argia.eus
INPRIMATU
ZURRUNGAREN ARAZOAK
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 21a
Zurrunga ez da aldamenean lo egiten duenarentzat zerbait gogaikarria bakarrik; azken ikerketa batek dioenez 45 urtetik gorako lau biztanletatik batentzat arazo sozial bilakatu da Espainian. Senar-emazteen –edo bikotekideen– bizimodua nahasten du eta, okerragoa dena, loaldian trastornoak ekarri ohi ditu. Horien ondorioz laneko errendimendua gutxitzen da edota trafikoko istripuak gerta daitezke.
Duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, aztertutako zirkulazioko istripuetan parte hartutako pertsonen artean, lautik batek obstrukzioko apnea bat jasan zuen, alegia garuneko behar ez bezalako oxigenazioa eragiten duen arnasketaren arazo bat. Ondorioz, garunak ez du behar adina deskantsatzen. Eta gaur egungo kalkuluen arabera, zurrunga egiten duten 45 urtetik gorako pertsonetan, % 5etik % 10era bitartean dira obstrukzioko apnea hau jasaten dutenak.
Adituek ondorengo gomendio hauek ematen dituzte loaldiaren higienea egokia izan dadin: ez edan alkoholik, ezta kafeinarik ere, ez erre, ez ikusi telebistarik oheratu aurretik eta ez joan ohera afaldu eta berehala. Bestetik, gutxiago zurrunga egiteko, erlaxatzea gomendatzen dute espezialistek eta hori norberaren gustuen arabera lortuko da noski, baina bainu epel bat hartzea edo liburu on bat irakurtzea bide egokiak izan daitezke