argia.eus
INPRIMATU
GIHARRAK ERE EUSKARAZ ASTINTZEN IKASI BEHAR DA
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 21
Euskara Biziberritzeko Planak lehentasunezkotzat jo du kirol arloa. Baina Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzua 1993 inguruan ohartu zen kirola eta euskararen inguruko premiaz. Bi ziren kezka nagusiak: kirol material gutxi zegoela euskaraz eta monitoreen euskarazko prestakuntza baten beharra zegoela. Hortik abiatuta sortu zen «Kirola Euskaraz» egitasmoa. Deba bailarako udalen diruarekin hasi ziren lanean, euskarazko ikastaroak antolatuz eta kirol liburuen itzulpenak eginez. Lehenengo liburu baten itzulpena egin zen –«Futbol entrenatzailea»–, gero liburu bat argitaratu zen –«Kirol entrenamenduaren oinarriak»– eta, azkenik, liburuak baino fitxa didaktikoak praktikoagoak zirela ohartu ziren. Fitxa didaktikoak kirol hastapenerako oinarrizko materiala biltzen duten eraztundun karpetak dira, bertan, progresio didaktikoak, ariketak eta jokuak jasotzen direlarik. Material guztia urtero egiten den Beka Deialdiaren ondoren argitaratzen da.


DEBARROTIK HARUNTZAGO.

Egitasmoa ordea, Debarroko mugaz gaindi hedatu beharko litzatekela konturatu ziren. Hainbat hartuemanen ondoren, «Kirola Euskaraz»ek egun Eusko Jaurlaritza, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzuaren babesa du. Baina Gipuzkoan soilik jartzen da praktikan.
Hiru dira egitasmoaren helburu nagusiak: euskarazko material didaktikoaren sorkuntza eta argitaratzea da horietako bat. Eta hemen kokatzen da «Egin kirola euskaraz» lelopean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako prestakuntza gaien bilduma. Helburu nagusia kirolaren inguruan sortutako euskarazko materiala bildu (ez bakarrik Debarroan egindakoa, baita beste eragile batzuk burututakoa) eta jendeari ezagutaraztea da. Lelo horren pean iaz egin zen lehenengo bilduma, bertan, euskaraz eginiko kirol materialen izenburu, egile, eta beste hainbat ezaugarri bilduz. Aurtengoan zerrenda hori eguneratzeaz gain, gai horiek non lortu daitezkeen gehitu dute. Gainera, lehenengo aldiz, Durangoko Liburu eta Disko Azokan stand propioa izan dute, bertan kirolaren inguruko euskarazko material guztia bilduz.
Udaberri edo uda aldera Interneten web orri bat jarriko dute. «Egin kirola euskaraz» lelopean bildutako materialaren katalogoa ikusgai izango da bertan. Gainera beka deialdietan eta ikastaroetan izena emateko aukera ere eskainiko du. Euskarazko kirol materiala saltzeko beste gune bat izango da berau, jadanik Debarroan eta Anoetan daudenei gehituz.


GOITIK HASITA.

Baina «Kirola Euskaraz» egitasmo orokorrak, euskarazko material didaktikoaren sorkuntzaz gain, beste bi gai bultzatu nahi ditu. Kirol arloan euskaraz aritzeko nahi eta nahiezkoa da monitoreen prestakuntza euskaraz egitea. Horrela, goitik beherako katean, euskara erabili ahal izateko gero. Horretarako ikastaroak antolatzen dira. Batzuk titulu ofiziala dute, besteek ez, ordea. Ikastaro hauek bailara mailan eskaini ohi dira. Hala ere, badago Euskal Herri osorako antolatzen den Udako Kirol Eskola. Lehenengo bi urtetan, Deba Bailaran antolatu bazen ere, iaz lehengo aldiz, Bidasoa Beheran egin zen. Udako Eskola honetan hiruzpalau kirol mota aukeratzen dira eta iraupen laburreko eta oinarrizko ikastaroak ematen dira. Deialdia irekia da, EAE osoan zabaltzen da, nahiz eta bailarako jendea hurbildu batez ere. Horrez gain, iazko udazkenean hasi eta aurtengo udaberria arte, lehenengoz sentsibilizazio ikastaroak burutzen ari dira Debarroan. Futbola, pilota eta eskubaloiaren inguruko ikastaro espezifikoak eta kirol entrenamentua eta gestioa hobetzeko ikastaro orokorrak eskaintzen dira bertan. Hauekin, kirol arloan dagoen euskararekiko sentsibilizazioa areagotu nahi da.
Bailaretan eman izan diren ikastaro hauek ordea, sarri federazioen oztopoekin aurkitu dira, goitik beherako katea moztuz. Hori dela eta, «Kirola Euskaraz»en hirugarren helburua federazioekin hartuemanak estutzea da. 1998an aurrera pauso bat eman zen ildo honetatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntz zerbitzu bat eskaini baitzien federazioei. Ondorioz, Anoetako Kirol Etxean euskararen inguruan federazio guztiek izan zitzaketen beharrei erantzuteko pertsona bat egokitu zen. Zalantzak erantzun, itzulpenak egin, testuak egokitu... dira pertsona honen zeregin nagusiak. Hortik aurrera federazioekin hitzarmenak egin nahi dira.
Burututako ekintzen ondorioz «Kirola Euskaraz» egitasmoari buruzko informazioa zabaldu egin da. Bidea egokia da beraz, baina Nekane Jauregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Normalkuntzako Teknikariaren hitzetan, «

bultzada handiagoa eman behar zaio. Hainbeste jende mugitzen du kirolak ezen zaila dela guztietara iristea
». Programa adibidez, erren gelditu da komunikabideen arloan. Aurrerapausoak neurtuz, eskolako kirolean aurreratu da gehien. Kirol federatuarekin alderatuz adibidez, bertako sentsibilizazio maila handiagoa da, «

eskoletan A eredua desagertzeko zorian dagoenean, ez baitu zentzurik erdaraz kirola egitea
»