sartzeko jende berria sartu behar da. Lehendik zegoen jendea baztertu gabe, lan ikaragarria egiten dute-eta.

Aldaketarako mesfidantza egongo da ezta?
Edozein aldaketa sartu nahi duzunean nolabaiteko kontrako jarrera aurkitzen duzu eta gainera hor askotan azaltzen da tradizioaren mamua. Eta askotan gaizki ezagututako tradizio bat izaten da. Duela hiru-lau urte Adidas marka sartu zen kirol jantzietan eta noski beren hiru lerroak sartu zituzten praketan. Horren inguruan kristoren iskanbila sortu zen. Askok zioen pilotariak betidanik zuriz jokatu duela. Hori gezur hutsa da. Pilotaren historian begiratzen bada garbi ikusten da aurreko mendearen bukaeran eta mende honen hasieran pilotariek partidak marradun kamisetekin jokatzen zituztela. Eta hori adibide bat besterik ez da. Gainera garbi ikusten da kirol honetan beti aldaketaren aldeko joera egon dela. Horregatik ditugu hainbeste jokamolde. Ez dugu pentsatu behar denak batera sortu zirenik. Aldaketa sakonak egon dira gainera kirol honen barruan. Esate baterako, garai batean joko guztia zuzena zen: talde bat bestearen aurrean jarrita, tenisaren egiturarekin. Gero pilota biziagoak lortu zituzten eta pareta baten kontra jokatzeko aukera ere bazegoen. Hori bada aldaketa sakona kirol baten barruan. Edo tresna berri batzuk sortu zirenean. Garai batean ez zegoen xisterarik eta larruzko eskularruarekin aritzen ziren, gero zumezko xisterak sortu ziren... horiek badira aldaketa sakonak. Gaur egun egiten ditugun aldaketak oso aldaketa txikiak dira eta askotan aldaketa horren aurkako jarrera dago.

Aldaketak onerako izaten dira, ordea, askotan. Duela urte batzuk hilzorian zen pilota eta aurrera jarraitzeko aldaketak sartu beharko dira.
Bai, noski. Orain, esate baterako, zurekin elkarrizketa bukatutakoan bilera daukat. Plastikozko pilotak sortu nahi ditugu paletarako. Proiektu serio bat egin nahi dugu. Guztiz beharrezkoa baita. Kirol hau oso garestia da, larruzko pilotak oso garestiak dira. Pilota batek 3.000 pezeta inguru balio du. Entrenamendu bakoitzean bi pilota puskatzen dira. Beraz, eskola bat sortzeko diru asko behar da eta kirol bat zabaltzeko, merkea ez bada ezin duzu ezer egin. Plastikozko pilotarena aldaketa bat da eta, ez dakit noiz, baina onartu behar dugun aldaketa da. Material merkeagoak lortu behar dira.

Frontoiak nolako egoeran daude?
Frontoiak telebistaren eraginez aldatu dira. Lehen paretak zuriak ziren eta orain berdez pintatu dira, kontrastea hobea delako. Hori ezker paretako frontoietan. Beharbada aldaketarik sakonena trinketetan gertatu da. Kristalezko paretak egiten ari dira eta hori bai dela aldaketa sakona. Ikusle bakoitza bere tokian eserita dago, erosoago, telebistaz emateko ere hobeto... Ikuskizun moderno bat bilatzeko atea ireki da.
Esate baterako, Baionako Moderno trinketa aurrerapen handia da guretzat eta hori Hegoaldera ekarri behar dugu. Trinketarekin lan handia egin behar dugu Hegoaldean, guztiz ezezaguna baita. Kirol hau herrikoia egin nahi badugu, nik uste askoz errazagoa dela trinketa ezker pareta baino. Eskuz aritzeko pilotak askoz bigunagoak dira eta jokoa ere alaiagoa da. Bilbon bada kristalezko trinketa irekitzeko asmoa eta noski aukera polita da Euskal Telebista sartzeko.

Zaletuak aritzeko frontoiak nahikoa dira?
Ez dakit. Oraindik ere eraikitzen ari dira eta, zorionez, gero eta gehiago, arkitektoek guri galdetzen digute. Garai bateko frontoi guztiak desberdinak dira eta horrek ere aldatu behar du, estandarizatu egin behar da. Inork ez du egiten 51 metroko igerilekua 50ekoa baizik. Frontoiak teorian 36 metrokoak dira, baina praktikan bakoitzak berea egin izan du. Azken urteotan egin direnak arau zehatzen barruan eraiki dira.

Eskuz Binakako Txapelketan Mikel Goñiren ordez Asier Olaizola aritu da jokatzen. Jokin Errastik zentimetro bateko irekia du eskuan. Nola uler daiteke, kiroletan zientzia aldetik eta prestaketa aldetik dauden aurrerapenak ikusita, pilotariaren arazo fisiko nagusia eskuetako mina izatea?
Ander Letamendiak egin zuen ikerketa eta ondorioak garbiak dira. Arazo bat dago eta konpondu nahi bada pilotak aldatu behar dira. Ikuskizuna guztiz desberdina litzateke erabiltzen diren pilotekin edo pilota bigunagoekin. Baina garbi dago gaur egun erabiltzen diren pilotekin oso-oso kirol mugatua dela. Kaleko edozeinek ezin du jokatu. Pilota oso gogorra da. Arazoa handia da. Lehen esan dizut: kirol hau herrikoia egin behar bada trinketan egin behar da. Ezker paretan erabiltzen diren pilotak oso gogorrak dira. Hemen zaletasuna oso handia delako, baina nazioarteko mailan garbi ikusten da ezker paretak, eskuz, ez daukala inolako etorkizunik. Gizarte moderno batean gaude, eskua aldatu da eta min mota hori ez dugu aintzat hartu nahi. Zorionez haurrek pilota goxoak erabiltzen dituzte, baina garbi dago salto handia dagoela.

Arazo honi ez heltzeko zein da bada arazoa?
Tradizioa.

Hori da kontua?
Bai, bai.

Beste zerbait ere izango da, ikuskizuna galduko dela...
Ikuskizuna, jokoa aldatu egiten da. Pilota jaitsi egiten bada jokoa politagoa, alaiagoa izango da. Joko gehiago egongo da aurreko koadrotan... Badirudi horren alde guztiok gaudela, baina gero praktikan hori ez dela gertatzen eta arazo asko sortzen direla ikusten duzu.

Ander Letamendiak elkarrizketa batean zioenez, pilota biziak eta gogorrak gazte indartsuentzat primerakoak dira. Jokatzen bikainenak ez izanda ere pilotari txikiagoa menderatuko du. Indarraren kontzeptua hain sartua dago oraindik pilotan?
Askotan edozer gauza egiten da irabazteko. Horren atzean gurasoak eta filosofia txarreko klubak egoten dira. Horren aurka zerbait egin behar dugu.

Pilotariek zer diote?
Bitxia da, baina inoiz ez dute esaten pilotak biziegiak direla. Beti pilota gehiago eskatzen dute, beti ere bestea baino gehiago direnean noski. Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira eta batzutan ez gara ausartzen. Pilota oraindik artisauen eskuetan dago eta materiala estandarizatzeko arazo asko daude. Esate baterako, ez dugu neurtuta nolako botea izan behar duen pilotak... Ezaugarri horiek guztiak ikertu eta neurriak jarri behar dira

KATXIN URIARTE
«Batzuen ustez zesta puntako pilotaririk hoberena. Profesional handia»

KOTETO EZKURRA
«Batzuen ustez erremonteko jokalaririk hoberena. Abrego ere hor dago. Hain pilotari ona izanda, pertsona bezala apala eta mutil jatorra»

OLAIZOLA ANAIAK
«Pilotako `blues brothers'-ak»

MIKEL GOÑI
«Gogorra bada ere gizarte honek eskatzen duen kirolari eredua»

ATANO III
«Mitoa. Eskuekin arazo asko izan zituen pilotaria. Txapeldun handia»

JOSERRA GARAI
«Nire nagusia. Pilotaren alde bere bizitzatik asko emateko prest dago»

TXIKITO BOLIVAR
«Zesta puntaren garrantziaren eta indarraren sinboloa. Kanpora ateratako pilotarien eredua»

REMEN
«Pilotari serioa»

RETEGI II
«Gehienen idoloa. Meriturik handiena: 40 urte baino gehiagorekin pilotan aritzeko erakutsi duen gogoa»

LADIS GALARTZA
«Pilotari dotorea jokatzen»


Azkenak
2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


Eguneraketa berriak daude