argia.eus
INPRIMATU
MINBIZIA DIETARI ESTUKI LOTUA
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a
Urtero diagnostikatzen diren minbizi-kasuen % 30-40 bitartean dietarekin lotuak daude, Minbiziaren Ikerketarako Fondo Mundialak Ameriketako Minbizi-Ikerketarako Institutuarekin egindako txostenaren arabera. «Janariak, nutrizioa eta minbiziaren prebentzioa: perspektiba globala» txostenak janariak minbiziaren prebentzioan duen papera ebaluatzen du.
Txostena landu zuten adituek 4.500 laborategiko ikerketa eta ikerketa epidemiologiko aztertu zituzten, dietaren eta minbiziaren arteko erlazioa jorratzen zutenak. Ondorioz, adituen batzordeak 15 gomendio aurkeztu zituen minbiziari aurre egiteko. Lehenengoaren arabera, barazki eta fruta jateak % 20an murriztu dezake gaitzaren eragina. Zuntzean aberatsak diren janariok koloneko eta titietako minbiziak borrokatzen dituzte. Eta antioxidatzaile kopuru handia dute, erradikal askeak neutralizatu eta minbiziaren eragileak izan daitezkeen erreakzio kimikoak ekidinez.
Bestalde, zenbait barazkik konposatu fotokimikoak ditu. Hauek minbiziaren substantzia sortzaileak eliminatzen dituzten entzimen jarduera estimulatzen dute, substantziek beren eragina burutu aurretik. Baina txostenak dioenez oso prozesatuak eta elaboratuak diren barazkiek minbiziaren kontrako babes-eragina galtzen dute. Ariketa fisikoa egitea, pisua muga normaletan mantentzea, tabakoari uko egitea eta haragi gutxiago jatea dira beste arau edo gomendioetako batzuk