JOALDUNEN ATZETIK DATOZ MIEL OTXIN, ZOMORROAK ETA HARTZA


2021eko uztailaren 21ean
Ehundaka pertsonaia, kolore, musika soinu eta dantza topatu ditzakegu Euskal Herrian ihauteri garaian. Batzuk, errege egunaz geroztik ihauteri egunak arte ospatzen diren festa ugariak ihauteri giroan kokatzen dituzte; beste batzuentzat, aldiz, ihauterietako egunak bakarrik dira festa horien funtsa. Zehatz mehatz ihauteriak noizdanik ospatzen diren eta nondik abiatzen diren esango digunik ez dago; horregatik, ikerketa eta azterketa adina hipotesi dago ihauterien jatorriaren inguruan.
Benetako jatorria inork ezagutzen ez duen arren, askok ezagutu zuten amaiera izan zitekeena. Frankoren diktadura garaian debekatuta zegoen ihauteriak ospatzea, eta ohitura zahar askoren gainbehera etorri zen urte horietan. 1975. urtetik hona, ia galduta zeuden ihauteri zahar asko berreskuratzen hasi dira. Etenik jasan ez zuten ihauteri bakarrak Nafarroakoak izan ziren. Altsasukoak izan ezik, gainontzeko ospakizunak udaberriko jaiak edota beste izenekin mantendu ziren. Kontuak kontu, zenbaitzuetan berreskuratuta eta beste batzuetan eraberrituta, euskal ihauteri zaharrak milurteko berrian tradizioa sortu eta sustraitzeko ahaleginean dabiltza.


GIPUZKOA HIRITARRA.

Gipuzkoan ihauteri hiritarraren bi adibiderik garbienetakoak ospatzen dira, Tolosa eta Donostian, baina horiez gain topa daitezke herri ihauterien zenbait erakustaldi. Horietako bat Donostian bertan egiten da, gainera: inude eta artzaien konpartsa. XIX. mendean du jatorria konpartsa honek. Mende horren hasieran, Donostian, inguruetako artzainak Alderdi-Ederrera joaten ziren haurrak zaintzen zituzten inudeak ikustera eta ohitura horretan oinarritzen da gaur egungo inude eta artzaien konpartsa. 1869. urtean Sarriegik inude konpartsa baterako konposatu zuen karrika dantza deiturikoa, baina 1885 arte inude eta artzaiak ez ziren kaleratu konpartsa osatu moduan. Garai hartan, irteteko aukeratu zuten eguna otsailaren 2a izan zen –Kandelariako eguna–. 1912. urtean, ordea, Pio X.ak egun hau lanerako egun bihurtu zuenetik konpartsaren ohitura galtzen joan zen, eta 1950. urtera arte inor gutxi oroitu zen inude eta artzaiekin. Urte horretan, Lezo, Pasaia, Hernani eta Antiguako zenbait ekimen saiatu zen konpartsak berriro ateratzen. 1977an, berriz, Kresala Elkartea hasi zen, otsaileko lehenengo igandeetan, inude eta artzaien konpartsarekin eta ordutik ohitura bihurtu zaigu data honetan konpartsa eraberritu hau Donostiako kaleetan ikustea.
Errenterian ikastolako ikasleak ere hasi dira azken bi urteetan, inude eta artzaien bidez, ihauteria aurreratzen. Alta, ostegun gizenean burutzen da ihauterietako ekitaldi nagusia. 1979an berreskuratu zuen Ereintza Dantza Taldeak axeri dantzaren ohitura. Neska eta mutilak kontrako sexuaren jazkiekin mozorrotzen dira, eta garai batean herriko baserrietara joaten ziren eskean. Orain, berriz, herrian zehar aritzen dira kalejiran herriko plazara heldu aurretik, gero bertan dantza egiteko. Ihauteriaren amaiera, berriz, sardinaren ehorzketarekin egiten dute asteartean. Ondoko herrian, Lezon, trapujalea eta Jaizkibel mendian bizi den sorgina dira pertsonaiak eta. Nafarroako hainbat herritan gertatzen den moduan, asteartean trapujalea epaitu eta erre egiten dute herriko plazan. Errenterian bezalaxe, Hernanin ere mantentzen da axeri dantza; beste tankera batean, ordea, eta ihauterien debekua gertatu zenetik, San Juanetan egin ohi dute dantza hau.
Gizonezkoak emakumeen gisa jazten dira baita Antzuola eta Lasarten ere, sorgin dantzan aritzeko. Bergararrek sorgin dantzak jatorria euren herrian duela diote. Izan ere, aurreko mendean Bergarako langile piloa Lasartera joan zen bertako ohialgintza lantegian lan egitera, eta orduan hasi zen Lasarten sorgin dantza egiten. Berreskuratu ere han egin dute, baina 1989an Antzuolan ere hasi ziren sorgin dantzan. Herriko zaharrenek diotenez, gainera, sorgin dantzaren jatorria Antzuolan egon liteke, haurtzarotik oroitzen baitute ohitura hau. Antzuolatik oso gertu, Aretxabaletan, txino dantza berreskuratu dute orain hamar urte inguru. Gertutasun geografikoa eta koreografiaren antzekotasuna kontuan hartuta, aurretik aipatutako dantza beraren aurrean gaudela pentsa daiteke. Alkandora zuri eta aurpegi belztuarekin aritzen dira gazteak txino dantzan. Hala ere, sorgin dantzak eta txino dantzak ez dute berreskuratu eskerako ohitura. Amezketa eta Abaltzisketako txantxoek, aldiz, eskean egiten jarraitzen dute ihauterietako igandean. Herriko gazteak, baserriz baserri joaten dira eskean, bidean makil txikiekin eginiko dantza sinple batzuk eskainiz.


