HIZKUNTZA BIZIBERRITZEKO PLANAK, LANAK... ETA ZAMAK

Egia da Unamunoren aholkua ez dugula jarraitu: ez dugu euskara ohore guztiekin ehortzi. Baina azken urteotan burututako inkesta eta neurketek ondorio garbia izan dute: euskararen biziraupena ez dago ziurtatua.
Urteetan euskara sustatzeko abian jarritako egitasmoak ugari eta anitzak izan badira ere, 90eko hamarkada amaiera honetan ahaleginak bateratu eta normalizazioaren oinarriak ezartzearen aldeko apustua egin da. Eusko Jaurlaritzak 1998ko udan amaitu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.
1996. urteko uztailaren 17an Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordea eraberritu zuen eta egun horretan bertan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia proposatu zezan eskatu zitzaion. Bi urteren buruan, 1998ko ekainaren 24an onartu zuen plan hau Batzordeak, uztailaren amaieran Eusko Jaurlaritzak eta irailean Legebiltzarrean tramitatu zen. «Hizkuntza politika egiten diharduten herri aginteei euren jarduna bideratzen lagunduko dien oinarrizko tresna» da Biziberritzeko Plana, testu horretan bertan zehazten denez. Horretarako hiru ardatz aztertu eta beste hainbeste helburu estrategiko finkatu zituen Euskararen Aholku Batzordeak.


BIZIBERRITZEKO ARDATZAK.

Batetik, euskara ondorengoetaratzea dago, hots, belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe hizkuntza geroratzea. Atal honetan irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea eta familia bidezko jarraipena landu dituzte.
Bigarren esparrua euskararen erabilerari dagokio eta euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza bultzatu nahi dira horretarako. Honen barruan administrazioa, gune euskaldunenetako egoera, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, enpresa mundua, aisia, kirola eta erlijioa izan dituzte aztergai.
Azkenik, euskararen elikadura da sustatu beharreko hirugarren helburu estrategikoa. Euskarazko kalitatezko sorkuntza bultzatu eta babestu behar da, batetik eta, gero, produkzio hori kontsumitua izan dadin, informazioa, motibazioa eta inplikazioa ere kontuan hartzekoak dira. Horretarako Corpus plangintza eta hizkuntzaren kalitatea, prentsa idatzia, liburugintza, irratia, telebista, publizitatea eta kulturgintza izan dituzte gogoan.
Aipatutako alor guztietan euskarak dituen indarguneak eta ahuleziak aztertu zituen EABak, ondoren, bakoitzaren inguruan, datozen hamarkadan aplikatuko lirateken proposamen zehatzak finkatzeko –horiek guztiak 16 eta 17. orrialdeetako taulan daude zehazturik–.
Plangintza gauzatzeko eskueran dauden giza eta diru baliabideak ere kontuan hartzekoak dira. Zentzu honetan Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordeak eginiko azterketak, baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta koordinazioa hobetzeko, ahaleginak areagotu beharra dagoela erakutsi zuen. Itzulpen politika, administrazioko hizkuntza irizpideak, funtzionarioen euskalduntze-alfabetatzea, sustapen egitarauak eta hizkuntzaren industriak dira, baliabideei dagokienez, hobetu beharreko alorrak. Azterketa horrek beste ondorio garbi bat ere utzi zuen agerian: plangintzaren helburuak gauzatzeko ezinbestekoa dela baliabideei probetxua atera ez ezik, horiek, urtez urte, haztea. Eta aurtengo aurrekontuen proiektuan bere isla izan du behar horrek. Kopurua oraindik onartzeke izanik ere, hizkuntza politikarako aurrekontuak % 25 egin du gora –1998ko 3.351 milioi pezetatik (134 milioi libera) 2000ko 4.174 milioira pasa da–.


EAB BERRIA.

