argia.eus
INPRIMATU
EREINDAKOTIK DATOR UZTA(OA)
  • sustatzen du. Politika horrek natura eta nekazaritza bera suntsitzen ditu.
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 19a
Hemen gauzak nola egin, egunetik egunera urrutiagotik agintzen dutenaren errezeloa gero eta nabarmenagoa da. Usaina kiratsa bihurtua da basozaintzaz, abelzaintzaz, nekazaritzaz edo natura babesteaz ari denarentzako. Burutik jota dagoenaren itxura egiten duen Europa sekula baino kolonizatzaileago jokatzen ari da garapen orekatuan oinarrizko diren arlo hauetan; eta kolonizatzea bere buruaz beste egitea da beti. Kolonizazioen historian asko idatzi dugu euskaldunok eta bitartean atarian sasia irabazian. Modu horretan gabiltza. Iraun eta aurreratzeko «mundu mailan nagusitu ala hil» gezurrezko dilema agertzen da edozein erabakigunetan: industrian, zerbitzuetan... Lurrari lotutako lehen sektorean goi mailako erabakiak hartzen dituztenek kontsumo industrialaren eromenari lotutakoen antzeko pentsamoldea dute. Eta ereindakotik etortzen da uzta. Urtetara jabetzen ari gara atariko sasiaren indarraz. Erresuma Batuko ikerketa batek nekazari ustiakuntzekin lotura duten egabera, usapala, euli-txoria, landa-txolarrea, hegatxabala, birigarroa, gailupa, garraztarroa, tuntuna, txoka, berdantzak, araba-zozoa, zozoa eta sasi-txinboa; hamabost hegaztien ugaltze-gaitasuna azken hamar urteotan % 24-85 artean murriztu dela dio. Hau batez ere Europatik nekazaritzarako politika bateratua gauzatzeko datozen aginduak betetzearen ondorio zuzena da. Politika honek nekazaritza espezializatuegia eta ustiatzaileegia sustatzen du, natura osoa, nekazaritza bera eta bide batez nekazari «atzeratuak» erabat suntsitu edo asko jota, zoko betegarri izan daitezen