EHUko Hezkuntza Zientzietan katedraduna den Felix Etxeberriak «Elebitasuna eta Hezkuntza Euskararen Herrian» liburua argitaratu du. Euskal Herriko herrialde ezberdinetan elebitasunaren eta bikulturalismoaren auziak duen eragina jorratu du bertan, bereziki hezkuntzari dagokion alorrean. «Hik Hasi» aldizkariak liburuaren eduki nagusienak eta ondorioak bildu ditu bere azken zenbakian, eta lerrootan dituzue laburbildurik.
Liburuan azken urte hauetan gertatu diren aldaera demografiko nahiz historikoak aztertu ditu egileak, eta eremu urriko hizkuntza bat eskoletako hezkuntza sisteman ezartzearen ondorioak eztabaidatu. Honi guztiari buruz egindako ikerketak ere azaltzen dira.
Hasteko, Euskal Herriko elebitasuna du aztergai. Gaur egun Euskal Herri osoko biztanleria 2.428.100 da. Hiru lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian) burutu zen inkesta soziolinguistiko batek dioenaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 1996), % 73 EAEn bizi da, % 18 Nafarroan eta % 9 Iparraldean.
Arrazoi historiko zein politiko, demografiko eta linguistikoak direla medio, biztanleriaren % 36k soilik hitz egiten du euskara (espainiera eta frantsesarekin batera, noski). Eta % 64, berriz, espainol edo frantses elebakarra da. Gaur egun, ez dago euskal hiztun elebakarrik. Beraz, esan daiteke Euskal Herriko benetako elebidunak euskal hiztunak direla.
Lurraldeka, EAEn bizi den biztanleriaren % 41k euskaraz hitz egiten du, eta % 59 espainol elebakarra da. Nafarroan % 19k soilik daki euskaraz, espainieraz ere bai noski, eta % 81 espainol elebakarra da. Iparraldeko Euskal Herrian % 36k hitz egiten du euskara, frantsesaz gain, eta % 64 frantses elebakarra dugu.
Dagoeneko esana da biztanleriaren % 36k dakiela euskaraz. Hala ere, eta iturri berdinera joz gero (Siguan, 1994; CIS, 1999), beren eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dutenak, badakitela esaten dutenen erdia omen dira, hots, Euskal Herriko % 15k erabiltzen du euskara bere eguneroko harremanetan.
Honek erakusten du euskarak biztanleengan duen giza-onarpen eta prestigioa handia izanik ere, hizkuntzaren ezagupen maila txikia dela, % 36. Eta erabilera, are txikiagoa, % 15.
Hiztun euskaldunen artean burututako ikerlan bateko emaitzak (Eusko Jaurlaritza, 1996) 1991. urtean egindako beste ikerlan batekoekin konparatuz gero, euskararen erabileraren gehikuntza antzematen da ondoko lau esparru hauetan: helduek erabiltzen dute euskara beren haurrekin, lagunekin, lankideekin eta haurren irakasleekin.
Duela gutxi buruturiko ikerlan batzuetan (EKB, 1998, grabagailua erabiliz kaleko elkarrizketak grabatuz buruturikoa), azken urteotan euskararen presentzia zer-nolakoa izan den aztertu nahi izan da. 1989, 1993 eta 1997an egin ziren azterlan hauek eta honelako ondorioak atera dira: batetik, euskararen presentziarik handiena EAEn ematen dela, % 15,25arekin. Nafarroan, gero, % 6,4arekin, eta Iparraldean % 4,6 soilik. Eta bestetik, EAEn 1997ko kaleko euskararen presentzia 1993ko halako bi izan zela. Nafarroan igoera txiki bat somatu zen, eta Iparraldean, berriz, pittin bat jaitsi egin zen.
Euskal Herriko hiru lurraldeetako administrazio politikoen jarrerak, euskararekiko duten zabaltze eta berpizteko gogoari dagokionean, oso desberdinak dira. Euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan du ofizial izaeraren estatusa. Nafarroako kasuan ez da lurralde osora zabaltzen, legez hiru hizkuntz zonaldetan baitago zatiturik. Frantzian, berriz, ez dago euskararekiko inongo errekonozimendu ofizialik.
Euskararen eta espainieraren koofizialtasunak, ordea, ez du estatus berdina esan nahi. Espainierak duen presentzia ahaltsua oztopo izaten da euskaldunentzat administrazio publikoarekin beren jatorrizko hizkuntzan jarduteko orduan, nahiz eta legean hala jasota egon. Euskararen egoera, beste bi hizkuntzokin konparatuz gero, hizkuntz kaltetu eta gutxitu batena da.
