argia.eus
INPRIMATU
William Douglas, "Mr. Basque"
Miel Anjel Elustondo 2021eko uztailaren 27a
Horixe dut nik William Douglass izendatzeko modurik zuzenena: «Mr. Basque». Hogeita hamahiru urte inguru egin ditu Renoko Basque Studies Program-en koordinatzaile lanetan, eta egun, euskaldun asko baino euskaldunago eta, are, abertzaleago dugu Mr. Basque. Koldo Mitxelena zenak Hollywoodeko aktore baten trazak eman ohi zizkion Douglassi. James Coburn ekartzen ziola gogora esaten zion errenteriar zinezaleak. Douglassek, berriz, ez zuen Coburnen ezagupenik. Antropologo renotarrak aldi bateko zuribeltzeko filmak ditu maite eta alferrik da aktoreen gainean jardutea. Gertatu zen William Hurt Renoko Euskal Mintegira azaltzea, euskal gaiko pelikularen baten asmoa tarteko, eta jendea aztoratzea: «William Hurt! William Hurt!». Denak aztoratu, gure William propioa, Douglass, izan ezik: «Eta nor dugu hori?».

WILLIAM
A. Douglassek ongi merezia du Mr. Basque titulua. Berez, gaitzizena ez du goitizenetara joera makurra duten euskaldunek ezarria, antropologo estatubatuarrek baizik. Usteko zuten gure Billek euskaldunak baizik ez dituela erabili buruan bere bizi guztian. Egia da 60ko hamarkadaren hasieraz gero euskaldunez zopa-zopa eginda jardun izan duela lanean Renoko antropologoak. Etxalarren eginiko ikerketak eta, ondoren, Aulestin burututakoak, zinez markatu zuten Douglassen ibilia. Eta, hala ere, estudio antropologikoek hainbeste erakutsi zioten herrian herriko jendearekin izan zituen harremanek. Etxalarreko egonaldia bitarte, orduak eta orduak eman zituen Julio Caro Barojarekin, iritzi truke etengabean. Aulestin, berriz, Goitiandiatarrak eta Don Emilio izan zituen berriemaile. Eta Don Emilioren bidez, Xabier Amuriza eta Alberto Gabikagojeaskoa. Bizkaian ernaltzen ari zen apaiz gazteen mugimendua hurretik bizi izan zuen Douglassek eta Don Emilioren –edo Valentinaren– sukaldean izan ziren berbeta handien lekuko izan zen. Guardia zibilak segitzen zituen ETAko zenbait kideren bizipenak ere berton ezagutu zituen, adibidez. Aldi hartan abertzaletu zen Bill Douglass. Diotenez, euskarara ere jarri zen, Etxalarko eta Aulestiko egonetan ikasitakoaren ondorioz.
Gogo intelektualetik batere urrundu gabe abiarazi zuen Basque Studies Program, artean proiektuaren arduradunek «Basque» definitzeko hitzen bila entziklopedietara jo behar izan zuten garaian. Berak fitxarazi zuen Jon Bilbao, Mintegia inkili-mankala eta ito beharrean izan zenean. Jon Bilbaorekin burutu zuen «Amerikanuak, Basques in the New World», euskal amerikarren historiaren «biblia» benetakoa, urte askoan Ameriketa denean ikerketan jardun ondoren gauzaturiko lana. Liburu horrek, eta Mintegiaren Euskal Bilduma sailean argitara diren gainerakoek, eta euskaldunen gaineko artikulu pilak ekarri zuen Douglassen antropologia lagunek Mr. Basque gaitzizena asmatzea. Mr. Basque, betiko. Nahiz eta Italiako zenbait zonaldetako bizilagunen Australiarako emigrazioa ere aztertu. Baina, gauzak nola diren!, italiarren peskizan hasi Australian –azukre kainaberaren ebakitzen jardun zuten lanean–, eta Aulestiko zenbait familiaren arrastoa ere atera zuen Renoko antropologoak. Hortaz, dudarik gabe: «Mr. Basque».

ESKERRAK,
dena den, euskaldunez beste ere izan den, eta baden, William Douglass. Arrantzale amorratua, estatubatuarrek Txinara behin ere egin izan duten arrantzu-espedizioko kide izan zen. Irakurle porrokatua, James Joyce-ren «Ulysses» eta García Marquezen «El amor en los tiempos del cólera» zituen irakurri berriak joan den udan. Liburuez ari eta zera dio: «Erakuts iezadazu zure biblioteka eta nor zaren esango dizut». Antropologia, nazionalismoa, emigrazioak, literatura... askotariko liburuak dira ageri bere bibliotekako apaletan. Meategiei buruz munduan denik liburutegirik osatuena ei du, aitona urre-meatzariaren pausoak hobeki ulertzeko asmotan edo. Idazle zaildua, bi orduz idazten du egunero-egunero, bai eta oporretan ere, eta bestelako lanari erasotzen dio gero. Antropologia liburu eta artikuluak ez ezik nobela bati ere ekin dio, kasinoetan girotua, kasino jabe izan baita bera ere duela bi urte arte eta barru-barrutik ezagutu du mundu hori.
Bai, euskaldunez beste ere izan da Mr. Basque. Ororen gainetik, ordea, Mr. Basque izan da, da eta, uste dudanez, izango da William Douglass. Hogeita hamahiru urteren buruan, Mr. Basque erretiratu egin zen 99ko Gabon Zahar egunean. «Bukatu da nire diktadura, kitto Franco», berak esatea gustu zuenez. Hemendik atzera Joseba Zulaika izango da Renoko Basque Studies Program-eko zuzendari hurrengo hiru urteetan. Mr. Basque joan, Mr. Basque etorri. Orain eta beti, agur eta ohore William Anthony Douglass, bihotzeko «Mr. Basque»