"JAUZI KUALITATIBOA EMATEKO ORDUA IRITSI DA IPARRALDEAN"


2021eko uztailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal Departamenduaren alde ari den Ehunen Deiaren hamar ordezkari joan zarete Parisera. Nola errezibituak izan zarete Barne Ministerioaren bi funtzionarioen aldetik, zer gertatu da zehazki?
Hamar lagun horietarik bakoitzak hitza hartu du Departamendua sortzeko dauden arrazoiak azaltzeko. Funtzionarioen aldetik izan dugun erantzuna bi oinarrietan funtsatua da: lehenik, ez dutela onartzen kriterio etnikoen gainean oinarritzen den Departamendu bat eratzea. Bigarrenik, gure argudioak kokatzen baldin baditugu lurralde antolaketa edo estatuaren herri zerbitzuen mailan, Pirinio Atlantikoak Departamenduaren barnean dauden arazoak konpontzeko posibilitateak badaudela esan digute. Ezarriak dauden estatuen zerbitzuak indartzea; Baionako suprefekturaren indartzea, kasu.

Gauza berria da azken hau?
Ez da gauza berria. Funtzionario horiek ez dute afera ikuspegi politiko batetik tratatu nahi izan. Saiatu izan garenean aspektu teknikoetatik afera lantzen, erakutsi digute ondo baino hobeto dakitela argudioak mahai gainean pausatzen. Bestetik, sartu garenean nortasunaren kapituluan, horiek berentzat ez direla onargarriak esan digute. Esate baterako, bilkuraren hondarrean izan dugu herriaren kontzeptuen gainean eztabaidatze bat. Euskal Herria zer den eztabaidatu dugu. Baita frantses herria eta nazioa zer den. Beraientzat nazio bakarra frantsesa da, noski.

Finean, zer-nolako ondorioa atera duzue Parisera eginiko bidaiaz?
Jabetu izan gara Euskal Departamenduaren afera nola ikusten den Parisetik. Ipar Euskal Herriko biztanleri kopuru tipiak ez du Frantziako masa kritikoaren gainean eragiteko indarrik, ez dela aski. 200.000 lagun ez gara aski 70 milioien gainean eragiteko, eta 12.000 lagun Baionako karriketan manifestatzeak haientzako ez du deus eragiten. Hori da Barne Ministerioaren baitatik sentiarazi digutena. Beraz, gure indar harremanak behar ditugu kualitatiboki indartu. Hori izan da bilkuraren ondotik atera dugun ondorioa.

Ehunen Deiako abertzale ez direnen jarrera nolakoa izan da?
Hortik ondorio interesgarrienetako bat atera da. Abertzaleak ez direnek hauxe esan diete funtzionario hauei: «

Ipar Euskal Herrian nolabaiteko integrazio mugimendua garatzen ari da Hegoaldearekiko. Bihar, euroa erabilgarria izanen da denentzat, eta nahitaez modu mekaniko batez fenomeno ekonomiko berri bat abiatuko da bi lurralde horiek integratzeko eta uztartzeko
». Hori kudeatzeko, ez badago departamendu bat nola eginen den ez dakitela adierazi diete ez abertzaleek. Beraz, abertzaleon jarrera ezagutzen dute, baina abertzale ez diren aldetiko mezua eta jarrera ezagutu dute bertatik bertara. Hots: «

Ez duzue euskal lurraldearentzat egitura administratibo berezko bat sortu nahi, baina kasu. Geroan zer heldu den ez baduzu ikusi nahi, beste molde batez kudeatuko da, eta nork daki zein moldeetan
».

Egun batzuk lehenago korsikarren ordezkaritza Lionel Jospin eta Jean Pierre Chevenementek hartuak izan dira. Euskal ordezkaritza ez ordea.
Iazko urtarrileko Baionako manifestazioan alderdi sozialistako (PS) kide batzuek esan zuten gu separatistak garela eta gure maskarak eroriko zirela denborarekin. Guk erantzun genien esanez, maskarak eroriko zirela baina ez haiek uste zutenak. Aitzitik, Lizarra-Garazik ekarri testuinguru berrian haien maskarak eroriko zirela. Esan genien demokraziaren froga egingo zela testuinguru berri honetan. Eta hori frogatu da urte honetan. Izan ere, Ipar Euskal Herriko gehiengo batek argiki agertu du bere nahia, modu baketsuan pausatu du galde bat, eta hara, ikusi da ez zaiola erantzuten. Aldi berean, beste lurralde batean, Korsikan, bortizkeria erabiltzen da eta horri ematen zaio erantzun positibo bat. «Zuek daukazue erantzuna eta ez guk» adierazi diegu gure bisitan.

Xabi Larralde eta Mixel Intxausperen ikuspuntuak batzen ari omen dira. Intxauspe ez zen bilkura horretara joatearen alde, ordea. Berak aurreratutakoa gertatu da azkenik. Puntu bat irabazi du azeri zaharrak?
Kasu horretan arrazoia zuen. Bat, hitzordua ez baitzen guk eskaturikoa. Eta bi, hitzordua ez zen onargarria antolatu genuen forman. Gomita ez dugu izan modu ofizial batez; gutunen bidez-edo. Telefonoz izan da eta gai-zerrendarik gabe. Testuinguru honetan Intxauspek esan du ez joateko, baina gogorarazi behar zaio Intxausperi, gai horren inguruan Barne Ministerioan izan zen azken bilkura 1982an izan zela. Eta bera joan zela. Baina kontra egiteko. Orain aldarrikapen horren aldeko borrokalari sutsuena agertu nahi badu ere, guk memoria badugu. Historikoki gaitzeko erantzunkizuna baduela dakigu, garaian oztopatu egin duelako Euskal Departamenduaren sorrera guztiz.

Orduan, zuek positiboki baloratu duzue bidaia?
Bai. Guk frogatu nahi izan dugu jarrera ireki batean gaudela. Edozein mobilizaziok fase ezberdinak ditu eta une honetan komunikazio fasean gaude. Honek ez baditu frutuak ekartzen beste fase batera pasatu beharko dugu. Indar harremanen fasea landuko dugu.

Erresistentzia zibilaren aukera nola ikusten duzue?
Gogoeta hori jauzi kualitatibo baten barnean garatu behar da eta ez ohiko ekintzen barnean. Ez da aise ideia konkretuetan sartzea, baina, desobedientzia zibila edo erresistentzia zibilen hitzetan sartzen da ideia. Guk abertzaleok badakigu zer den hori eta azkenaldi honetan presoen inguruan egiten ari diren ekintzak esan nahi dugunaren adibideak dira. Ehunen Deiaren barnean galdera berria da. Posizionamendu jarrera batetik mobilizazio jarrera batera pasa gara. Alabaina, norabide honetan jendeak bere baitan sartzen badu sakoneko injustizia bat gertatzen ari dela, oraino ere mobilizazioak oso urrunera irits daitezkeela uste dugu.

Desobedientzia aipatu duzu. Zein motako desobedientzia?
Esate baterako. Nire eskualdean –Oztibarren– hiruzpalau urtez hiru herri egon dira desobendientzia praktikatzen, estatuak ez zituelako herri horiek mendiko laborantza barnean sailkatu nahi Europatik datozen laguntzak eskuratu ahal izateko. Herri horiek lau urtez intsumituak izan dira eta herri kontseilurik ez da izan denbora horretan. Bozkak izan zirelarik zuri bozkatu zuen herriak; ez zen zerrendarik aurkeztu. Izuran, ene herrian, % 90ak zuri bozkatu zuen. Sekula ez zuen halako portzentaia batek parte hartu hauteskundeetan. Beraz, Ipar Euskal Herrian ere, herriak arazo bat bizi badu sakoneko injustizia bat bezala oso urrun joan daiteke mobilizazio formetan.

