Cerdanya, harri zaharren distiraz

  • Cerdanya, itsas-galgaren gainetik 1.000 metrotara dagoen hondo lauko sakonunea da, 40 km. luze eta 10 km. zabal neurtzen duena. Administrazio aldetik, 1659. urteaz geroztik, Espainiak eta Frantziak banatzen dute Cerdanya eta Piriniotako Ituna deritzanaren eskutik, Lliviako enklabea frantziar estatuak inguratuta geratu delarik. Muga honek ez dauka eskualdearen zedarre naturalekin zerikusirik.Iparraldean, Frantziaren menpe, Goi Cerdanya geratzen da. Bere hiriburuan Mont-Lluis, Capcir eta Conflent-eko eskualdeen sarrera menperatzen du. Mugaren bestaldean, Puigcerda, Behe Cerdanyaren hiriburua.Cerdanyako apeu turistiko handienetariko bat 60 kilometrotako erradio baten barruan dauden 19 eski-estazioak izanik, gu harengana hurbilduko gara bertako lurrek gordetzen dituzten mendetako altxorrak kausitzeko asmoz. Horrela, harlauza itzelak arro upatzen dituzten megalitoak, arte erromanikoa gordetzen duten ermitak eta xarmaz beteriko harrizko herrixkak topatuko ditugu gure bidean.
Cerdanyaraino joateko ondorengo ibilbidea jarrai dezakegu: Paue, Tarba, Lannemezan, St-Gaudens, Salies-du-Salat, St-Girons, Fois eta Ax-Les Thermes. Hiri hau iragan ondoren aukeratu beharko dugu Puymorenseko tunela zeharkatu ala izen bereko lepora igotzea. Ikusmira paregabeen zaleek azkeneko aukera hau hautatuko dute arauz. Lepotik jaitsiz, gure ezkerrean Carlit mendia geratuko da, Cerdanyako eta Ekialdeko Piriniotako gailurrik altuena. Inguruko ohiko igoera izanik, bere 2.921 metro sarri eta aise igotzen dira udan.
Guretzat Cerdanyako atea izanen den Porta herrixka topatuko dugu lehenik. Aitzinago, Querol, Riutés, La Tor de Carol eta azkenik Enveig izango dira zeharkatuko ditugun herrixkak. Azken honetatik, ezkerretik sortzen den eta Bena, Feners eta Brangolí herrietara doan bidea hartuta, Cerdanyako trikuharririk ikusgarriena izango dugu helmuga. Gainera, pistatik ikusmira ederra izango dugu Cerdanyako hegoaldea eta lautada menperatuz.
Bena ezkerrean utziko dugu bidegurutzean eta Feners iragan ondoren, zelai batean eta ehun metrotara bidearen eskuinaldera, «Cova del Camp de la Marunya» deituriko trikuharri itzela dago. Megalito eder honek oraindik eusten dio estaltzeko harlauzari; 3 metro baino gehiagoko diametroa du. Ganbarako harlauza batek lau metroko luzera hartzen du.
Berriro Enveigera itzuli ondoren, Ur izeneko herrixkara abiatuko gara... herri honetan bi erreka nagusi batzen direlako ukanen ote du izen hori? Angostrinarako bidea hartuta eta herri hau iragan ondoren, baina Targassonara iritsi aitzin, «Targassonako Kaosa» dago. Milioika urtetako higadurak landua, «Targassonako kaosa» granitozko harri itzelen haitzpitartea da. Amini bat gorago Themiseko eguzki-zentrala dago.
Bidea jarraituz eta Eguet herria ezkerrean utzita, Odellora iritsiko gara, herri honetako eguzki-labe eskerga nahitaezko bisita izanen delarik. 7.000 kristal txikiz osatuta, 42 m-ko altuera eta 54 m-ko zabalerako ispilu paraboliko itzelak, eguzkiaren norabidean biratzen duten 4 metro karratuko 62 ispilutan islatutako eguzki-izpien erradiazioa jasotzen du. Izpia 1.000 Kw/orduko energia elektrikoa sortzeko gai den 4.000 C-ko labean biltzen da.
Bestalde, Odelloko elizako atari erromanikoa (X. mendekoa) eskualdeko zaharrenetarikotzat jotzen da. Odello baino pixka bat gorago, eski-estazioak famatua duen «Font-Romeu» (Erromesaren Iturria) ikusiko dugu. Bertan, Joko Olinpikoen aurreko hiria bisitatzea interesgarria da, Grenobleko Joko Olinpiko zurien partehartzaileak entrenatu eta hauei ostatu emateko eraiki zena.
