"EGUNEROKOA ZER DEN JAKIN BEHAR DUTE HAURREK"


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gernikarra zaitugu sortzez. Espetxean hainbat urte egondakoa, bestalde. Euskara irakasle orain Bilbon, eta literaturgintzan zure emariak ekarria ere bai.
Nik, kartzelan sartu aurretik, kotxeak pintatzen nituen. Literatur mundutik eta irakaskuntzatik at nenbilen orduan. Kartzelan irakurtzaletasun itzela piztu zitzaidan, bertan izan nituen preso lagun eta kideei esker; Joseba Sarrionandia tarteko.

Sarri
rekin Puerto de Santa Marian eta Herrera de la Manchan egon nintzen. Kartzelako isolamendua gainditu beharrez irakurtzen hasi nintzen. Geroago, irakurtzearen poderioz pentsatu nuen ni neu gai izango ote nintzen idazteko. Horrela hasi nintzen, nire burua probran jartzearren, besterik barik.

Jack London eta Apollinaireren bi lan itzuliak dituzu. Itzultzaile ofizioak tentatu al zaitu inoiz?
Ez. Itzulpen horiek espetxean nengoen garaian eginak dira. Kartzelan denbora lar dago edozertarako, eta neure burua aproban jarri nahi nuen jakiteko zerbait egiteko kapaza ote nintzen literatur mundu honetan. Itzulpen lan horiek, irakurketa landu ostean, idazteko lanketa lanak dira, zubi lan modukoak. Ez ofizioz, afizioz baizik, denbora pasa, ikaste aldera.

Zure hasierako lanak eleberriak izan ziren. «Ni naizen hori» eta «Amaren begietan». Egun euskara irakaslea zara eta segitzen duzu idazten, antza.
Kartzelan sartu nindutenean euskaraz banekien, baina analfabetoa nintzen. Euskaldunzaharra izaki, batua ikasi ahala hasi nintzen idazten. Euskara baturatzeko taldeka aritzen ginen. Orain ez bezala, asti lar genuen orduan denetarako. Nire burua euskalduntzen eta alfabetatzen denbora nahikoa izan nuen, eta hortik sortu zitzaizkidan literaturarekiko grina guztiak. Orain dela bi urtetik Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian ari naiz irakasle lanetan, harreman estuan euskararekin beti ere. Batetik klaseak emanez, eta bestetik lantzean behin bururatzen zaizkidan gauzak idazten eta ahal badut publikatzen. «Hodei artean kulunka» izeneko azken ipuina kenduta, aurreko nire lanak kartzelan bizi izandako esperientzien ondorioak izan dira.

1994an «Trostan, hegan zein narrasean» argitaratu zenuen. Eta oraindik orain zuk aipatutako ipuin hau. Alberdania argitaletxearen «Osinberde» sailan agertu da. Haur edo helduentzako ipuina da?
Nahiz eta liburuaren protagonistaren garaia haurtzaroa izan, ipuin hau haur eta nagusiontzat ere izan daitekeela uste dut. Haur baten ikuspuntutik idatzia dago, baina nagusiok mintzagai ditugun gauzak azaltzen dituena. Narrazioaren protagonista haurra da, baina, esan dezagun, Alberdaniak haur sailan ordez «Osinberde»n kokatu duen ipuin liburu bat dela.

Elkar eta Txalaparta argitaletxeen eskutik kaleratu zenituen aurreneko lanak. Oraingo hau, berriz, Alberdaniarekin. Arrazoi berezirik?
Ez. Arrazoi berezirik ez. Txiripaz izan da. Alberdania argitaletxera laguna dudan Edorta Jimenezen bitartez iritsi naiz. Berari pasa nion ipuina, iritzia eske nolabait, eta berak Interneten bidez argitaletxe ezberdinetara bidaliko zidala esan zidan. Alberdaniakoek baietza eman zidaten. Horrela izan da prozesua, besterik barik.

Ilustrazioak Tasio marrazkiegileak eginak dira, oso ederrak.
Ilustrazio lanarekin oso gustura gelditu naiz. Nire gustuko ilustrazioak dira. Ederto gelditu da liburua. Tasio laguna dut. «Egin»en lan egin zuen garai batean, eta «Gara»n ari da orain. Gernikan bizi da, eta esana nion aspaldi: «

Inoiz publikatzen badidate liburu hau, bada, zuk zeuk egindako ilustrazioez publikatzea gustatuko litzaidake
». Alberdaniak ez zidan oztoporik ipini, nahiz eta eskuarki Aberdaniarako ilustrazioak Olariagak egiten dituen.

Azala polita du, eta izenburu erakargarria: «Hodei artean kulunka»...
Nik neronek ez nion ipuinari «Hodei artean kulunka» titulua ipini; «Laino artean kulunka» zen hasiera batean. Bizkaia aldean ez dugu esaten hodeia, lainoa baizik. Beraz, Gipuzkoa aldera argitaratzea joan izan horrek izan du bere eragina –irriz–. Beno, serioski orain. Alberdaniak bazuen lehendik Felipe Juaristi idazleak idatzitako «Laino artean zelatari» izeneko poesia liburu bat eta aholkatu zidaten gutxienez beste modu batez titulatzea. Nik aldatuko nuen gauza bakarra laino hitza hodei hitzaren ordez izango zela esan nien, eta ados.

Zer da «Hodei artean kulunka» ipuina?
Metafora moduan aletzen edota garatzen den istorio honek ume baten jakinminak agertzen ditu; ume beraren galderen bidez. Protagonista mundua ezagutu nahi duen neskatila bat da; bai kanpoko mundua, bai barruko mundua jakinminez bizi duena. Orduan makina bat galdera sortzen zaizkio, eta galdera hauek metafora modura agertzen saiatu naiz. Lainoak edo hodeiak galderak izango lirateke, eta bera –zabuka edo kulunka– jakinminez batetik bestera dabil, erantzunak ere batetik bestera bilatzen ditu. Metafora moduan idatzitako ipuina edo istorioa da finean.

Izenik ezagutzen ez zaion neskatila da protagonista nagusia. Zergatik?
Ipuina idaztean neskatila hori edonor izan litekeela pentsatu nuen. Ez diot izenik ipini nahi izan. Izen bat ipini izan banio berau identifikatzeko modu zehatzago bat izango litzateke. Modu honetara adierazi nahi dut edonor izan daitekeela protagonista, izenik gabeko neskatila hori edonorren nortasunaren isla izan daiteke, besterik barik.

Ipuina plano ezberdinetan idatzia duzu.
Ipuina bi planotan idatzia dago nagusiki. Narrazioan agertzen den lehen planoan, plano hurbilean, neskatila horren hausnarketak eta galderak agertzen dira. Bigarren plano batean, berriz, gurasoen harremanak agertzen dira. Edonola ere, bigarren plano honek lotura handia dauka lehen planoarekin. Hau da, neskatxo horren bizimoduarekin. Plano ezberdinak badira ere, oso lotuta daude biak.

Lehen kapituluan mitologia landu duzu...
Lehenengo kapituluan landu eta jorratu dudan gaia, ez dut mitologiaren gaia denik esango, baina Euskal Herrian dagoen sinesmenei buruzko zertzelada bat eman nahi izan nion ipuinari, gure mitologiari buruzko nolabaiteko isla bat ager zedin. Bigarren kapituluan jada, sinesmenaren eta gure mundu errealeko sineskeriaren arteko planoak uztartzen dira; kontraposizioan dauden planoak nolabait.

Horretxek eman dit atentzioa, mitologiaren inguruko kontuez amama Julik kontatzen dizkion ipuinetatik errealitatera eginiko jauzia.
Bai. Izan ere, istorioa lehenengo kapitulutik mitologiaren gainean garatzen hasi eta ildo beretik segituko balu, bada, beharbada, ez zela oso interesgarria izango iruditu zitzaidan. Bigarren kapituluan ematen da eten nabarmen bat. Fikziotik errealitatera pasatzen da ipuina. Fikzioa eta errealitatearen arteko jokua edo jolas bat sortu nahi izan dut. Ipuinaren haria, edonola ere, neskatilak berak gure mundutik kanpo duen ezagutzatik abiatzen da. Batetik, Euskal Herrian nahiko sustraituak dauden sinesmenak –mitologiari dagozkionak– eta bestetik, errealitatea eta bestelako fikzioak txertatu nahi izan ditut kontakizunean. Sinesmenekin baino sineskeriekin lotura gehiago dituzten pasadizoak dira.

Agidanez, idazgintzarako behar den trebezia hartua duzu dagoeneko.
Kasu honetan, ipuina eguneroko bat bezala dago egituratua. Bestalde, ipuinak atalka sailkatzen dituzunean, baliabide askoz gehiago dauzkazu. Esaterako, planoak bata bestaren gainean txertatzeko. Trebezia idatzi ahala hartzen duzun gauza bat da. Gero eta gehiago idatziz, erraztasuna lortzen duzu plano ezberdinak plano bakar batean sartzeko, edo gutxienez planoak elkarren eskutik uztartuak joan daitezen.

Ipuinean fikziozko gauzak izanda ere, oso lazki islatzen du eguneroko bizitza. Haurrekiko «tratu txarrak» agertu nahi izan dituzu, esaterako.
Lehenengo batean Anjel Lertxundi eta Mariasun Landari gutxi gorabehera hauxe irakurri nien, hemendik aurrera idatziko zituzten ipuinak errealistak izango zirela, umeei ezin zaiela gezurrik esan, errealitatean ematen dena islatuko zutela. Iritzi horrekin bat nator. Umeen mundua nagusiona baino erromantikoagoa eta itxaropentsuagoa izanda ere –eta horrela izan behar duela pentsatzen badut ere–, umeek jakin behar dute zer den egunerokotasuna, eta berau bizitzen jakin ere. Hori da liburu honetan nik egin nahi izan dudana. Horregatik askok esan didate ez dela haur ipuin bat eta nagusientzako dela gehiago, ipuinean agertzen diren pasadizoek edo pasarteek nagusiokin zerikusi gehiago daukatela umeekin baino. Batzuk, bestalde, ipuina tristegia, krudelegia edo latza ez ote den galdetu izan didate. Nik baina, eguneroko bizitza halakoa delakoan idatzi izan dut ipuina.