HEZKUNTZA ELEBIDUNA.
Orain arte Euskal Herriko elebitasunaz aritu gara, baina hezkuntza arlora mugatuz, hizkuntz eredu ezberdinekin egiten dugu topo.
Ereduak egoera soziokultural ugariei, familia motibazio diferenteei, zonalde soziolinguistiko desberdinei, irakasle formakuntzei eta beste faktore askori erantzuteko sortu ziren. Lau intentsitate mailako hizkuntz eredu ezarri ziren; euskararen erabilera minimoa egiten duenetik, haren erabilera instrumentala ahalbidetzen duenerainokora. A ereduan irakaskuntza guztia espainieraz edo frantsesez burutzen da, euskara gai kurrikular soil bat besterik ez delarik. B ereduan bi hizkuntza erabiltzen dira irakaskuntzaren bitarteko bezala, erdi eta erdi, esan daiteke. D ereduan hezkuntza osoa euskaraz gauzatzen da, espainiera edo frantsesa beste gai bat gehiago besterik ez delarik. Eta X ereduan ikasketa guztiak espainieraz edo frantsesez egiten dira, eta ez da ez euskara ez euskaraz irakasten.
Hizkuntz ereduek EAEn, Nafarroan eta Iparraldean dituzten portzentaiak beste orriko grafikoetan ikus daitezke, eta hainbat ondorio atera. Hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Eskoletako haurren artean eredu trinkoenetan (B eta D) % 83 ari da ikasten. A eredua aukeratu dutenak % 16ra jaitsi dira, eta X ereduan, hau da, espainiera hutsean, ari direnen kopurua % 1 besterik ez da. Nafarroan A (% 25) eta D (% 25) ereduetan aritzen da % 50, B eredurik ez dago, eta X ereduan, espainieraz soilik, gelditzen den % 50 aritzen da. Iparraldean eskolaurreko haurren %78 X ereduan aritzen diren eskoletara doa, eta eredu elebidunetan aritzen diren haurrak oso gutxi dira.
Haur Eskoletako irakaskuntzan azken urteotan antzematen den joera ikusirik, esan daiteke benetan elebidun diren ereduak, hau da, B eta D, izan direla gehiengoaren aukera Euskal Autonomia Erkidegoan. Joera hau txikiagoa da Nafarroan, eta gutxiengo baten aukera Iparraldekoen artean. Joera berbera antzematen da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere.
ELEBITASUNA UNIBERTSITATEAN.
Ezagutzera eman diren datuek diotenez, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten den derrigorrezko gaietatik % 55 ikas daitezke euskaraz. Unibertsitatera doazen 60.000 ikasletatik % 20 baino gehiagok (14.000) euskaraz ikasten du. EHUn baino ez dago euskaraz ikasteko aukera, eta ikasketa guztietan ez, ikusi dugun bezala. Gainerako unibertsitateeetan (Deustu, Nafarroa, Baiona eta abar) euskararen presentzia testigantzazkoa da.
EHUn euskarazko adarretan matrikulatu den ikasle portzentaia % 2 igo da azken bi urteotan. Euskararen normalizaziorako bigarren planak aurreikusten duenez, bost urte barru euskarazko adarretan ariko diren ikasleen portzentaia % 40 izanen da, eta % 50 hamar urteren buruan. Euskaraz irakasten diren gaiak ere egungo % 55,5etik % 80ra zabalduko dira bost urteotan. Fakultate bakoitzak bere plana garatu ahal izango du eta han erabakiko du noiz eta zenbat gai eskainiko diren euskaraz. Planaren jarraipena egiteko ebaluazio batzorde bat eratu da, 1999ko irailean hasi eta 2004/5 ikasturtean amaituko duelarik bere lana (EHU,1998). Nafarroako eta Iparraldeko unibertsitateetan euskararen presentzia azalekoa baino ez da.
IRAKASLERIA EZ UNIBERTSITARIOAREN EUSKALDUNTZEA.
Ez dugu 60ko eta 70eko hamarkadetan gauzatu zen irakasle ez unibertsitarioen euskalduntzeari buruzko datu askorik. Hala eta guztiz, badugu 1976/77 ikasturtean Siadecok eginikoa. Honek azaltzen zuenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan irakasleriaren % 4k soilik zekien euskaraz. Beste ikerlan batean, Siadecok berak eginikoa 1979an, 8.284 irakasletatik 384 baino ez zirela euskaldunak (% 4,6) agertzen zen.
Gerora, ordea, irakasleriaren euskalduntzea bizkorragoa izan da. 1985/86 ikasturtean euskaraz irakasteko gaitasuna zuten irakasleen portzentaia % 32 zen. Euskal Autonomia Erkidegoan 1997/98an bildutako datuen arabera, euskaraz irakasteko gaitasuna duten irakasleak % 60ra iritsi dira. 20 urteren buruan % 4,6tik % 60ra aldatu da, eta gaur egun hizkuntz gaitasun profilen bat duten irakasleak % 70 inguru dira, 16.000 izanik sare publikoan aritzen diren irakasleak.
Nola gauzatu da aldaketa hori 20 urtetan? Batik bat bi bide jarraitu dira horretarako; bata, elebidunak ziren irakasleen kontratazioarena, eta bestea, lanean ari ziren irakasleen euskalduntze planarena (Irale programarena, 1998).
Hezkuntza pribatuaren egoera ez da hain ona irakasleen euskalduntzeari dagokionean. Nafarroako eta Iparraldeko egoera penagarria da irakasleen hizkuntz gaitasunari dagokionean.
IKERLANAREN EMAITZAK.
Egoera hauen inguruan egindako ikerketetan oinarriturik, zenbait ondorio atera ditu Felix Etxeberriak euskal hezkuntza elebidunari dagokionean. Euskarari buruzko emaitzak, esaterako, faktore ezberdin askok baldintzatuta azaltzen dira: gizarte mailakoak, metodologikoak, hizkuntz ereduen araberakoak, jarrerakoak eta abar. Badirudi, eragile hauen guztien pisua handiagoa dela euskararen emaitzetan espainieraren emaitzetan baino. Antza denez, baldintza berezi batzuk batera eman behar dira euskaldunek emaitza altuak lortzeko.
Azpimarratu behar da hizkuntz ereduak ikasgelan duen eragina. Ikerketak erakusten du hizkuntzaren ezagupenak erlazio zuzena duela hizkuntz ereduekin, D, B edo A (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991).
Eredua geroz eta intentsiboagoa denean (D eredua), euskararen emaitzak hobeak direla esan dezakegu. Eta ahulena den hizkuntz ereduan (A) emaitzak ere makalak dira.
B ereduaren barruan programa mota anitz dago; batzuk D eredura hurbiltzen dira, eta beste batzuk A eredutik gertuago egoten dira. Badirudi, orokorrean, B ereduan ikasitakoen emaitzak A eta D ereduen arteko maila ematen dutela.
Gaztelaniaren kasuan, euskararekin ez bezala, ez dirudi gorabehera handiegiak ematen direnik espainiera hizkuntzaren inguruan (Etxeberria, F. 1986; Sierra-Olaziregi, 1989, 1990 eta 1991). Espainieraren hizkuntz eredua atzapar luzekoa da oso, eta Hego Euskal Herri osoa hartzen du; edozeinek espainieraz nola hitz egiten duen ikus dezakegu. Euskaldun elebakarrik ez dago.
ONDORIO OROKORRAK.
Liburuan gai bakoitzeko ondorioak jasotzen diren arren, badaude orokorrean azpimarra daitezkeen zenbait ondorio nagusi. Lehenengoa, euskal biztanleriaren %36k dakiela euskaraz, eta biztanle orok dakiela espainieraz edo frantsesez. Bigarren ondorioak dio eskolak eredu elebidun malguak ari direla garatzen beren ikasleak hezitzeko: D (gehiena euskaraz), B (bi hizkuntzetan) eta A (gehiena erdaraz). Hirugarrenik, EAEn 1997/98 ikasturtean % 83k aukeratu zuela Haur Eskolan euskaraz ikasten hastea edota euskaraz eta erdaraz. Eta %17k aukeratu zuela erdara hutsean ikasten hastea. Nafarroan eta Iparraldean eredu trinkoenak gutxiengoa dira. Laugarren ondorioari jarraiki, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako hizkuntz eta kultur politikak euskararen jendeaurreko erabileran eragin ezberdina du. Ez jende aurrean soilik, baita eskoletan eta komunikabideetan ere. Kasu honetan, emaitzarik onenak EAEn ematen dira. Eta azkenik, bosgarren ondorioak dioenez, ikerlanetan ere beste bi fenomeno hauek azaltzen dira: bata, geroz eta euskara gehiago erabiltzen den zentroetako ikasleek beste eredu batzuetako ikasleek baino emaitza hobeak lortzen dituztela euskararen inguruko gaietan. Eta bestea, ez dirudiela hizkuntz ereduak eragindako ezberdintasunik dagoenik Gaztelania, Ingelesa, Matematika edo Zientzietan lortutako emaitzetan. Ezta psikologia arloan, adimenean, pertsonalitatean eta abarrean ere