Abertzaleen Batasunak nola darama erresistentzia garai batetik, eraikuntza garaira pasatzeko une hau.
Oraingo fase politikoan mugimendua bikoitza da. Gure borroka ardatzak ireki dizkiogu abertzalea ez den jendeari. Eta dinamika honek baditu bere arriskuak, zeren eta parean diren pertsonak beste dinamika eta eskemetan mugitzen dira eta abertzalea ez den beste sektore batekin arituz gure abertzaletasunaren deskafeinatzeko arriskua dago. Baina, bestetik fase gogorrago batean sartzen ari gara. Jende andana berri bat ari da Frantziako Estatuarekin zituen loturak hausten. Jende hau harritua da Departamenduaren aitzinean estatuak hartu duen jarrera gogor eta hertsiagatik. Orain ari dira ulertzen eta ohartzen Frantziako Gobernuak ez digula euskaldunoi gure geroaz erabakitzen uzten, eta hor dago arazoa.
Parisen izan dugun bilkura hauxe argudiatuz bukatu zuten funtzionarioek: «

Euskal Departamenduak ez du zentzurik Pirinio Atlantikoak izanik
». Baina galdera da ea euskaldunek eskubidea dugun gure geroa erabakitzeko ala ez. Beraz, AB gisa lan ildo ugaritan ari gara eta sinergia baldin badugu balio du horretan guztian aritzea koherentzia bat atxikitzen badu. ABren asmoa batetik, hemengo gehiengoarekin bat egitea da. Eta bestalde, eraikuntza nazionalean parte hartzea. Eraikuntza nazionala gure proiektuaren oinarria da. Bi egiteko horiek ez dira kontrajarriak. Batetik, Frantziako Estatuaren partetik zerbait ukaiten entseatzen gara, jakinez ezin dugula gauza handirik espero eta geure bideak urratu behar ditugula. Beraz, gure proiektua eraikuntza nazionalaren barnean ari gara lantzen. Izan ere, Euskal Departamendua guretzat bitarteko bat da.

Bi egiteko horiek garatzerakoan arazoak badaude hala ere. Euskararen aldeko eskaera inguruan esaterako.
Arazo da eta ez da arazo. Ehunen Deian euskararen ofizialtasuna landu da eta horren lekuko da bi hizkuntzetan funtzionatzen dugula. Egia da ABk zailtasunak dituela mezu eta dinamika propio bat garatzeko euskararen ofizialtasunaren inguruan. ABren arazoa da, baina arazo orokorra da ere bai. Gure ustez, ofizialtasunaren kontzeptu hori ez da aski zehaztua. Adibidez, abertzaleoi galdetzen zaigunean zertan datzan arazoa ez dugu erantzun bakarra eta homogeneo bat ematen. Definitu behar dugu legalki ere zertan datzan ofizialtasuna. Eskaera horren inguruan jendea mobilizatzeko lan asko egin behar da oraindik ere. Gainera ABri ez dagokio borroka hori espezifikoki eramatea. ABk bere jarduera maila politiko batean kokatu behar du, dinamika politiko zabal baten barnean. Beraz, euskararen arazoa ez da bakarrik gure zailtasunaren kontua.

ABren proiektua ez al da lan ardatz gehiegitan ari? Eraikuntza nazionala batetik, instituzio mailan bestetik...
Baliteke. Lan horiek guztiak ez badira koherentziaz eramaten eraikuntza nazionalak itotzen ahal gaitu. Baina, aldi berean, eraikuntza nazionalaren ardatzak posibilitate asko ematen du. Etorkizunean Udalbiltzaren bidez gauza konkretuak egiten ahal badira, horren ondorioz gure indarra biderkatzen ahalko dugu. Adibidez, egun Lurralde Eskemaren barnean ikusia da Barnealdeko Ikastolak lagunduak behar direla izan, eta botere frantsesak ez du egiten. Bihar Udalbiltzak hartzen badu bere gain, horrek izanen dituen ondorioak ikaragarriak izan daitezke maila politikoan. Orain mespretxuz aipatzen bada ere, denen ezpainetan dago Udalbiltza. Gaizki eramana bada eraikuntza nazionalak itotzen ahal gaitu, baina berebiziko potentziala ere bada.

Aipatu duzu Lurralde Eskema. Zer pentsatzen dute Barne Ministerioan horretaz?
Gurekin bildu izan diren bi funtzionarioek bazuten gai guztien arrapostuen emaiteko ahalmena, baina mugaz gaindiko aferei buruzkoetan ez. Ohartu gara, frantses egitura administratiboa desegokia dela, eta ez dakitela nola kudeatu arlo hori. Euroa hor dago eta horren erabilerak erraztuko ditu bi aldetako euskal herritarren harremanak eta lurraldetasunak hartuko du funtsa gehiago, eta guk hor izan behar dugu aitzindari. Bizitzaren aspektu askotan eraikuntza nazionala laguntzeko prest behar dugu izan.

ABk arazoak omen ditu tokian tokiko militanteak ondo informatzeko.
Lizarra-Garazi adierazpena zabaltzearekin sakoneko aldaketa bat eman zen. Erresistentziatik eraikuntzara pasa ginen. Hegoalde eta Iparralde eskema gainditzeko lanetan hasi ginen. Bestalde, borroka armatuaren jarduerak beste norabide bat hartu zuen. Aldaketa horien guztien ondotik zaila izan zaie militanteei egoera berrira egokitzea. Udalbiltza nahiz Lizarra-Garaziren inguruan diren desmartxa asko urrun gelditzen dira ABko militante nahiz militante abertzaleentzako, oro har.

Eraikuntza nazionalaren ildoa jorratzeko goiz da Iparraldean agian?
Ez pentsa. Iparraldean eraikuntza nazionalaren dinamikan esperientzia gaitza dugu. Harrotasunik gabe diot. Hemen Garapen Eskema bat dugu antolatua, abertzaleak izan dira gehien bultzatu dutenak. Urte luzetan abertzaleen arteko kalapitak izan dira, eta jende anitz aldendu da alor politikotik. Hauek kalapitetan ibili ordez eraikuntzan engaiatu dira. Izan dadin sindikal nahiz kultur mailan, eta lan horri esker Garapen Eskema delakoa ezarri da martxan. Horren fruitua da Lurralde Antolaketa eskema.
Abertzaleak gizartean politikoki zeramaten lan hori kapitalizatzeko ez gara gai izan ordea. Alarma gorria piztu zen Mixel Intxauspe Departamenduaren alde agertu zelarik. Abertzaleek horren alde alimaleko lana burutu zuten, horren ondorioz berpiztu zen Departamenduaren aldeko aldarrikapen zabala. Eta orain denak ohartu dira, aberzaleak izan edo ez, Garapen Eskema aplikatzeko behar dugula geure egitura bat, berezko instituzio bat, hots, Euskal departamendu bat. Orduan, Lurralde Antolaketaren eskemak izan du ondorio politiko bat, baina abertzaleak ez gara gai izan berauek kapitalizatzeko.

Azkenik, Eki-Baionako hauteskundei buruzko bilana edo balorazioa.
Bozken emaitzetan baino abertzaleek eskuintiar eta sozialista hautagaiengan izaniko eragina ikusi behar da. Bigarren itzulian ez dugu hautagai sozialista sustengatu bere jarrera ez zelako argia presoen egoerari buruz. Philippe Casenave ez da hautatua izan. Egun hauetan presoen alde burutzen ari den baraualdian zenbait politikari agertu da; Philippe Casenave hautagai sozialista horien artean. Zergatik? Bozketan ez zuen publikoki agertu nahi bere sustengua; orain etorri da interesatzera. Alderdi sozialistako kide bat interesatzea gauza berria da, baita bozkak irabazi zituen Jean Rene Etxegarai hautetsi berria ere. Lehenaldia da Paueko hautetsi bat presoen egoeraz interesatzen dena

POLITIKAREN BIZIGARRI BERRIA
POLITIKAREN BIZIGARRI BERRIA
Oztibarre eskualdeko 29 urteko izuratar hau belaunaldi berriko militante bizi-bizia da. ABko eleduna izan da azken urteotan, eta Ehunen Deiako partaideetako kiderik gazteena dugu orain. Ekonomia eta industrian lizentziatua da. Ikastetxe batean lanean ari da eta Sei kooperatibako ekoizpenaz tesia burutzen dihardu –beta gutxi du horretarako, alta–. Barnealdean hazia, hirian hezia, abertzaletasunak politikarako duen bizigarri berria.


Azkenak
2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


Emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta egoiliar bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Eguneraketa berriak daude