Planaren aplikazioaren bideragarritasuna gogoan beti ere eta azken hauteskundeek toki batzuetan ordezkari politiko berriak ekarri dituztela gogoan izanik, iragan urriaren 14an Euskararen Aholku Batzordearen berrikuntza gauzatu zen. Ekimenari jarraipena eman nahian aurreko Batzordeko hainbat kidek Batzorde berrian ere jardungo du. Aldaketa nabarmenena, aldiz, gizarte partaidetzan eman da. Aurreko Batzordeak 25 kide bazituen, orain gizarte ordezkaritza 38 lagunera igo da eta horrek, Josune Ariztondo sailburuordearen aburuz, mesede egingo dio erabilpenari, berau sustatzeak zerikusi zuzena baitu gizarte sektore batzuen konpromisoarekin. 38 horiei 14 ordezkari politikoak gehiturik, orotara 52 kidek osatzen du orain EAB. Eta ez du eginkizun makala izango: aurreko Batzordeak proposatutakoa abian jartzea. Euskal kulturaren baitako pertsona esanguratsuak dira batzorde-atal desberdinetako buru; Euskararen Geroratzearen Jarraipenerako Batzorde-ataleko buru Erramun Osa AEKko arduraduna izendatu dute, Kulturgintzaren eta Komunikabideen Jarraipenerako Batzorde-atalean Joserra Garzia eta Batzorde-atal Iraunkorraren buruan Aintzane Ibarzabal eta Filipe Goietxe daude.
Oraingoz eta urtebeteko epean, lau dira EABaren egiteko nagusiak: batetik, Planarekiko adostasunaren zabalpenean ahaleginak egin beharko dituzte; bigarrenik, Planaren komunikazioa ere izango dute xede eta horretarako lan ildoak finkatu dituzte –batetik, zabalkunde orokorra egingo da argitalpena bidaliz, aurkezpen, hitzaldi eta agerraldien bitartez eta komunikabideei eskainitako elkarrizketa eta iritzi artikuloen bitartez eta bestetik jardun esparru eta agente jakinekin zabalkunde berezitua burutuko da–; hirugarrenik, Planaren proposamenen garapena bera bultzatuko da; azkenik, garapenaren jarraipena egingo dute eta jarraipen hori sistematizatzeko dagoeneko fitxa eredu bat osaturik dago.
Esan beharra dago plangintza estrategikoaren garapenean eragina izan dutela iaztik hona esparru politikoan gertatutako aldaketek. Ariztondok EAB berriaren aurkezpenean esandakoaren arabera Plana onartu zenetik hona, «

erakunde askotxo eratu dira eta horren ondorioz erakundeen arteko koordinaketa geldirik geratu da
». Eusko Jaurlaritzaren barruan ekimena aurreratuagoa dago eta aplikatuko diren lehen programak prest dituzte.


BABES POLITIKOA.

1999-2002 legegintzaldirako Jaurlaritza osatzeko EAJk eta EAk sinatutako koalizio akordioan euskararen normalizaziorako proposamenak zehaztu ziren. Biziberritzeko Planaren garapena helburu nagusi izanik, oinarrizko bost jarduera finkatu zituzten: transmisioa, zerbitzu publikoen euskalduntze prozesua, lan-munduko erabilera, informazioa teknologia berriak eta Nafarroa eta Iparraldeko erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza.
Bestalde, EAJ, EA eta EHk Legebiltzarrean lankidetzan jarduteko oinarrien akordioan ere hiru alderdiok «bat datoz arlo horretan –euskara eta kultura arloan– Jaurlaritzako instituzioek egindako diagnostikoaz, eta gai horren inguruan Euskararen Aholku Batzordearen baitan mahairatu diren ponentziak berresten dituzte». Hemen ere bost ardatz proposatu ziren gobernu berriaren euskara sustatzeko jardueran: osasun administrazioko langileak euskalduntzeko plana, Justizia administrazioko langileak euskalduntzeko plana, unibertsitateko normalizazioa lortzeko administrazio ekintzak, Euskara Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legea eta Administrazio orokorra euskalduntzeko planak nola garatzen diren aztertzea.
Aipatutako hiru alderdiez gain, gainerako instituzioetan gobernatzen ari diren alderdi politikoei ere Plana indarrean jartzeko moduari buruzko ekarriak eskatu dizkiete eta horien zain daude plangintzan txertatzen joateko.
Izan ere, Planean bertan aipatzen den bezala, malgutasuna behar du horrelako plangintza batek. Ez da testu itxi eta aldaezina eta ekarpenak beharrezkotzat jotzen dira eta ez soilik erakunde eta alderdi politikoetatik etor daitezkeen ekarpenak. Normalizaziorako diseinu bateratua egiteko ahaleginaren emaitza da Plana, gainerako ekimen sektorialen ardatz eta oinarri moduan sortua eta beste plan orokorrekiko osagarri.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren eta Kontseiluaren Plan Estrategikoaren arteko osagarritasuna joan den martxoaren 9an geratu zen bermatua. Josune Ariztondo sailburuordeak eta Paulo Agirre orduan Kontseiluko lehendakari zenak egun hartan sinatutako konbenioaren arabera «Plan Estrategikoaren oinarria Eusko Jaurlaritzak onartu berria duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izango da».


KONTSEILUAREN PLANA.

