TXAPELKETAREN ZERTZELADAK: BROTXA LODIZ LAU INPRESIO


SALDA BADAGO.

Aurtengo txapelketak oholtza gaineko saioen seriotasuna hankaz gora jartzen duen beste ukitu bat ere izan du. Batez ere lehen fasean igarri da, afalostean lehiatu baitziren taldeak. Giroa pilpilean eta barrua berotuta, entzule askok ezin izan zion tentaldiari eutsi, eta espontaneoek ere tokia hartu zuten. Zarauzko kasua horren adibide, bertso eta kantu zaharrak kantari itxaron zioten mahaikideek beste saio batetik berandu iritsi zen bertsolariari. Egin zuten Zarautz-Zarautzen aurkako derbia, eta entrenatzaile lanetan ibilitako bi gaijartzaileek bukatu zuten saioa, behin berotuta beraiek ere jokoan sartzea erabaki baitzuten. Hernanin ere, argazkian ageri den gizonak bere trebezia erakusteko aukera izan zuen, publiko artetik eta entxufatu gabeko mikrofonotik aritu bazen ere.


OBSESO BERTSUALAK.

Batzurena jada gaisotasuna da. Ahoz aho transmititzen dute sindromea. Obseso bertsualak dira. Ikusi ditugu autobusetan iristen bere herria animatzera. Pankartak eskegitzen dituzte. Apustuak ere jokatu dituzte talde baten edo bestearen alde eta kuttunenak bakandu ahala txaketaz aldatu eta beste bandoetara afiliatu dira. Erniope taldeko kide batek dioenez, «

haseran taldea bakarrik ginen Erniope, eta orain mundu guztia Erniope da
». Lehiaren morbora beti inguratzen da jendea, nola putreak haragi ustelera. Burrunban abiatu dira desafioa zegoen tokira: gaurdaino bertsozaleak izan gabe askok saio ugari tragatu du laguna animatu beharrez. Beste batzuren kasuan esperimentuak ez du arrakastarik izan eta saltsan sartu gabe lo hartu dutenak badira. Lehendik bertsoari bizioa ziotenentzat aldiz, sekulako pagotxa izan da, hainbat bertsolari-jenero ezberdin gozatzeko aukera izan baitute ia asteburuero. Lehen faseko bertso afarietan ehun, ehun eta berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren herri bakoitzean. «Petit comité» bihurtu ziren saioak, lagunartean aritzeko politak. Ondoren aretoetara egin zuen jauzi txapelketak eta espero baino askoz entzule gutxiago inguratu zen. Baina kanporaketak aurrera joan ahala txapelketak irabazi duen ikusminarekin eta egindako publizitate lanari esker, berriro aretoak bete dira. Batipat gero eta gorago geratzen ari ziren herrietako zaletuz. Baina badira entzule batzuk, berdin zaienak zein saio den edo nork abesten duen. Publikoko aurpegi berrien artean izkutatzen dira betiko bertso-edozer-jaleen karikaturak. Bertso onekin oiloazala loratzen zaie. Goimailako kalitateko dosi txiki hori zainetaraino iritsi, eta puntu goren horretan zutitzen direnak ere badira, ikus argazkia.


ANTOLAKETA AUTOLAKET.

Oholtzako fokopean bertsolarien jarduna da ikusten dena, baina hori ez da icebergaren gailurra baizik. Horren azpian antolakuntza oso bat dago, beti itzalpean geratu harren goiari eusten diona. Aurtengo txapelketak herri osora zabaldu du porteadore lana, Unai Agirre sherpa zutela. Talde bakoitzaren esku geratu da, lehen fasean batez ere, herri horretan jokatuko zen kanporaketaren antolaketa ardura osoa. Batzuk euren bizkar hartu dute gaiak jarri eta ideiak biltzeko zama. Gaijartzaile gehienak berriak izan dira, eta lehen inpresioan gehien arritu dituena uste baino lan zailagoa dela izan da. Erniopeko gaijartzailetako bat den Urtzi Basterrikak zioenez «

Ikusle garen aldetik zer gai jarri jakiten dugu, baina nola jarri ikasi dugu
». Besteek epaileen pisua hartu dute beregain. Saioak iragarri eta kartelak pegatzeko lan likatsua ere egin dute beste batzuk. Afaria prestatu eta zerbitzen zikindu eta busti dira asko. Megafonia jarri eta frogatzen karaokea deskubritu du zenbaitek. Eta argazkiak ateratzeko, zein saioak kasetez eta bideoz grabatzeko begiak erne izan dituzte besteek. Honek balio izan du jende berria bertso mundura ekartzeko, eta bertso munduko jendea beste saltsatan aritzeko.


