argia.eus
INPRIMATU
TILLAC: MODETATIK KANPO ZEGOEN IRUDI EHIZTARIA
  • eta liburu irudigilea ezagutzen; gizon ttipi hura, euskaldunen eszenak begiztatu eta marraztu zituena. Orain, 30 urte zendu zela bete direlarik, merezi zuen ospea aitortzen zaio liburu batean.
2021eko uztailaren 27a
Begi berezia zuen Tillac-ek jendearen ezaugarriak jasotzeko. Beti elebiziz eta keinu malguz. Bere lana hobeto saltzeko trebezia falta zuela esatea beraz, ez da nahikoa aitzaki Tillac horrela ahazteko. Berriki, «Irudi Ehizatzailea» izenpean liburu fina egin du Claude Dendaletche kanbotarrak, Elkarlaneanek argitaratua. Hau ez da ordea, Tillac-i buruz karrikaratu den lehena. Ahanzturatik berreskuratu zuena Jose Maria Unsain, gaur egungo Untzi Museoko zuzendaria izan zen 1991n. Tamalez, liburu honek oztopo eta traba anitz nozitu zituen argia ikusi ahal izateko, Napoleon Olaso argitalpen arduraduna eta Artemis Olaizola San Telmo Museoko zuzendari ohiaren eskuhartze negatiboak eraginda. Trabak traba, 1990ean Tillac-i buruzko erakusketa egin zen Donostiako San Telmo Museoan.
Elkarlaneanen edizioa biziki zaindua dago, bai maketazioa, bai irudien kalitateari dagokionez. Erostea merezi du zinez. Bada zerbait haatik, Unsainenean hobeki islatua agertzen dena: marrazkiak aukeratzeko irizpidea, hain zuzen. Dena den, Dendalecheren hautuan, badira zenbait lan, Tillac-en lan txukunak izatetik urrun daudenak. Halaber, liburu berriaren «Irudi ehizatzailea» izenburuak zer pentsatua ematen du, Unsainek «Irudi ehiztaria» jarri baitzion bereari. Nolanahi ere, bi lanek datu argigarriak dakarzkite Tillac-en bizitzaz. Bere bizian nola bere obran kontrasanez oratua zegoen Tillac. 1880an Angoulêmen jaioa , 17 urterekin beka bat erdietsi zuen Pariseko Arte Eder Eskolan trebatzeko. Bertan zegoela, maiz egin zituen Urrutia eta Txikito pilotarien marrazkiak. Segur aski, han piztuko zitzaion Euskal Herriarekiko grina.

«Frontoiak, lagunen arteko lekuak dira, kolore mugimendu, sustenguzko edo ustegabeko oihu lekuak, alderdi bat hartzeko lekuak, irudi ehizin dabilenarentzat toki ezin hobeak»
dio Dendaletchek aurkezpenean. Ikasketak buruturik, New York, Texas eta Kuban ibili zen. Europara itzulita, Bartzelona, Madril, Toledo eta Bilboko garaia jin zen, zeinean bere blok txikia baliatuz eskale eta langileen hazpegiak handitasun materialarekin parekatzen zituen. Han zebilela hartu zuen Pablo izena, Jean-Paulen ordez.
Lehen Mundu Gerrarako soldadu hartu bazuten ere, pleuresia gaitzak salbatu zuen. Gerratea amaitzean hurbildu zen lehenaldikotz Kanbora, biriketako gaitza zuen anaiari bisita egitera, Lapurdiko herriska ospetsua zen-eta bere urberotegi eta osategiei esker. Ahal zuen aldi oroz, bidaian joaten bazen ere, Kanbon betiko errotu zen, Ipar Euskal Herriko bizi giroa eta Euskal etniaren berezitasunak inspirazio iturri bilakaturik. Hain zuzen, arrantzale eta laborariak margotu ez ezik, idatzi eta hitzaldi franko ere eman zituen, besteak beste Euskaldunak Iberoen ondorengoak zirela argudiatuz. Arraza mota ederrenak mestizajearen ondorio zirela sinetsita zegoen.

«Milaka urteren buruan, nahasten joan ziren arrazak, eta euskaldunek ez zioten ihes egin ahal izan berezko lege honi»
zioen Tillac-ek. Horren frogatzeko, bi mila euskal tipo artoski jaso zituen bere margoetan, nahiz eta aitortzen zuen egiazko euskal tipoa Ipar Euskal Herrian zegoela, Hegoaldean arraza nahasketak sakonkiago kutsatu bide zuelakoan.


NAZIEI TRUFA EGINEZ.

Dendaletchek hitzaurrean esaten duenez

«1911tik 1968ra bitartean egin zituen marrazki nasaiak, euskal bizitza tradizionalaren estudio eta zirriborroak (5.000 bat orotara) ezagutzen dituztenek, maiz batere ez dituzte ezagutzen Madrilez, Toledoz, Elx-ez, Espainiako gerlaz edo Frantziako okupazio armada naziaz egin zituen marrazkiak (2.000 inguru)»
. Izan ere, naziek Kanbo hartua zutela, marrazki sail hunkigarria mamitu zuen, eguneroko beldurra, urritasunak eta debekuak zizelkatuz. Germaniarren aberekeriaren berri ematerakoan, nazien ikuskera sarkastikoa eta iseka erabili zituen. Haien esbastika buhameek ekarria zela Europara, zioen irriz.
Gure eliza, frontoi eta kaietan egindako lanak bere maisulanak diren arren, liburu irudiztatzaile gisa lan anitz eginez atera zuen bizimodua, hala nola, Edgar Allan Poeren ipuinak, «Lazarillo de Tormes» edota Arturo Kanpionen eleberriak. Bere bizitzaren azken urtetan, dandikeriak jota edo, gizon pikaro eta xelebrearen arrastoa utzi zuen. Donostian esaterako, bada Tillac-en ibilerak gogoan dituenik: sonbrailu hegal zabalez eta zaldizkoen botaz jantzita kafetegietako bezeroen marrazkiak eginez. Gisa horretan xumeki bizi izan zen, harik eta 1969an hil zen arte.


GIRO BUKOLIKOTIK IHES.

«Modetatik at zegoen gizona zen, berezko estiloa sortu zuena, alderdi plastikoa nahiz etnografikoak uztartuz. Arras originala baitzen enkuadreak lantzerakoan. Bere lanetan, gizakia bere bizigiroan edo kultur gertakari baten aurrean nabarmentzeko, «ikuspegiaren sakongunea» erabiltzen zuen; hau da, pertsonak angelu batetik lehenbiziko mailan, erdigunean edo urrutira ageri zirela. Zubiaurre anaien antzera nolabait»
azaltzen digu Jose Maria Unsainek.
Begi erneak dirdiran eta marrazki kartoia beti besapean zuela, teknika guztiak landu zituen: ikatz ziritik hasi eta txina tintaraino, auforta, fotolitografia eta zizela barne direla. Unsainen ustez,

«nahiz eta bere obran denetik atzematen ahal den, halamoduzko lanak eta oso onak tartekatzen dira. Errealitateari atxikitzen zitzaion, bere marrazki azkar bezain adierazgarrien bidez. Nekazal munduaren erreportaria ere bazen, apunteak ere hartzen zituelako. Garaiko beste artistek ez bezala, Arteta edo Arrue kasu, ez zuen euskal giro ergel bukolikoa idealizatzen»
. Zoritxarrez, formato handiagoak eta oleoa sobera gutxi lantzeak bere obra goretsia izatea galarazi zuen.
Bere amaren aitona Hego Euskal Herrikoa zela zioen beti Tillac-ek.

«Euskaldun bilakatu ziren zenbait jende argi bezala, euskaldunen baserri eta itsasoko bizikeraren usaina egiaz eta benetan ulertzen jakin zuten artista bakanen artean kokatua dago Tillac»
. Pablo Tillacen obra ezagutu nahi duenak Baionako Euskal Museoan eta Kanbon familiaren bilduman du parada; baita Donostiako San Telmo Museoan eta Robert Poupelek kudeatzen duen Kanboko Arnaga etxean ere. Itxura batean hala ere, bere fondo pribatuan ofizialki erakusgai dagoena baino askoz lan gehiago gordetzen du, gizalegez jokatuko balu bistarazi beharko lukeena. Joan eta galde egiozue hori egia ote den, ea zer ihardesten duen