MUNDUAN EZ DA GAUZARIK HAIN EDER EZ PLAZENTIK

Munduan ezta gauzarik hain eder ez plazentik,/ nola emaztia gizonaren petik, buluzkorririk,/ beso biak zabaldurik, dago errendaturik,/ gizon horrek dagiela hartzaz nahi duyenik». Etxepareren «Emazten fabore» poemako ahapaldi bat dugu hau. Ez da, ez, hasiera makala euskal literatura erotikoarentzat. Hastapen itxaropentsu honek, ordea, ez zuen gerora jarraipen zabalik izan. Juan Martin Elexpuruk berak zera dio «Euskal lizunkeriaren antologia»ren hitzaurrean: «Gauza jakina da erotika ez dela sekula gure literaturaren alderdirik aberatsena izan».
Idazle bergararrak Txalapartaren Literotura bildumako arduradun lanetan jarduten du. Beregana hurbildu eta euskal erotismoaren urritasunaren zergatiaz galdetu diogu. Arrazoi orokorra aipatu digu: euskal literatura txikia da eta ez die toki askorik egin genero espezifikoei. «

Gainera, itxi samarrak izan gara kontu horietarako; familia, erlijioa eta pudorearen zentzu handia dago gure artean
» gaineratu du.
Literotura bere bidea egiten ari da. Lau titulu ditu kalean eta salmenta aldetik arrakastatsuak izan dira. Hala ere, ez dirudi honek idazleak asko animatu dituenik. Zergatik? «

Batetik, askok ez du hau literatura seriotzat hartzen –eta bere burua oso seriotzat du–; bestetik, erreparoa ere badago, `zer pentsatuko du nire amak, nire seme-alabek, nire irakurle kuttunak...?'
».
Eredu aldetik ez omen dago arazorik, atzerriko literaturetatik nahi adina jaso baitaiteke. Lexikoak ere ez omen du eragozpenik ekartzen. Ez behintzat beste hizkuntzatan baino gehiago. Elexpuruk bederen ez du eragozpen handirik izan eta, exenplu emanez, bi liburu burutu ditu berak zuzentzen duen bildumarako. «Krabelina beltza» nobela eta «Euskal lizunkeriaren antologia», non euskal erotikaren errapasoa egiten duen.


POEMA BEROAK.

Errepasoa egiterakoan poesia, kantuak, bertsoak, xikitoak, prosa, aldizkariak eta esaera zaharrak bereizi ditu egileak. Poemen atala Etxeparek zabaltzen du eta horren atzetik Oihenarten hainbat ale dator. Samaniego, Gamiz, Mirande eta Lete datoz ondoren. Emakumerik ez da falta gure poesia erotikoan, Amaia Lasaren olerkiek erakusten duten moduan. Ezta apaizik ere –«Salda berotan burni harrotua/ aguro berotu ninan», Nemesio Etxaniz–. Horien artean, guztietan gordinenak Jon Miranderenak dira. Adibide gisa «Hiru puttattoak»en zati hau:
«Neskatxaren aho eztienean/ kaduria joaiten zaitanean,/ nik gozatuz jaten diot motxeta/ hondoraino mihia sar eta,/ mihia sar eta».


HERRI LITERATURA.

Euskal erotikaren lehortea ez da hain nabaria herri literaturaren emaitzei erreparatuz gero. Eta heldu zaizkigun kantu, bertso eta esaerek hori erakusten dute bederen. Hala ere, Elexpuruk argitu digunez, «

horietako asko geratu da galbahean. Herri literaturaren biltzaileak elizgizonak izan dira nagusiki eta nekez jaso edo, behintzat, argitaratuko zituzten kutsu lizuneko testuak
». Azkuek, bederen, garbi onartu zuen horrelakoak baztertu zituela.
Kanten atalean, Hegoaldera jo du lehenik egileak «Ana Joanixe» edo «Peru gurea» bezalakoak biltzeko. Iparraldean «Lehen floria» eta «Erregek gizon ederrik» jaso ditu, besteak beste. Jai giroko bizpahiru kanta ere biltzen ditu liburuak, baita egile ezaguneko hainbat ere. Etxahunen «Maria Solt eta Kastero», Xabier Leteren «Gauez bakardadean»... Mikel Markezek «Kantu erotikoak» diskoan kantatutakoak ere hor dira.
Bertso jarrietan, 1616an Tolosako kaleetan jarritako Antonio Olazabal eta bere emazteari zuzendutako paskinak dira irakurgai, baita Marijoan Igoa nafarrak 1830ean jarritako «Gauza reserbatuak ere».
Bat-bateko jardunean ere bertsolariak gori-gori aritu izan dira sarri eta horietako batzuk topa daitezke antologia honetan: Txirrita, Pello Errota, Lazkao Txiki, Iturriaga, Egaña, Peñagarikano, Sarasua, Lujanbio... –azken biek botatakoak bildu ditugu beheko koadroan–.
Bada askori ezezagun egingo zaion bertso mota bat: xikitoa. Zuberoko artzainek jarritako bertso berdeak dira eta Txomin Peillenek sorta bat jaso zuen «Igela» aldizkarian. Hona adibide bat: «Ahari beltxa errekan/ pitua xuti bragetan /jokatzen diat jokatzen eztiala /pintuaren saria sakolan».
Herri literaturaz ari garela, ezin bazterrean utzi atsotitzak. Oihenartek bildua da hau: «Gure andrea irrikor, iztartean gilikor». Beste hau, aldiz, Gotzon Garatek: «Bermeoko alu, merke dala karu».


NAFARREI, GOGOR!

. XII. mende hasieran Ameryc Picaud frantziar erromesak Euskal Herria zeharkatu zuen Santiagorako bidean. Bertan topatutakoa idatziz jaso zuen («Codex calixtinus», 1132) eta pasarte labur bat ekarri dugu hona: «...nafarrak, berotzen ari diren bitartean, bere sexu-organoak erakusten dizkio gizonak andreari eta andreak gizonari. (...) Baita, lizunki laztantzen du andrearen eta mandemearen alua. Hau dela eta, edozein pertsona ikasik gogor egin behar die nafarrei».
Testu honek ematen dio hasiera prosaren atalari eta ondoren Axularren «Gero» (1643) eta Frai Bartolomeren «Euskal errixetako olgeeta ta dantzen neurrizko gatz-ozpinduba» (1816) lanen pasarteak datoz. Lehenak «haragizko bekhatuari» hamahiru kapitulu eskaini zizkion. Bigarrenak zehaztasun eta irudimen ikaragarriz deskribatu zuen «plazako piestia zelan egiten dan». Elexpururen esanetan, «

biek hain sutsu egin zuten lizunkeriaren aurka, gaur egungo begiekin ikusita testu horiek benetan kitzikagarriak gertatzen direla
».
1850ean beste apaiz bat agertuko da euskal erotismo mundura: Juan Bautista Agirre asteasuarra eta bere «Erakusaldiak». Zer dela eta hainbeste apaiz antologia erotiko batean? Elexpuruk azalpen sinple eta lojikoa eman digu: «

Apaizak gu bezalako pertsonak dira, ezta? Bada, gure grina eta desio berberak dituzte orduan
».
Atal honetan Jose Pablo Ulibarri, Enrike Zubiri «Manezaundi», Jon Mirande, Juan San Martin, Pako Aristi, Joxean Agirre, Anjel Lertxundi, Paddy Rekalde eta Jasone Osororen testuak daude bilduak. Baina idazleon liburuetako pasarte bakanak dira testuok, kutsu erotikodun zatiak. Ezin esan horiek guztiek liburu erotikoak idatzi dituztenik.
Bi dira liburu erotiko edo pornografiko bezala definitu genitzakeenak euskal literaturan. Bata «Falo zantarra» 1988an Elkar etxeak argitaratua. Antologian honela definitzen da lan hau: «Apollinaire, Bataille eta generoko beste zenbait idazle klasikoren estilo gordin-satirikoan idatzia». Joane Barolo goitizenez izenpetutako obra da –Barolo Boccaccioren «Buztanik gabeko behorra» ipuineko apaiza da–. Bestea, Aitor Aranaren «Ipuin lizunak» bilduma da (Kriselu, 1994), euskarazko ipuin erotikoz osaturiko lehen liburua.
Literotura bilduma iritsi arte bi hauek izan dira euskal literatura erotikoaren zerrenda laburra osatu dutenak. Orain, beste lau gehitu ditzakegu eta berriak ere aurki etorriko dira. Gora doa beraz, euskal literatura lizuna –ez zen zaila, baina–. Gora doa gainera, hemendik kanpo jeneroa nolabaiteko krisian dagoenean. Ez dira alferrik etorri telefono erotikoak, film pornografikoak eta Internet. Literaturak badu, ordea, euskarri berriek ez duten elementu bat: sujerentzia, irudimenari tokia zabaltzea.
Orain, gainera, gero eta gehiago, euskaraz irakurri ahal izatearen «morboa» gehitu behar diogu horri

10.000 liburu lizun euskal irakurleen eskuetan

Duela urte eta erdi ekin zion Txalaparta argitaletxeko Literotura bildumak bere bideari. Ordutik lau titulu ipini ditu kalean. Lehena 18 autoreren testuak jasotzen dituen «Euskal idazleen ipuin erotikoak» izan zen. Ondoren Juan Martin Elexpururen «Krabelina beltza» iritsi zen. 1999an Pilar Cristobalen «Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak» argitaratu zen lehenik. Azkeneko alea «Euskal lizunkeriaren antologia» izan da, Durangoko Azokarako argitaratua.
Gustura ageri dira arduradunak lehen titulu hauek merkatuan izandako erantzunarekin. Dagoeneko orotara 10.000 ale inguru salduak dituzte. 1998ko Durangoko Azokan, bilduma estreinatu berritan, ikusi ahal izan zuten Txalapartakoek lan hauek ederki salduko zirena –erosleen artean gehienak emakumeak zirela aipatu digu gainera, Elexpuruk–. Hasierako lanekin 2.000 aleko tiradak egin zituzten eta bigarren ediziora jo behar izan dute. «Euskal idazleen ipuin erotikoak» lanetik 4.000 aletik gora saldu ditu dagoeneko eta «Krabelina beltza» 3.000 inguruan dabil. Azken tituluak salmentan noraino iritsiko diren ikusteke dago. Antologiarekin lehen edizioa 3.000 aletara zabaltzea erabaki zuten.
Kopuru handiak dira hauek euskarazko produktuetaz ari garela kontuan hartuta. Gaiak tiradizoa duenaren seinale. Baina, hori ez da nahikoa. Itxuraz ere produktu erakargarria merkaturatu behar da, baita horren promozio egokia burutu ere. Horretan ere ahalegindu dira, Elexpururen esanetan. Diseinua Esteban Montoriorena da eta titulu bakoitzak azalaren diseinu berria badu ere, guztietan elementu bat errepikatzen da: irekitzen ari den kremailera.
Promozioari dagokionez, euskal literaturan ohikoa ez den elementu bat prestatu dute oraintsu. Kartoizko apal moduko bat paratu dute, kiosko, gasolindegi eta tankerako tokietan bildumako liburuak promozionatu eta saltzeko

Aldizkariak eredu

Euskarazko testu erotikoen eremu urri samar honetan, esparru bat nabarmen genezake besteen gainetik: aldizkariena.
Txomin Peillen eta Jon Miranderen eskutik, 1962an sortu eta urtebete beranduago itxi zen «Igela» aldizkari berritzailea izan zen aitzindari eduki erotikoen arloan. Peillenek berak eduki horiek definitzerakoan ez zuen erotiko hitza erabili: «Guk erabilitako gaiak, lizunkeria satira eta likiskeria ziren». Fotokopien bidez banatzen zen eta sei zenbaki kaleratu zituzten orotara.
20 urte aurrera egin behar da «Igela»k ekindako bidearen jarraipena topatzeko; 1983an «Susa» literatura-aldizkariak erotismoari eskaini zion bere 8. zenbakiaren zatirik handiena. «Susa Berotikoa» izenburuz karrikaratu zen. Besteak beste, Iñaki Uria, Xabier Etxaniz, Josu Landa eta Mikel Antzaren testuak argitaratu ziren bertan.
Beste literatura aldizkari batek, urte batzuk beranduago, 1987an, gauza bera egin zuen. «Literatur Gazeta»ren 4. zenbakiak erotismoa zuen gai nagusi. Mikel Lasa, Mikel Azurmendi, Felipe Juaristi, Raul Guerra Garrido, Ramon Etxezarreta eta Esteban Antxustegik idatzi zuten bertan.
Egun bi dira idatzi erotikoak argitaratzen dituzten aldizkariak. Paperzaleak Kultur Elkartearen «Ostiela!»k, bere bost urtetan, ia alero kaleratu du testu erotikoren bat. Jaio berri den «Putz» aldizkariak ere –azkeneko Durangoko Azokan egin zuen bere aurkezpena– bide horretatik jo du eta bestelako edukien artean erotismoari ere egin diote leku.
Ezin ahaztu «Zuku Festa», euskarazko lehen aldizkari pornografikoa. 1991z geroztik Bixen Gil de Paules-ek zuzendurik, 20tik gora zenbaki kaleratu dira dagoeneko.
Azkenik, bada gurean euskarazko aldizkari erotiko-pornografiko homosexuala. Aitor Aranak kudeatu eta EHGAMen laguntza du aldizkari honek. Duela zortzi urte sortu zen eta 15. alea izango da hurrengoa


Azkenak
2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Eguneraketa berriak daude