ATHARRATZEREN TXANDA.

Zuberoako maskaradak euskal ihauterien baitan topa daitezkeen agerraldirik ospetsuenetakoak dira, zalantzarik gabe. Hauen jatorria ezezaguna da, Grezia Zaharreko beste maskarada batzuekin alderatu izan den arren. Hala ere, argi dago kristautasuna aurretiko garaietan duela jatorria; gizakiak sinesmen erlijiosoak unibertsoaren indarraren baitan zituen hartakoa. Maskaradako pertsonaia zenbaitzuk naturako zenbait elementu irudikatzen dute –kathusaina katuarena, zamaltzaina zaldiarena...–. Garai batean, partehartzaileak herriko mutil ezkongabeak bakarrik izan zitezkeen. Gaur egun, aldiz, neska zein mutil oso gazteak izan ohi dira partehartzaileak. Aurten, Atharratzeko herriari egokitu zaio maskarada antolatzea. Izan ere, urtero herri ezberdin bati egokitzen zaio antolaketa lanak egitea, eta herriko dantzariek Zuberoako beste herrietara egiten dute bisita urtarriletik apirila bitartean. Hastapeneko eta amaierako maskarada, berriz, herri antolatzailean bertan egiten dute.
Egun osoko ekitaldia da maskarada. Goizean, pertsonaiak herriko jendeak jarritako barrikadak gainditzen saiatzen dira, bertan dantza eginez. Ondoren, herriko pertsonaia ezagun eta ilustreei egiten diete bisitaldia eta, azkenik, Branlia dantzatu, pertsonaia bakoitzak bere funtzioa egin eta azken dantza egiten dute. Bost atal ditu, beraz. Konpartsa, aldiz, bitan banatzen da: maskarada gorria eta maskarada beltza. Gorriak dantzari finenak dira; ordenaren ordezkariak, eta pertsonaia finko batzuk osatuta dago: txerreroa, kantiniersa, kathusaina eta zamaltzainak dira aipagarrienak. Maskarada beltzak, ordea, orden eza, zikinkeria eta zitalkeria ordezkatzen ditu. Pertsonaia finkorik ez duen arren, buhamiak, xorrotzak, kuterak, eskaleak, errumesak... osatzen dute. Euren helburua, beti ere, maskarada gorria zirikatzea da.


LAPURDIN ESKEAN.

Kaskarotak izeneko dantzariak etxez etxe aritzen dira eskean, bitartean dantza erraz batzuek egiten dituztelarik. Uztaritze, Larresoro, Hazparne, Ezpeleta, Beskoitze, Lekorne eta beste zenbait herritan egiten dute eskea kaskarotek. Uztaritzen, ihauterietako asteartean, zanpantzar eguna berreskuratu dute. Berreskuratu ez ezik eraberritu eta birmoldatu ere egin dute. Garai batean, dantzariak hiletajantziak soinean zituztela zanpantzarra –Lantzeko ziripotaren antzekoa– kalez kale lagundu, eta enparantzan epaitu eta erre egiten zuten. Oraindik ere mantentzen da ohitura hau, baina zanpantzarrari euskal mitologiako beste zenbait elementu ere batu dizkio Uztaritzeko dantza taldeak. Lamiak, abereak, ilargia... pertsonaia berriek zanpantzarra laguntzen dute, eta hau erretakoan dantza egiten dute bere inguruan. Ohitura zaharraren osagarri berria sortu dute, beraz.


MARKITOS ETA PORRETEROA.

Araban, ondoen mantendu eta gehien ezagutzen den ihauteria Zalduondokoa da. Bertan, Markitos da pertsonaia nagusia, eta haren inguruan antolatzen da festa. Garai batean, asteartean ateratzen zen Markitos kalera, baina aurretik zenbait erritual egiten zen herrian: ohorezko «mozo»a aukeratu, «mozo»en etxea izendatu... Ihauteria galdu zenetik hona, ordea, gauzak aldatu dira. 1972an berreskuratu zen ohitura, baina ordutik igandean egiten dira ospakizunak. Goizean gazteek Markitos herrian zehar eramaten dute, txistulariek lagunduta. Eguerdi partean, herriko plazan, sei bat metrotara zintzilikatzen dute, eta arratsaldean porreroz –ziripoten oso antzekoa– jantzita Markitos eskegi eta berriz ere herrian zehar eramaten dute idiek tiratako gurdi batean, epaitu eta hil baino lehen.
Saratsun, porreteroa kalean zehar ibili eta gero, jendeak jo eta arratsaldean epaitu egiten du. Gero teilatura botatzen dute putreek jan dezaten. Kanpezun, aldiz, pertsonaia errekara botatzen dute, eta Laudion Leizagako sorgina erretzen dute.


ANTZARRAK ETA OILOAK.

Bizkaian, Gipuzkoan bezalaxe, Bilbon antolatzen den ihauteri handiaren itzalean ospatzen dira herri-ihauteriak. Hala ere, urteetako segida dute, eta mantetzearekin batera sendotu egiten dute ohitura. Bizkaiko hiru ihauteri nagusiak igandez ospatzen dira Markina, Mundaka eta Gernikan. Markinan bi zatitan egiten dute festa. Goizean dantzariek, hartzaz lagunduta, saragi dantza egiten dute herrian zehar. Galtza eta praka zuriekin, eta txapel eta gerriko gorriekin dantzariek makil dantzak egiten dituzte saragiduna euren artean dutela. Arratsaldean, berriz, antzar jokoa egiten da Markinan. Antzarra kalean jartzen dute soka batetik zintzilik, eta gazteek zaldi baten gainetik saiatu behar dute jasotzen. Antzarren ordez oilarrekin egiten dute jokoa Gernikan. Jantzi zehatzik gabe, jendea nahi duen mozorroarekin elkartzen da plazan. Bertan, soka dantza bat egin eta oilar jokoan aritzen dira. Begiak estalita, atabalari batek gidari lana egiten du, lurpean eta burua agerian duen oilarrari hurbiltzen edo urruntzen ari diren abisatzeko. Orain helburua oilarraren burua ukitzea da, baina lehen burua mozten saiatzen ziren. Mundakan, berriz, atorrak –lehengo emakumeek jazten zituzten alkandorak– dira ihauterien edo aratusten protagonistak. Atorrak jantzita gazteak doinu ezagun bat lagun dutela aritzen dira herrian zehar.


NAFARROA ANITZA.