GENERAZIO KOKTAILA.

Erreserbakoa eta urteko ardoaren nahasketak aho zapore gozoa utzi du. Berreskuratu dira bodegatik jendartera urtetan atera gabeko jeneroak. Txapelketetan ateratzeari utzi zioten Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Jon Sarasua... eta bertsosaioetan kantatzeari berari utzitako Anatx, Olalde, Aizpurua, Goikolea... Bestalde, lehen aldiz Gipuzkoako txapelketara merkaturatu diren elementuak ere ezagun egin dira. Horien artean daude Mantxi, Julen, Imanol eta Nahikari zarauztarrak. Baita Azpeitiako Jokin edo Leire ere. Eta lehen saioa txapelketan egitera ausartu dira beste batzuk. Hala nola Hernaniko Ibon Miner edo Aretxabaletako Kike Dapena. Jauzi hau nekez emango zuten taldearen segurtasun sarea azpian izan ez balute. Honek kualitate ezberdinetako karta zabaldu du. Estilo gozoa, landua, zuria, gorria, zaharra, ozpindua, lehorra, punta puntakoa, merkezurrekoa... dastatu ahal izan dugu.


LIDERRAK PELOTOIAREN BILA.

Bertsolaritzaren osasunari txapelketak ekarri dion onurarik handiena dake. Herri bakoitzean bertsoaren munduan orbitan zebiltzan izar eta asteroideak batu ditu. Talde bakoitzean bildu dira gaijartzaile bana (gutxienez), epaile bana eta hiru bertsolari (gutxienez). Horiez gain, taldeko argazkian kabitzen ez diren botilero asko egon dira: zaletuak, elkarteetako sukaldariak... Entrenamentuak ez dira txantxetakoak izan: astero pare bat aldiz bildu dira talde gehienak. Normalki afaritan beroketak egin, eta ondoren jarri dute bere burua martxan. Gaijartzaileak izan dituzte manager, entrenamenduak zuzendu eta lana aginduz. Lehiaren aurreko egunetan irteera bat eginaz konzentratu direnak badira, edo txapelketarako entrenatzeko txapelketak antolatu dituztenak erebai. Hau guztia ez da kanpora begira ikusten, aldageletan geratzen da. Hala ere taldelanak ekarritako jokaldi polit batzuk ikusi ditugu txapelketan: Hernaniko Txisplau taldeak agurrak aprobetxatzen zituen erdi imno bihurtu zuen bere taldeko estrofatxoa botatzeko. Zarauzko taldeak berriz, gai bati talde osoak kantatu behar izan zion lehen kanporaketan, eta hiru taldekideek beti bukaera berarekin bota zituzten bertsoak: «limosnatxo bat eskatutzen det /jainkoaren izenian.» Saioari originaltasun handia eman zion, eta taldeari batasun irudia.
Gaur arte bertsolari askok ez du herri bereko beste bertsolari eta zaleekin harreman askorik izan. Eta txapelketak batu eta elkarlanean jarri ditu. Hargatik, sortutako lagunarte giro hau da partehartzaile askok txapelketaz gorde duena.
F. Irazustabarrena gaijartzailea
Zergatik hartu dute parte talde bakoitzak hautatutako epaileek?
Txapelketaren filosofiari jarraituz, pentsatu zen bertsolariez gain txapelketako beste multzoak ere bultza behar zirela, eta herri bakoitzetik epaile bat sartu da. Talde iraunkorreko partaideak berriz aspaldi zebiltzan lanean, baina talde gisa oraintxe sendotu da.

Nola trebatu dira epaile berriak?
Hasieratik garbi genuen denekin ezin izango zela ikastaro osorik egin, asko zirelako. Zeukaten bertso ezagutza zeukaten, eta horrekin erantzun beharko zioten bere lanari. Egin duguna izan da egin behar duten lanaz konsziente izaten saiatzea, eta bere lanak duen garrantzia zentratzea... Beste zati bat mekanika azaltzea izan da. Badago irizpide txosten bat, hori zabaldu, eta irizpide horien dudak argitu ditugu.