Badu ipuinak ere bere alde didaktikoa. Helduoi mezu bat helarazten digula iruditu zait.
Helduentzako mezua ba ote daraman ez dakit. Baina ipuina, neurri batean, helduok haurren munduan jartzeko asmoz idatzi dut. Ni ez naiz egokiena hori lortu ote dudan esateko. Semealabarik ez dut –oraingoz– baina lobak baditut eta ezagutzen dut haurren mundua aski hurbiletik. Agian ofizioarekin zerikusi gehiago dauka alde didaktiko horrek. Nolanahi ere, haurrak ezagutzen ditut, eta haur baten erreakzioak eta galderak eta gurasoekiko harremanak hurbiletik ezagutzen ditut. Izan ere, gu nagusiok edo helduok ere, haurrak izan gara, gure mundu hori gurekin daramagu neurri handi batean oraindik ere.

Neskatilaren pasarte bat ekarriko dizut gogora: `Amets egin'. Berba horrek makina bat arazo ekarri dit. Haurtzaroa amets aroa dela esan ohi du Aitor irakasleak. Ez dakit zer esan gura duen, egia esan».
Bai. Horrekin haurtzaroan nolako identifikazioa egiten den amets aroarekin adierazi nahi izan dut. Haurrak errealitatetik kanpo bizi diren gizakiak ei direlako estereotipoak bezala agertzen ditugu. Beren egoerak fikziozkoak eta erromantikoak bezala agertuz; politak eta ederrak. Gauza txarrak eta zikinak ezin dituztela ikasi esaten zaie, nahiz eta, paradoxikoki, gero gauza txarrak nahiz onak berdin ikasten dituzten, eta finean badakite zer den gauza txarra eta gauza ona. Guk geuk, berriz, nagusion mundu honetatik egunero modu normal batean ikusten duguna haurrek ez dezaten ikusi saiatzen gara; beste mundu bat erakusten saiatzen gara.

Berbak oso kontutan hartzen dituzu...
Izan ere, berbak gehiago landu beharko genituzke. Hitz batzuekin metalinguistika edo metaliteratura egin nahi izan dut, hau da, galdera batetik bestera, sentimendu batetik bestera, kontzeptuak eta edukiak islatzen saiatu naiz. Adibidez, neskatilak mutiko bat ezagutzen du eskolan eta geratzen da guztiz liluratua, oso urduri. Berak ez daki zergatik geratzen den horrela. Ezagutzen du sentimendua, aztoratu egiten da, baina ezagutzen ez duena da sentitzen duen horren izena; hala ere ez da ausartzen galdetzera, erantzungo diotenaren beldur, auskalo zer erantzungo dioten dudati.

Hitz jokuak egiten dituzu baita ere: denbora eta eguraldia hitzak, kasu.
Hitzen arteko halako jolasa egiten dut; jolasa eta jokoa. Hitzen kontzeptuak ezagutu guran aritu naiz. Askotan ezagutzen ditugun hitzak ez baititugu ondo erabiltzen, edo erabiltzen baditugu ere lar gastatuak edo xahutuak ez ote diren nago; erabiltzen ditugula erabiltzeagatik. Hitz edo kontzeptu horien barruan dauden edukiak eta esangurak apur bat ihes egiten digute, nik uste.

Ipuinean deskribatzen duzun parajeak ez du izenik, baina hurbilekoa duzu, ezta?
Ipuina non kokatua den ez dut izenez esaten. Deskribatzen dudan parajea baina, leku pribilegiatu bat da. Gernikakoa naiz, eta Urdaibai arroan dago inspiratua deskribatzen dudan parajea. Toki edo paraje ederra da benetan. Guk geuk ez dakigu zer-nolako paraje ederra daukagun gure inguruan. Berau apur bat deskribatu nahi izan dut, koloreekin jolasean ari naizenean, esaterako. Izen konkretua eman barik, bertako paisajea, itsaso eta mendien arteko lotura eta komunztadura hor daude. Benetan maite dudan parajea da Urdaibai. Eskualde hori maite dut izugarri.

Berbak berba, istorioa ondo bukatu da. Osasun berba nagusitzen da azkenean.
Ipuina kapituluz kapitulu egituratua dago, eguneroko baten modura. Kapitulu bakoitzaren tituluak girotu egiten du narrazioan garatzen den istorioa. Halako batean, gurasoen arteko martingalengatik eta haserreengatik umea gaixotu egiten da, eta berak lehendik gaixotasun hitza entzuna bazuen ere, ez zekien zer zen gaixo egotea. Gaixo egonik osasun berba ezagutzen du. Gero osasundu egiten da. Osasuntzen denean konturatzen da, txarto egon eta gero, osasuna dela ordutik aurrera ezagutuko duen berbarik esanguratsuena eta inportanteena. Orduan osasuntsu egotea zer den badaki. Gurasoak adiskidetu egiten dira eta bukaera zoriontsua dauka, bai


Azkenak
Emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta egoiliar bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


Eguneraketa berriak daude