Euskalgintzako erakunde eta enpresak biltzen dituen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abian jarritako Plan Estrategikoa hirugarren fasean sartu zen azaroaren 22an. Kontseilua normalizazio prozesuan aldaketa kualitatibo bat, azkartze bat lortzeko sortu zen eta horretarako gizarteko agenteak zein agente politikoak egin dezaketena egin dezaten eragitea du helburu. Kontseiluak, bere estrategia finkatzeko orduan, garrantzi handia eman dio gogoetari. Euren ustez, gizarte eragile batek euskararen normalizaziorako egin dezakeen guztia egiteko, eragileak berak hausnartu eta erabaki behar du zer egin behar den. Joxe Jabier Iñigo Kontseiluko plangintzaburuaren hitzetan, «

horrela jabetuko baitira dagoen premiaz eta horrela ikusiko baitute ekintzak barrutik egin behar direla, ez direla kanpotik etorriko eta beraiek izan behar dutela prozesuko sujetu protagonistak
».
Eta ildo horretan eraiki dute Plan Estrategikoa. «Bai Euskarari» kanpainako estadioen apustua izan zen lehen pausoa, eragile sozialak gizarteak euskara bultzatzen zuela ikus zezan. Ondoren etorri zen finantziazioa «lan ordu bat euskararen alde» kanpainaren bitartez –181 milioi pezeta jaso ziren, esperotakoaren hirukoitza–. Tarte horretan 22 eragile sozial bildu zituzten, geroago horien bitartez sarea zabaltzen joan zedin. 300 bat eragile biltzea zuten gogoan eta 700ek sinatu dute maiatzean «Bai Euskarari» akordioa. Eragile horiek guztiek, 23 sektore desberdinetan banatuta –unibertsitatea, formazioa, prentsa, kirol federazioak, osasuna, lan mundua...– euskararen egoeraren diagnostikoa, lehenik, eta helburuei buruzko gogoeta, bigarrenik, burutu zuten iragan udan.
Orain arteko balantze baikorra egin du Kontseiluak baina, jakin badaki oraindik urrats garrantzitsuena ez dela eman. Azaroaren 22an abiatu zen fasean bakoitzak aplikatu beharreko ildo estrategiko eta ekintza konkretuak adostu beharko dituzte eta «

horretan asmatzea, proposamen txukunak egitea funtsezkoa izango da
» Iñigoren aburuz. Egunotan bileretako txostenak jasotzen joango dira eta abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera iradokizunak eta ekarpenak egiteko epea zabalduko da. Otsailean jasoko da emaitza, sektore bakoitzeko plangintza, eta martxoan argitaratu eta hedatuko da. Ordura arte eragileek asumitu beharreko konpromisoen inguruko hausnarketa egin beharko dute eta martxoan dagoeneko konpromiso formalak hartzeko epea zabalduko zaie. Maiatzerako eragile bakoitzak konpromiso konkretuak hartuak izango ditu eta egun horietan ekitaldi publiko bat aurreikusi dute.
Ordutik aurrera aplikazio praktikoari ekingo zaio eta akordioa sinatu duen orok bere neurriak hartu beharko ditu.
Iragan martxoan Hizkuntza Politikarako Sailordetzarekin sinatutako osagarritasun hitzarmenak esan bezala, prozesu honetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izan dute oinarri eragileek. Gainera, eta Jaurlaritzaren Planaren izaera malgua kontuan izanik, Kontseiluak hainbat proposamen luzatu dio Gobernuari aurrera begira: batetik, abendutik aurrera, bi plangintzen arteko adostasun eta desadostasunak elkarrekin aztertzea –eta desadostasun garrantzitsuak balira horiei aurre egitea–; bestetik, Plan Estrategikoak Biziberritzeko Planari zein ekarpen egin diezaiokeen aztertzea eta horiekin aberastea; eta azkenik, Jaurlaritzak eragile sozialek agertutako prestutasuna ekintzen bidez babestea, babes morala, legala eta ekonomikoa emanez.


ERAGILE POLITIKOAK.

Eragile politikoekin ere lan egin du Kontseiluak. Iazko abenduaren 21ean «Euskararen normalizaziorako konpromiso politikoa» izeneko dokumentua sinatu zuten, AB, Batzarre, CDN, EA EAJ, HB, ICV, EAEko eta Nafarroako EB eta Zutik alderdiekin. Zazpi puntu adostu zituzten bertan, horien artean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Kontseiluaren Plan Estrategikoa, Nafarroako Gobernuaren egitasmoak eta Iparraldeko Antolakuntza Eskemaren hizkuntza atala bultzatzea. Testu hau ez zuten ez PPk, ez UPNk, ez PSEk eta ez UAk sinatu.
Kontuan dute zailagoa dela agente politikoak eragitea, eragile sozialak inplikatzea baino. Horregatik eragile sozialekin egin beharreko ahalegina lehenetsi dute, «

behin inplikazio sozial zabala izanik, zaila gertatuko baitzaie agente politikoei atzean geratzea
».
Udalbiltzak ere hizkuntzaren alorrean jarduteko asmoa agertu du. Oraindik erabaki adosturik hartu ez badute ere, kide ezberdinak hasi dira euren diagnostiko eta proposamenak prestatzen –edota dagoeneko eginak daudenak aztertu eta onesten– eta euskalgintzako hainbat eragilerekin harremanetan jartzen.
Bestalde, datorren ostiralean, abenduak 10, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztuko zaio Eusko Legebiltzarrari Osoko Bilkuran. Jaurlaritza berriak (PSE-EE kanpoan zela) bere egin zuen Plana, baina hauteskundeen ondoren Legebiltzarra disolbaturik geratu zen eta Plana ez zitzaion aurkeztu. Derrigorrezkoa ere ez da Planak lege-erabakirik suposatzen ez duen bitartean, baina PSE-EEk, plangintzaren aurrean bakoitzak bere postura finka dezan beharrezkotzat jo du. Eskaera horri erantzunez burutuko da datorren asteko Osoko Bilkura.
Euskararen biziberritze estrategietan elkarlan giroa nagusitu da hamarkada honen amaierako egoera koiuntural berrian. Datozen hauteskundeak gainean ditugula eta egoera aldatzeko aukera beti ere hor egonik, aldaketa posibleak gainditzea izango da elkarlanaren erronka

Hizkuntz Kontseilurik gabeko egitasmoak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak euskararen normalizaziorako plan nagusirik ez badu ere, bertako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak datozen urteetarako egitasmoak finkatuak ditu: batetik, euskara zein lanpostuetan derrigorrezkoa den finkatu behar dute; bestetik, euskara ezagutzea nahitaezko baldintza den lanpostu horien hizkuntz eskakizunak arautu eta onestea legoke; Udaletako Euskara Zerbitzu berrien sorreraren babesa eta daudenekin lankidetza areagotzea ere aurreikusten dute; administrazioan elebitasun instituzionalaren irudia eskuratzean aurrera egin behar da; azkenik, informazio eta komunikazio teknologia berrietan euskara sartzeko ekimenei ere laguntzak eta erraztasunak emango zaizkie.
Honetaz guztiaz gain, hizkuntza sustatzen diharduten erakunde eta elkarteekin lankidetza estutzea beharrezko ikusten da eta Nafarroako euskalki eta mintzairak modu digitalizatuan jasoko dituen Nafarroako Euskararen Fonoteka ere abian jartzeko asmotan dira.
Esan beharra dago Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia euskararen eremu guztian zabaltzeko bokazioz izan zela diseinatua eta Nafarroako administrazioan erabakirik ez badu ere, EAEko Hizkuntza Politikarako Sailordetzak badu harremanik Nafarroako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritzarekin, «

harreman beroak
» gainera, Fernando Perez de Viñaspre zuzendariaren esanetan. Euren plangintzarako baliagarritzat jo du Perez de Viñasprek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, baina «

dena dela, argi dago bestelakoak direla baldintza politiko, sozial eta linguistikoak, eta horrek beste jardunbide batzuk dakartzala
».
Ez dezagun ahaztu, bestalde, Nafarroako Euskararen Kontseiluko kideetatik erdiak baino gehiagok karguari utzi ziotela joan den urtarrilean. Perez de Viñaspreren hitzetan «

Kontseilu hau berriz osatzeko saioak aurrera doaz, hizkuntz normalizaziorako planak proposatu eta haiei buruzko iritzia emateko garrantzi handiko erakundea baita
»

Iparraldea, garatu gabeko Eskemaren zain

Ipar Euskal Herrian hizkuntzaren normalizazio ekintzak Antolakuntza Eskemaren baitako hizkuntza-atalak bideratu beharko lituzke. Eta horren zain dira. Mattin Irigoien Donapaleuko ikastolako guraso elkarteko lehendakariak «Bat» soziolinguistika aldizkarian egin duen analisian garbi agertzen du arazoa: Antolakuntza Eskema bere hizkuntza-atala «

ezin erdituz
» ari dela dio Irigoienek. «

Gaiaren beharrorduak ikus eta hizkuntza-atala ataletan azkena bilakatuko da ekintza konkretuak neurtzerakoan
».
Horrek ez du esan nahi Iparraldean egitasmorik ez denik. Alde batetik, eta Nafarroako kasuan aipatu bezala, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren proposamenak Iparralderako ere badira eta ahal den neurrian bertan aplikatzeko ahaleginak egingo dira.
Bestetik, 80 elkartez osaturiko Euskal Konfederazioaren lana ere hor da, Kontseiluaren «Bai euskarari» akordioa Iparraldean bultzatuz. Crédit Agricole, Aviron Bayonnais, Leclerc... osotara 11 agente garrantzitsu biltzea lortu du Konfederazioak eta horien eskutik 500 eragileri luzatuko zaie akordioan sartzeko gonbidapena


Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude