Sagarraren kasuan bezala, foruak eta ordenantzak nahiko babeskorrak izan ziren sagardoarekiko. Antzina sagardoa etxeko kontsumorako omen zen. Gero, «herri sakanabatuak» «herri bilduak» bihurtu zirenean, sagarra eta sagardoa negoziatzen eta beste produktuekin trukatzen hasi ziren. Portuak eta bide berriak eraiki zituztenean, sagardoa merkaturatzeko modu berriak erabiltzen hasi ziren.
Lege bera edo antzekoa izaten zen udal batetik bestera, hau da, nahiz eta udal bakoitzak bere legeri independentea izan, azkenean herri bateko eta besteko legeak antzekoak ziren. Adibidez, kanpoko sagardoa ezin zen herrira sartu bertako sagardoa bukatu arte. Hala ere, kanpoan saltzea baimenduta zegoen, hau da, Tolosak ezin zituen sagarra edo sagardoa Hernanitik jaso, baina produktu horiek Hernanin saldu zitzakeen. Halaber, Hernanik Tolosan saltzerik bazuen, baina debekatuta zeukan handik ekartzea. Egoera honek anitz auzi sorrarazi zuen eta Batzar Nagusien parte hartzea beharrezkoa gertatzen zen.
Hernaniko ordenantzen barruan, A atalean, 9. bulegoan, I. seriean, 1542. urteko ordenantzen arabera zenbait espediente burutu zen. Lehendabiziko espedientea (1. liburua, 1. espedientea), Esteban de Ollok, Artigako San Sebastian el Antiguo parrokiako biztanleak, Hernanin bere sagardoa saldu nahi izateagatik ireki zen.
Atal bereko 3. espedientean, Olaberriagako burdinolari dukado bateko isuna ordaintzeko, ohe-estalki baten bahitzea aipatzen da. Hernaniko agintariek Urnietatik ekarritako sagardoa burdinolan aurkitu zuten, 1583. urteko ordenantzak zioenari jaramonik egin gabe.
6. espedientean zera esaten da: 1651 eta 1681 urteetan, sagar urritasuna zela eta, Hernaniko udalak baimena eman zuen sagardoa kanpotik ekartzeko. Halaber, bertako sagarra edo sagardoa kanpora saltzea debekatua zegoen.
XIX. mendera arte behintzat, sagardoaren salmenta guztiz arautua izan zen Euskal Herrian. Denboraldi bakoitzaren hasieran, udaletako agintariek sagardotegien irekiera arautzen zuten, baita upelen irekiera eta txandaketa ere. Gaur egun, sagardogileak nahi duenean irekitzen ditu upelak. Garai batean ordea, sagardotegi gehiago zeuden eta lehiakortasun handiagoa zegoen eta erregulazioa beharrezkoa zen. Udaletxeetan sagardo arduradun bat izendatzen zuten eta horrek sagardotegi guztietako sagardoak dastatzen zituen. Ondoren, upelak zigilatu eta zozketa bat egiten zuten upelan irekialdia sailkatzeko. Denboraldi hasieran behin upelak zenbakitu eta gero, sagardogile guztiak biltzen ziren eta zozketari ekiten zioten: zilarrezko bi pitxarretan upelak adina papertxo sartzen ziren. Ateratzen zituzten papertxoek upelak irekitzeko segida jartzen zuten.
Lehendabiziko bi upelak zortzi egunez irekitzen ziren, ondoren beste biak, hauek ere beste zortzi egunez, eta abar. Honela gertatu zen Tolosan 1758. urtera arte. Bitxikeria bezala, aipa dezagun Gipuzkoako Foruan XXXIX tituluan, 2. kapituluan, suteei buruzkoan zera esaten dena: «Sutea izan eta ur falta gertatuz gero, ardoa eta sagardoa sua itzaltzeko erabiltzea onartzen da, baita etxeak botatzea ere, kalte-ordaina beharrezkoa balitz ere»