Odello eta «Font-Romeu»tik Mont-Lluisera hurrandu gaitezke, Piriniotako Ituna adostu ondoren Luis XIV.aren aginduetara eraikitako gotorlekuaren harresiak bisitatzeko asmoz. Interesgarriak dira halaber «Ate Nagusia» eta setio garaietan bertako biztanleak urez hornitzeko asmoz eraiki zen «Rueda dels Forcats». «Ate Nagusia»ren ondoan, Cerdanyan eraikitako lehendabiziko eguzki-labea ikus daiteke.
Mont-Lluisetik atera eta Perxako lepotik Eina izeneko herrixka xarmangarrira abiatuko gara. Einara iritsi baino kilometro bat lehenago, ordea, eskuinetik sortzen den pistak «Borda» trikuharrirantz eramango gaitu. Ikusmira paregabea eskaintzen duen muino txiki batean kokatuta, tumuloaren itxura bikain mantendu da gaurdaino. Ganbara berreraikita dago, lehen jarrita ez zegoen estalkia gaur egun lau harlauzen gainean ageri baita. Megalito eder hau historiaurreko aztarnategi garrantzitsu baten barruan dago, bertan zeramika, errotak, tumuluak eta beste material ugari aurkitu delarik.
Einako harrizko etxeen liluraz gozatu ondoren, Sallagosa herritik Llivia aldera abia gaitezke. Llivian, Esteve sendiak 1415etik 1942a arte eraman zuen garai bateko «Farmacia» ospetsuaren tradizioa jarraituz, bikain antolatutako museoa bisita dezakegu. Lliviak ere ur beroa eta Cerdanyako sukalde goxoa eskaintzen du. Aipatu behar dira hemen bertako sukaldearen jaki tipikoak, esaterako: «trinxat» (aza, patata eta urdaiaz egindako platera); «conill amb llenegues» (lapina llenegues izeneko perretxikoz); «tiro amb naps» (ahatea arbiarekin); «fetge amb agredol» (gibela eztiarekin eta ozpinarekin); «sopes dall» (baratxuri zopa); «pastis de ceps» (onddo-pastiza); «saltejat de bolets» (perretxikoen salteatua); «truita de cremalloles» (cremalloles deituriko perretxikoen omeleta).
Lliviatik 6 kilometrotara, muga igarota, Puigcerda, Cerdanyako hiriburua eta eskualdeko merkataritza, turismo eta komunikaziogune nagusiena dago. Hiria eta bere inguru guztia begiz ederki gozatzeko udaletxeko plazan dagoen «Cerdanyako balkoia» deritzanak bista bikaina eskaintzen du. Iparraldean, hiria urez hornitzeko helburuz 1310. urtean eraiki zen lakua dago, zuhaizti mardulez eta garai bateko jauretxez inguratuta.
Puigcerdatik hegoalderantz abiatuz, Alp herriarekin egingo dugu topo. Bizitoki garrantzitsua da eta La Molina eta La Masella eski-estazioak bere udalerriaren barnean sartzen dira. La Seu d'Urgellerantz doan bidea hartuz gero, Bellver de Cerdanya izango da gure hurrengo geldialdia. XIV. mendeko arkupedun enparantzako ojiba-arkuak eta Isovoleko marmol gorrizko bataiarria duen eliza erromanikoak ikustea merezi du. Ikusgarria da orobat Bellveretik kilometro batera dagoen Talloko eliza erromanikoa. Eliza erromaniko honi «Cerdanyako katedrala» deitzen zaio.
Bellveren ondoan dagoen Prullans herritik «Can Auren» izeneko trikuharrirako ibilbidea has dezakegu. Megalito honen aurkikuntza gorabeherez beteta dago: 1915eko abuztuan arkeologo talde bat Prullansera iritsi zen trikuharriaren indusketari ekiteko asmoarekin. Taldeak Prullanseko ostatuan pasa zuen gaua eta han izan zuten Prullanseko biztanleek talde honen asmoen berri. Zoritxarrez, gau hartan bertan, herriko langile talde batek aurrea hartu eta «olla de diners» —kondairetako diruz betetako lapikoa— aurkitzeko funtsik gabeko itxaropenez megalitoa hustu baitzuten. Hurrengo egunean, arkeologo taldeak, trikuharrira iritsi zenean, megalitotik kanpo zabaldutako hondakinak besterik ezin izan zituen jaso.
Berriro errepidea hartuta, itzulerako bidean La Seu d'Urgellerantz abiatuko gara, Cerdanya agurtuz, eta jakinda aste honetan aurkeztu dizkizuegun bazter erakargarri hauek baino askoz gehiago eskaintzen dizkigula; hala nola, mendi arroak, laku gardenak, mendizintzurrak, kobazuloak... Hurrengo bidaia baterako jomugak izango direnak
Cerdanyaren banaketa

Cerdanya, banaketa administratiboari dagokionez, museoan egoteko pieza xelebrea da doikebe. Katalunia (Girona, eta Lleida), Espainia, Frantzia eta Ekialdeko Piriniotako administrazioen barruan dago.
Banaketa ugari egin badaiteke ere, –Goi Cerdanya eta Behe Cerdanya esaterako–, banaketa administratiboak bi dira: Frantziakoa eta Espainiakoa. Kataluniaren barruan, halaber, Girona eta Lleidako banaketa probintzialak. Hala ere, hegoaldea Cerdanyako «Conseil Comarcal»en eta Kataluniako Generalitaten gero eta menpekoago da. Cerdanyako ereserkiak dioen bezala, 1659an, Piriniotako Itunaren ondorioz, Frantzia eta Espainiaren artean politikoki banatu zen. Kataluniak Rosellon, Conflent, Capcir, Vallespir eta Cerdanya erdia galdu zituen Frantziako koroaren mesedetan. Mugak hesi surrealista eta ikustezina altxatu zuen eskualdean eta familia aunitz alde banatan zatiturik utzi zuen. Muga egiaz inoiz ez da existitu Cerdanyako biztanle askorentzat eta «La Ratlla» deitu izan zaio (marra) trufa moduan. «Cerdanya» izenari dagokionez, «Ceretania»n duela sorburua onartuta dago, hau da, «ceretaniarrak» bizi ziren lekua. Dugun lehen deskribapena Apameako Poseidoniorena da, K.a. 80. urtean: «Piriniotan, Iberiar isurialdea zuhaitzez beteta dago (...) Erdialdean, bizitzeko oso egokiak diren tokiak badira. Han ceretanoak bizi dira, iberiar tribua izanik, urdaiazpiko bikainak ekoizten dituztenak»


Azkenak
Hainbat irakaslek kanpaldia egin dute Lakuan greba deialdiaren atarian, eta gaur ere egingo dute

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


2025-04-01 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmar: lurrikarak ekar ote dezake gerraren amaiera?

Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu”... [+]


Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


2025-04-01 | dantzan.eus
Zuberoa dantzan batuko da berriz ‘Aitzina Biga’ ikusgarrian

Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Eguneraketa berriak daude