Zein da zure balorazioa?
Positiboa da hasieran markatu ziren helburuak betetzen direlako: jende berriak epaitzen du... Praktikan zuzen egin duten edo ez, subjetiboa da. Nik uste dut orokorrean jendeak konszienteki eta serio lan egin duela. Orain, asmatu duten edo ez, betiko eztabaida da, bai herrietako epaileen lana juzgatzerakoan, bai iraunkorrena...

Aurrera begira zer ekar lezake?
Epaileen eskaera ez da ikaragarria, txapelketetan bakarrik behar baitira. Baina badago asmoa talde iraunkor xamar bat sortzekoa, eskaerei erantzuteko, gaztetxoen txapelketarako eta abar

Saroi Jauregi Gai jartzailea
Nolaz sartu zara gai-jartzaile?
Ni kasualitatez sartu nintzen. Herriko bertso afari batzutan jarri izan ditut gaiak eta aurkeztu ere bai, baina bestela lehenengo aldia izan da. Zaldibiko taldean Altzo Txiki ibili zen antolatzaile eta esan zidan gaiak jarri eta aurkezteko norbait behar zutela eta nigan pentsatu zutela. Gaiak bion artean elkartu eta aurkezpena moldatu genuen.

Nola moldatu dituzue gaiak?
Gai jartzaile talde iraunkor bat dago eta gero talde ezberdinetakoak biltzen ginen haiekin. Denen artean aportazioak bildu eta erredaktatzen joan gara saioz-saio, baina ardura gehienbat gure esku egon da.

Zer nolako esperientzia izan da, lehen aldia izateko?
Esperientzia ona izan da, urduritasun pixka bat ere sortu dit, baina nik uste polita izan dela. Esperientzia gustatu zait eta jarraitzeko asmoa ere badut, baina espero dut lasaiago hartzea, zeren eta bi hilabetetan, inoiz azaldu ez eta bat-batean Azpeitiako finala aurkeztu beharra...

Zozoak beleari zuri

Txapelketa honetan hiru belaunaldi mikrofono beretik aritu dira kantari. Hasiera batean zahar eta gazteak ondo uztartuko ziren kezka izan arren, denak eroso sentitu dira elkarrekin taldean zein saioetan.
Txomin Garmendia:
«

Txapelketak eman duena da gaztediak jende aurrera azaltzeko egokiera, jendeak eta herriak ezagutzea. Nik, adibidez, Andoni Egaña nola ez nuen bada ezagutuko, baina bere lagunak ez nituen ezagutzen, eta beste gazte askorekin horixe gertatu zait. Hori alderdi on bat da. Hain partaide ugariko txapelketarik ez da behin ere izan, nire gogoan behintzat. Gazteria ezagutzeko izan da batipat, baina badirudi txapelketa honi esker zaharron izena ere komunikabide guztietan dabilela
».
Ainhoa Agirreazaldegi:
«

Esperientzia dutenekin aritzeak ilusioa egiten du. Haien ondoan kantuan ari garenean gazteok ere hazi egiten gara, eta ikasteko aukera ona da. Gainera afaritan edo hizketan kontatzen dituzten kontuak ere beti dira aberasgarri
».
Aitor Usandizaga:
«

Aukera eder bat izan da elkarrekin bildu eta geure giroan kantatzeko. Hasieran planteatu zen bezala gazteei aukera eman zaiela egia da, baina behin aurrera iritsita konpromiso handia dela iruditzen zait
».
J.M Irazu:
«

Gozatu ederra hartu dut, formula oso polita iruditzen zaidalako, lortu diren harremanak eta giroa ederrak izan direlako, eta erakutsi duelako ez duela beste inongo txapelketaren inbidiarik
».
Iñigo Manzisidor «Mantxi»:
«

Plazaz plaza ez gabiltzan gazteak orain arte ibili gara aukera bat eskatzen konsagratuekin kantatzeko, jendeak kontuan hartuko dituen saio eta egoera batzutan kantatzeko. Txapelketaren formula horrek eman digun laguntza hain zuzen eskatzen ari ginen hori izan da
».
Andoni Egaña:
«

Disfrutatu egin dut, batez ere entrenatzen eta gazteekin
».


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude