Duela 25 urteko udazkenean, 1974an, sortu zen LAB sindikatua. Gallartan, Ezkerraldearen bihotzean. Hain zuzen ere, iragan mendean Euskal Herriko langile mugimendua sortu zen ingurune berean, meatzarien artean –horietako gehienak Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetatik etorriak–. Bertan, betidanik, alderdi politiko eta sindikatu estatalistek –PSOE, PCE, UGT, CCOO– izan dute gehiengoa. Ordura arte, mugimendu abertzalea ez zen ia ageri ere egiten inguru horretan. ELA bezalako sindikatu historikoak berak ere ez zuen inolako indarrik bertan. Hantxe sortu zen LAB, euskal langile mugimenduan izan behar zuen zeregin garrantzitsuaz jabeturik.
Ziurraski, garai hartan, ez zuen pentsatu ere egingo gaur egunera bitartean izan duen garapena eta bilakaera. Bistan da –azken hauteskunde sindikaletako datuei erreparatzea besterik ez dago– bera izan dela gehien hazi den sindikatua, afiliazio nahiz ordezkaritzan. Egunetik egunera gora ari da egiten, gaur egun CCOO eta UGT gaindituz nazio mailan. Euskal Herrian indar gehien duen ELA sindikatuarekin batera, erabateko gehiengoa osatzen du. Klase ikuspegiarekin eta nazio ikuspegiarekin sortu zen. Hain zuzen ere, bere bi ezaugarri horien ondorioz izan dira bere ibilbidean zehar krisialdiak, batzuetan bat eta besteetan bestea gehiago bultzatzeagatik. Gaur egun desagerturik dagoen Euskadiko Ezkerra (EE) esparru politikoan sartu izanak –HB sortu aurretik– asko baldintzatu zuen LAB sindikatuaren lehen urteetako ibilbidea.
INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA.
Urteurren hau dela-eta, sindikatu abertzaleak hainbat ekitaldi antolatu du azken asteotan, Iruñean hasiz eta gainerako herrialdeetara zabalduz. Lehen ekitaldi publikoan, besteak beste, Jon Idigoras (LABen sortzailetakoa), gaur egungo idazkari nagusi Rafa Diez Usabiaga, ELAko idazkari nagusi Jose Elorrieta eta Euskal Herritarrokeko bozeramaile Arnaldo Otegi egon ziren.
Gaur egun, sortu zenetik 25 urte igaro ondoren, LABek «Independentzia eta Sozialismoa» aldarrikatuz jarraitzen du, Gallartako frontoian sortu zeneko nortasun ezaugarriei eutsiz. Hala adierazten du bere 5. Biltzarrerako kartelaren leloak. Kartelaren atzealdeko kolore gorriak eta gora begira dagoen geziak ikurrin erdia islatzen dute. Gainera, LABen adierazgarri diren ikus-osagaiak dauzka. Geziak, arduradunen hitzetan, aurrera eta etengabeko hazkundean doan sindikatua irudikatzen du; ikurrina erdiak sindikatu honen izaera nazionala; eta hondo gorriak bere nortasun ezkertiarra, gizarte eredu zehatz baten aldekoa.
Sindikatu honek emandako urrats garrantzitsuenetakoa, inolako zalantzarik gabe, duela urte batzuk, 1995ean, ELA sindikatuarekin sinatutako akordioa izan zen, guztiz erabakigarria gertatu baita Euskal Herriak bizi duen prozesu politikoari ateak zabaltzeko. Urrats horrek esparru politikoan izan duen eraginaz gainera, aipatzekoa da arlo sindikalean izan duen garrantzia, elkarren «aurkako» sindikatuak izatetik elkarren lankide izatera igaro baitira Euskal Herriko eraikuntza sozial eta nazionalean. Lan-harremanetarako euskal esparru berria ahalbidetuko duen esparru juridiko-politiko berriaren aldarrikapena izan da ekintza sindikal bateratuaren ardatz nagusietakoa.
Testuinguru honetan kokatu behar dira Diez Usabiagak sindikatuaren 25. urteurrenaren ospakizuna dela-eta egin adierazpenak, hots, LAB etorkizunari begira dagoela eta sindikatu abertzaleak gainerako sindikatuekin bat eginda borrokan jarraituko duela «
Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren alde». Baina urrutirago ere joan zen. Bere sindikalgintza soziopolitikoaren ikuspegitik, garbi adierazi zuen sindikatuek, garai historiko honetan, ezin dutela besterik gabe alderdi politikoekin batera joate hutsean geratu. Sindikatuek zuzendaritza politikoan eta prozesu politikoaren aginte gelan egon behar dutela aldarrikatu zuen Rafa Diezek, «
horixe delako gaur egungo geldialdi egoera honen arrazoietako bat». Diez Usabiagaren gogoeta hauetatik egun batzuetara ETAk su-etenaren amaiera iragarri zuen
50 urte beteko ditu Sindikatu Libreen Nazioarteko Konfederakuntzak
ELAk ere urteurrena ospatu du abendu honetan. 50 urte bete dira Sindikatu Libreen Nazioarteko Konfederakuntza (CISL) eratu zenetik, eta ELA haren kide eratzaileetako bat izan zen. Gaur egun, nazioarteko erakunde sindikal indartsuena da. 213 konfederazio sindikaletan bildurik, 143 herrialdetako 124 milioi langile ingururen ordezkaritza du. Indar horri esker, batzutan burokrazia sindikal handi bat sor badezake ere, leku garrantzitsua betetzen du mundu mailako negoziazioetan. Elkarrizketetarako ordezkari esanahitsua da hainbat nazioarteko erakunderen aurrean; esaterako, Munduko Bankua, Nazioarteko Moneta Fondoa, Merkataritzaren Munduko Erakundea edo Europako erakundeen aurrean.
CISLek, 2000. urtean, bere 17. Mundu Biltzarra burutuko du Hego Afrikan. Bere 50. urteurrena ospatuko du eta, batez ere, lan arloak munduan duen egoera aztertuko. Eguneratutako sindikalgintza batetik abiatuz, antolakuntzaren bidez langileen premiei erantzun bat ematen saiatuko dira.
CISL 1949an sortu zen Londresen. Une hartan 178 ordezkari eta 68 behatzaile bildu zituen, 53 herrialdetako 48 milioi langile ordezkatuz. Konfederakuntza honen sorrerak zerikusi handia du Gerra Hotzaren hasierarekin. Munduko sindikalgintzaren batasunarekin egiten zen amets. Nolanahi ere, ametsak ez zuen asko iraun. II. Mundu Gerraren ondoren, Munduko Sindikatuen Federazioa (FSM) sortu zen 1945ean, mundu guztiko langileak bilduz. Baina Europa eta ia munduko gainerako herrialde guztiak bi bloketan zatitu ziren, eta nazioarteko sindikalgintza ere zatitu egin zen. Horrela, FSM batez ere ekialdeko blokean mantendu zen, eta CISL eratu zen.
Nazioarte mailako erakunde sindikal honek, sortu zen une beretik, aniztasun handia izan du bere baitan, bai bertan afiliaturiko erakunde sindikalei dagokienez, bai horien ideologiari dagokionez. Zenbaitetan, CISL erakunde antikomunista huts bezala agertu izan da komunikabideetan, eta batzuk «horia» izatea ere leporatu izan diote. Baina, bere lehen biltzar eratzaileko ebazpenak irakurtzen baditugu, garbi ageri da askatasunaren erabateko aldarrikapena egiten zuela zentzu guztietan: adierazpen askatasuna, pentsamendu askatasuna, elkartzeko askatasuna, sindikatu libreak. Halaber, oso nabarmena da «totalitarismo eta eraso guztien aurka, zapalkuntza-erregimen guztien aurka...» duen jarrera. Eta beti aritu izan da gizarte justiziaren, gizarte segurantzaren eta herri guztiek independentzia nazionalerako duten eskubidearen alde.
CISLek izan duen zabalkundea handia izan da. Berau Hirugarren Munduko sindikatuetarantz hasi zen, gero azaleratzen zihoazen herrialdeetako sindikatuetarantz eta, 1989. urtearen ondoren, Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetako sindikatuetarantz. Erakunde sindikal hau mundu mailako erakunde bihurtu da, eta bere zeregina ekonomiaren globalizazioak, kanpo-zorrak, langabeziak, ezegonkortasunak, multinazionalen jarduerek eta Munduko Bankua edo Munduko Moneta Fondoa bezalako boteregune indartsuek nazioen politikan duten eraginak langileriarengan dituzten ondorioei aurre egitea da.
Gaur egun Bill Jordan da CISLen lehendakaria, eta erakundearen 50 urteen balantzea egiterakoan, bi alderdi nabarmendu ditu: erakunde sindikalaren eraketa eragin zuten oinarrizko irizpideekiko konpromisoaren tinkotasuna eta etengabean aldatzen ari den munduari aurre hartu eta egokitzen asmatzeko gaitasuna
5. Biltzarra apirilean Donostian
LAB sindikatu abertzaleak dagoeneko iragarria du bere 5. Biltzarra: 2000. urteko apirilaren 7 eta 8an burutuko da Donostian. Arduradunek adierazi dutenez, biltzarraren helburu nagusia Euskal Herriko eraikuntza nazionalean eta sozialean sakontzea izango da.
Hiru ponentzia aurkeztuko dira, guztiak ere demokrazia eta subiranotasun mailako eszenatoki berri batean kokaturik. Eraikuntza nazionalak «
herri honetan bizi garen guzti-guztion zerbitzura» egon behar duela diote. Nahiz eta eszenatoki politikoa globalizatua eta elkarren menpekoa dela onartu, ponentziak independentziaren eta Euskal Estatu baten alde egiten du. Diez Usabiagaren ustez, gainerako Estatuen antzeko Euskal Estatu baten aldarrikapena baliabide aktibo bat da gizartearen aldaketa eta kohesiorako, herrien arteko klase-elkartasunerako eta demokrazia politikoan sakontzeko.
Jarduera sindikalaren ponentziak subiranotasun esparru baten eraikuntzarako zein ekintza den beharrezkoa azaltzen du, baita euskal gizarte berri baten alde gizarte eredu alternatiboa eraikitzeko burutu beharreko ekintzak ere. Diez Usabiagaren iritziz, gizarte berri baten oinarriak jartzeko hiru ardatz behar dira: lanaren eta aberastasunaren banaketa, 35 orduen ezarpena helburutzat hartuz, lanaren ezegonkortasunaren aurkako borroka eta gizarte soldataren lorpena. Azkenik, antolamenduari dagokion ponentziak aldaketa garrantzitsuak aurkezten ditu, sektore eta lurraldekako jardueraren arteko bategitea bultzatu nahian, eskualdetako egiturei garrantzi handiagoa emanez