Zalantzarik gabe, Nafarroako ihauteriak dira interes gehien pizten dutenak eta sustraietan errotuen daudenak. Interes etnografiko zein antropologiko handikoak dira batzuk; eta Euskal Herriko ihauteri ezagunenetakoak bertan ospatzen dira: Ituren-Zubieta, Lantz, Luzaide, Altsasu... Guztietan lehena, Zubieta eta Iturengoak izaten dira. Egun, urtarrileko azken igandearen ondorengo astelehen eta asteartean ateratzen dira joaldunak edo zanpantzarrak. Ariketa izpiritual sakona da. Berezko sinbolismoak dioenez, joaldunek joareen zaratarekin izpiritu txarrak uxatu eta lurrean dauden indarrak iratzartzea bilatzen dute. Lehen egunean, Zubietakoak Iturena joaten dira, eta bigarrenean, berriz, alderantziz. Binakako iladan, une ikusgarriak sortzen dituzte erdi bidean bi herrietako joaldunak elkartu eta elkarrekin abiatzen direnean.
Zanpantzarren tankera oso ezberdina dute Luzaideko bolantek. Izan ere, Nafarroa Behereko lurraldean jada, ihauteriek dotoretasunaren zentzua hartzen dute. Maskarada bat antolatzen dute bertan, pertsonaia eta dantza sail zehatz eta betea dutela. Maskaradako pertsonaia nagusiak bolantak edo dantzariak dira, baina horiez gain zapurrak, gorriak, makilaria, erraldoixkak... joaten dira herria zeharkatuz. Dantza jauzi, bolant dantza edota polkak egiten dituzte; garai batean ihauterietan eta orain Bazko egunean.
Ihauterien aniztasunaren adibide garbiak dira Nafarroan ospatzen direnak. Luzaiden dotoretasuna bazen ezaugarri, Altsasu, Lesaka edota Goizuetan pertsonaia zatarragoak nagusitzen dira festan. Lesakan esate baterako, zakuzarrak dira protagonista. Zakuak ondo bete, prestatu eta soinean jarrita, aurpegia estalita eta maskuria eskutan dutela igande arratsaldean irteten dira zakuzar izeneko lodikote horiek. Ostatuetan ardoa ematen diete, eta hauek tabernaz taberna aritzen dira herrian zehar. Hala ere, ez dira Lesakako ihauterien pertsonaia bakarrak. Eurekin joaten dira mairuak deiturikoak, eta beste talde batean goitiarrak. Azken hauek, San Anton auzoko baserritarrak izan ohi dira, eta eskusoinuaren laguntzaz eskean aritzen dira baserriz baserri. Euren egun handia astelehena izan ohi da.
Altsasuko momorrotxoak ere, ezagun bezain bereziak dira. 1930.eko hamarkadan desagertu ostean, 70.eko hamarkadan berreskuratu ziren Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak egin zuen datu bilketa eta herriko zenbait ilustreren lanari esker. Gaur egun, nekazari giroko festa hau hiritartasunean girotuta dago, musika eta koreografia aldetik egitura egokia emanez. Artile eta adarrak jantzita, eta eskuak eta aurretik daramaten ohiala animali odolez zikinduta dituztela herria zeharkatzen dute. Momorrotxoen eta haien inguruan irtetzen diren pertsonaien agerraldi hau goldatze erritual baten irudikapena da. Trama honen bidez, lurraren oparotasuna eta azienden eritasunak galerazi nahi dituzte. Altsasuko zortzikoa eta ingurutxoa dantzatzen dute pertsonaia adardun hauek.
Goizuetan ustekabea da nagusi ihauterietan. Zomorroak eta mozorroak irteten dira ihauteetako asteartean. Zomorroak zahagi bat darama bizkarrean, eta aurpegia belztuta. Kaleetan barna, zomorroek herriko neskak jarraitzen dituzte hauei aurpegia zikintzeko asmoz. Mozorroak, aldiz, ibilbide bera egiten dute, eta bidegurutzeetan denek elkarrekin zahagi dantza egiten dute. Nafarroan badira beste ihauteri garrantzitsu batzuk ere, baina aipatutakoak dira ezagunenetakoak. Arizkuneko sagar dantza eta hartza, Tuterako zipoteroak, Cintruenigoko zarramuskeroak... Beste hamaika ihauteri aipa genitzakeen Nafarroan, debekurik ezean iraupen gehiena eta historia sakonena dutenak baitira.
Hamaika pertsonaia, jazki, musika eta ohitura. Ihauteri mordoa ihauteri bakar batean. Horrela dira Euskal Herriko herri ihauteriak. Batzuk ezagutu ditugu orain, beste mordo bat ere badago, baina ezinezkoa da guztiak paperera ekartzea. Hamaika koloreko lurraldea eta garaia dira Euskal Herria eta ihauteriak

Atzerriko ihauteriak ezagutzeko gogoa, dirua eta oporrak bagenitu...

Euskal Herrian eskaintza zabala dugu ihauteriei dagokienez. Eta, hala ere, bada egun hauek pasatzera atzerrira joaten denik. Urtero telebistan ikusten ditugun irudiek Rio, Venezia edo Tenerifera joateko gogoa pizten digute nonbait. Dirua soberan eta astebeteko oporrak ditugula pentsatu eta gertueneko bidai agentziara hurbildu gara. Irudimena askatu eta Rio de Janeirora joan nahi dugula esan diogu agenteari. «Ez du merezi» esan digu berehala. Prezioak izugarri garestitzen dira ihauterietan eta hotel ona topatzea garrantzitsua omen da, gainera. Hotel ona eta segurua. Sarritan komunikabideek islatzen duten legez, oso arriskutsua ei da Rio ihauteri garaian. Gehiegizkoa da zentzu guztietan Brasilgo ihauteria. Prezioan ere. Milioi erdi pezeta xahutu daitezke aste betean ahalegin handirik egin gabe.
Erritmo eta eguraldi beroen bila bagabiltza, Tenerife omen da egokiena. 50.000 pezetarekin astebeteko hotela eta hegazkina lor ditzakegu. Gehiengoak aukera honi heltzen dio, agentzian esan digutenez. Veneziara ez da hainbeste jende joaten, baina, ihauteri dotore hauek ezagutu nahi dituenak 80.000 pezetatik gora ordaindu beharko du astea pasatzeko –San Markos plaza inguruan lo egin nahi duenak 130.000–.
Dena den, ihauterietan mozorro berezi bat nagusitzen da gurean ere: eskiatzaileen mozorroa. Bidai agentziako atea gurutzatzen dutenen gehiengoak ihauteriak eskiatzen pasa nahi ditu


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude