BELARRI MOTA GUZTIAK ERAKARTZEKO ESKAINTZA

  • Gor, Gaztelupeko Hotsak, Elkarlanean, Agorila, IZ... zigiluek plazaratuko dituzten berrikuntzen artean denetik entzuten ahalko da: ska, rock, heavy, techno, dance...

2021eko uztailaren 21ean
Munduan, Euskal Herriaren tamainako herri gutxi egongo da guk adinako ekoizpen musikala duenik. Horren argigarri, hel diezaiogun aurtengo Durangoko uztari.
Esan Ozenki Irungo disketxeak karrikaratuko dituen lanekin hasita, Xabier Montoiaren «Lagunak, adiskideak... eta beste hainbat etsai» diskoarekin egingo dugu topo. Montoiak ez dio berritzeari muzin egiten; aurreko diskoan gitarrak ardatz baziren, honakoan, kontzepzio formal berria hartu du, oinarri erritmikoa eta ahotsa gitarren gainetik jarriz.
Jabier Muguruzaren laugarren diskoa dugu «Fiordoan», Esan Ozenkirekin ateratzen duen lehena. Jabierren kantuak pop intimista eremuan mugitzen dira, beti ere edertasunaren bila. «3» du izena PiLT mungiarren azkenak, Jose Lastrak Tio Pete estudioan grabatua. Metal doinuetan funtsezko erreferentzia bilakatu den talde honen lan berrian melodiek pisu gehiago hartzen dute, Tool, Kyus eta Refused bezalako taldeen eragina jasoz. Skunk Hendaiako zortzikoteak hirugarren diskoa atera du, «Enbata»: 13 kanta euskara hutsean, frantsesez dagoen bat izan ezik. Lan harremanak, presoen sakabanaketa edota Euskal Herriaren independentzia hartu dituzte gaitzat.
«Basque Electronic Diaspora» bildumak musika elektronikoaren inguruan dauden azken ekarpenak eguneratzen ditu, munduko hiri ezberdinetan (Paris, Londres, Buenos Aires...) bizi diren euskal musikariengandik jasoak. «Hesiak» lan berrian, Kashbad taldeak kantuak nabarmen girotu eta trinkotu ditu, hardcore-pop talde berezienetakoa bilakatuz. Betagarriren «80/00» konpaktoan, azken 20 urteotan euskal musikak eman dituen kanturik esanguratsuenak berrikusten dira: Negu Gorriak, Bap, Hertzainak, Itoiz, M-ak eta Kortaturenak, besteak beste.
«Gora Herriak» bilduman berriz, Lumumba taldearen «Se viene el bum»ek argia ikusi du. Beraien lehen bi lanen kanturik onenak bildu eta sei kantu berriekin osatzen da oraingo hau. Bestalde, Inadaptats kataluniarren «X»ek punk, ska eta hardcore doinuak jorratzen ditu.


«Kaña» bikaina Gor-en

Iruñeko Gor disketxeak azokan salduenetakoa izango den lana karrikaratu du: Su ta Gar-en «Homo sapiens», zaletuengan zirrara bizia sortuko duen abesti bilduma lazgarria. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen euskal musika heavyan eibartarrak jaun eta jabe direla.
Era berean, Skalariak-en «Klub ska» ongi saltzea espero dute Gor-ekoek. Iruinseme skazale hauen lan berrian erritmo honen aldaera guztiak hamalau abestietan zehar uztartu dira. Gure talde esportagarrienetakoa da, Katalunia, Galizia, Frantzia eta Italian eman kontzertu kopuruak erakutsi bezalaxe. Skalariak-en «Euskaraz jantzi hadi eta haugi» ere salgai izango da. AEK erakundea ongi jabetu zen Skalariak taldeak lelo itsaskorrak eratzeko duen erraztasunaz, eta horrela, Saran ospatu zen AEK Egunaren kanta prestatzea eskatu zien.
1997ko udan euskarazko dance musikari ateak ireki zizkion «Goazen» haren oihartzunek aspaldikoak dirudite. Hemendik At taldeko buru Iker Sadabaren lehen proiektu hura, «Orain» izenburuko bere bigarren CD honetan sendotu da, dance estiloari erabat atxikiz.
«Aurtengo gorakada» diskoak GOR disketxearen taldeek urte honetan zehar karrikaratu dituzten lan berrien kanta nabarmenenak biltzen ditu. Ale honetan, zazpi talde ageri dira: Berri Txarrak, Koma, La Venganza de la Abuela, Skalariak, Zea Mays, Hemendik At eta Los Miserables txiletarrak. Lekunberriko Berri Txarrak taldearen «Ikasten» ezuste atsegina izan da. Ikasten ari direla aitortzen dute, errealismoz eta umiltasunez jokatzen duten seinale.


Gaztelupeko hots lasaiak

Soraluzeko disketxeak ere nobedade franko dakargu. Idiazabalen sortu eta aspaldi Gasteizen bizi den Mikel Telleria kantariaren aurkezpena «Deklarazioa» lanaren bidez etorriko da. Ez du bere burua bakarlari gisa ikusten. Rockero moduan azaltzen da Ruper Ordorika eta Van Morrisonen artean koka genezakeen lan honetan.
Mikel Urdangarin zornotzarraren «Haitzetan» estreinako lana, orain berrargitaratua dator Digipack euskarrian, hasierako 1.000 kopia haiek aspaldi agortu baitziren. Bere arrakastaren gakoa letra eta doinuak modu sinple eta akustikoan lotzea izan da, gitarren eta Pello Ramirezen txeloaren laguntzaz. «Amets bat da» dugu Petti Berako kantariaren lehen lana. Folk-bluesaren haritik, euskal yarragh deitu izan diote bere kantatzeko era bereziagatik. Piztiak talde rockeroaren «Zero» disko rockanroleroa ere aurkeztuko du zigilu honek. Gitarra zorrotzez jositako 12 ipuintxo kontatzen dizkigu disko honek.
Musikari bikainez inguraturik –Iñaki Salvador, Luis Camino edo Pello Ramirez kasu–, «Dena hankaz gora» atera du Mikel Markez kantari oreretarrak. Bere bosgarrena eta helduena ziuraski. Opari gisa, «Tribuaren hitz galduak» doa, Pako Aristi idazleak eta biek gonbidatu bereziekin taularaturiko emanaldiak dakartzana. Joseba Tapiaren «Quebec: 14 kanta independentziarako», Ene bada taldearen «Ai ene», eta Bide ertzean-en «Zure minari» dira Gaztelupeko Hotsak-en beste nobedadeak.


Denetik Elkarlaneanen

Elkarlaneanek ere nobedade andana ekarriko du Durangora. Hala nola: Oskorri eta Urretxuko herriaren «Iparragirre bueltan etxera» disko bikoitza; Imuntzo eta Belokiren «Louisianara noa» doinu bizi eta dantzagarriez osatua; Tapia eta Leturia & Amurizaren «Bizkaiko kopla zaharrak», musika eta bertsoak biltzen dituena; Olatz Zugastiren «Bulun bulunka», euskal sehaska kantuez osaturiko disko goxoa; eta Ikastolen Elkartea eta Labayru Ikastegiaren «Txulufrina eta arrosa», non udaberri-uda garaiko kantu herrikoiak taxutu dituzten, kantaria Exkixu-ko Alex Sardui delarik. Jean Bordaxar barkoxtarraren «Adixkider» ere aurkeztuko dute, Zuberoako kantaldi zein pastoralen kutsu berritua damaiguna. Azkenik, Enrike Zelaiaren «Bizkaia», «Gipuzkoa» eta «Lapurdi» lanak, CD euskarrian birkaleratu direnak. Oihuka, berriz, hiru diskorekin azalduko da: Utikanen «Zurrunbiloan», Idi Bihotzen «Arimaerratu» eta Trepi eta arawak taldearen «Sorterrira».
Agorila Baionako disketxeak aldiz, honako berrikuntzak aurkeztuko ditu: Aritzak taldearen «Mixel Labeguerie-ren kantak 1»; Erramun Martikorenaren «Elorrietan Loreak»; «Abesbatzen konpilazioa»; «Lurralde Zilarra»; Txo-ren «Harrapa haizea»; eta zenbait euskal artistak egin «Ertamerikaren alde» diskoa.
IZ disketxea ondorengo lan sortarekin hurbilduko da: Suan Blai taldearen izen bereko aurkezpen konpaktoa, Eresargi Txikiren «Abesbatza», Errenteria Musikal eta Ereintza Elkarteak egindako «Olentzero», Trikitixa Kontrairoren azkena, European Youth Choir, Javier Muguruzaren «Ja ja (10. urtemuga)», eta Asgarth. Lan horiez gain, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo beti gazteek Euskadiko Orkestrarekin grabatu disko berezia nabarmendu behar da, orkestra batekin ez baita inoiz haurrentzako halakorik egin. Hirusta zigiluak Mikel Errazkinen «Beti berandu» dakar eta Keinuk, berriz, «Nortasuna, selekzio baten historia». Azkenik, Zaunka Diskak-ek Ttak-en «Ttak attack!» diskoa ekarriko du Durangora


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude