"EMON BOSTEKOA EUSKERARI"
Bizkaiko euskara elkarteek «Emon bostekoa euskerari» bazkide kanpaina abiatu dute. Bizkaia osora zabaldu nahi da eta gizarteko arlo guztien babesa lortu. Topaguneako lehendakari Fernando Muniozgurenek adierazi du herri hedabideak sortu eta suspertzeko ahaleginak egin dituztela: «Herri aldizkariak oso zabalduta daude, eta eskualdeetako irrati eta telebistak bultzatzeko asmoa aztertzen ari gara».
"BAI EUSKARARI" AKORDIOA GIZARTERATU
Kontseiluak «Bai Euskarari» akordioaren plan estrategikoaren emaitzak jakinaraziko dizkio gizarteari maiatza bitartean. Herriz herri informazio bilerak egingo ditu akordioa sinatu zuten eragileen herrietako ordezkariekin eta euskalgintzako kideekin. Hartutako konpromisoak betetzen dituzten eragileei ziurtagiri bat eman die Kontseiluak.
PLANGINTZARIK "TXARRENA"
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hizkuntz Normalizaziorako Batzordeak departamentu buruei aurkeztu dien Plangintzaren proposamena gaitzetsi dute unibertsitate honetako hainbat ikasle euskaldunek. Proposamen honek ez dituela euskaldunen eskubideak errespetatzen eta orain arte egin den «txarrena» dela azaldu zuten. NUPeko Euskararako Unitate Teknikoko buru den Koldo Asironen ustez, «plangintza hau onartuko da. Baina ez dezatela esan normalizatuko duenik, plangintza honek ez baitu eginen».
PROPOSAMENEI UKO EGINGO DIE SEASKAK
Ipar Euskal Herriko ikastolek estatus publikoa eskuratzeko Frantziako Estatuak egindako proposamenak ezin onartuzkoak direla adierazi du Seaskako lehendakari Itxaro Bordak. «Proposamen hauetan euskara eta frantsesa ber mailetan irakastea nahi dute. Gure federazioak ezin du horrelakorik onartu».